“Izatez, unibertsitateko ikasketek bizitza osorako onurak ekartzen dizkiete ikasketak gainditzen dituzten ikasleei. Beraz, ez dirudi oso bidezkoa denik herritar guztien zergen bidez ordaintzea bakan batzuen onerako izango den zerbait.”
“sistema zuzena izateko, hau da, gai diren ikasle guztiak unibertsitatera joan ahal izateko eta ekonomia arrazoiengatik inor baztertua ez izateko, epe luzeko mailegu sistema publikoa erabili beharko litzateke. Bestalde, dirulaguntza unibertsitateari zuzen eman beharrean, ikasleari eman beharko litzaioke, berak nahi duen unibertsitatera joan ahal izateko.”
Juan Ignacio Perez, neoliberala. Jakin aldizkaria.
COPE entzun ohi dut kotxean nagoenean. Ez da nire masokismoa dela eta, ez. Alderantziz, leku guztietan entzuten den irratien artean defraudatzen ez zaituen bakarra da. Radio Euskadi entzun daiteke ere, eta batzuetan egiten dut, baina bertan dauden tertulianoek nazka ematen didate orokorrean. Eurentzat eskuina PP baino ez da, eta euren alderdi maitea den PNV ez, horiek demokrata kristauak dira, noski. Egun hauetan, adibidez, Fidel Castroren gutuna dela eta euren jarrera neoliberala argi eta garbi utzi dute tertuliano eta aurkezle guztiek, batez ere Xabier Lapitzek. Eurentzat herriak hautatutako komunista bat diktadore bat da, baina Espainiak badu estatuburu betikotu bat eta ez dute ezer ez esaten… baita espainiar legalitatea babestu ere. Gaur, urrunegi joan gabe, Radio Euskadiko kazetari batek “Pais vascofrancés” esan du, suposatzen dut poliziak bidalitako teletipo bat irakurtzen egongo zelako edo. Beno, guzti honen ondoren berriro ere COPE zergatik entzuten dudan esango dut: eskuindarrak dira, faxista hutsak… baina onartzen dute! Eurek ere neutralak direla diote, baina PPk hauteskundeak irabaztea nahi dutela diote, inongo arazorik gabe.
Bada COPEn programa berezi bat, besteen artean arriskutsuagoa. Jende gehienak ezagutzen du Jimenez Losantos libeggalak egiten duen irratsaioa, baita bere iragana ere, edo Cesar Vidalek egiten duena gauetan… askotan agertzen dira beste medioetan euren esanak direla eta. Baina bada irratsaio berezi bat arratsaldetan: “La Tarde con Cristina“. Programa hau ETBko “Pasalo”ren antzekoa da, baina ezberdintasun batekin… tertuliano guztiak Paloma Zorrilla bezalakoak dira. Gaur programa honetan Kosovo nazka ematen duen eskualde bat dela esan du, lasai-lasai.
Azkeneko aste honetan hiru aldiz boikoteatu dituzte hiruna mitin hiruna unibertsitatetan. Lehenengoa Maria San Gili egin zioten AGIReko ikasleek. Bigarrena Dolors Nadali egin zioten Pompeu Fabrako ikasle independentistek. Hirugarrena Rosa Diezi egin zioten Complutensean. Beno, ba programa honetan, La Tarde con Cristinan ikasleen aurkako neurriak hartzea eskatzen dabiltza, hasieran IArekin sartzen, gero AGIR eta ikasle katalanekin (ez dute SEPC aipatu, baina gutxi geratu zaie) eta jada, atzo, ikasle ezkertiar guztiekin. Gaur ere gaiari ekin diote eta faxistak beti faxista direnez (ez dute inoiz defraudatzen, horregatik entzuten dut COPE) zuzenean disidentziarekin amaitzea proposatu dute.
COPEn faxistek gaur proposatu dutenaren izpiritua Iñako Perezek UPVn eginiko “alderdien legea” egin dadila izan da… atera zuen konklusioak…
Txanpon batean bezala, pasa den astearteko GARAn Unibertsitateen aurkia eta ifrentzua aurki genezake. Errepresioak zaila egiten du jakitea, baina 14 atxilotu egon izan ez balira (besarkada bat guztiei) ziur nago Euskal Unibertsitatea 2010/11 ikasturtean eraikia egongo dela esateak portada baterako emango lukeela. Ez da egunero irakurtzen den gauza horietako bat… unibertsitate bat! Urteetan, hamarkadetan, borrokatua izan den proiektuak jada data bat badu! Nik karrera jada bukatu dut, baina gogoz matrikulatuko nintzateke horrelako unibertsitate batean. Begian eman zidan ere orrialdearen azpian zetorren bigarren titularra, pribatutasunaren inguruan jarduten baitzuen. Gero esango dut zergatik.
Baina egun berean Iñako Perezek eztabaida eta hitzaren ordez errepresioa erabiliko zuela esan zuen: desobedientzia zibila egiten dutenak espedientatuko zituela eta, aldiz, armak bileretan sartzearen erantzule diren Iñaki Goirizelaia eta Petxo Idoiaga bere postuan mantenduko zituela. Are eta gehiago, ikasleak Bolognaren aurka egotea “egoera politiko orokorraren” kontu bat dela zioen. Hori hala balitz bere ikasleen aurkako legea ere Alderdien Legearen antza duela esan genezake… eta berez badu.
