rssgaur8 logotipoa

Barkatu, bazegoen beste udako ikastaro bat.

Aurreko artikulu batean esaten genuen (Edurne Larrañagarekin batera idatzitako horretan) salbuespen bakarra zegoela udako ikastaroak zirela eta: UEUkoak. Beste guztiak kapitalismoan, espainiar edo frantziar izaeran eta gure herriaren ukapenean oinarritzen zirela defendatzen genuen, hainbat datu eskainiz.

Gaurkoan barkamena eskatu behar dut, pare bat kritika jaso nituelako. Bada beste ikastaro bat pedagogia aurrerakoian, Euskal Herriaren ezagutzan eta autogestioan oinarritzen direnak: Ikasle Abertzaleaken Eskola Ibiltaria… jada pasa da, baina asko ikasi dugu bertan!

Bizitza ez da testu liburu bat (hasierako erreflexioak)

Testuliburuaren jabe dena, irakaskuntzaren jabea ere izango da. Hala esan zuen Jules Ferryk (fr, es) eta hala hasten da Euskal Herriak Bere Eskolak egin zuen “Bizitza ez da testu liburu bat” dokumentua.

Eta gero gogoetarako ideia hau:

Euskal curriculuma gorpuzten ari garen honetan, beharrezkoa irizten diogu pedagogiaren eremuan ere gogoeta zabal bat egiteari. Hau da, curriculumean jada finkatzen ari gara, (…) zeintzuk diren, derrigorrezko hezkuntza bukatzean, Euskal Herriko ikastetxe batean ikasten ari den 16 urteko gazteak, gutxienez ezagutu behar dituen gertaera eta kontzeptuak, lortu behar dituen trebetasunak eta egiten jakin behar dituen prozedurak, nahiz bereganatu behar dituen baloreak eta jarrerak. Baina zer ikastea bezain besteko garrantzia du nola irakasten den. Izan ere, egindako hausnarketan argi azaltzen da ezen, testuliburuen gehiegizko erabilerak eragin kaltegarriak dituztela ikasleengan nahiz irakasleengan eta ondorioz hezkuntzaren dimentsio osoan.”

Orain jada berandu da artikulu oso bat idazten jartzeko, baina gai honekin harremanetan dagoen beste ikerketa bat ikusi dut eta beroturik hasierako erreflexio batzuk idazteko gogoekin nago.

Txostena Ekologistak Martxan elkarteak egin zuen iaz eta Testu Liburu ezberdinetan dagoen Curriculum izkutuaren parte baten inguruan aritzen dira, ekologismoari eta garapenari dagokiona, hain zuzen ere. Txosten osoa luzeegia da, (laburtuak 185 orrialde ditu!), eta nahi duenak http://www.ecologistasenaccion.org/IMG/pdf/Informe_curriculum.pdf helbidean eskura dezake. Euren ikuspuntuak e zdu bermatu baino egiten bizitza ez da testu liburu bat dokumentuan argitaratutako hainbat datu. Harri bitxiz beteriko 185 orrialde dira, irakur ezazue!

Publizitatea eskolan

Geroz eta gehiagotan ikusten da publizitatea eskoletan. Jada ez da bakarrik kiroldegian aurkitzen den zerbait, edo Kola makina bat… orain edukiek ere babesleak dituzte. Eredua oso sinplea da: ikastetxeak dirua behar du, administrazioek ez dutelako dirua behar den bezala inbertitzen (AHTaren aurrekontuarekin EAEko Hezkuntza Sailaren aurrekontua 100 urtez ziurta daiteke) eta orduan enpresa zehatz batek publizitatearen truk diru hori jartzea eskaintzen du. Baina ez gaitezen engaina, publizitatea ez da pedagogikoa, publizitatea ez zaigu gustatzen.

Demagun nik orain, artikulu honen erdian, iragarki bat sartzen dudala: “San Fermin hauetan jai herrikoi eta parekide batzuetaz gozatu nahi izanez gero, giro ederra eta janari ezin hobea, Aldapa kalean dagoen La Bodegika tabernara joan zaitezke”. Ziur harrapatu duzula taberna honen publizitatea egiten nagoela.

Baina gaur egun publizitatea askoz arraroagoa da. Belgikan ekonomia klase batzuk INGk babestuak dira, proiektu pedagogiko moduan bertara klase osoa joaten bada ekonomiaren inguruko mahai-joko bat oparitzen diete. Aspaldi entzun zen Katalunian zegoen testu liburu batean Port Aventurak eskua sartu zuela, eta munduko kulturak Polinesia, Far West, Mediterraneoa… ziren, hau da, parkean aurki daitezkeenak. EEBBtan geroz eta gehiagotan McDonaldsek natur zientzia liburuak oparitzen ditu… Baina Bologna Prozesuarekin areagotzen ari da. UPVko Farmazia fakultatean farmazeutika batek apunteen prezioa ordaintzen die ikasleei; Alemanian BMWk “Historia Garaikidea” masterra ordaintzen du… naziek judutarren erabilera esklabua aipa ez dadin… Publizitatea gure ikasgelatan instalatu da, kanporatzeko garaia heldu da!

