rssgaur8 logotipoa

Itzartu

Gaur UPVn ez dakit zer plan aurkeztu dute. Berriro ere gezurretan harrapatuko ote genuen beldurrez Perezek bi titular eman ditu aldi berean. Esaldia lehen mailako unibertsitate bat garela esanez hasi du eta ondoren, koma luze baten ondoren, taulako erdiko postuetan gaudela esan du eta UEFA jokatu nahi duela. Bere ideia itzartzea beharrezkoa dela da, hau da, guztion artean unibertsitate honi bulkada berria ematea.

Ez dut oraindik plana irakurri, ea egun hauetan (jaiegunak direla eta) denbora dudan begiradatxo bat botatzeko, baina ziur nago bi gauzetaz:

1- Eskatzen jarrita, zergatik geratu UEFArekin? Europar Eraikuntzan inori galdetu gabe sartu nahi gaituela aurreko batean ere argi esan nahi zuen, baina behin Europan sartuta ez al da hobe Championsa jokatzea? Eta oraindik hobe, ez litzateke hobe Euskal Unibertsitate bat eraiki eta orduan Eurokopa jokatu ahal izatea, ez klub baten moduan, baizik eta herri moduan?

2- Helburua itzartzea bada, nik beste hautu bat egiten dut. Gaur Ikasle Abertzaleakek Usurbilen egingo duen Ikasle Egunaren aurkezpena egin du. Ideia nagusia ikaslea itzartu bear dela da, eta abestia ere egin dute. Han bai egongo naizela, lehen maila ematen.

Autoritarismoa eta kontraesanak

Kuriosoa da ikustea legeak egiten dituztenek izaten dituzten kontraesanak. EAEn ateratzear dagoen “Ikasleen eskubide eta betebeharren dekretua” irakurtzen ari naiz eta bertan Ikasleen Eskubideen atalak guztiz kontraesankorrak dira.

Azkeneko urte hauetan autoritarismoaren igoera handia ikusten ari gara, maila guztietan. Infantilizazioak jada ez ditu bakarrik DBHko irakasleak ukitzen. Bologna Prozesuarekin ikasleen kontrola areagotzen da, adibidez. Edo Batxilergo gehienetan ez da greba eskubidea errespetatzen. Edo hainbat programekin (Inika, adibidez) gurasoek ikaslearen gaineko kontrol absolutua eduki dezakete… irakasleak igorritako datuen araberakoa beti ere!

Baina autoritarismo guzti honek ekartzen duen infantilizazioak baditu bestelako helburuak: unibertsitatean ere Lehen Hezkuntzako ikasle gisa jarduten duten ikasleak lortzea, jendarte otzan bat lortzea. Orain modan dagoen hiritartasunerako hezkuntza horretan aginduei men egiten dieten artaldeak nahi dituzte.

Hasieran esandako dekretuan besteekiko errespetua instituzioekiko errespetuaren parean jartzen da. Hau da, ikasleak derrigorturik daude instituzioak eta euren ohorea errespetatzera. Ikasleen erlijioa errespetatu behar da, baina ez bere nazio eskubideak. Baina oraindik kontraesankorragoa da 6. artikuluko 6 eta 7 atalak. Lehenengoan 3 DBHtik aurrera greba eskubidea hitz konplexuz bermatzen da. 7.ean greba izanda ere eskolatik irteteko debekua ezartzen da. Hau da, ikasle horiek penalki zigortuak izan daitezke, ezkon daitezke eta motor bat erosi… baina ezin dute mobilizazio bat burutu.

Ikastetxeentzat sariak Wikipedian idaztearren

Bi aste barru edo zientzia astea ospatuko da eta izan duten ideietariko bat, oso ona nire ustetan, euskarazko wikipedian Urriaren 30a arte idazten diren zientzia artikulu onenentzat sariak ematea da. Kategoria ezberdinak daude eta oso arau sinpleak. Sariak, kategoria bakoitzeko onenarentzat ordenagailu portatil bat eta bere eskolarentzat bideo projektore bat… denbora gutxi falta da, baina wikipediak guztion laguntza behar du hazten jarraitzeko!

Educacion Civil

Navarra is different. Atzo Guardia Zibilak 125 ikasle gonbidatu zituen bere instalazioak ikustera eta baita ere sari bat eman Corellako Laura Catalan ikasleari, poliziaren inguruan egindako marrazki bat dela eta.

Honaino gaurko eguna bezain iraingarria.

