rssgaur8 logotipoa

Euskaldunak kategorizatu nahian

Zer da euskaldun bat? Orson Wellesek egin zuen dokumentalean nahiko argi utzi zuen: “euskaldunak zer diren esatea baino errezagoa da zer ez diren esatea, eta ez dira ez frantsez ez espainolak (…)”. Baina oraindik ere arazoak sortzen ditu kategoriak sortu behar direnean. Azkeneko eztabaida Wikimedia Commonsen ireki da honen kontura. Commons wikipedia guztietako argazkiak gordetzeko lekua da eta bertan libreki lizentzia askea duten argazki guztiak igo daitezke. Baina argazkiak kategorien barruan sartu behar dira, orden pixka bat jartzeko kaosean. Eta kategoria horiek nahas-mahasa sortu dute Euskal Herriaren kasuan. Orain arte Basque Country izeneko kategoria bat zegoen eta Spain eta France kategorien azpian sartzen zen… baina noski, ez du zentzurik Frantziako azpikategoria batean Gasteizko argazkiak egoteak, noski! Beraz eztabaida interesgarri bat ireki da Euskal Herriaren kategorizazioaren inguruan. Nahi duenak http://commons.wikimedia.org/wiki/Category_talk:Basque_Country helbidean irakurri eta parte har dezake, noski!

Rentrée

Berehala hasiko gara Rentrée eta Corticoleen astearekin eta komunikabide guztietan urtero egiten diren berri berberak irakurriko ditugu: ume batzuen lehenengo eskola eguna ikusiko dugu Teleberrian, negar eta guzti. Beste ume batzuk, bitartean, pozik agertuko dira kamaren aurrean oporrak pasa ondoren euren gelakideekin berriro elkartu eta oporren inguruan solasteko aukera izango baitute. Agertuko dira hezkuntza arlo ezberdinetako agintariak eskolaren batean gure Hezkuntza Sistemen onuren inguruan hitz egiten, nahiz eta denek Hezkuntza Sistema singularrean erabiliko duten. Unibertsitateko agintariek ere berdina egingo dute. Eta agertuko dira erreportaje ezberdinak, testu-liburuen prezioa dela eta. Kontsumitzaileen Elkarteren batek esango digu geroz eta gehiago aldi bakarrean erabiltzeko testu-liburuak sortzen direla. Eta gero COPEn eta Antena3 bezalako komunikabidetan El Corte Inglesek uniformeak erosteko sistema erosoak proposatuko ditu. Azkenik estatistika orokor batzuk emango dituzte eta politikariak ere lanera itzuli direla esango digute.

Baina datu guzti horietan komunikabide gehienetan hainbat estatistika aipatzea ahaztuko dute. Adibidez urtero milaka eta milaka gazte euskaraz jakin gabe ateratzen direla derrigorrezko eskolatik, euren legeak ere bete gabe. Ez digute aipatuko Euskal Curriculuma dagoeneko prest dagoen lehenengo ikasturte honetan Hego Euskal Herri osoan Espainiaren inposaketa berria den “Educación para la Ciudadanía” ezarriko dutela. Ez digute esango ikasturte honetan enpresek erabakitako Titulazio Mapak onartuko direla unibertsitatetan. Rentréea cool delako, informatiboetan emateko berri on hutsal horietako bat baino ez.

Eurozentrismoa

Onartzen dut. Azkeneko aste hauetan kanpoan egon naizenez deskonexio latza daukat nire herriko errealitatearekin. Noizbehinka internetera konektatu eta zer gertatu den irakurri ohi dut… baina gehienetan déjà-vu sentsazio arraro bat izan ohi dut.

Munduan berriro ere gerra hotsak entzuten dira, noizbait gerrarik ez balego bezala. Hau idazten nagoela Sirian naiz, teorian Gaizkiaren Ardatza den herrialdea. Eta hemen eguneroko bizitzaren gerra baino ez da nagusi. Hemen mendebaldea “Yorgtxi Bux” eta “Maikal Jakson” dira. Eta euskaldunak Osasuna eta Atletico de Bilbao.

Eta nahaste guzti honetan zaila da hezkuntzari buruz idaztea. Gure eskoletan zein eurozentristak garen esatea baino ez zait bururatzen. Historia, kultura, geografia, matematikak… gure zilborretik aztertzen ditugu. Mesopotamia? Gixajo batzuk Etruskoekin alderatuta! Eta Brunelleschiren kupulak Sinanenak baino hobeak direla ere sinetsi behar!

Aurreko batean irakurri nuen Euskal Curriculumaren inguruko testuetan ekarpen oso interesgarria, curriculum ez eurozentrista egin behar genuela zioena. Zenbat arrazoi. Zenbakiak antza arabiarrei kopiatu genizkien eta eurek beste batzuk erabiltzen dituzte. Historian ikasten duguna errealitateen parte txiki bat baino ez da, errealitatea denean, gutxienez! Eurozentrismoa, inperialismoaren beste aurpegi bat baino ez. Guretzat Egipziar bat eta Irakiar bat bereiztea bezain zaila da eurentzat edozein okzidental ezberdintzea. Eta horregatik, norbaitek esan zuen moduan, euskaldun batzuek espainiarrak izan edo ezer ez izatea aukeratu behar dutenean, portugesak izatea aukeratzen dute hemen. Gora Mari Jaia!

Bidaiatzea

Aurreko artikuluan esaten nuen Allah hala nahi bazuen artikulu hau atzerritik idatziko nuela. Eta hala da. Europan nago eta begiak eskubira mugitzen baditut itsasadar baten bestaldean Asia ikusten dut. Geografia askorik ere ez da behar non nagoen jakiteko, baina espainiar pasaportea duzuen irakurleek badakizue `con cien canones por banda, viento en popa a toda vela` hasten den olerki famatu hori. Agian frantses pasaportea duzuenek ez duzue ezagutuko… curriculumaren kontuak dira horiek.

Askotan entzuten zaie espainiar ilustratuei, sasi-intelektualei, abertzaletasuna bidaiatzen sendatzen dela. Bada! Niri bidaiatzen dudan bakoitzean ez zait horrelakorik gertatzen. Lotsatzen nau muga bat pasa eta poliziari pasaportea erakusterakoan `spanish?` galderari `yes` erantzun behar izatea. Pasa naizen herrialde guztietan euren ikurrak, hizkuntza eta ohiturak ikasteko eskubidea badute eta ez dut inor ikusi bere herria utzi eta beste batean fusionatu nahi duenik. Sarrionandiak esaten zuen, eta agian beste norbaitek ere, independizatu denak ez duela nahi izaten berriro koloniako hiritar izatea.

Nik herri bat nahi dut, euskal txobinistak kritikatu ahal izateko, pasaportean guk aukeratutako animaliak eduki ahal izateko iruditxoetan eta berriro ere Sarrik esaten zuen bezala banderak berriro kalera atera behar ez izateko.

Munduko beste herritarrak gorrotatzen dutenek esan ohi dute abertzaletasunaren sendatzeko erarena. Nik bidaiatzen dudan bakoitzean gehiago ikasten dut eta munduko herrien mapan agertzea baino ez dut nahi izaten. Eta beste herriak ulertzen nirea indartzen dut, eta ez alderantziz.