Berehala hasiko da ikasturte berria Euskal Herri osoan, leku batzuetan lehenago, besteetan beranduago, baina hilabete barru guztiak egongo gara rentre famatu horretan.
Ikasle finak garenok beti uzten dugu zerbait irailerako, modu honetan abuztuan ere ikasten hasi ahal izateko… uda luzeegia da apunterik ireki gabe egoteko. Baina harrigarria da egunak nola joaten diren eta beti aurkitzen dugun eskusaren bat apunte-irenste hori sine die atzeratzeko. Aurrekoan eguraldi ona zela eta hondartzara joateko aukera, hurrengoan eguraldi txarra dela eta pelikula bat ikusteko aprobetxa daitekela… eta honi jaiak gehitu behar!
Baina guretzat uda den honetan munduko beste hainbat lekutan negurik gordinenean daude eta horregatik borroken zikloak ez du inoiz etenik. Euskal Herrian hurrengo ikasturterako plangintzak zertzelatzen ari garen honetan Uruguain milaka ikasle atera dira kalera hezkuntza publikoarentzako diru gehiago eskatuz, hala nola unibertsitatean autonomia handiagoa exijituz. Argentinan irakasleak dira soldata hobeak eskatzen aritu direnak azkeneko astetan, hainbat lanuzte egin direlarik. Txilen aurreko bi urtetan egondako borrokaren ostean gobernuak eta hainbat erreformistek abiatutako iruzurraren aurrean indarrak berritzeko lanean dabiltza, nahiz eta Bigarren Hezkuntza ikasleek oraindik borrokan indartsu mantendu…
Guzti hauek mezu argi bat helarazten digute: munduan zehar ez dira gutxi borrokan dabiltzanak eta hau oraindik nabariagoa izan ohi da hezkuntzan. Astero irakurtzen dira irakasle edo ikasleen mobilizazioen inguruan. Ea aurtengo gure neguan irakurtzeko zerbait ematen diegun Hego Hemisferiokoei!
Oporretan nago eta horregatik gaurkotasunarekin zuzenean loturik ez dagoen ideia baten inguruan hitz egin nahi dut. Hilabete baten buruan ikasturte berria hasiko da eta guraso asko jada urduri egongo dira testu-liburuak erosi behar direla eta. Ez da gutxiagorako, urtero ehunka euro xahutzen dira luxuzko gai honetan, behar-beharrezkoa ez den material bat erosi eta horrekin editorialak aberastuz.
Euskal Curriculuma bururaino eramateko aukerak dauden honetan kezkagarria da ikustea curriculuma ez dutela berez administrazioek erabakitzen, editorialek baizik. Eurak dira azkenean irakasleari esaten diotena zer, nola eta noiz irakatsi… eta irakasle askok amen!
Blogean aurrekoan aurkezten nuen “Ekologistak Martxan” elkarteak egindako ikerketa eta zinez merezi duela irakurtzeko behar den denbora. Ideia argi pila bat ematen dizkigu kapitalismoak erabiltzen duen dotrinatze mota honen inguruan. Euskal Herriak Bere Eskolak orain dela pare bat urte argitara eman zuen “Bizitza ez da testu liburu bat” testua. Hau ere lotura batekin dago blogean, norbaitek irakurri nahiaz gero.
Nik proposamen xume bat egingo dut gaurkoan, kontutan izanda atzerrian nagoela eta beraz liburugintzakoek ezin dizkidatela euren matoiak bidali: ez ditzagun erosi, erabil dezagun “La Razon”en kontzientzia eragozpen metodoak eta uko egin dezagun dotrina kapitalista gure ikasgeletan jasotzeari. Ez dezagun kontsumismoa eta zuhaitzen mozketa areagotu. Babes ditzagun gure seme-alabak (nik ez ditut, beraz zuenak babesteko prest nago) testu-liburuengandik. Bultza dezagun pedagogia berri bat. Euskal Herria munduko herririk kultuena bilakatu nahi badugu… kanpora ditzagun gure ikastetxeetatik!
“Pertsona batzuei elizara joatea gustatzen zaie, beste batzuei gereziak jatea”. Horrela ei dio Suitzar esaera zahar batek eta ez du arrazoirik faltan. Tamalez egun hauetan jende askok ala hori edo/eta moldeagatik aldatu nahi du; ikusi besterik ez dago “Hiritartasunerako hezkuntza” izenez ezagutzen den ikasgai hori.
Abstraditu gaitezen eta pentsa dezagun momentu batez espainiar hiritarrak garela (Jainkoak libra gaitzala!). Espainiarrak izanda PP eta PSOEren arteko liskar eternoen zurrunbiloan egongo ginateke, nahiko liskar absurdoak, askotan, biek berdina proposatu ohi baitute. Azkeneko liskarretako bat “Hiritartasunerako Hezkuntza” ikasgaia dela eta gertatu da. PPk “sozialista onaren dotrina” ikasten dela dio (horrela izango balitz, bederen, kamaradak!). PSOEk dio PPk hainbeste goratzen duen konstituzioa baino ez dela bertan ikasten, politikoki zuzenak diren beste hainbeste gairekin. Eta momentu horretan eskuinak aurre egiteko kontzientzia eragozpena proposatzen du, kalera irteten da eta intsumisioa hitza erabiltzen hasten da… espainiar hauek eroturik al daude? Bai, baina ez da hori arazoa.
Baina begira nondik, La Razon umore finezko egunkariak asteartean argitaratzen duen ikasgai konkretu bat ez jasotzeko bete beharreko bide juridikoak… baina hori posible al da? Bai noski! Norbaiten gurasoen dotrina erlijiosotik bereizten den edozer ez ikasteko aukerak eskaintzen omen ditu Europar legediak… baita gereziak ala elizaren artean erabakitzeko eskubidea ere… Lehenago jakin izan bagenu batzuk gereziak jatez neka-neka eginda egongo ginateke, urteak eman baititugu elizaren morala erlijio klaseetatik kanpo ere ikasten!