rssgaur8 logotipoa

Free18/98

Orain dela aste batzuk freebatasuna kanpainarekin bat egin nuen blog honetan… gaur ozen eta argi oihukatu behar da: free18/98

Herri gisa erantzuteko garaia da!
Free18/98

Zorionak IA

Zorionak, eta oraindik zirrara gehiago sortzeko, bideo gomendagarri hau:




Pécresse

Joan zen udan Valérie Pécresse Unibertsitate eta Ikerkuntza Ministroaren Unibertsitate Autonomia Legea onartu zutenetik beste inposaketa berri bat jaso dugu euskaldunok, Mercedes Cabreraren Unibertsitatearen Antolaketa Dekretua. Bi aldiz hiru hilabeteren buruan inposaketa jaso eta ezagutu dugu.

Pécresse Legeak aldaketa sakonak sartzen ditu Unibertsitate sisteman, horietako bat Frantziako Iraultzan eta ondoren egondako Errepubliketan jasotako printzipioen kontrakoa ere. Pécresse, UMPkoa, eta, beraz, eskuin politikokoak Zapateroren gobernuak, PSOEkoa, eta, beraz, sozialdemokratak egindako aldaketa berdinak sartzen ditu. Biek ala biek kontzeptu berri bat sartzen dute unibertsitatetan: finantziazio konpetitiboa; hemendik aurrera diru pribatu gehien lortu ahal duen uniak/fakultateak/ikasketak diru publiko gehiago jasoko du. Modu horretan unibertsitatearen pribatizatzea lortzen da, noski.

Esan genezake neurri horiek ez direla oso urrunak Bologna Prozesuak (eta beraz kapitalismoa neoliberalaren helburuak) ezartzen duenetik, ez eta Lisboako Estrategian finkatzen denetik (hezkuntza, osasuna eta gizarte segurantza liberalizatzea). Baina txarrena ez da hori, noski. Txarrena dena da Perez eta Lafuentek unibertsitatea pribatizatze horren alde jarduten dutela, hau da, euren unibertsitateen interesen aurka, baina ziurrenik interes pertsonalen alde. Txarrena da Uhaldebordek Baiona-Angeluko fakultateak desagerpenera kondenatzen dituela, bakarrik interes ekonomikoa duten ikasketak ematera eta, beraz, dirurik ematen ez duten gauzak (Euskara Ikasketak kasu) diru-esketan ibili behar izatera. Unibertsitate publikoetako errektoreek, beraz, herritarren interesen aurka jokatzen dute.

Bolognaren aurka bozkatu!

Bihar hauteskundeak daude UPVn. Askok uste dute hauteskundeak egoteak demokrazia dagoela esan nahi duela. Baina ez da horrela! UPVko agintariek ez dute “pertsona bat=bozka bat” sistema onartzen. Eurentzat demokrazia “nire bozkak zurea baino gehiago balio du” esan nahi du.

Hala da! Aurreko batean irakurri nuen elkarrizketa digital batean argi uzten zuen ez zuela Bolognaren inguruan erreferendumik egiteko asmorik Gobernu Batzordeak alde bozkatu duelako. Beno, hau ez da egia! Gobernu Batzordean, zehazki, horren inguruan bozkatzeko konpetentziarik ez zegoela da esaten zena, gutxienez 10 bat aldiz ni bertan egon nintzenean. Hau da, Gobernu Batzordeak ez du inoiz bozkatu. Baina gainera Batzorde hau ez da demokratikoa. Bertako kide gehienak Katedradunak dira eta hogeitamapikotik lau baino ez ikasleak. Aldi berean Unibertsitatearen gehiengoa ikasleak dira, katedradun eskasen aurrean.

Bihar hauteskundeak daude. Ez da demokraziaren seinale, esan bezala, baina hala ere Bologna Prozesuaren aurrean bozka da eurek kontsideratzen duten bidea. Eta horregatik bihar ikasleek argi adierazi beharko lukete greba eta mobilizazioekin ere adierazi dutena: Bologna Prozesua inposaketa huts bat dela! Hori egiteko modurik hoberena Ikasle Abertzaleak bozkatzea dela uste dut. Badakit gaur erreflexio eguna dela… baina berdin dit!

Nire bozka, ahal izango banu, IArentzat izango litzateke!

Gaur denok Usurbilera, Ikasle Egunera

Urte legez Ikasle Abertzaleakek Ikasleon Nazioarteko Eguna ospatzeko jaia antolatu du. Kasualitatea da data hau larunbatean izatea eta horregatik normalean mobilizazioak eta kontzertuak egun ezberdinetan izaten badira ere aurten egun bakar batean da dena.

