rssgaur8 logotipoa

Iruzur berri bat

Egun hauetan Tontxu Campos vascoen gobernutxoko hezkuntza arduradunak iruzur berri bat sukaldatzen dabil. Urteak dira jada Euskal Curriculuma izeneko ilusioz beteriko proiektua mamitzen hasi zenetik. Ordutik ehunka eragilek eta milaka herritarrok parte hartu dugu bertan, ziurrenik Europan inoiz egin den curriculum parte-hartzaileena lortuz. Baina gobiernilloak izpiritu horri uko egin dio eta Espainiar legedia EAEn berriro aplikatuko du… baina Euskal Curriculuma izenaren pean.

Camposek esku artean darabilen curriculuma ez da inolaz ere Euskal Curriculuma. Hasieran bertan esaten du LOEn oinarritua dagoela, hau da, Madrilek esandakoan. Bestelako harribitxien artean honakoak esaten ditu (bide batez, gazteleraz baino ez dute egin oraindik): “Ezagutu, bere egin eta baloratu giza eskubideen nazioarteko agirietatik, Umearen Eskubideen Konbentziotik, Espainiako Konstituziotik eta Autonomia Estatututik eratorritako eskubide eta betebeharrak, identifikatuz eta onartuz oinarri dituzten baloreak, etikoki baloratzeko jarrera kolektibo eta pertsonalak, eta haietatik eratorritako gizarte errealitateak”;  edota: «Aztertuko da zergatik Euskal Herrian, Espainiako beste zonalde batzuen aldean, gutxiago asimilatu ziren erromatarren hizkuntza eta ohiturak». Eta gainera Euskal Herria izenarekin euren gobernutxoak kudeatzen duen lur-zatia baino ez dute izendatzen!

Nire ustez iruzur berri baten atarian gaude, iruzur handi bat, gainera. Hainbeste herritarren borondatearen gainetik pasa eta bere eskubideak zapuzteko helburua du EAErako Curriculum honek. Baino berriro ere Madrilen esanetara makurtzen da hirukoa, gure eskubideak azkar doan tren baten truke aldatuz.

Bihar deialdi bikoitza

Bihar, Irailak 26, deialdi bikoitza luzatu du Euskal Herriak Bere Eskolak. Alde batetik Euskal Curriculumarekin lotua “Hezkuntza Sistema Nazionalerantz, Euskal Curriculuma. Iruzurrik ez!” lelopean kontzentrazioa burutuko du EAEko parlamentutxoaren aurrean. Bertan Txontxu Campos sailburutxoak bere EAErako Curriculumtxoa aurkeztu baitu. Hau da, Euskal Curriculumaren izena kopiatu baina izaera arbuiatuko du, LOEren jarraipen bat baino ez den proiektuarekin.

Aldi berean, baina Iruñean, UPNAko irekiera ofiziala izango da. Bertan Bologna Prozesuaren aurrean hezkuntza komunitatearen hitza aldarrikatuko da, inposaketen gainetik, baina ere berean bestelako arazoak ere aipatuko dira: British Ereduak, euskaraz ikasteko ezintasuna, Instituto Navarro del Vascuence…

Nik bietako batetara joateko gonbitea luzatzen dizuet.

Hobe da neskak bortxatzea

Ez zait “Educacion para la Ciudadania” izeneko ikasgai espainolista gustatzen. Baina jasotzen dituen erasoak direla eta, babesteko beharrean aurkitzen naiz. Egunotan katolikoek sekulako zalaparta sortu dute ikasgai horretako “moralitate” eskasagatik. Estatua ez omen da nor morala zer den eta zer ez den erabakitzeko… agian arrazoia dute, baina ziur-ziur morala zer den eta zer ez erabakitzeko gai ez dena eliza katolikoa da.

Euren eskoletan umeak Biblian agertzen diren ideiatan hezi nahi dituzte. Eta agian hau norbaitek ondo deritzo… baina liburua irakurriz gero ziur ideiaz aldatuko lukeela. Har dezagun umeentzat oso interesgarria izan daitekeen istorio bat, katolikoei kasu eginez gero BENETAN gertatu zena.

