rssgaur8 logotipoa

Eta Israel justifikatzen egongo bagina?

Gaur goizean kotxean nindoala Doctor Deseoren “Metamorfosis” diska entzuten hamaikak eman dute eta berriak entzutea erabaki dut. Beno, oraindik ez ziren hamaikak, 5 bat minutu falta ziren eta horregatik oraindik ere Radio Euzkadin ez ziren aktualitateaz ari, baizik eta batailo zibilen inguruko erreportaia batekin. 11ak emateko pare bat minutu falta zirenean ez-dakit-nongo ikastolak abestutako gabon-kanta jarri dute. Eta bat-batean sekulako nazka eman dit entzundakoak. Abestiak honela zioen:

Haur eder baten bila gabiltza zoratzen ta izarrak esan digu galdetzeko hemen.
Jangoikoaren herri maite Jerusalen esan zaiguzu laister Jesus non jaio den. (bis)
Izar bat ageri da dizdiraz zeruan, kinuka ari zaigu Gabon gauerdian.
Jangoikoaren herri maite Jerusalen esan zaiguzu laister Jesus non jaio den. (bis)

Kontura gaitezen benetan gertatzen ari denaz:

1- Eskola publiko edo ikastola batean Jesus eta Jaungoikoaz hitz egitea arrunta bilakatu da, batez ere gabonetan. Baina ez luke zertan horrela izan behar. Jesus hori ez zen existitu, ezta Jangoikoa deitzen duten hori. Beraz bere inguruan kantatzeak ez du inongo eduki pedagogikorik.
2- Larriagoa da oraindik (aurrekoa ñimiñokeri bat da honekin alderatuta) abestiak berak transmititzen duen edukia: Jerusalen da Jaungoikoaren herri maitea. Hau da, Israel guztiz justifikatua dago, bera bizirauteko arrazoi bakarra “Jaungoikoaren herri aukeratua” judutarra dela esatea baita. Jerusalen omen da Jaungoikoaren nahiaren hiria, eta hori da abestiak ematen duen mezu garrantzitsua (4 bertso guztira dituen 6etatik).
3- Eta oraindik larriagoa abestiak mezu hori izanda justu minutu bat pasata Israelek Palestinan egin duen triskantza gogora ekartzea da. Demagun, paralelismo bat egiteko, ETAk bonba-auto bat jartzen duenean entzun daitekeen hurrengo abestia “King Afrika”ren “Bomba” dela. Edo su-etena hautsi zenean “Barricada”ren “No hay tregua”. Guztiz desegokia, ezta? Radio Euskadik abesti hau jartzerakoan lehenengo eta behin balore batzuk transmititzen ditu, ondoren letrarekin Jerusalem Israelen esku egotea zilegiztatzen dute eta hirugarrenik sekulako zinismoa erakusten dute. Edo ez-jakintasuna, agian txarrago.

Bienbitartean Israeli boikota egin eta mobilizatzea baino ez zaigu geratzen. Gora Palestina!

Demokratak eta biolentoak

Ni demokrata naiz eta zu errektore bazara (ez dut uste) ni baino demokratagoa zarela esango duzu. Arazoa da baten eta bestearen demokrazia ulertzeko moduak ezberdinak direla. Ni demokrata naiz herriaren hitzan sinisten dudalako, eta zu, errektore maitea, demokrazia burgesean sinisten duzulako. Ni demokrata naiz gehiengoaren nahia bete behar dela uste dudalako eta zuk, berdin zait zein den zure abizena (Lafuente edo Oraa, Goirizelaia edo Gomez Montoro, Zabala edo Gout), demokrata zarela uste duzu status quoa babesten duzulako.

Eta zuretzat badakit biolentoa naizela, dagoena aldatzeko beste biderik ez baituzue uzten. Biolentoa izango naiz ez dudalako zuen Erdi Aroko elitismoan sinisten, ez eta zuen lanpara itxurako kapelen boterean. Eta biolentoa izango naiz botere korrelazioa aldatzearen alde nagoelako. Baina interesgarriena izango da biolentoa naizela eztabaida bat egitea eskatzen dudalako.

