rssgaur8 logotipoa

Esperimentu sinple bat

Gaur esperimentu sinple bat egin nahi izan dut. Goizean EHBEk “Campusak larru gorritan” kanpainarako egin duen bideoa ikusi dut euskaltuben. Zabaldun horren berri eman dut eta ikusi dut eguerdia zelako edo gutxik zabaltzen zutela. Bitxia iruditu zait, azken finean probokazio puntu bat baduelako bideoa. Ondoren meneamen jarrita zer gertatuko litzatekeen begiratzeari ekin diot. Beno, nik uste nuen meneoak zabaltzeak baino gehiago izango zirela, eta hala izan da, baina kantitate erlatiboei begiratuta ez dira hainbeste. Hori bai, euskaltuben igotako azken bideoen artean ikusiena izan zedin lortu dut gutxienez. Hau da, zabaldun jarrita ez du hainbeste jendek ikusi, baina meneamen jarri eta, horra!

Ez dakit zer frogatu nahi nuen zehazki. Hasiera batean ea zein diferentzia dagoen euskarazko komunitateak euskarazko berri bat jasotzerakoan eta gaztelerazkoak euskarazkoa jasotzerakoan frogatu nahi nuen… baina ez da hori bakarrik. Osatzen al dugu euskaldunok internet komunitate bat? Gutxi gara, baina gauzak ikusten al ditugu? Edo zabaldun zabaltzeak berriari garrantzia ematen dizkiegu eta ez dugu benetan berau irakurtzen/ikusten. Edo agian alderantziz. Zabaldun ikusten dugun guztia irakurtzen dugu eta meneamen agian ikusi bai baina meneatu ez.

Liatzen hasia naiz. Bitartean, hona bideoa:

Bozkatu ahal banu… ez nuke egingo!

Jada ez naiz UPVko ikaslea eta horregatik ezin dut Abenduaren 4an bozkatu. Hala ere ez nuke egingo. Ez dut Marisol Esteban ezagutzen, baina duen diskurtsoa ikusita argi dago espainiar militante bati bozkatzea zaila egingo zitzaidala. Horren aurrean Iñaki Goirizelaia dago. Bera ezagutzen dut, pertsonalki gainera. Eta ikusi dut azkeneko 4 urte eta erditan egin duen politika zein izan den. Orain ideia asko ematne ditu… eta non egon da bera azkeneko lau urtetan horiek ez garatzeko?

Gaur gainera blog hau ikusi dut: http://www.xn--upvespaol-r6a.net/ (letra arraroak ñ bat jartzen saiatzeagatik eod izango ziren). Bertan pare bat spot agertzen dira, ez bata ez besteak inoren bozkak merezi ez dutela argi uzten dutenak. Erakutsi iezaiezu zure mesprezua: ez ezazu bozka!

Zuentzat!

Gaur Ikasle Eguna ospatzen da Erandion eta berarekin batera Ikasle Abertzaleaken 20. urteurrena. Asko gara Euskal Herrian zehar antolakunden honetan militatu dugunok, baita gure hezkuntzako momenturik hoberenak bertan egin ditugunok.

Ikasleek beti ortzi-mugaren bila abiatzen dira, utopiaren bila, gamusinoen ehizan. Ikasleek badakite euren erronkak ezinezkoak izan daitezkeela, baina hala ere bideari ekiten dioten. Orain dela 20 urte nork esango luke ikasle antolakunde nazional bat izango genuela Euskal Herrian? Nork esango luke euskalduntzearen aldeko lanari ekiten zitzaionean 12 urte geroago Euskal Curriculuma eta Euskal Unibertsitatea bidean edukiko genituela? Nork esango luke orain 6 urte Bologna Prozesuaren aurkako borroka gakoa izango zela esan zenean, geroago Europako Ikasle Foroa antolatu eta borroka honek dimentsio hau hartuko zuela? Nork esango luke patriarkatua ikasgelatan gainditu nahi duen ikasle mugimendu bat sortuko zela?

Nik nire aldetik gaurko eguna Erandion emango dut. Eta eguna diodanean gaua ere esan nahi dut, noski! Kolosala izango dela esango nuke, baina tamalez horrelako egunetan espainiar zein frantziar errepresioaren ondorioz ospatzen egon ezin direnetaz gogoratzen gara sarri. Asko eta asko dira ikasle mugimendua indartu ostean beste leku batzuetan lanean aritu izan direnak eta asko ere lan hori egiteagatik kartzela ezberdinetan gaur egongo direnak. Guztiak zerrendatzea zaila egiten zait, beraz doakie hemendik besarkada handi bat! Eta nire besarkada berezia Otxoa, Gorkita eta Xabiri… zuen omenez ospatuko dugu gaur! Iraultza haziak… borrokak heziak.

