rssgaur8 logotipoa

Espainiar curriculuma egitEA

Arazo bat dut. Larunbat honetan Gaur8ko ale idatzian artikulua idaztea tokatzen zait eta niri artikuluak lege elektoralak eta ez haustea zaila da. Larunbatean batzuek erreflexionatu beharko dute (nik jada nire bozkaren norabidea borobildua dut) eta horregatik ezin dut idatzi ezer alderdiren bat ukitzen duena. Agian hoberena da aste honetan gai zailago hauek ukitzea eta larunbatean zerbait lightagoaren inguruan idaztea.

Gaurko artikulua hasteko PNV-EA-IU tripartitoa leku batzuetan elkarrekin joatea eta beste batzuetan bereizirik joatearen kontura idatzi nahi nuen. Baina egia esan Iñaki Iriondok gaurko GARAn modu oso zehatzean azaldu du bakoitzak dituen kontraesanak. Hori dela eta beste kontraesan batean fijatuko naiz gaurkoan.

Bitxia da ikustea nola hiru alderdik EGIN aditza erabili duten bere leloetan (egin behar dugu, Euskal Herria egitEA eta Gehiago egingo dugu). Bakoitzak egin horrekin esan nahi duena ez da, noski, berdina; azkenean, praktikan, hiruek berdina egingo dute. Kasu bat besterik ez dut jarriko.

Angeles Iztueta oraindik Hezkuntza Sailburua zenean Gasteizko gobernutxuan Udalbiltzak, Sortzen-Ikasbatuazek eta Ikastolek sinatu zuten Euskal Curriculuma egiteko konpromisoa diruz laguntzea erabaki zuten. Hor hasi ziren arazoak, nolabait gatazka berri bat. Gobernutxoak bere aldetik tiratu nahi zuen eta abertzaleena zela irudikatu. Horretarako inbertsio ekonomiko eta humano handia egin zuen, ahalik eta Euskal Curriculuma sortzeko prozesua bihurritu zuten arte.

Prozesuak, hala ere, herri borondatearen seinale, aurrera zihoan. Iztueta joan eta Tontxu etorri. Biak EAko kide. PNVk kritika handiak egin zizkion barne mailan EAri hezkuntzak hartzen ari zuen bide gatazkatsua zela eta eta bakoitzak izango zituen sailak negoziatzen hasi zirenean EAk Osakidetza bere gain hartzea proposatu omen zion hezkuntzaren truke. PNVk ezetz, noski. Osakidetzan inongo oposiziorik gabe aukeratzen diren karguen kopurua askoz altuagoa da Hezkuntza Sailan baino.

Eta horrela ekin zion Tontxuk legealdiari. Arazoz beteriko maletin batekin, erronka handiekin eta hortik nola atera jakin ezinda. Egin zuen lehenengo jugada nahiko interesgarria izan zen. Sortzen-Ikasbatuaz gutxietsi eta Udalbiltza-Ikastolak-Sortzen akordioan eskola publikoa ordezkatua ez zegoela argudiatua diru-laguntza izugarriak eman zizkion PSEk mugitzen zituen taldeei: EHIGE-BIHE-SAREAN. Hiru hauek Euskal Herrirako Curriculuma egin zuten, Espainian oinarritutako dokumentu bat. Titulu bikaina, euskal ordez Euskal Herrirako jarrita abertzaleagoa zela baitzirudien. Dagoeneko Txontxuk bere bidea ireki zuen: alde batetik espainiar legediak zuen LOEa izango zuen mahai gainean; bestetik herri borondatez sorturiko curriculum bat; eta azkenik euren interesak asetuko zituen hirugarren aukera bat. Euren ideia poutpourri bat egitea zen.

Osagai horiekin EAk PNV eta PSEren nahiak ase baino ez ditu egin. Orain dela bi aste ezagutu ziren detaileen arabera Espainiar konstituzioan oinarritzen diren jakintzak ikasi beharko ditu euskal ikasle batek. Baina hori baino larriagoa oraindik, dokumentu horretan Euskal Herria izenarekin agertzen da EAE, eta modu horretan Euskal Herriko Curriculuma egin dutela esaten dute. Isabel Celaá (PSE) izan da poz handienarekin agertu dena Tontxuren proiektua defendatzen.

EHBEk eginiko prentsaurreko batean, Edurne Larrañagak horrela azaltzen zuen: “Espainiatik inposaturiko LOE legearen garapen soila da, nahi bada, ikuspegi `euskañol’ batekin apaindua”. Hori da EAk bultzatu duen Espainiar Curriculuma.

Tranpa itzela da, noski. PNV-EA eta Aralarrek (Batzarrerekin batera), Nafarroa Bai siglak osatzen dituzte. Kontuan izanda hortik bi alderdik Euskal Curriculuma egon behar duela defendatzen dutela normalena izango litzateke honen defentsa egitea Nafarroan. Gainera PNVrentzat ere ideia ona litzateke, nolabaiteko euskalduntasuna bultzatu asmoz. Baina ez da hori euren ideia, Euskal Curriculuma Vascongadoentzako da, Nafarroan beste bat egin beharko delako. Hori da euren kontraesana, hori euren tranpa, hori da eurentzat herria egitEA.