Baina niretzat zuek zarete biolentoak, txakurrak deitzen eta kontratatzen dituzuelako arazo politikoak konpontzeko, kamaraz josi dituzuelako campusak, zuen edozein erabaki pertsonal inposatzen duzuelako. Zuen biolentziak nazka ematen dit. Baita zuen azal gogorrak ere.

Espainiar eta frantziar estatuetan Bolognaren aurkako borroka piztu da azkeneko egun hauetan. Gogor gainera. Eta eskatzen den gauza bakarra erabakitzeko eskubidea da, hitza, eztabaida… eta zuek poliziak bidaltzen dituzue. Eta zuen CRUEk ikasleen protestek demokrazian lekurik ez dutela dio. Lotsagabeak! Ba geratzen den aukera bakarrak zuen demokrazia ustelean lekurik ez badu… nahiago dut biolentoa izan demokrata baino!

Iruzurraren legea, Tontxuren porrota.

Tontxu Camposek Hizkuntza Ereduen legea aurkeztu zuenean pozik esaten zuen hezkuntza komunitatearen barruan babes gehien zuen proposamena hori zela. Baina berak ere bazekien hori ez zela horrela. Lehenengo bilera egin eta bertatik triste atera ziren sindikatu abertzaleak, eta dudekin ere besteen artean. Euskalgintzako eragileak, Kontseilua barne, ez zeuden ere batere pozik. Are eta gehiago, BECen eginiko ekitaldian aurkeztutako dekalogoaren lehenengo puntuan kritika gogorra egiten zaio proposamen honi. Ikastolak eta Sortzen-Ikasbatuaz ere ez ziren batere ondo atera bileratik, eta kritikak egin dizkiote jada hainbat punturi. Camposek, beraz, kontsentsu zabala lortu du, beraren aurkakoa, hain zuzen ere.

Baina haruntzago ere joan gintezke. EAko buru batek euskalgintzako taldeak biltzen dituen talde handi bateko arduradunei eta euskarazko ikastetxeen sare bati deitu zien hurrengo egunean benetan legea hain txarra ote zen galdetzen. Eta baiezkoa izan zenez erantzuna EAren barruan ere kezka sortu zen. Eta EHIGE ere, Curriculumaren aferan euskalduntzearen alde egiten duten eragileetatik urrun kokatu den eragileak argi eta garbi esan zuen lege honekin ezin dela elebitasuna inondik inora lortu. EGIko barne foroetan ere euskaldunduko duen eredu bakarraren alde egin dute, D ereduaren antzekoa izango dena (Tontxurenak B ereduan antza du!).

Ikasle mugimenduak ere kritika zorrotzak egin dizkio legea “ikasleen bazterketatik sortu dela” esanez. Azken finean ikasleak euskalduntzen ez dituela 2025erarte ez dute ebaluatuko. Euren porrotarekin jarraituko dute beste bi hamarkadetan.

Eta panorama honen aurrean Eskola Euskaldundu! Herri Ekimenak (EHBE, IA, EHE, LAB eta Sortzen-Ikasbatuazek osatua) mobilizazioak deituak zituen gaurko. Euripean egin dira, baina orokorrean hain gai ezezaguna izateko jendea bildu da. Beti bezala ikasle mugimenduak bere indarra eta konbokatoria gaitasuna handiagoa dela demostratu du, goizean eginiko kontzentrazioek erakutsi dutenez. EHBEren webgunean informazio gehiago lor daiteke.

Iruzurraren legea, beraz, Tontxuren porrota baino ez da izan. Espero dezagun azken porrota izatea, guztion onerako.

Iruzurraren legeari ez! 2.0

Iruzurraren legea (edo Tontxurena, nahi izanez gero) salatzeko mobilizazioak deitu dituzte Eskolak euskaldundu! Herri ekimenetik. Mobilizazioa deitzeko bide normalak erabili diren arren (badakizue, eragileen egiturak, plangintza, kartelak…) teknologia berriek horrelako egunetan duten garrantzia geroz eta handiagoa da. EHBEk, adibidez, hainbat baliabide jarri ditu eskuragarri bere webgunean, nolabait zuk-zeuk-egin-ezazu ideiarekin.