Goizean Ikasle Topaketak, ondoren herri bazkaria eta arratsaldean hainbat gauza interesgarri egiteko. Gaua behin sartuta manifestaldia, ekitaldia eta ondoren kontzertu bikaina: Latzen, Ojos de Brujo, Delorean, Oliba Gorriak eta Edanen erromeria gau osoan zehar… zer gehiago behar da bertaratzeko?

Ni behintzat han egongo naiz… ikusiko dugu elkar, ezta?

Bolognaren aurka han-hemenka

Ez diot Aitor Etxebarriari bere blogaren edukia kendu nahi, baina Bolognaren aurka egun hauetan mobilizazioak egoten ari dira han hemenka. Azaroaren 17a oso data esanguratsua da ikasleentzat, eta aurten Ikasle Abertzaleakek Ikasle Egunarekin ospatuko du. Baina Europako Ikasle Foroan bi egun lehenagorako ahal zen lekuetan mobilizazioak egitea erabaki zen. Horregatik aste hauetan hainbat adibide baditugu. Baina hortik aurrera ere hainbat dira mobilizazioak, batez ere Frantziar estatuan.

Euskal Herrian, esan bezala, Ikasle Eguna eta Ikasle Topaketak egongo dira larunbata honetan. Kontzertu bikaina, bai! baina egun osorako egitaraua dago. Horrekin batera hainbat fakultatetan borrokak jarraizen du eta nahiko ingeniotsua den Hitza Hartu - Itzartu hitz-jokoarekin jokatzen ari dira.

Katalan Herrietan SEPCk ere mobilizazioak deitu ditu ostegun honetarako. Gaur bertan Ravalean dagoen UBren fakultatea desalojatu dute, bertan okupazioa burutzen ari baitziren. Bihar, osteguna, mobilizazioak egongo dira. Bartzelonan lehenengo aldiz egingo den ibilbidea dago prestatua. Beti manifestaldiak plaza batean bukatu ohi dira eta oraingoan Pompeu Fabra unibertsitatean (grebarako arazo ugari jarri dituenak) bukatuko da, fakultatea hartuz.

Atzo Erromako Sapienzan ere Asanblada egon zen, gaur ikasleen aurkako neurriak hartuko baitzituzten.

Baina ekimen nagusiak frantziar estatuak egiten ari dira, batez ere sindikatu nagusiek, hau da, PSFren ingurukoek, baina baita ere JCR eta ezker erradikaleko taldeek. Dagoeneko arazo ugari sortu dituzte eta 20an egongo den greba orokorrerako deialdia luzatu dute berriki aprobatu den Unibertsitate Lege berria dela eta. Lege hau Bolognan sakontzeko beste neurri bat baino ez da, PSOEk egin dituenaren antzekoak, baina kasu honetan Sarkozyk eginikoak.

“Eusko gudariak gara…”

Bazen garaia! Tontxu Camposek bere autonomiarako euskal omen den espainiar dekretu bat egin eta gutxira jakin izan da berria: azkenean Gasteizko ikasleek ikasgeletan ohore guztiekin abestu ahal izango dute “Eusko Gudariak”, banda eta guzti… bai, bai, Gasteizko udaletxe berrian dena da posible!
Baina horrela dio “VITORIA-GASTEIZ HEZIKETARAKO ESPAZIO. 2007-2008″ (sic) katalogoko 46. orrialdean. Momentuz eskaintza Lehen Hezkuntzako 1.tik 4.era baino ez dago, baina ziur laster eskainiko dutela leku gehiagotan.
Erreakzioek ez dute gehiegi tardatu. Kontzertuak estuki kontrolatzen dituzte eskolako atean bertan Ertzaintzaren unitateek, kaputxa jantzia dutela. Honek tira-bira ugari eragin ditu Gasteizko hainbat eskolatan, gurasoen kexak barne. Guraso eta irakasle batzuek izaera baztertzailea duela eta euren seme-alabak ez bidaltzeko erabakia hartu dute.

Ziurrenik guzti honen inguruan ezer entzun edo irakurri ez duzuela esango duzu, irakurle fin horrek. Egia da! Gasteizko Udalak eskaintzen duena ez da manifestaldi baten bukaera eskoletan egitea, ez! Gasteizko Udalak Ertzaintzaren Musika Banda eskoletan sartzea proposatzen du. Ertzaintzaren Musika Banda eskoletan sartzeak eskolaren militarizatzea suposatzen du eta “segurtasuna” zaintzeko edo euren unitate kaputxadunak jartzen dituzte ateetan. Jende gehienak ez dakiena Ertzaintzaren Musika Bandak bere kontzertuen bukaeran “Euzko Gudariak” jotzen duela da, hori baita euren ereserkia.

Nahiko harrigarria da kontzertuen artean horrelako zerbait eskaintzea. Eskoletan, eta batez ere Lehen Hezkuntzan, horrelako ekitaldi militar bat jartzeak zein balio pedagogiko duen galde daiteke… Herritartasunerako Hezkuntza, agian!