Tontxuk utzi nahi du

Atzo lagun batek nonbait militatzen duzunean utzi nahi izatekotan hoberena proposamen tontoak egiten hastea dela esan zidan. Badirudi Tontxu Campos ere horretan dabilela, ardura utzi nahi du baina ez daki nola. Atzo hainbat eragileren aurrean aurkeztutako proposamenak negargura ematen du… etsigarria da 26 urteren buruan beste 16 urte hartzea ezer ere ez konpontzeko. Honela 42 urte egongo dira euskalduntzen ez duten ereduekin. Hau baldin bada EAk PNVtik bereizteko zuen proposamena nahiago dut orijinalarekin geratu.

Norbaitek sakondu nahi izatekotan EHBEk eginiko irakurketa gomendatzen diot.

Eskolak eta Wikipedia

Atzo hitzaldia eman nuen Donostiako Koldo Mitxelenan “Sanchez Mazas Katedra”k antolatu duen “Software Librea Euskal Herrian” zikloaren barruan. Bertan esandakoa hemen jarri nahi nuen, norbaitek kuriositatea balu ikus dezan.

Hitzaldian kontu ezberdinak atera ziren, eta hiru hizlariok (UPVko irakasle bat, Librezaleko kide bat eta hirurok) eskolek software askearen barreiatzean duten garrantzia azpimarratu genuen. Gaur goizean ere Radio Euskadin elkarrizketatxoa egin digute Iratxe Esnaola eta bioi eta biok berriro atera dugu gaia.

Wikipedia hitzaldia

View SlideShare presentation or Upload your own. (tags: wikipedia euskara)

Nire ustez bi aukera daude egoera honen aurrean:
1- Jakintza Ikastolak (edo batzuek jada hackintza moduan izendatzen dutena) darabilen politika. Software askearen erabilerak euskarazko irakaskuntza osoa bermatzen du. Hau da eskoletan euskaraz jardun arren informatika orduak gazteleraz izaten dira. Hemen ordea dena euskaraz dute, eta librea da. Eurek euren beharretara egokitu dezakete. Haur eta gaztetxoek ez dituzte ordenagailuak -gailu gisa ikusten, baizik eta erabili dezaketen tresna gisa.
2- Hainbat institutotan gertatzen dena (atzo Debakoa izan zen, baina badira bestelakoak). Informatika orduak inongo kontrolik gabe landu eta Wikipedia bandalizatzera sartzen dira. Atzo goizean 20 bat artikulu izorratu edo irainez bete zituzten. Horrek lan handia ematen digu wikipedian gure denbora librea pasatzen dugunoi. Hau da, ikastetxe hauek (Debakoa aipatu dut askotan egiten dutelako, baina badira beste asko) egiten dutena euskaraz dagoen hezkuntza euskarri bat erasotzea da, ordenagailua txateatzeko eta fotologa ikusteko denborapasa bat delako… ez delako tresnaren kulturan hezten.

Bada garaia gauzak serio hartzeko eta informatika eta tresna berriei erreparatzeko. Ikastetxeek milaka euro aurreztu ahal dituzte software jabeduna ez erosiz. Eta aldi berean euskarazko hezkuntza ematen dute. Eta aldi berean kontzientzia bat sortzen dute ordenagailuek dituzten erabileren inguruan.

Italiako irakaspenak

Gai asko nituen komentatzeko nire larunbata honetako artikuluan. Ikasle Abertzaleakek 20 urte betzen dituela eta zerbait esatea nuen buruan. Eta gaur egiten den eh’08 Nazio Eztabaida dela eta hezkuntzak emandako aurrerapausoak ere aipatu nahi nituen. Baina blogean aurreko artikuluari eginiko kritika eta ekarpen guztiak direla eta gai horretan zentratzea erabaki nuen… usteak erdia ustel. Asteartean irakurri nuen Euskal Herriak Bere Eskolak eginiko Herriek Bere Eskolaren ale berria (www.euskaleskola.org helbidean eskuragarri) eta Italian gertatutakoren inguruan idazteko gogo handia sartu zait.

Azkeneko hilabete honetan sekulako hezkuntza mugimendu handia sortu da Italian, Berlusconiren ministra den Gelminik proposaturiko legearen inguruan protesta egin nahian. Lege honek hankaz-gora jartzen du hezkuntza, azkeneko urtetan ezagutu dugun bezala, bederen. Lisboako Estrategian eskatzen zena beetzea da helburua: “Ongi-izatearen Estatua” izenez ezagutzen dena alde batera utzi eta “Ongi-izatearen Gizartea” eraikitzea. Hau da, zerbitzuak nahi dituenak eros ditzala, osasuna eta hezkuntza barne.

Gelminik eginiko legeak ez du alde handirik Maragallek Katalunian egindako legearekin, edo azken aldian EAEk aurkeztu nahi zuenarekin alderatuta. Ezberdintasun bakarra italiarra jebiagoa dela da. Bolognarekin betetzeko Unibertsitate publikoak fundazio pribatu bilakatzen ditu, irakasleen %10a eta hezkuntzako langileen %17a mozten du eta inmigranteak ghettoetan sartzen ditu. Eta guztia krisiaren aitzakiapean. Baina erantzuna ere tamainako izan da, eta egun hauetan jarraituko du. Hala bedi!