rssgaur8 logotipoa

Gaur!


Gaur da E eguna. Ez naiz Hezkuntzaren Historian aditua, baina badakigu hezkuntza estatuen eta boteretsuen esku egon dela beti. Hezkuntza hasieran jauntxoen eta elizaren esku baino ez zegoen. Baina Industria Iraultzaren ondoren herritar gehienek hezkuntza behar zutela konturatu ziren eta horrela ekin zioten hezkuntza unibertsalizatzeari. Hezkuntza guztientzat, langileak bakar batzuentzat.

Baina beharrak behar ziren eta hezkuntzaren demokratizazio moduan ezagutu dena eman zen: estatuen interesen arabera eraikitzeko eskola bat. Hizkuntza bakar batean, eredu bakar batean. Guztiak espainiar edo frantziar biztanleak, adibidez. Eta hizkuntza bakar batean: homogenizazioa, alienazioa, desnazionalizatzea.

Eta momentu horretan sortu ziren lehenengo ikastolak Euskal Herrian. Euskaraz, eredu pedagogiko berri batekin eta finean Hezkuntza Sistema Nazional baten aldeko eskolak ziren. Eta hain handia izan zen bere arrakasta, hain handia herriak eginiko eskaria, hezkuntza publikoan ere euskara sartzea lortu zela.

Euskaraz bai, baina oraindik espainol eta frantses gisa hezten ziren ikasleak, baita herri mugimenduak sorturiko ikastoletan ere. Eta ideia horretatik abiatu zen Euskal Curriculuma sortzeko asmoa. Gaur da eguna. E Eguna. Edo EC eguna deitu beharko genuke? Lehenengo aldiz historian Euskal Curriculum bat izango dugu, herriak sortua eta herriarentzat. Gaur Kursaalean ekitaldi batean aurkeztuko da, eta orain herriaren esku egongo da. Euskaraz funtzionatzen zuten heziguneak sortu genituen, herritarren lanarekin. Orain Euskal Curriculumarekin jardungo duten heziguneak eraikitzea guztion esku dago berriro. Zorionak guztioi!

Edizio digitala: Euskal Curriculuma guztientzat eskuragarri dago http://eu.wikibooks.org/wiki/Euskal_Curriculuma helbidean.

Eta Bolognaren gaineko erreferendum bat?

Berri onak. Oso onak. Inork ez daki zer gertatuko den Hego Irlandan Europako Tratatuari ezezkoa eman ondoren. Lisboako Estrategian oinarritutako Lisboako Tratatu bat egin dute. Eta bozkatzeko aukera eman den leku bakarrean ezezkoa atera da.

Lisboako Estrategian oinarrituta Bologna Prozesua garatzen ari dira. Noizko honen gaineko erreferendum bat?

Porrak egiteko garaia heldu da.

Atzo Iñako Perezek koherentzia dela eta berriro aurkeztuko ez zela esan zuen. Baina badirela bere taldean katedradun diren 5 kide guztiz gai direla aurkeztu eta irabazteko. Porra bat egin beharko genuke…

Nire apustua honakoa: Iñaki Goirizelaia, besteak beste Leioan azkeneko hilabetetan egon diren polizia sarrera guztien arduradun politikoa.

Selektibitatea

Gaur hasi dute Hego Euskal Herriko milaka ikaslek espainiartasun froa. 3 egunetan ea Espainiak ezarritako edukiak ondo barneratu dituzten neurtuko da. Pedagogikoki honek duen balioa oso kritikagarria da. Unibertsitatetan geroz eta ikasle gutxago dauden bitartean muga selektiboak jartzen jarraitzeak zein zentzu duen kritika daiteke. Guzti hori edozein ikasle espainiarrak pairatuko du. Euskal ikasleek, gainera, inposaketa kultural bat jasotzen dute.

Frogarik nahi? Gaurko azterketan espainiako hizkuntza, literatura eta historia izango dira.

Noiz desagertuko da? Noiz utziko diote ikastetxeek euren ikasleak froga hoentara bidaltzeaz? Gora garraiolariak!

Si si si, si no no

Iaz sexu jazarpenaren aurkako kanpaina bat egin zuen Bilboko udalak. Gazteleraz Si si si, si no no zen. Euskarazko itzulpen traketsa “Ukito baiezkoan baino ez”. Gaur El Paisen inoiz irakurri dudan elkarrizketarik tontoena egin diote Iñako Perezi. Lehenengo 7 galderetan 5ei tituluan jartzen duena erantzuten du gutxi gora behera.

Asteazkenean ikusko dugu berriro aurkezten den edo ez. Noski, orain espainolen bat izango du aurkari, eta haginak zorrozten ari zaizkio. Ezta Goiri?

Txolinkeriak eta hagiografiak

Aurreko batean zin egin nion neure buruari ez nuela artikulurik idatziko Iñako Perezen emaitzak zirela eta. Blogean esaldi bakarra idatzi nuen eta horrekin nahikoa zela pentsatu nuen. Baina azkeneko bi astetan pare bat artikulu irakurri ditut, lehenengoa Txoli Mateosena eta bigarrena Iñaki Goirizelaiarena.

Ez ditut banan-banan erantzungo, ez du lekurik ematen zutabe bakar honetan. Baina lehenengoak emandako argudioak txolinak iruditu zitzaizkidala esatea nahikoa da, eta bigarrenarenak hagiografoak. Badu Mikel Laboak “Bedeinkatua” izeneko abestia, eta nik uste Goirizelaiak letra hori zuzenean idatzi izan balu lehenago bukatuko lukeela.

Mateosek proposatzen duena ondokoa da: hauteskundeak ez ditu Iñakok galdu, hauteskundeak ezker abertzaleak galdu ditu, espainiar sektoreek irabazi baitituzte. Goirirenak ondokoa proposatzen zuen: hauteskundeak Unibertsitateak irabazi ditu, Iñako bezain gizon ona eta etikoa ez baitu inork aurkituko.  Iñako gizon santua da.

Zeinek galdu ditu, orduan, UPVko hauteskundeak? Iñako Perezek, noski. Baina ez ditu berak bakarrik galdu. Bere ekipo osoak ere galdu ditu, Iñaki Goirizelaiak barne. Baina ez dute eurek galdu, ez… eurek ordezkatzen duen ereduak galdu du. Ikasleen %3ak bozkatu zuen bakarrik, aurreko hauteskundetan %22ak bozkatu zuen bitartean. Unibertsitatearen %10ak baino ez zuen bozkatu, demokrazia organikoaren beste erakustaldi batean. Hauteskunde horietan Iñakok galdu duela argi dago. Berarekin batera Bologna aplikatzeko erak, kanpus polizialak, euskararen presentzia hutsalak, kudeaketa soilak eta inposaketak galdu dute. Eta azaroan irabazteko asmoa badute… zaila izango dute!