Baina harrigarriena ez da hau, harrigarriena umeei armak erabiltzen utzi zitzaiela da. Atzo gauean Teleberria ikusten nenguen eta zur eta lur geratu nintzen umeak rifleekin ikustean. Gainera, eta egoerak behar duelako edo, hainbat ume “disturbioen” aurkako jantziekin hornitu eta euren artean borrekin jotzen jarri zituzten…

Ez dakit zer den Educacion para la Ciudadania egiteko kritikarik handiena, baina umeei armak erabiltzen uztea antza ideia ona da ikasgai hori kritikatzen dutenentzat ere. Guardia Civila izateko hezkuntza (egun batean ikasten da, ez da oso zaila sartzea) espainiar curriculumean ere omen dago.

Harrigarria!

Aurreko astean Asier Lauzurika eta biok artikulu bat idatzi genuen eta komunikabideetara bidali. Ziurrenez gertakari guztiak direla eta ez da prentsan agertu (edo ez dugu ikusi behintzat!). Hori dela eta hemen argitaratzen dut:

Prentsan komentatzen da Ikasle Abertzaleakeko kideak berriro ere UPVko irekiera ofizialetik bortizki kaleratu zituztenean Iñako Perezek (UPVko errektoreak) “harrigarria” esan zuela mikrofonoan. Guretzat harrigarria da ikustea Unibertsitateetako irekiera ofizialetan egiten diren ekitaldi ponpoxoak. Harrigarria da ikustea Perez bera Campos eta Ibarretxerekin batera esertzen dela, iruzurraren hirukotea eginez. Mahaian zeuden beste bien inguruan ez dugu ezer komentatuko, nahiz eta Goirizelaiak eta Esparzak artikulu banarako eman. Camposek EAErako Curriculumarekin egiten duen iruzurraz ere nahiko hitz egin da, beraz ez dugu hemen ere komentatuko. Harrigarria da ikustea NUPeko irekiera ofizialean edukien inguruan hitz egin beharrean etiketaz jantzita joatea eskatzen zela. Harrigarria da ikustea Deustuan momentuko erregerik erreenaren semea gonbidatu zutela.

UPV ez da Euskal Herriko Unibertsitatea

UPVn egoera harrigarria dela diogu Ibarretxek bere hiru herrialdetarako kontsulta iragarri eta hiru egunetara Perezekin batera esertzen zelako, norekin eta unibertsitatearen hitza entzuteari uko egiten duenarekin. Hala da! Ibarretxek bere kontsulta iragarri eta bi egunetara Forondan txakoli artean elkartu zen bere burukideekin eta “kontsulta ilegala dela esan didate, baina, nola izan daiteke ilegala herriari galdetzea? Nola?” esan zuen pulpitutik. Hurrengo egunean Bologna Prozesuaren inguruan dauden kezkak entzuteko prest ez dagoenarekin batera unibertsitatearen mirakuluen inguruan jardun zuen.

Edozein hezkuntza sistemaren ardatzetariko bat den unibertsitatean ere, inposaketa besterik ez du pairatzen herri honek. Goi mailako formakuntzak herri baten garapenean duen berebiziko garrantziaren jakitun, unibertsitate eredu arrotzak inposatzen zaizkigu euskaldunoi Espainia, Frantzia zein Europatik. Urteetan zehar bi estatuen interesei erantzuten dieten unibertsitateak pairatu ditugu. Orain inposaketa berri bat datorkigu gainera, Bologna prozesua. Prozesu honek unibertsitatearen pribatizazioari ateak zabaltzea eta Europako goi mailako hezkuntza interes ekonomikoen araberako unibertsitate eredu batera homogenizatzea du helburu. Hezkuntza eskubideak sistematikoki urratzera datorren prozesu hau inolako eztabaida eta parte hartzerik gabe ari zaigu inposatzen. UPV bera Bologna prozesuan buru belarri sartu da. Inori galdetu gabe, estatuen eta kapitalaren interesen arabera diseinaturiko hezkuntza erreforma batean sartu gaituzte UPVko agintariek.

Gainera Perezek berak bere hitza irensten du. Kanpainan zegoela UPVko II. Euskara Planaren egileari zuzenean galdetu zioten ea euskara plan berririk egingo ote zuen… berak ezetz! Hara ba, azkeneko hilabete hauetan Euskararen III. Plan Gidaria aurkeztu digute. Tamalgarriena da Perezek berak badakiela horrekin ez dela ezer lortuko, aurreko planarekin sekulako borroken ostean bere hitza eman baitzuen (eta horren lekukoak badira) benetan euskaldunduko zuen unibertsitate baten alde ekingo zuela. Gero hauteskundeak galdu eta berriro irabazi ostean II. Planak baino erronka gutxiago dituen beste berri bat aurkeztu digute… hori bai azal gogorra! Hau bai iruzurra! Orain lau urteko plana bete ez eta plan berriaren helburuak aurrekoaren azpitik.

