rssgaur8 logotipoa

Dutxa mistoak eskoletan

Ez dut gogoratzen noiz izan zen, baina hezkidetzaren inguruko eztabaida horietako batean azkar agertu zen ezberdintzearen zergaitia. Badirudi txikitatik ohitu gaituztenez neskak eta mutilak ezberdintzera, leku ezberdinetan pixa eta kaka egin, leku ezberdinetan jolastu eta leku ezberdinetan dutxatu soinketa egin ondoren izkutatzeko zerbait dugula. Nire ustetan txikitatik komun eta dutxa mistoak bultzatuz gero desberdintasun hori leuntzen joango litzateke.

Topagune edo Eskola Ibiltaria bezalako ekimenetan urteak dira dutxa mistoak bultzatzen direla. Lehenengo aldian askotan biolentoa izaten da, ez zaudelako horrelako gauzetara ohituta. Baina nire ustez ariketa polit bat da, pertsona guztiak biluzik berdinak garela konturatzen zarelako: hau da, guztiok ditugula gure berezitasunak. Baina hori 18 urterekin deskubritzea (adibidez) edo 6 urterekin, ba oso ezberdina da.

Kataluniko eskola batean ideia berdina izan dute ikasturte honetan. Umeak 11 urterarte (hau da, neskak aztoratzen hasi arte) Soin Hezkuntza egin ondoren elkarrekin dutxatzea zen ideia, horrela euren gorputzak ezagutu eta dituzten ezberdintasunak modu naturalean ikasi eta onartzeko. Baina ez! Guraso batzuen iritziz hau ideia oso arraroa da eta euren buruari galdetzen diote: “zergatik ikasi beharko ote du nire haurrak bere gorputza nolako den, nik ez badut nahi?”. Hori, hori!

PNVk ezin duela?

Hurrengo eguneko berriak irakurtzen nengoela kuriositatea sartu zait PNVk egin nahi duen giza-katea dela eta. Antza ez dute euren burua gai ikusten Gasteiz eta Gernika batzeko. Jende gehiegi beharko ote zela eta distantzia batera jarriz gero gehiago okupatzen dutela… Atzo eman zuten datuen arabera hamarnaka mila pertsona zeuden Forondan. Ez al dira nahiko giza-kate hori egiteko? PNVk deitu baino hirukoak deituko balu (eta lagun txikiak ere), ezin dute ibilbide osoa bete? Kalkula dezagun:

Gasteiztik Gernikara errepide ibilbiderik motzenean 71 kilometro daude. Hau da, 71.000 metro. Pertsona batek besoak luzatuta 1,5 metro okupatzen ditu gutxi gora behera, baina agian gertuago jarriz 3 pertsonek 4 metro okupatzen dutela kalkula daiteke. Hau da, 53.250 pertsona beharko dituzte egin ahal izateko. Ez dirudi gehiegi denik, batez ere antzeko koiunturan 600.000 bozka izan zituen hautagai batentzat.

PNVko gehienek letrak ikasi dituzte eta agian horrelako kalkuluetan ez dira sartzen. Horregatik beste argudio bat ematen dute ez egiteko: errepide gehiegi moztu behar izatea. Educacion para la Ciudadania jarri duten ikasturte honetan hori omen da argudio nagusia, hiritartasuna, europeartasuna, egin zezaketen erdipurdiko erantzun hori ere ukatzeko. Vascoak europeoak baizarete. Nafarrok iaz lortu genuen ikasgai horrekin hiritartasun santua.

Interneten euskararen mugak (II)


Egun hauetan artikulu interesgarri pare bat irakurri ditut interneteko bi blogetan. Bietan euskara eta interneten inguruan hitz egiten da. Lehenengo artikulua Mikel Iturbek egin zuen bere blogean (http://goiena.net/blogak/zubia/) eta euskarak izan ditzakeen mugen inguruan ideia batzuk botatzen ditu. Adibidez: ba al dago lekurik bi entziklopedia askerako? Posible al da Ukberri edo Goiena existitzen diren lekuetan beste internet bidezko komunikabideak egotea?

Bigarrena Patxi Gaztelumendik egin zuen, lehenengoari helduta (http://www.larrabetzu.org/gaztelumendi/) eta ikuspegi positiboago bat ematen du. Euskara jada hizkuntza globala dela esaten du, nahiz eta bestelako ideiak ere ematen dituen.

Eta orain galderari helduta? Euskarak ba al du etorkizunik interneten? Nire ustez bai, noski, baina horretarako ditugun errekurtsoak erabili behar ditugu. Euskaraz komunikatu, euskarazko blog komunitatea sendotu, euskarazko berriak gehitu. Euskarazko wikipedia 46.a da tamainan momentu honetan, baina hizkuntza kopuruari erreparatzen badiogu munduko 17.a da! Euskarazko leku-izenak erabiltzen ditugu, lehenengo aldiz mapa zehatzak interneten jarriz.

Baina… ba al dago mugarik? Bai nire ustez, lehenengo euskarazko hiztunak gutxi garelako eta geroz eta proiektu gehiago daudelako beste hizkuntzatan. Hau da, euskarak ezin du erritmoa jarraitu. Bigarrenik dagoen teknofobia dela eta, beste herri batzuetan gertatzen ez den bezala (adibidez, Katalunian). Eta hirugarrenik, eskoletan denbora galtzea baino ez delako egiten, milaka informatika ordutan gutxirako balio duten gauzak ikasiz. Mugarik badago, bai, baina oraindik ez dugu aurkitu.

Euskararen mugak interneten

Egun hauetan eztabaida sortzen ari da berriro ere (ziklikoa da) euskarak interneten dituen mugen inguruan. Larunbata honetan Gaur8n dudan artikuluan erantzuna emango badut ere, ezin utzi aukera blog bitartez lehenago datu batzuk zabaltzeko. Optimismorako datuak izan daitezke, edo pesimismorako.

Euskal Herria lehen mundua izanik internet konexio onak eta ugariak ditu. Hau da, euskarazko internet erabiltzaileen ehunekoa handiagoa da gaztelerazkoak duena baino. Baina… produkzioak erantzuten al dio horri? Hau da, ba al dira proportzioan orrialde gehiago euskaraz gazteleraz baino? Galdera honi erantzutea tesi oso baterako emango balu ere (animatu Filologoak!) har dezagun datu gisa mundu mailan konparagarria den proiektu bat: Wikipedia.

Euskarazko Wikipedian azkeneko hilabetean gutxienez edizio bat egin dugun lankideak 23 gara. Gutxi, bai. Baina gaztelerazko wikipedian egin dutenak (http://es.wikipedia.org/wiki/Especial:Statistics) 634 baino ez dira. Hau da, munduan ordenagailua eduki dezaketenen artean bigarren hizkuntzarik zabalduena izango den horretan ez dira ere hainbeste. Kexaka ibili gaitezke 23 horietatik asko izen-abizenez elkar ezagutzen dugulako. Baina ez pentsa 634 horiek ere asko direnik. Kalkulu errez bat eginez: 43.478 euskaradunetik batek editatzen du euskarazko wikipedian. Gazteleraz 725.552 hiztunetik batek baino ez du editatzen. Maila batean katalanen antzera gabiltza, eurek 67.567tik batek edizioak egin baititu azkeneko hilabetean.

Gehiago izan gintezkeela? Noski, dudarik gabe! Erronkak jar ditzakegu, baina Mikelek bere blogean esaten duen bezala (http://goiena.net/blogak/zubia/euskarak-ba-al-du-mugarik-interneten) edo proiektu zehatzak indartzen ditugu edo indarrak asko zatituko dira. Hala ere ni ez naiz inor zein proiektu diren hobeak esateko, nahiz eta nire Wikipediarekiko preferentzia jende askok ezagutu.

http://www.queremossoftwarelibre.org/

Badakit helbidea ez dagoela euskaraz, eta Gaur8n badaudela leku gehiago software askea eta bestelakoak komentatzeko. Baina zer egingo diogu… Eusko Jaurlaritzak milioi erdi euro xahutu ondoren eskoletan software jabedunaren lizentziak ordaintzen nire ustez eskola askok ere sinatu beharko lukete manifestua.

Erabakitzea eta aukeratzea

Egun hauetan asko hitz egiten ari da erabakitzeko eskubidearen inguruan. Ezker Abertzaleak erabakitze-eskubidea defendatzen duen bitartean, hirukoak eta bere lagun txikia den Aralarrek erabakitze-eskubidea izateko eskubidea defendatzen du. Eta horiek kontsulta eta erreferendumaren arteko ezberdintasuna azaltzen diguten bitartean erabakiaren subjektu nor izan daitekeen eztabaidatzen du (hori diote) epaile talderen batek.

