Gaur erreflexio eguna da baskongauentzat eta horregatik ez dut hitz egingo ez Tontxuk eginikoaz ez eta Basagoitik terrorismoa eta hezkuntza ereduak gai nagusiak direla esan izanaz. Ez. Gaurkoan Nafarroari buruz idatziko dut eta bertan azken asteotan gertatutakoaren inguruan.
Azter dezagun errealitatea: Perez-Nievasek (CDN) proposamen bat egin du D ereduan euskara orduak kendu eta ingelera jartzeko, hau da, TIL eredua ezartzeko. Bere Gobernuan UPNko kideak daude eta ziurrenik baita PPko militanteak ere. Eta gobernuan dago PSNri esker. Beraz hiru alderdi horiek zuzenean edo zeharka erabaki dute D ereduarekin amaitu eta euskaraz ikasteko eskubidea Nafarroatik desagertaraztea.
Eta zer egiten du NaBaik (PNV-EA-Aralar-Batzarre) horren aurrean? Ba momentuz ezer gutxi! Hori bai, begi onez ikusi zuten Euskarabidea (hasiera batean Vascuencearen Instituto Navarroa) sortzea, baita Azanza horko presidente izatea. Antza euskararekiko konpromiso handia zuen. Ikusi dugu bada zertarako balio izan duen institutu horrek! UPN-CDNri aurpegia garbitzeko baino ez! Eta Azanzak honen aurrean bi aukera ditu: ados dagoela esatea edo, bestela, dimisioa aurkeztea. Eta euskaltzale direla dioten parlamentario horiek ere Euskarabidea iruzurraren aurkako neurriak hartu beharko lituzkete.
Gaur erreflexio eguna dute batzuek. Eta gertakari hauek ere erreflexioan lagundu beharko lukete. Alderdi horietako bat bozkatu zuenak ikus dezala zer egin duten bere botoarekin. Eta aurka dagoenak hurrengo ostiralean, martxoaren 6an, Iruñean egongo den manifestaldian du aukera Perez-Nievas eta Azanzari bere iritzia emateko.
Agian hau beste batean ere kontatu dut. 2001. urtea zen eta Europan Bologna Prozesuaren inguruan hitz egiten hasi ziren hainbat ikasle talde. Lehenengo berri hura nik neuk jaso nuen Suedian egon zen bilera batean, Göteborgen. Bertan globalizazioa ona zela esaten zuten batzuk ere baziren eta Bologna horren adibidetzat hartu zuten. Handik hilabete batzuetara Bartzelonan CEPCrekin eginiko bilera baten ostean (gaur egun SEPC) gai honi heltzea erabaki genuen ikasle mugimenduan.
Oraindik inork gutxik hitz egiten zuen garai hartan Ikasle Abertzaleakek datuak bildu eta ikertzeari ekin eta Bologna Prozesuari lehenengo kritika egin zion. Baina 2010a ez zen, nonbait, hain gertu geratzen eta lehenengo ikasturte hura hitzaldi batzuekin landu zen. Nik neuk bat eman nuen Leioan egin zen akanpada batean eta jendeak aurpegi arraroak jartzen zituen. Eta ze eztabaida handiak genituen barnean! Oraindik gogoan dut bilera luze kilometriko horietako batean Bologna Prozesuaren eragina eztabadaitzeri ekin geniola, “Tendentzia Berriak” izeneko barne dokumentu bat hartuz. Eztabaidaren muina Bolgonaren eragina neurtzea zen eta han agertu zen Filologia gehienak desagertuko zirela. Bera filologiako ikaslea zen eta ezetz, hori ezinezkoa zela (gogoratzen?). Hori gertatu aurretik Filologia eta Historia fakultatean manifestaldiak egongo zirela et dekanoak ezingo zuela egoera hori aurrera eraman esan zuen. Bada! Biok arrazoia genuen: begira bestela gaurko Berria eta Gara.
Eta norbaitek historio hau asmatua dela uste badu San Google-i eskatuko diogu arrazoia eman dezan. IAk noizbait esan al du etorkizunean Filologia eta antzeko karrera batzuk interes ekonomikoen arabera desagertu daitezkeela? Bai! Hemen demostrazioa. Eta hemen beste dokumentu interesgarri batean, 12. orrialdean.
Ez dakit aposturik egin genuen, lagun, baina pote bat gutxienez zor didazu. Eta erantzuna asmatzearren beste bat nik zuri.
Motzean. El Correok beti egin du boterearen alde, boteretsuaren alde eta diruaren alde. Eta hara hor, Bolognaren alde egiten zuena orain kezkatuta agertzen dela: http://www.elcorreodigital.com/vizcaya/20090226/pvasco-espana/guerra-abierta-carreras-20090226.html
Gora koherentzia!
