rssgaur8 logotipoa

Oteizatik Laboara, Euskal Curriculuma

Aste honetan Euskal Herriak Bere EskolakEuskal Curriculumaren aldeko manifestua” aurkeztu dute prentsaurrean. Euren helburua Euskal Curriculumaren aldeko 10.000 pertsonaz osatutako herri harresia eraikitzea da, nolabaiteko curriculum inposatuen aurkako fronte bat eta aldi berean eraikuntzan murgiltzeko konpromisoak hartuko dituena.

Leioan ikasten duen lagun batek komentatu dit orain dela minutu batzuk Zientzia Fakultatearen aurrean eraiki den plazari “Mikel Laboa plaza” izena jarri diotela; eta Arte Ederren aurrean egongo denari “Jorge Oteiza plaza”. Oso ondo deritzot, noski! Herri kulturaren bi idolo, ia-ia ikono, non eta Txillidaren logoa duen unibertsitate batean. Aurrerapausu garrantzitsuak dira, kontuan izanda orain arte kale izen ofizialak “Via Julia” eta “Via Apia” zirela.

Baina haruntzago joan beharko genuke. Hau da, ez du ezertarako balio Mikel Laboak Leioan plaza bat izatea, ez eta Jorge Oteizak, baldin eta euren inguruan ezer ikasten ez bada. Oteizaren inguruko irakurketa sakon bat entzun nuen lehenengo aldia Arte Ederrak ikasten zituen baten eskutik izan zen. Eta Laboaren pare bat abesti paradigmatiko kenduta gutxi ikasi genuen “Ez Dok Amairu”ren inguruan gure ikastetxean. Oteizaren obraren berri gehiago ikasi nuen Pello Zabalarekin Arantzazun pasatako ordubetean Plastikako ehunka ordutan baino.

Laboak eta Oteizak leku bat dute Euskal Curriculumean. Eta beraren alde ekin behar diogu, ahalik eta azkarren. Bestela 3 urterekin eskolara sartu denak hemendik 13 urtera zer jakingo du bi hauen inguruan? Euskal Curriculuma aldarrikatu, borrokatu eta eraikitzeko garaia heldu da.

Presoak klasera!

Gaur presoak gogora ekartzeko eguna da, Bilbon egongo den manifestaldiarekin, batez ere. Badakit gatazka konpontzen ez den artean ez ditugula horietako asko etxean ikusiko. Edo alderantziz, eurak etxean ez ditugun artean gatazka ez da konponduta egongo. Asko entzun da gainera egun hauetan euren egoera larriaz, eta Espainia zein Frantziako “justiziak” berau aplikatzeko duen modu bereziaz. Baina gaurkoan ziurrenik hain entzuna ez den umilazio berri baten inguruan hitz egin nahi dizuet: “Educación para la Paz” izeneko ikasgaia.

Tontxu Camposek gidatzen duen sailak iaz “Educación para la Paz” izeneko ikasgaia sortzea proposatu zuen. Ikasgai honen helburua ikasleak pertsona zibilizatu eta baketsuak izan daitezela omen da, baina finean gatazkaren konponbidean sakondu beharrean honen ukapena eta “onak/gaiztoak” dikotomia ezartzen die ikasleei. Zoritxarrez ia-ia 800 bat preso politiko daude gaur egun, eta zorionez euretariko askok seme-alabak dituzte. Eta seme-alaba horiei eskolan euren aita edo ama gaiztoa dela esaten diote, hiltzaileak, eta gatazkaren oinarria eurek direla. Onargarria al da? Zein logikarekin egin daiteke hau ez bada bengantzarena?

Gogoratzen dut unibertsitatera joan nintzen lehenengo urtean Ikasle Abertzaleakek “Ikasle presoak klasera” deialdia egin zuela, eta presoek prestaturiko herri eskolak preso ohiek eman zituzten Ibaetan. Ez dakit momentua den horrelako zerbait egiteko, baina aurreko adibideak argi uzten du erasoen aurrean presoak behar ditugula irakasle. Eta bienbitartean zuen seme-alabek horrelako intoxikazioa jaso ez dezaten ekiditea izango da hoberena!

2009a Bolognaren aurkako mezuekin hasi zen TV3n

Kanpaikadak ematen zeuden TV3n eta hauek bukatu bezain pronto hiru ikasle bertan sartu eta Bologna Prozesuaren aurkako pankarta bat erakutsi zuten hainbat segunduz. Izan ere hainbat ikaslek itxialdian jarraitzen dute UBko errektoretzako eraikinean eta horietako 3k ekimen hau egitera joan ziren. Milioika katalanek urtean ikusi zuten lehenengo mezua “Bolognari ez!” izan zen.

Tamalez ez dago ekimenaren bideorik oraindik, nahiz eta agian egunen batean ager daitekeen. 2009, beraz, Bolognare aurkako urtea da ofizialki!

(http://tancadaalacentral.blogspot.com/2009/01/intervenci-campanades-2009.html)

Edizioa: 6. minutu aldera