Nafarroa UPNren lepotik burua

Nafarroan egoera ez da hobea, noski! Unibertsitatean zein hezkuntza ertainean inposaketak eguneroko ogi dira. Inposaketa hauek izen eta abizenak hartzen dituzte Nafarroan ere: British ereduak, Instituto Navarro del Vascuence, euskal irakaskuntzaren garapenerako trabak, NUP, educación por la ciudadanía, curriculum dekretuak… Aspalditik hasiak dira herrialde honetako agintariak hezkuntzako arlo eta adar ezberdinak haien interes politiko-ekonomikoetara egokitzen. NUPen lepo berdinetik burua eta Bologna Prozesua inorekin kontatu gabe egiten dabiltza. Ez diote ez jendarteari ez eta unibertsitate komunitateari galdetu zer egin nahi ote dugun unibertsitatearekin.

Orain NUPen errektoretza talde berria dago. Guk jada ez dugu ezer espero handi-mandiotaz… baina amestea ere doan dela diote. Euskaraz jardungo duen unibertsitate bat behar dugula esan genezake… baina ez da beharra, eskubidea baizik. Tamalez ez dugu uste Lafuente errektoreak ezer egingo duenik, gehienez ere Burillok egin zuena: euskaltzaleei iruzur bat sartu nahi izatea. Lafuenteren helburuak oraindik jakin ez arren ziur gaude ez dituela NUPeko ikasle, irakasle eta langileen eskubideak babesteko inongo gogorik.

Hartu hitza!

Guzti hau ikusita argi dugu ez dela zilegi bakar batzuek unibertsitate komunitate osoari euren unibertsitate proiektua inposatzea. Ikasleena da hitza, irakasleena, langileena… Gurea da hitza; eta gurea izanik hartu egingo dugu. Hitza hartuko dugu zer nolako unibertsitate eredua nahi eta behar dugun erabaki eta eraikitzeko.

Hitza aldarrikatuko dugu, bai, baina guk badugu gure iritzia. Inposaketa guztien gainetik, Bolognako zein Frantzia edo Espainiako unibertsitate ereduen gainetik, Euskal Herriak herri gisa bizirauteko Hezkuntza Sistema Nazionalaren baitan barnebilduko den unibertsitate propio eta nazional bat behar du, alegia Euskal Unibertsitatea. Goi mailako hezkuntza herriaren garapen kultural, ekonomiko eta sozialaren zerbitzura jarriko duen Euskal Unibertsitatea behar du Euskal Herriak.

Freebatasuna

Euskal ezker independentistako 20 ordezkari inguru atxilotu dituztela-eta, salaketa kanpaina abiatu dugu.

Adierazpenarekin ados bazaude, bat egin ezazu.

Zure blogean, bat-bateko mezularitzan, epostan, Myspacen, Fotologen… freebatasuna hitza duen post bat idatzi besterik ez duzu egin behar.

Adierazpena:
Konponbide demokratiko baten alde: hitzak soberan daude: freebatasuna

Errektore gezurtia

Interesgarria da ikustea nola prentsaren aurrean gauza batzuk esaten diren eta pribatuan daudela uste dutenean beste gauza bat esatea ohikoa den.

Atzo Inauguruzio Ofiziala burutu zen Leioan eta Ibarretxe, Campos eta Perezek ezer gertatuko ez balitz bezala egin zuten. Hori bai, ekitaldi ponpoxo horretan harrigarriena ez zen izan hiru ikasle bota zituztela bertatik, baizik eta Ibarretxek gezurra esan zuela, eta Perezek zuzendu beharrean gezurra areagotu zutela.

Euren hitzen artean UPV unibertsitate puntero bat dela esan zuten… kar, kar, kar! Beno, 2006ko Urrian burutu zen Gobernu Batzordean errektoreak erraztasun handiarekin aitortu zuen 45 espainiar unibertsitatetik 44.a zela UPV ikerkuntza mailari dagokionez… eta 4. unibertsitaterik handiena dela kontutan hartuz ikerkuntzan unibertsitaterik atzeratuena zela… baina Perezek antza ez daki dena geratzen dela idatzita, eta bilera haren akta UPVko webgunean dago:

NORBAITEK IRAKURTZEA NAHIKO BALU

Hori bai, ez da bere hitzekin zuzenean agertzen… nolabati lightago jartzea lortu zuten. Hori, gezurtiak direla, lotsagabeak!