Kontrol sozialaren aurka

Astebete egon naiz kanpoan eta bueltan gauza pila baten inguruan idazteko gogoekin nator. Hala ere gaur nire korreoa ireki eta lagun batek bidalitako “zabaldu mezua” horietako bat nuen. Bertan bideo bati lotura eta Zientzietan ikasten dutenek poza hartuko zutela zioen. Nik bertan ikasten dudanez, lotura ireki dut, noski. Bideo bat, honako hau:

Ez dut komentariorik egingo bideoaren inguruan, baina bai Iñako Perezek kontrol sozialarekiko izan duen jarreraren inguruan. Orain dela 3 urte bere kargua hartu zuenean kontrol soziala (kamarak, txakurrak, sasitxakurrak…) gutxiagotuko zirela uste zuten askok. Handik hilabete batzuetara Gasteizko kanpusean ikasle talde batek Filologia eta Historia fakultateko kamara guztiak baliogabetu zituen eta Perezek zera esan zuen egondako bilkura batean, bere asmoa kamarak kentzea bazela, baina horrelako ekintzekin ezingo zuela egin. 2 urte eta erdi igaro dira bere asmo deklarazio hartatik eta lehen baino kamara gehiago daude.

Unibertsitatean nago ordenagailuan idazten eta nire eskubian “Bideokamaraz zaindutako gunea, zona vigilada por videocámara” jartzen duen kartela dago. Gela honetan bi kamera daude… gutxienez kartelarekin abisatzen dute, besteetan hori ere ez. Zientzia fakultatean kamarak jarri zituztenetik egunero grabatzen dute zein ordutan sartu eta ateratzen garen (naizen), nondik noan eta zer daramadan… eta txarrena da ez dakigula irudi horiek noren esku dauden.

Nire gomendioa, bideoa ikustea!

NaBai… BaiNa?

Navarra Si poutpourriak berehala igaroko du bere hil ala biziko momentua: udal eta foru hauteskundeak. Bitxia iruditzen zait konprobatzea zeintzuk diren Nafarroa berritzera deitua dagoen alderdi honek Hezkuntzaren gaian egiten dituen proposamenak.

Aurreko ikasturtean 107.768 sinadura lortu ziren Euskal Herriaren luze zabalean euskaraz ikasteko eskubidearen alde. EAk dituen eta PNVk onartzen dituen datuen arabera A ereduak ez du euskalduntzen eta D ereduak ere zailtasunak aurkezten ditu zonalde erdaldunduetan. 107.768 sinadura ereduen politika honekin bukatu eta zerbait berria eskatzen. BaiNa, ah, sorpresa! Zonifikazioarekin amaitu ordez A eredua ematea proposatzen dute eta euskara ikastea beraz borondatezkoa izatea. Eta Haur Eskoletan berdina, A eredua mantentzea proposatzen dute.

Banengoen ba ni, ezkerreko alderdi moduan aurkezten zen batek ezin zuela asko sakondu PNV bertan egonda. Eta hala da, Unibertsitatean dagoen Bologna Prozesuaren aurrean ez dute proposamenik egiten (beno, abortuarekin ere egin zuten berdina aurretik, ixiltasuna!).

Baina jarrai dezakegu. Euskal Curriculuma izan da azkeneko urteetan egin den proiekturik handienetarikoa Hezkuntza mailan. Ikastolen Elkarteaz gain Sortzen-Ikasbatuazek ere hartu zuen parte, hau da, Nafarroan euskaraz klaseak ematen duten ikastetxeen ia-ia gehiengoak. Hala ere Navarra Sirentzat hau ez da Nafarroaren benetako erakusgarri eta prozesu hau Nafarroan eman ez delakotan, Espainiak eskaintzen duen %45a erabiltzea proposatzen dute, hau da, folk pixka bat sartu Espainiako Curriculumari. Nola ez da horrela izango, Uxue Barkosek hezkuntza lege guztiekin bat egin badu Madrilgo Kongresuan!?

Inork ez dezala okerrekorik uste, BaiNarekin lehengo lepotik burua!

 

UPVren txakurrak

Aurreko batean idazten nuen speeda eta redbulla gosaltzen dutenen inguruko artikulu bat. Iñakoren mutilak horrelakoak dira, tipo arriskutsuak. Norbaitek ez badu sinisten Unibertsitate Publikoaren hileta antzezten zen egunean honako irudia utzi zuten. Zer uste zuten, kamarekin gauzak grabatzeko eskubidea eurek bakarrik zutela?

216 orduko demokrazia gosea

PrentsaurrekoaGaur 216 ordu bete dira demokrazia gosea duen 24 orduko txandakako ikasle baraualdia hasi zenetik.

Ikasle baraualdi honetatik egunero-egunero karrera ezberdinetako ikasleak igaro dira, euren kamiseta gorria soinean zutela, ikasleen hitza errespetatu zedin eskatuz.

Errektore hautagaiei (bai Jack Johnson eta baita John Jacksoni ere) eman zieten ikasleen exijentziak bete zitzaten baino ez zuten eskatzen. Txikikeria bat, demokrazian oinarritutako eskariak direla kontuan hartuta. Baina tira! Bietako batek ere ez du egin inolako hauturik unibertsitateak dituen benetako erronkei erantzuteko. Hori dela eta bihar Ikasleon Alternatiba bozka dadin eskatu dute, argi uzteko ikasleak ez direla erraz saltzen diren kolektibo bat, nahiz eta bere bozkaren portzentajea hain txikia izan.

Ni ez naiz NUPeko ikaslea baina, bihar, Leioan okupatu den Leioako Ikasle Gune Askean (LIGA) egongo naiz berri gehiagoren zain.