Espainiako hauteskundeak pasa dira eta batzuk poz-pozik daude eta besteek poz-pozik daudela diote. Hemen normalean hezkuntzaren inguruan hitz egiten dut, baina gaur gehien gustatzen zaidan bigarren gaiari eutsiko diot: estatistika.
Medioetan egun hauetan asko hitz egiten ari da PNVk 300.000 bozka eskasekin 6 parlamentario dituela eta Rosa Diezek, beste hainbesterekin, bakarra. Eta horrek, antza, PNVren gaindimentsioa dakar, eta Rosa Diezen gutxiestea. Baina azter dezagun errealitatea:
PNVk inoizko emaitzarik okerrenekin (Arzalluz hilda balego bere hilotzetik altxatuko litzateke) 6 parlamentario lortu ditu Madrilen (berez 7, Uxue Barkos ere lortu dutelako). Baina PSE-EE 425.000 bozkarekin 9 ditu. Hau da, Rosa Diezek 300.000rekin bakarra duen bitartean PSOEk beste 8 gehiago lortzen ditu EAEn 125.000 bozka gehiagorekin… beraz, zein dago gaindimentsionaturik, PNV ala PSOE?
El Paisek galdera honi erantzuten dio (http://www.elpais.com/graficos/espana/Reparto/escanos/sistema/proporcional/elpgranac/20080310elpepunac_1/Ges/) , nahiz eta euren asmoa ez zen hori. Estatu espainiar osoa zirkunskripzio bakarra balitz PNVk 2 gutxiago lituzke, eta Rosa Diezek hiru lagun gehiago lituzke. ERC ere igoko litzateke. Eta batez ere IU, 2tik 14ra igaroz… eta nork galduko luke, orduan? Ba PP eta PSOE, horiek baitira benetan gaindimentsionaturik daudenak.
By the way. Parlamentarioak nahi izanez gero hobe da Cuenca edo Sorian aurkeztea EAE edo Madrilen baino… horiek bai daudela gaindimentsionaturik!
Badira hitz batzuk denboraren poderioz euren esanahia aldatu dutenak. Badira beste batzuk hainbeste erabili ondoren esanahia guztiz galdu dutenak ere. Adibidez, Euskal Herrian bere esanahia galdu zuen aspaldi “Bakea” hitzak. Geroago “Demokrazia”k ere galdu zuen bere zentsua. Berdina gertatu zen hitz abstraktu askorekin, “ongizatea” kasu. “Askatasuna” hitzak ere, batak eta besteak erabiltzen dute elkarri erasotzeko, baina batek erabiltzen duenean ilegala da.
Azken urte hauetan bada bere esanahia guztiz galdu duen beste hitz bat: “Kalitatea”. Urtero ikastetxe batzuek kalitatearen Qa jasotzen dute, horrela, ingelerazko laburdura. Ikastetxeek kalitatea bilatu behar dutela esaten digute, Unibertsitatearen helburua Bologna Prozesuarekin “kalitatea” eta “eszelentzia” bilatzea direla esaten dute (azkeneko hau bai hitz absurdoa). Enpresa bat izango balira bezala ISO 9001 egiaztagiria jasotzen dute… baina zergatik? Ba justu enpresa baten gisa jokatzeagatik, dirua lortzeagatik, baliabideak zuhur erabiltzeagatik, ikasleak bezero gisa ulertzearren, azken finean.
Nire ustez honi buelta eman behar diogu. Kalitatea beste parametro batzuen arabera aztertu beharko dugu, askok demokrazia edo bakea beste parametro batzuen arabera ere ikusten dugun bezala. Kalitatearen helburua ezin da arrakasta enpresariala izan, ez. Kalitatearen helburua hezkuntza eskubideak errespetatzea, Euskal Curriculuma garatzea, guztiak euskalduntzea, langile eta ikasleen baldintza egokiak ziurtatzea eta jendartean dauden desorekak apurtzea izan behar du. Kalitatea ezin dugu Q batekin neurtu, euskaldunok kalitatea, zentzurik badu, K handi batekin neurtu beharko dugu.