Ingelesa hizkuntza ez erabilgarria da.

Oraintze irakurri dut Wall Street Journalko artikulu hau:

Basikoki bertan esaten dena euskaraz artzai esateko 10 hitz ezberdin ditugula (ziur gehiago direla!) eta gero kontzeptu modernoak esateko maileguetara jo behar dugula da. Modu horretan Bertendona motako irakasleen gainean egiten duguna glotozidioa dela esaten da eta gainera lausengu lirikoak igortzen dizkiote Euzko Jaurlarichari. Hizkuntza ikastea (benetan erabiltzen ez dena, Leopoldo Barredaren hitzetan) “Euskal Inkisizioa” dela esaten da.

Baina larriena gauzak esateko modua da. Hau da, guzti hau demostratzeko esaten denak ingeleserako ere balio du. Hona hemen esfortzu handirik gabe eman daitezkeen ingelesean dauden artzaia esateko moduak:

  1. Shepherd
  2. Herder
  3. Cowpoke
  4. Ward
  5. Herdsman
  6. Drover
  7. Tend
  8. Neatherd
  9. Shepherdess
  10. Cowboy

Ikusten denez 10 hitz ematea posible da ingelesez, guztiak ala guztiak hiztegietan datozenak. Gainera horietako batzuk artikuluan ematen den Urdain hitza baino erabiliagoak gaur egun (ez dakienarentzat, edo ni bezala inoiz konturatu ez denarentzat, urdain batek urdeak edo txerriak zaintzen ditu).

Orain azter dezagun beste esaldia: zeintzuk hitzek ez duten euskaraz esateko modurik eta maileguak hartzeko beharra dagoen. Hitzak hauek dira: aireportu, zientzia, errenazimentu, demokrazia, gobernu, independentzia.

Baina zeintzuk dira hitz hauek ingelesez? Hauek dira, hurrenez hurren: Airport, science, Renaissance, democracy, government, and independence.

Azter dezagun banan banan, Online Etymology Dictionarya erabilita.

  • Airport: Hitz hau air eta port hitzek osatzen dute. Air hitza ziurrenik frantsesetik etorri da ingelesera eta hona latinezko ærem hitzetik. Hau, aldi berean, grekerazko æros hitzetik dator. Honen jatorria indo-europarra litzateke, *awer hitzatik. Baina ingelesezko luft hitza alde batera utzi zuen. Porti dagokionean, ingelesez harbour esaten da, hau da, hitz mailegatua ere bada. Hau frantsesetik dator, eta berriro ere latinezko portus eta hau protoindoeuropearreko *prtu-tik. 
  • Science:  Honek ere bide berdina egin du ingelesera. Frantsesetik heldu da (science, kasualitatez) latineko bidea eginez (sciencia, scire aditzaren -ezagutu- alterazioa). Hau aldi berean protoindoeuropearreko *skei hitzatik dator.
  • Renaissence: Kontuz, guztiz ingelesa den hitza! Honetan ez dago moldapen txiki bat ere ez, zuzenean hitz frantsesa da. Hala ere, hiztegia begiratzeko tentua egin dut eta latinezko ‘renascere’tik datorrela ikus daiteke.
  • Democracy: Hitz hau ere guztiz ingelesa da, Cambridge inguruan jaioa. Tamalez greziarrek kopiatu zuten aspaldi eta euren esanetan Demos eta Kratos hitzek osatzen zuten. Lehenengoak jende arrunta eta bigarrenak boterea esan nahi omen du.
  • Government:  Hitz honetan asko pentsatu zuten. Lehenengo govern hitza hartu eta gero -ment atzizkia jarri. Euskaldunok atzizkiak erabiltzeko joera kritikatzen da artikuluan, baina hau antza ezberdina da. Govern hitza frantziarretik dator, horra latinetik heldu zen eta horra greziarretik (kybernan). Latinera pasa zenean k soinua g soinuagatik aldatu zuten, Etruskoaren eraginez. Ment atzizkia guztiz frantziarra da, bide batez.
  • Independence: Hau ere frantziarretik dator, noski. Lehenengo aldiz ingelesez duen esanahiarekin idatzia 1791an agertu zen. Hau da, betidanik datorren hitza da. Hitzaren azken esanahia latinera doa, noski.

Beno, ba guzti honekin oso argi geratu da ingelesa ere balio ez duen hizkuntza bat dela. 10 modu dituzte artzai esateko, lana bilatzeko askotan eskatzen dizute, nahiz eta jendeak benetan ez hitz egin eta horretaz gain hitzak grekeratik ekarri behar dituzte frantsesetik pasatuz. Hoberena litzateke denok zuzenean grekeraz hitz egitea, noski!