Mikeli esker (azken tximinoa) enteratu naiz atzo Noticias de Gipuzkoan Euskal Unibertsitateari buruzko erreportaje bat zegoela. Erreportajea ondo dago, egia esanda, baina harritzen nau orain atera izana, berria balitz moduan, Gara eta Berrian aspaldi garrantzia eman baizitzaion (portadan agertu zen bietan 2008ko ekainaren 29an!).
Mikelek komentatzen zuen ea informazio gehiago emateko norbait bazegoen. Beno, informazio nahikoa dator hor jarritako horietan, baina agian osatuagoa da iaz EHBEk ekoitzi zuen materiala, CD batean bildu baitzuten eta 2.000 UEUkideri banatzeaz gain sarean ere eskuragarri jarri. Bideoa eta guzti osatu zuten gaiarekin. Gainera berri hau ere plazaratu zuten egun berean.
Lan handia egin zen iaz proiektu hau hedatzen eta Skatu taldeak abesti bat egin zuen Iruñean eginiko Euskal Jairako.
Datu askoz gehiago eman daitezke gaiaren inguruan, baina berez hor zehaztutakoarekin nahikoa da hasteko. Badirudi momentuz ez dutela esan nahi zein karrera egongo diren, baina beno, azken proposamena egin behar zen bileran egon zenez oso interesgarriak izango direla esango dut. Berriro matrikulatzeko modukoa horietako baten bat. Eta pista gehiago nahi duenak martxoaren 28an egingo den “Euskal Unibertso”ra itxoin beharko du, bertan egongo diren hitzaldiak karreren arabera antolaturik egongo baitira…
Herenegun, osteguna, 200 urte beteko zituen Darwinek bizirik balego. Zorionez berak aurkitutako legeek funtzionatzen dute eta Charles zaharra aspaldi hil zen. Era berean 150 urte betetzen ditu urte honetan “Espezieen Jatorria” bere liburu bikaina argitaratu zuenetik. Handik aurrera milaka, ehunka mila, agian milioika orrialde idatzi dira gai honen inguruan.
Joan zen asteartean Iñako Perez errektore ohia entzun nuen Radio Euskadin eboluzioaren inguruan hitz egiten. Egia esan kazetariak aurretik hitz egin zuen kreazionistari sutsuki erantzun ziezazion nahi zuen, baina Perezek bi gauza utzi zituen argi: ez zen polemika tontoan sartuko memelokeriak esaten zituen mediku harekin; eta EiTBko kazetariek ez dakite gehiegi ere eboluzioaren inguruan.
Gertakari honek kezkatu ninduen. Nola da posible 150 urte geroago oraindik ere kreazionista bati 20 minutu irrati eskaintzea? Nola da posible EiTBko aurkezlearen bi galdera berdin-berdinak izatea eta gainera inongo logikarik gabe? Nola da posible medikuak nukleotido, proteina eta ARNaren inguruan hitz egiten hastean kazetariak moztu eta horren inguruan ulertzen ez dutela esatea?
Harridura sortu dit beti zientzia ikasten genuenok historia, filosofia, gizarte zientziak eta hiru hizkuntza ikasi behar izatea eta letrak ikasten zutenek gehienez ere estatistikan ikustea zenbakiren bat. Euskal Herrian milaka dira urtero bizitzaren inguruan ezer jakin gabe eskola bukatzen duten ikasleak. Ez diot genetikaren printzipio guztiak ez eta kimika organikoa ikasi behar denik. Baina Darwinek esandakoa nor/zer garen ulertzeko ezinbestekoa dela uste dut.
Aurten EGA ateratzeko matrikula egin dut. EGA izango da, ziurrenik, ereduen politikaren porrotaren islarik handiena. D ereduan ikasi dugunon 2/3 baino ez gara euskaradun aterako, B ereduan ikasi dutenen herena eta A, G, I, J, TIL eta X ereduan ikasitako bat ere ez. Hori dela eta, porrot hori asumituta dutelako, porrot horren aurka zerbait egin nahi ez dutelako, porrot hori lotsagarria delako EGA azterketa egitera derrigortzen gaituzte. Ikus dezagun egoera:
- 3 urtetatik 16 urtetara derrigorrezko eskolaldia euskaraz egin dut.
- 16 urtetatik 18 urtetara batxilergoa ere euskaraz egin dut.
- Unibertsitatean derrigorrezko ikasgaiak euskaraz izan ditut 3. mailara arte. Gero 3.etik 5.erako hautazkokak eta ikasgairen batzuk kenduta euskaraz egin ditut aukera nuen ikasgai guztiak.
