Jada hirugarren aldiz ospatzen ari da gaur, Apirilaren 26a, Euskal Unibertsoa. Egun bakar batez bada ere Euskal Unibertsitatearen bidean urratsak eman eta “unibertsitateko ur zikinak garbitzeko” aukera egongo da.
Hiru saio, goiz eta arratsaldez, arlo ezberdinak ikuspuntu berri eta aurrerakoi batetik ukituz. Ekologismoa, feminismoa, hezkuntza… posible dela erakusten du Euskal Herriak Bere Eskolak.
Posta hau ohi baino motzagoa da, noski. Asko dago ikasteko, ez dut ordenadore aurrean goiza igaroko. Kontatuko dizuet!
Gaur UPNan, barkatu, NUPen, hauteskundeak dira. Hiru hautagai aurkezten dira ultraeskubitik sozialdemokraziara doazenak, hiruak ala hiruak, “navarros y forales”, noski. Aurreko artikulu batean esaten nuen euren arteko ezberdintasun nabarienak Futurama seriean agertzen diren Jack Johnson eta John Jacksonek dituzten berdinak direla. Batek ere ez du argitu zein den bere jarrera euskarak behar eta merezi duen posizioa eduki dezan. Batek ere ez du esan Bologna Prozesuaren inguruan duda handiak daudela ere… batak ala besteak irabazi egoera oso antzekoa izango da. Ez berdina, noski, baina euskaldunoi bost!
Orain dela bi agintaldi zegoen errektore alkanforatuak ez zuen ezer egin euskararen egoera hobetzeko. Are eta gehiago, egoera okertu egin zuen. Agintaldi honetan egon den errektoreak ez du ezer lortu (ikusi besterik ez dago Aitziber Larreak Garan igandean hainbeste eragileren izenean idazten zuen artikulua).
Egoera horrela mantentzearen erruetako bat demokrazia sistema bitxian oinarritzen da, non 500 bat pertsonek bozken %51a duten eta beste 8.500 ingurun beste %49a. Sistema bat non langile funtzionarioen korpusak erabaki dezakeen beste guztien gainetik. Non pertsona bat bozka bat oinarria ez den betetzen eta non estatus konkretu bat eduki behar duzun hautatua izan ahal izateko. Gaur unibertsitateko gutxiengoak erabakiko du zein den gehiengoarentzat onena. Honek badu izen bat: despotismo ilustratua.
Hauteskunde eguna da, baina ez da gehiegirik erabakiko. Hiru hautagai egoteak bigarren itzuli bat egongo dela ia-ia ziurtatzen du. Royal edo Sarkozy, Kerry edo Bush… horrelakoa balitz, gutxienez. Ziurtasunez esan daitekeen bakarra zera da: ultraeskuineko hautagaiak (dei dezagun Jack Johnson) aurrez aurre edukiko duena beste bietako bat izango dela, eta euren artean jada bozka bateratzeko proposamen bat ba omen dago. Nor izango ote da gure John Jacksona?
Hurrengo astean hezkuntzak berriro ere lan gehiegi ematen du. Alde batetik UPNarako hauteskundeak daude. Ez dut inor aspertuko daude hautagai ezberdinekin, esan dezagun Futuramako “A Head on the Polls” kapituluan agertzen denaren antzekoa da (hautagaien arteko ezberdintasuna bat Jack Johnson deitzen dela da eta bestea John Jackson). Momentuz hiru hautagaietatik batek ere ez du esan zer egingo duen euskaraz ikasteko eskubidea berma dadin ez eta bere jarrera Bologna Prozesuak sortzen dituen arazoen aurrean.
Aste horretan bertan, baina bi egun geroago, Ibaetan, Euskal Unibertsoa ospatuko da. Hirugarren urtea da Euskal Herriak Bere Eskolak ekitaldi hau antolatzen duela, aukera ederra Euskal Herriak behar duen unibertsitatea egun batez bederen martxan jartzeko.
Hurrengo egunetan gai baten inguruan eta bestearen inguruan artikulu luzeagoak egingo ditudala zin dagit!