Udako ikastaroak

Artikulu hau Edurne Larrañaga eta bion artean idatzia dago eta egunotan prentsara bidali da, argitara dadin.

 Denbora librea erabiltzeko joera horregatik behar bada, jendeak zer egin ez dakielako agian, edo ahalik eta titulu gehienen kromo bilduma egitearren ziurrenik ugariak dira udan batzuek eta besteek eskaintzen dituzten udako ikastaroak. Egun hauetan horietariko askok hasiera izango dute, deluxezko gonbidatuekin, noski. Baina salbuespen bakarrarekin Euskal Herrian eskaintzen diren udako ikastaroak unibertsitateak dituen gabeziak areagotzeko baino ez dute balio. Unibertsitateak beraiek baino espainolagoak, publizitate gehiagorekin eta joera atzerakoiarekin.

Azter ditzagun datu batzuk. UPV da, dudarik gabe, eskaintza zabalena ematen duena, guztira 84 ikastaro. 84 ikastaro horietatik 76 gazteleraz dira, baina ez pentsa beste 8ak bederen euskaraz direla, ez. 2 ingeleraz dira eta 6 baino ez dira euskaraz eskaintzen. 84tik 6, bai. Hori da UPVko agintarientzat euskararen normalkuntza. Baina harantzago joan gaitezke: ikastaro gehienen ardatza Espainia da eta berezitasunak aipatzen direnean Vascongadetako kasuak baino ez dira aipatzen. Inola ere ez Euskal Herria. Zientzia eta Teknologia izan daiteke agian gai unibertsalenak jorratzen dituena, baina komunikazioan, adibidez, telebistaren iragana, oraina eta geroaren inguruan “50+1” izen arraro bat jartzen dute. Pentsatu ondoren erraza da ikusten TVEren 50. urteurrenaren inguruan ari dela (zergatik ez da ETB ardatza? Zergatik ez W3XK izeneko lehen telebista katea?). Erraz da ondorioztatzea ikastaro gehienak ikusita (R zikloko bi ikastaroak kenduta) UPVk ez duela Euskal Herria izeneko errealitatea existitzen denik ere ikusten. Norbaitek esan dezake udako ikastaroak ez direla “politikarako” guneak… baina badira: hizlarien artean euskal gatazkaren alde bateko biktimen ordezkariak egongo dira eta pare bat ikastaro gutxienez fundazio hauen izena dute (bide batez ez al zen Buesa Fundazioa PPrekin bat ez zetorren ezer laguntzen ez zuena? Hemendik agertzen dira, bada!)

Baina hau ez da larria den gauza bakarra. Ikastaroen antolaketa ikusten badugu eredu neoliberal hutsean kokaturik daudela antzeman daiteke. Hasteko ez dira publikoak, Unibertsitate Publiko bati dagokion moduan. Ordaindu behar da, nahikoa gainera. Norbaitek esan dezake utopikoa dela EAEko biztanle guztiek ordaintzen duten unibertsitate batek jasotzen duen diru hori herritarren zerbitzura jartzea… guk ez dugu hala uste. Duten prezioa ikaragarria da: 36€ eguneko. Kurtso batzuek egun bat baino gehiago irauten dutenez prezioa biderkatu behar da. Baina gainera alojamendua behar izanez gero (azken finean hiru eguneko kurtsora doanak ezin du egunero Kontxan lo egin) berau ere ordaindu behar da, merkeena ohe bakarreko gelan, eguneroko garbiketarik gabe eta bi eguneko egonaldi minimoarekin 70,84€ direlarik (gosaririk gabe). Gau bakarra geratu beharrez gero 43€ ordaindu beharko dira.

Labur ditzagun beraz gastuak. Bi eguneko ikastaro batera joatearren gutxienez 115€ xahutu beharko ditugu… zorionez bada beka bat, baina matrikularen erdia baino ez du ordaintzen, inola ere ez alojamendu edo dietak. Bekadun izanez gero eta Donostian ez bagara bizi ez da gehiegi, bidaiaren prezioa ia-ia bekatzen dutenaren antzekoa baita. Bide batez… ikastaro guztiek ere ez dute bekarik eta asmatzen zaila den metodo batekin aurkezten dira zeintzuetan eska daitekeen eta zeintzuetan ez.

Eta UPVren kritikaren bukaerako, harribitxi bat. Babeslerik handiena BBVA da… ez dugu gehiagorik esango.