Eta hala ere neure euskara gaitasuna aztertu behar dutela diote. Lotsagarria da, euren porrotaren isla da. Hala ere hori ez da bidalketa idaztearen arrazoia. Teketenen blogan irakurri dut EGAko azterketak digitalizatu eta euskara azterketa honetarako prestakuntza ematen zuen Maiteri material hori ken dezan eskatu diotela, antza EGA negozio bat delako. Porrota eta negozioa, aldi berean.
Guztion diruz ordaintzen ditugun liburuak antza gutxi batzuen negozioa egiteko baino ez dira. Guztion eskura egon beharrean, inork ezagutzen ez duen ente bati ematen dizkiote esplotazio eskumenak. Lotsagarria. nEGArgura ematen du, bai.
George Orwellen 1984 eleberrian pentsamendu krimenen inguruan hitz egiten du. Crimentalak gaztelerazko bertsioan (euskarazkoa badut, baina ez dut begiratu). Gaur D3M eta Askatasuna aurkez ez daitezen ematen dituzten argudioak irakurri ditut eta uste dut hurrengo hauteskundetara ni ere ezingo nintzela aurkeztu, nahiz eta nafarra naizenez ezin dudan bozkatu ere egin. Zergatik:
- Nik ere sinatu nuelako gazteriaurrera manifestua. (http://www.google.es/search?hl=eu&client=firefox-a&rls=org.mozilla%3Aeu%3Aofficial&hs=QwX&q=gazteria+aurrera+galder+gonzalez&btnG=Bilatu&meta=)
- Ni ere joan naiz hainbat Topagunetara.
- Presoen aldeko manifestaldi nahikotan egon naiz.
- Herritarren Zerrenda eta Altsasuko Sozialisten Batasuna aurkeztearen alde sinatu nuen. Baita Nafarroako Autodeterminazioaren Bilgunearen alde eta Altsasuko Indarraren alde ere.
- Presoren bat edo beste bisitatzera joan izan naiz aukera izan dudanean, eta beste batzuei idatzi.
Ni ere kriminal bat naiz, beraz. Crimental.
Aurreko hauteskunde batzuetan Eusko Alkartasunak “egitEA” leloa erabili zuten behin eta berriro. Eta badirudi oraindik ere gogoak dituztela Espainiar Curriculuma eraikitzen jarraitzeko. Atzo Tontxu Camposek urgentziaz eta dekretuz Batxilergorako Curriculuma aurkeztu zuten. Aldaketa gutxi, Espainia gehiago. Eta euskalduntzeko ideia bai biana neurririk ez. EHBEk irakurketa interesgarria egin du bere webgunean: http://www.euskaleskola.org/index.php/plazara-mainmenu-26/inposaketarik-ez-mainmenu-58/298-guk-geurea-euskal-curriculuma
Asteazken honetan “C” hizkiarekin hasten diren hiru hitz ezberdinen inguruan hitz egin zen. Lehenengoa Ciudadanía zen. Bigarrena Curriculum. Hirugarrena Constitución. Eta hiru hitz horiek auzitegiek elkartu zituzten, gobernu eta gobernutxuentzat pozgarria izan zen egun batean.
Bigarrena, eta zalaparta gehien sortu zuena, batez ere interpretazioatera ireki zelako Espainiako Epaitegi Gorenak “Educación para la Ciudadanía” ikasgaiaren inguruan eginiko epaia izan zen. Epai horren arabera ikasgai horri kontzientzia eragozpena egitea ez zen zilegi, ikasgaiak Espainiar Konstituzioaren baloreak baino ematen ez zituen bitartean. Hau da, 2. artikuluak dioen bezala Espainia nazio zatiezina dela ikasten den bitartean, edo 8. artikuluak dioen bezala armadak bere osotasuna mantentzen duela irakasten den bitartean arazorik ez! Hori bai, “polemikoak” ziren gaiak ekidin behar zirela ere estean zuen. Eta nola nik polemika nahi dudan gaiarekin egin dezakedan hemendik aurrera Euclidesen geometria ikasi ez dadin proposatuko dut, nire moral Riemanniarrak espazio lauak zikinak eta pornografikoak direla esaten duelako.
Lehenengo epaiak, ordea, zarata gutxiago sortu zuen. EAEko Curriculuma legezkoa zela esaten zuen eta ez zegoela arazorik hizkuntza eskakizunekin ez eta Ciudadanía ikasgaia irakasteko irizpideekin ere. Argigarria oso. EAEko Curriculuma, Tontxu Camposek (Eusko Alkartasuna) proposatu zuen hori LOEren garapen soila zela genionean arrazoia genuen. Espainiako Konstituzioaren baloreak ikasteko balio zuela genionean ere arrazoia genuen, beraz. Argigarria oso. Hiru hitz, oso elkarrekin.