Konfesatu beharrean nago artikulu honi hasieran Petxo’s Boys izena jarri behar niola. Txistea errazagoa da eta badu gainera zentzu bat… baina hori gero azalduko dut.
Azken asteotan nahiko entzun da Ezker Abertzaleak egin duen Marko Berrirako Proposamenaren inguruan. Askorentzat marko hau ahalbidetzea zaila da, beste batzuentzat utopikoa, demokratontzat justuena da. Baina badira iritzi-emaile guztien artean Nafarroa eta Baskongadak inoiz elkarrekin ezin direla egon aldarrikatzen dutenak. Horien artean egon dira, ziur, Manu Montero eta Perez-Prados, UPV eta NUPeko errektore ohiak hurrenez-hurren. Bitxia da ikustea, hala ere, nola eurak izan ziren Hego Euskal Herriko bi unibertsitate publikotan “segurtasun” enpresa bera kontratatu zutenak… halako nazio-kontratua izan zen Mayor Orejaren familiako enpresekin, lurraldetasun kontratu bat, ikasleen aurka jarduteko.
Urte batzuk pasa dira harrezkero eta gaur egun ere sasipoliziez beteriko unibertsitateak ditugu gure herri santu honetan. Ez dira lapurren aurkako zaindariak, ez! Inoiz polizia izateko asmoa eduki baina azterketa miserable bat gainditzeko gai ez diren drogazaleak dira. Gosaltzeko kafearen ordez speeda eta red-bulla hartzen duten desekilibratu armatuak dira. Lehen Protecsa zuten izena, gero Prosetecnisa, halako batean trajeak aldatu eta Ombuds izena jarri zieten eta orain, UPVkoak gutxienez, Delta izena dute… izena, txakur berberak direlako, nahiz eta orain txakurremeak ere agertzen diren (garai berriak direlako, ezta, Iñako?).
Joan zen astean Greba Orokorra egon zen Unibertsitatetan eta UPVko kasuan bereziki bortitz oldartu ziren frustratuok. Hasieran esan dudan bezala Petxo’s Boys deitu nahi nuen artikulua, Pet Shop Boys taldearekin duen paralelismoa erabilita, Zutikeko kide izan zen batek (agian oraindik ere bada alderdi hau existitzen bada) gidatzen zituelako. Baina ez zen justua izango, trotsko ohi batek piketeen aurkako neurriak hartzeko atzetik zerbait egotea behar-beharrezkoa da. Petxo jauna ez da Iñakien eskuetan dagoen txotxongilo bat baino ez… zerbait egin behar bada han ikusiko duzue sakeleko telefonoa eskuetan Goirirekin hitz egin nahian… “Iñaki… zer egingo dut?”. Eta Iñaki Iñakoren eskubiko eskua baino ez da, gai politikoak konpontzeko gizona. Hauek dira pasa den astean Leioan egon ziren gertakarien arduradunak eta Gasteizen egon zen zaurituarenak ere. Euren erabakia izan zen sasipolizia hauei boterea ematea. Baina, are eta larriagoa, UPVk grebaren jarraipen itzela gutxietsi nahian edo, “biolentzia erabiltzeak erabiltzen duenaren argudioak alde batera uzten ditu” esatea ironia bat baino ez da. Ironia fina, eta krudela! UPVk erabilitako biolentziarekin, beraz, berdina gertatuko zela ondorioztatu daiteke, eta euren argudioek ez dutela balio. Beraz, balio gabeko argudioen artean (ikasle biolentoena eta unibertsitate biolentoarena), zeinek du pisu handiagoa?
PD: Orain dela urtebete Unibertsitateari eskatu nion sasipolizia baten soldatarekin zenbat segurtasun ate jar zitezkeen esatea. Oraindik ere erantzunaren zain nago. Maite, hau irakurtzen baduzu, zure “Berdintasunerako” idazkaritzatik, oraindik erantzuteko garaiz zaude.
PD2: Joan zen astean egondako istiluetan yonki armatu horietako batek bere walkie-talkie galdu zuen. Faltan bota badu jar diezaiola Wanted kartel horietako bat eta agian agertuko zaio.