Egun berean txanponaren bi aldeak: bokazio publikoa izateaz gain Hezkuntza Eskubideak bermatzen dituen eta PNV-PSOEren legeen (Espainiar Konstituzioaren) arabera pribatua litzatekeen unibertsitate bat; eta lege berdinen arabera publikoa den eta interes pribatuak baino bermatzen ez dituen unibertsitate bat. Biak aurrez-aurre. Nik argi daukat: unibertsitate publikoaren alde beti, Euskal Unibertsitatearen alde, alegia.
Atzo ere esan nuen, baina ostegunean Grebara noa. Eta atzo gaztelerazko bi olerki jarri nituen. Gaur, ordea, Gabriel Arestiren bat jarriko dut:
Etarren ama urrikariek
bakea dute merezi
bihotz-ikara izugarrian
dardaraz baitira bizi
Etarren amek
asko sufritzen dute.
Andre hauen bihotzean
kabitzen da
munduko min guztia.
Aitak
Lemoako frentean
hil zizkieten.
Nebak
gartzelatik deserrira
ibili zaizkie
barreiu.
Eta orain semeak
kaminoetan
erortzen zaizkie
zerraldo…
Etarren amek
asko sufritzen dute,
semeak hiltzen dizkietenean
eta batez ere
semeek hiltzen dutenean…
Arrosa gorri-zuri
idien apatsek zapaldua
bezalakoak dira:
Andre urrikari hauez
urriki zaitezte…
Zeren Euskal Herria
Axularren sagarroia
bezalakoa
da.
Bere egitez ere
nekez erditzen da
baina bere faltaz
nekezago,
penazago…
Eta ETA
(lehen zen EDO)
sagarroiak bere burua
erditzera
apoderatzen duen harria
da.
Asko izan da karloez
eta arantzeez…
Hainbeste otoitz…
hainbeste ezpata-dantza,
euskal-meza,
zortziko nagusi,
alboka,
txistu…
Hainbeste hostia, alu eta potro…
Herri honi
erditzeko tenorea
tokatu zaio…
Mutilen barrabil ostikatuak
eta
neskon diti zigarroz erreak
dilatazio-minak izan dira
baina
andreon sufrimentu-moralarekin
expulsio-mina
dator.
Herri kobarde (hain balent) hau
bere libertateez
erditzen da
Santa Gurutze honetan…
Eguzkiaren ateko tortura-lekutik!
Josepa Mendizabal Zaldibian
asko penatzen da…
Aski da! esateko garaia aspaldi heldu zen, baina ostegunean berriro esan beharko dugu. Hezkuntzan ostegunean grebara!
Eta blog hau euskaraz izan arren, Gabriel Celaya hernaniarrak idatzitako hitzak kontestutik atera eta gogoratu nahi ditut:
De cuanto fue nos nutrimos,
transformándonos crecemos
y así somos quienes somos golpe a golpe y muerto a muerto.
¡A la calle!, que ya es hora
de pasearnos a cuerpo
y mostrar que, pues vivimos, anunciamos algo nuevo.
Eta ondoren, Rafael Albertiren Nocturnoa:
Cuando tanto se sufre sin sueño y por la sangre
se escucha que transita solamente la rabia,
que en los tuétanos tiembla despabilado el odio
y en las médulas arde continua la venganza,
las palabras entonces no sirven: son palabras.
Hala ere, eta arazo judizialak direla eta, ez dut osorik hemen jarriko… nahi duenak hemen dauka irakurtzeko.
Nik, Galder Gonzalez Larrañagak, Emile Zolak Alfred Dreyfusekin egin zuen bezala, aurreko asteazkenean Leioako Campusean protesta egin zuten ikasleekin bat egin nahi dut.
Horregatik, UPV unibertsitate publiko bat izan beharrean saldu eta erosi nahi duten horiek akusatzen ditut. Unibertsitatea euren esparru pertsonala izango balitz bezala jokatzen duten horiek akusatzen ditut. Unibertsitatea diktadura bat izatearen arduradunak akusatzen ditut. Diktadura horrekin bat egiten dutenak akusatzen ditut. Eta jokoa egiten dioten guztiak ere akusatzen ditut.
Gaur, ordea, izen abizenekin egin nahi dut. Lehenik eta behin Iñako Perez akusatu nahi dut, diktadura honetako (nahiago baduzu, Iñako, despotismo ilustratua) diktadorea delako. Bera izan da polizia sartzea baimendu duena, berriro ere unibertsitatea kapitalaren zerbitzura biolentziaren bidez jarriz. Iñaki Goirizelaia ere akusatu nahi dut. Bera, Bizkaiko Errektoreorde gisa eta Perezen eskuineko esku gisa (politiko zein metaforikoki), eta bera baita campusean gertatzen denaren eta gertatu denaren arduradun. Petxo Idoiaga ere akusatu nahi dut, publikoki erreferendum eta kontsulten inguruan hitz egin arren, unibertsitarioen hitza ukatzeko polizien sarrera kudeatu duelako. Xabier Etxague ikasleen errektoreordea akusatu nahi dut, bere jauntxoa defendatu duelako ikasleak defendatu ordez.
Vocento, Deia eta EiTB akusatzen ditut, diktaduraren aurpegia garbitzeagatik, eskubideak defendatzen dituztenak erruduntzat jotzen. Eta azkenik katedradun guztiak, bai, guztiak, akusatu nahi ditut, diktadura hau baimentzeagatik. Aski da, Bolognaren aurrean hitza hartzeko garaia heldu dela uste dut.