 

Baina jarrera hau orokorragoa denez, UPNAn ere antzeko egoera dugu. Hauek kutreagoak dira, eta 14 ikastaro baino ez dituzte eskaintzen, guztiak gazteleraz, nahiz eta webgunean 6 direla agertu. Erreferentzia nagusia Espainia da hemen ere, Nafarroaren inguruko hainbat aipamenekin. Ikastaroetako batean sasi-zientzia bat jorratzen dela goitik pasatuko dugu (horren inguruko artikulu eder bat idatzi zuen Javier Armentiak). UPNAn ere ez da Euskal Herriaren existentzia aipatzen, noski.

UPVn bezala ikastaroak garestiak dira, oso garesti Nafarroako biztanle guztiek ordaintzen duten unibertsitate bat izateko… baina gainera hemen ez dute beken inguruko informaziorik ematen eta hori babesle moduan banku baten ordez kutxa bat agertzen dela (suposatzen da ekintza soziala egiten dutela… hori diote gutxienez “Llega la Revolucion” jartzen duten kartazaletan). UPVko kasuan ez bezala babesle gehiago agertzen dira, enpresa pribatuen esku-sartze nabaria eginez.

 

Ikusten denez Hego Euskal Herriko bi unibertsitate publikoek Euskal Herriarekin, euskararekin eta herritarrekiko duten jarrera tamalgarria da. Espainiaren eta kapitalaren mesedetan lanean daude etengabe eta gainera inongo arazorik gabe.

 

Kitto!

 

Hasieran esaten genuen badela guzti honen aurrean salbuespen bat. UEUko ikastaroak dira. Guztira 34 ikastaro, guztiak ala guztiak euskaraz. Euskal Herria aintzat hartzeaz gain geografian barrena mugitzen dira, Baiona, Eibar, Iruñea eta Lizarran ikastaroak eginez. Gai askok, gainera, jendarte mugimendu ezberdinetako kezkak jorratzen dituzte, formakuntza politiko eta kulturalerako izugarrizko aukera emanez. Baina gainera legedi espainiar zein frantziarren arabera publikoa ez den unibertsitate honek ikasle edo langabetu izanda, ala UEUkide izanda UPVk eta UPNAk baino prezio merkeagoetan eskaintzen ditu. Hainbat lekutan bekak daude eskuragarri, oso-osorik ordaindu ahal delarik matrikularen zein dieten kostea. Mugikortasuna errazteko “Autoan Elkarrekin” izeneko atala dute, bidaia merkeago atera dadin… nahi duenak oraindik ez da berandu bertan matrikula egiteko, Iruñean eta Lizarran oraindik irekiak baitaude epeak.

 

Ikasturte osoan zehar ez dugu gure herriaren beharren araberako goi mailako hezkuntza jasotzeko aukerarik eta udan egiten den eskaintza lepo beretik burua. Euskal herritarron hezkuntza eskubideak egunerokoan urratzen zaizkigu Euskal Herrian kokaturik dauden unibertsitate “publiko” ezberdinetan, udako ikastaroak bide horretan sakontzeko erabiliz. Euskal Herriaren  biziraupen nahiz garapenerako beharrezkoak dira goi mailako ikasketek eskaintzen duten formakuntza, baina Euskal Herria abiapuntu zein helburu izango duen unibertsitatea halabeharrezkoa zaigu bide horretan. Euskal Unibertsitatea, alegia.

Euskal Gatazka: azala azalaren kontra

Uda iritsi da eta hurrengo egunetarako hainbat erreflexio idatziko baditut ere (zin dagit!), gaur azterketak hasi zirenetik geroko horietan nuen bideo bat ikusi dut. Gaztesarean aurki daitekeen Sextabaidaren barruan eginiko “Euskal Gatazka: azala azalaren kontra” dokumentala da. Publikatu zutenean jaitsi nuen, baina nire ordenagailuak dituen ehundaka birusek ez zidatez uzten bideoa ikusten eta hasieran bideo psikodeliko bat zela uste nuen, hainbeste kolorerekin. Ez ba! Gaur beste ordenagailu batetik lortu dut.

Bideo honek berriro ere sorrarazi dit sentsazio bat. Zer da irakasten digutena? Zein da sexualitatearekiko dagoen jarrera eskoletan? Argi ikusten da jende nagusiagoak iritzi bat botatzen duela, jende gazteak beste bat, batez ere “eztakinongo” militante direnak… baina ateratzen diren gaztetxoenek ematen dituzten iritziak nire ustez dena laburbiltzen dute. Eskoletan gai honekiko dagoen jarrera ume batek laburtzen du: “zuretzat zer da sexua” galdetu ondoren bere erantzuna “chico y chica” da.

Bideoa hemen behean ikus dezakezue: