Harrigarria!
Aurreko astean Asier Lauzurika eta biok artikulu bat idatzi genuen eta komunikabideetara bidali. Ziurrenez gertakari guztiak direla eta ez da prentsan agertu (edo ez dugu ikusi behintzat!). Hori dela eta hemen argitaratzen dut:
Prentsan komentatzen da Ikasle Abertzaleakeko kideak berriro ere UPVko irekiera ofizialetik bortizki kaleratu zituztenean Iñako Perezek (UPVko errektoreak) “harrigarria” esan zuela mikrofonoan. Guretzat harrigarria da ikustea Unibertsitateetako irekiera ofizialetan egiten diren ekitaldi ponpoxoak. Harrigarria da ikustea Perez bera Campos eta Ibarretxerekin batera esertzen dela, iruzurraren hirukotea eginez. Mahaian zeuden beste bien inguruan ez dugu ezer komentatuko, nahiz eta Goirizelaiak eta Esparzak artikulu banarako eman. Camposek EAErako Curriculumarekin egiten duen iruzurraz ere nahiko hitz egin da, beraz ez dugu hemen ere komentatuko. Harrigarria da ikustea NUPeko irekiera ofizialean edukien inguruan hitz egin beharrean etiketaz jantzita joatea eskatzen zela. Harrigarria da ikustea Deustuan momentuko erregerik erreenaren semea gonbidatu zutela.
UPV ez da Euskal Herriko Unibertsitatea
UPVn egoera harrigarria dela diogu Ibarretxek bere hiru herrialdetarako kontsulta iragarri eta hiru egunetara Perezekin batera esertzen zelako, norekin eta unibertsitatearen hitza entzuteari uko egiten duenarekin. Hala da! Ibarretxek bere kontsulta iragarri eta bi egunetara Forondan txakoli artean elkartu zen bere burukideekin eta “kontsulta ilegala dela esan didate, baina, nola izan daiteke ilegala herriari galdetzea? Nola?” esan zuen pulpitutik. Hurrengo egunean Bologna Prozesuaren inguruan dauden kezkak entzuteko prest ez dagoenarekin batera unibertsitatearen mirakuluen inguruan jardun zuen.
Edozein hezkuntza sistemaren ardatzetariko bat den unibertsitatean ere, inposaketa besterik ez du pairatzen herri honek. Goi mailako formakuntzak herri baten garapenean duen berebiziko garrantziaren jakitun, unibertsitate eredu arrotzak inposatzen zaizkigu euskaldunoi Espainia, Frantzia zein Europatik. Urteetan zehar bi estatuen interesei erantzuten dieten unibertsitateak pairatu ditugu. Orain inposaketa berri bat datorkigu gainera, Bologna prozesua. Prozesu honek unibertsitatearen pribatizazioari ateak zabaltzea eta Europako goi mailako hezkuntza interes ekonomikoen araberako unibertsitate eredu batera homogenizatzea du helburu. Hezkuntza eskubideak sistematikoki urratzera datorren prozesu hau inolako eztabaida eta parte hartzerik gabe ari zaigu inposatzen. UPV bera Bologna prozesuan buru belarri sartu da. Inori galdetu gabe, estatuen eta kapitalaren interesen arabera diseinaturiko hezkuntza erreforma batean sartu gaituzte UPVko agintariek.
Gainera Perezek berak bere hitza irensten du. Kanpainan zegoela UPVko II. Euskara Planaren egileari zuzenean galdetu zioten ea euskara plan berririk egingo ote zuen… berak ezetz! Hara ba, azkeneko hilabete hauetan Euskararen III. Plan Gidaria aurkeztu digute. Tamalgarriena da Perezek berak badakiela horrekin ez dela ezer lortuko, aurreko planarekin sekulako borroken ostean bere hitza eman baitzuen (eta horren lekukoak badira) benetan euskaldunduko zuen unibertsitate baten alde ekingo zuela. Gero hauteskundeak galdu eta berriro irabazi ostean II. Planak baino erronka gutxiago dituen beste berri bat aurkeztu digute… hori bai azal gogorra! Hau bai iruzurra! Orain lau urteko plana bete ez eta plan berriaren helburuak aurrekoaren azpitik.
Nafarroa UPNren lepotik burua
Nafarroan egoera ez da hobea, noski! Unibertsitatean zein hezkuntza ertainean inposaketak eguneroko ogi dira. Inposaketa hauek izen eta abizenak hartzen dituzte Nafarroan ere: British ereduak, Instituto Navarro del Vascuence, euskal irakaskuntzaren garapenerako trabak, NUP, educación por la ciudadanía, curriculum dekretuak… Aspalditik hasiak dira herrialde honetako agintariak hezkuntzako arlo eta adar ezberdinak haien interes politiko-ekonomikoetara egokitzen. NUPen lepo berdinetik burua eta Bologna Prozesua inorekin kontatu gabe egiten dabiltza. Ez diote ez jendarteari ez eta unibertsitate komunitateari galdetu zer egin nahi ote dugun unibertsitatearekin.
Orain NUPen errektoretza talde berria dago. Guk jada ez dugu ezer espero handi-mandiotaz… baina amestea ere doan dela diote. Euskaraz jardungo duen unibertsitate bat behar dugula esan genezake… baina ez da beharra, eskubidea baizik. Tamalez ez dugu uste Lafuente errektoreak ezer egingo duenik, gehienez ere Burillok egin zuena: euskaltzaleei iruzur bat sartu nahi izatea. Lafuenteren helburuak oraindik jakin ez arren ziur gaude ez dituela NUPeko ikasle, irakasle eta langileen eskubideak babesteko inongo gogorik.
Hartu hitza!
Guzti hau ikusita argi dugu ez dela zilegi bakar batzuek unibertsitate komunitate osoari euren unibertsitate proiektua inposatzea. Ikasleena da hitza, irakasleena, langileena… Gurea da hitza; eta gurea izanik hartu egingo dugu. Hitza hartuko dugu zer nolako unibertsitate eredua nahi eta behar dugun erabaki eta eraikitzeko.
Hitza aldarrikatuko dugu, bai, baina guk badugu gure iritzia. Inposaketa guztien gainetik, Bolognako zein Frantzia edo Espainiako unibertsitate ereduen gainetik, Euskal Herriak herri gisa bizirauteko Hezkuntza Sistema Nazionalaren baitan barnebilduko den unibertsitate propio eta nazional bat behar du, alegia Euskal Unibertsitatea. Goi mailako hezkuntza herriaren garapen kultural, ekonomiko eta sozialaren zerbitzura jarriko duen Euskal Unibertsitatea behar du Euskal Herriak.
This entry was posted on Osteguna, urria 11th, 2007 at 2:44 pm and is filed under Euskal Unibertsitatea, Nafarroa, Unibertsitatea. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.

Have your say
Fields in bold are required. Email addresses are never published or distributed.
Some HTML code is allowed:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <code> <em> <i> <strike> <strong>URIs must be fully qualified (eg: http://www.domainname.com) and all tags must be properly closed.
Line breaks and paragraphs are automatically converted.
Please keep comments relevant. Off-topic, offensive or inappropriate comments may be edited or removed.