Baina zer egin erabakitzeko, lehenengo zer aukeratu izan behar da mahai gainean. Proiektu ezberdinak, ideia ezberdinak edo hautagai ezberdinak, noski. Hau da, proposamen bakarra dagoenean ezin da aukeratu eta, beraz, erabakitzea bai edo ez sinple batera murrizten da.

Aste honetan ikasturte berria hasi da eta erabakitzea eta aukeratzearen artean berriro ere tranpa egin digu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Edo agian tranpa EiTBk egin du, horiek ere playbacka egiten baitute singstarrean. Ereduen politika gainditzear dagoen honetan D eta A ereduaren ehunekoak aurkeztu dizkigute. CAVen Lehen Hezkuntzan matrikulatu dituzten haurren artean %57ri D eredua aukeratu diote. Hori da erabaki bat hartzea, bi aukeren artean bat nahiago izatea.

Eta tranpa ondoren dator: Bigarren Hezkuntza osoan matrikulatu direnen %50a baino gutxiagok egin du izen-ematea D ereduan. Ondo, sinesgarria. Arazoa da nahiz eta gaztetxo batek A ereduaren ordez D eredua egingo duela erabaki ezin duela egin, ez duelako euskara ulertzeko aukerarik. Eta Lanbide Heziketako ikasleek ezin dute A eredua edo D eredua aukeratu, ez baitago ereduen politikarik bertan eta, beraz, erabakitzeko eskubiderik. Nahaste honekin bukatzeko garaia dela uste dut.

30.000 artikulu vs. 517.239,83 €

Oraintxe bertan emozioz idatzi behar nuen berriro ere Euskarazko Wikipediak marka bat hautsi duela esateko. 30.000 artikulura heldu da, eta orain dela urtebete eta bi egun zituela 20.000 artikulu. Urte batean euskarazko wikipedia %50 handiagoa, zabalagoa eta interesgarriagoa egin da, artikuluen kopuruari erreparatzen badiogu, bederen. Azkeneko uda honetan hilabetero 1.000 artikulu egin dira, eta azkeneko 1.000 artikuluak egiteko bi aste pasatxo behar izan dira.

Baina sustatu.comen irakurri dut beste blog batean argitaratu den artikulu bat (orain ez dago eskuragarri). Antza Eusko Jaurlaritzak ikastetxeetan dauden ordenagailuetako Windows eta Office lizentziak berritzeko leihaketa publikoa antolatu zuen. Lizentzia hauek Microsoftek baino saltzen ez dituenez, logikoa da pentsatzea eurek irabaziko zutela. Eta hala izan da, irailaren 5ean Eusko Jaurlaritzak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarren dirutik 517.239,83€ oparitu dizkio Microsofti ordenagailuak erabiltzen jarraitu ahal izateko.

Diru hori software askea bultzatzeko kanpainetan gastatuko balute (ze hor bai, diru pixka bat mucho resultado da!) orain euskarazko wikipediak askoz artikulu gehiago lituzke, euskarazko software gehiago legoke eta, gainera, Bill Gatesek milioi erdi euro gutxiago lituzke. Bejondeiela!

Pixka bat es poco

Igande honetan estropadekin (eta Altsasuko jaiekin) batera Eusco Jaurlarichak “Pixka bat es mucho” kanpainari amaiera emango dio kontzertutxo batekin. Bitxiena da Loquillok jotzea bertan… euskaraz zerbait esango du, agian eskerrik asko, edo arratsaldeon… eta noski, pixka bat mucho denez, ba nahikoa!

Zeitgeist

Historia ikasten denean askotan aipatzen dira iraganeko konspirazioak. Barregarria iruditzen zitzaidan beti Espainiako Historia ikasterakoan Berrezarkuntza aipatu eta hauteskundeak trukatuta zeudela esaten zutenean, dokumentu eta guzti. Gaur egungo gertakariak ez dira horrela aipatzen ordea.

Atzo gauean, ordu txikietan jada, Zeitgeist filma ikusi nuen. Gauza gehienak adituak nituen, baina bereziki lehenengo zatia gustatu zitzaidan. Lehenengo zati horretan Jesukristoren asmakuntza aipatzen da. Interesgarria benetan erlijioaren irakaskuntza oraindik Hego Euskal Herrian dirauen honetan. Norbaitek ikusi nahi izanez gero: http://www.zeitgeistmovie.com/