Gaur bitxiagoa iruditu zaidan zerbait ikusi dut: Tagzania bitartez mobilizazioak egingo diren lekuak markatzea. Baina oraindik bitxiagoa izan da horren berri zabaldun eman dudanean jaso dudan iruzkin batean ESAITek ere teknika berdina erabiltzen duela ikustea. Hau da, aste berdinean eta ideia antzekoa erabilita 2.0 teknologia bera erabili dute bi herri mugimenduk. Zerbait mugitzen ari denaren seinale!

Bilderbergetik Bolognara (III)

Nahiko utzita dudan gai batekin jarraituko dut. Bilderberg eta Bolognaren arteko erlazioa frogatu nahi dut blog honetan, baina hori egin aurretik oraindik Bilderberg taldea existitzen ez den norbait konbentzitzeko froga bat aurkitu dut: Espainiako Erreginaren liburu famatua.

Liburu honetaz asko hitz egin da, batez ere homosexualen ezkontzen inguruan duen ideien inguruan. Baina ez da hitz egin Danimarkako Sofiak Bilderbergekin duen erlazioaren inguruan, eta hori liburuan aipatzen duela. Irakurri nahi duenak hemen du lotura (gazteleraz): http://ecodiario.eleconomista.es/espana/noticias/836230/10/08/La-reina-confiesa-asistir-a-las-reuniones-del-club-Bilderberg-Alli-se-corta-mucho-bacalao.html

Bertan konspiraziorik ez baina “makailua ebakitzen dela” (hau da, erabakiak hartzen direla) esaten du. Eta bertan Bill Clinton presidente izan aurretik ezagutu zuela ere aipatzen du.

Are eta gehiago, blog honen arabera bera izan zen Istanbulen egin zen bileran inaugurazioa eman zuena. Gainera bertan zegoela Ankarako gobenruak ere onartu zuen.

Kaiolaren eguna

Gaur espainiar kaiolaren eguna da. Euskaldunok inoiz hautatu ez dugun kaiola bat, gaitera. 48 urte baino gutxiago ditugunok heredentzian jaso dugun kaiola.

Ziur nago gaurko egunez hainbat adierazpen entzun ahal izango ditugula honen harira, baita azken aldi honetan burujabetzaren aldeko indar bilketa egitea proposatu duten alderdi batetik ere. Baina bitxia da ikustea nola alderdi horretako kide batzuek, egunerokotasunean vascoen gobernutxoa kudeatzen dutenek, kaiolari men egin eta horrekin bat datozen legeak proposatzen dituzte.

Tontxu Camposek lau urte (lau!) izan ditu Hizkuntza Ereduen lege berri bat proposatzeko. Euren hauteskunde programan ere bazetorren. Lau urte egon dira han-hemenka, iruzurrak proposatzen eta herri borondateari muzin egiten. Eta azkenean kaka. PNVren eta PSEren presioak onartu eta jada txori txikia zen lege bati hegoak ebaki dizkiote. Proposatu duten Ereduen lege berria hilik jaio da, lurra busti baino lehen, hilik.

Tontxuk proposaturiko legeak ez du aurreikusten euskara mailarik ikasleentzat, ez eta profilik irakasleentzat. Ez du aurreikusten zer egin legea betetzen ez duten ikastetxeekin ez eta nola euskaldundu euskaraz ez dakiten irakasleak. Ez du proposamenik egiten irakasle eskolekin ez eta inmigranteen murgiltzearekin. Ez dio kasurik egiten 107.768 sinadurei baina bai ehun bat fatxei. Euskararen derrigorrezko presentzia %52an ezartzen du B ereduak porrot egin duela esaten duen bitartean. Eta gainera 2025erarte luzatzen du egoera tamalgarri hau. Honegatik guztiagatik Abenduaren 17an mobilizazio eguna egongo da… euskara kaiolan sartzen duen lege honen aurka.

Gaurko hauteskundeak inpugnatu al daitezke?

Ni ez naiz Marisol Esteban. Baina bera izango banintz gaurko hauteskundeak inpugnatuko nituzke… zuzenean. Atzo gauean, erreflexio eguna, Kalaka saioan hauteskundeei buruzko “eztabaida” burutu zuten. Bertan gehienek Goirizelaiaren alde egin zuten. Legala al da telebista publiko batean instituzio publiko baten inguruko eztabaida elektorala ematea hauteskundeak baino 12 ordu lehenago? Eta are larriago… legala al da bertan baten edo bestearen alde egitea?