Epaileak 19:23 eta 19:30 artean gertatzen den istorioa da. Dirudienez Jainkoak Gibeako bizilagunak zigortu nahi zituen (antza Sodomakoak plagiatzeagatik, agian SGAEk badu horretan ere zer esanik). Baina han zegoen rabino on bat beste gizon baten etxean ostatu hartzen. Jendeak rabinoari zakila ipurditik sartzeko gogoa zuen (ezagutu, jartzen du) baina etxeko jabeak zera esan zion: “Neuk eman diot ostatu; ez egin halako zitalkeriarik. Hemen daude neure alaba, birjina oraindik, eta gizon honen ohaidea; biak aterako dizkizuet. Bortxa itzazue eta egiezue nahi duzuena, baina gizon honi ez egin halako zitalkeriarik”. “Orduan, lebitarrak bere ohaidea atera zien kanpora, eta haiek gau osoan ari izan ziren emakumea bortxatzen eta eguna argitzean utzi zuten.”

Euren eskoletan hori irakatsuko badute, zure etxean dagoen bat bortxa ez dezaten hobe dela zure alaba eta gizonaren ohaidea gau osoan bortxa dezatela… nire esku balego, behintzat, eskolak berehala itxiko nizkieke!

Tendentzietatik at… siempre p’alante

Gaur hasi da Nafarroa Garaian uztaileko selektibitatea. Bai, hala da, bi hilabete beranduago, baina hemen dago, bere garaian azterketa inperialista atzerakoi hau egiteko bigarren aukera.

Baina zen da honen arrazoia? Agian Nafarroan ere egutegi koptoa jarraitzen dute eta guar da 2000. urtean sartzeko eguna? Ez horixe! Selektibitatea irailan egiten da uztailan eginez gero San Ferminetan izango litzatekelako… siempre p’alante!

British Citizens

Gaur hasi da ikasturtea Hego Euskal Herriko ikastetxeetan. Nafarroan lehengo lepotik burua: antza ikasleek “Hiritartasunerako Hezkuntza” ikasgai espainolista jasotzeaz gain ingelesez egingo dute ikasle askok bere “British eredua” aplikatuta… antza ez da bakarrik Nafarrak ez garela euskaldunak… orain espainolak eta frantziarrak baino “British Citizens” hutsak gara.

Berengoko bihozgabea

Jean-Bedel Bokassa, edo Salah Eddine Ahmed Bokassa, Afrika Erdiko Errepublikako presidente izan zen. Bere herrialdez zerbait berezia egin nahi izan zuen eta horregatik Afrika Erdiko Inperioa izendatu zuen, eta bere burua Bokassa I.a Enperadorea (titulu osoak “Afrika Erdiko Herriaren nahiagatik Afrika Erdiko Enperadore” zioen) izendatu zuen. Berarekin gogoratu nintzen aurrekoan “Gerraren Jauna” filma ikusten nengoenean eta bertan Liberiako fikziozko diktadore zen André Baptiste agertu zenean. Balizko pertsonaia hau Charles Taylor benetako diktadorean oinarrituta dago eta filmean Bokassa I.ak, beste batzuen artean, egiten zuen ohitura bat egozten zaio: bere aurkariak jatea.

Kanibalismoa jarduera politiko gisa gutxitan aipatu da, baina ez da hain arraroa izan historian zehar. Idi Aminek Ugandan egin zuela esan ohi da; II. Mundu Gerran Txinatarrek euren aurkariak jaten omen zituzten eta Japoniarrek EEBBarrak; Finlandiarrek ere berdina egiten zuten Sobietarrekin.

Bokassa I.ak aurkari asko eduki zituen eta eurek Berengoko Bihozgabea deitzen zuten. Aurkari horien artean ikasle mugimenduak paper garrantzitsua jokatu zuen. 1979ko urtarrilean Bigarren Hezkuntzako ikasleen aurkako manifestaldi baten aurka bortizki oldartu zen. Urte horretan bertan Lehen Hezkuntzako ehundaka ikaslek protestak egin zituzten derrigorrezko eskola jantziaren prezioa zela eta. 100 ume gartzelaratu zituen eta horietako asko jan zituela esan ohi da, nahiz eta inoiz ez den frogarik lortu.

Aste honetan ikasturte berria hasi da. Sistemak ez du behar Bokassa I.a bezalako gizajalerik… nahikoa du bere baloreak inposatu eta umeen ametsak irenstearekin.