Hiru arrazoi 29an klasera ez joateko
29an Ikasle Abertzaleakek greba orokorra deitu du unibertsitatetan eta mobilizazioak ikastetxeetan besteak beste Bologna Prozesua salatzeko. Artikulu honen luzeerak ez dit gehiagorako ematen, eta blogean jada nahiko luzeak idazten ditut. Hori dela eta 3 arrazoi baino ez ditut emango klasera ez joateko eta mobilizazioetan parte hartzeko.
1999an Europako hezkuntza ministroek Bolognan unibertsitateak pribatizatu eta hezkuntza sal eta erostea posible izan dadin prozesu bat abiatzea erabaki zutenean ez zuten inorekin bere asmoen berri eman. Aitzitik, aurretik enpresariek eginiko eskariak eta Munduko Merkataritza Elkartea edo G8aren plan neoliberalizatzaileak aurrera eramateko prozesu bat baino ez da. Munduko herri guztiek bere biziraupen politiko, sozial, intelektual eta ekonomikoa ziurtatzeko bere hezkuntza sistema arautzeko eskubidea dute eta gehienek hala egiten dute. Europar Batasunaren sistema ekonomikoa kapitalismo neoliberala izanda ez da harritzekoa Bologna Prozesua sistemaren beraren biziraupenerako proiektu bat izatea.
Prozesu honek ez du hezkuntzaren hobekuntza bat bilatzen. Ez dut ukatuko hezkuntza hobetu behar denik… are eta gehiago, askok urteak daramatzagu hori eskatzen! Baina hezkuntzaren hobekuntza, berrikuntza pedagogiko eta halakoekin etortzen direnek ez dute benetan hori nahi, baizik eta gobernuetan daudenen plan maltzurrak zuritzea. Asko ados daudelako, bai; beste askok informazioa jaso eta kritikoak izan nahi ez dutelako. Biak ala biak salagarriak. Dagoeneko gure herrian dauden unibertsitatetan enpresa pribatuak sukaldean daude, edukiak erabakitzen eta egin daitezkeen proiektuak zeintzuk diren adierazten.
Azkenik, inori ez digute galdetu prozesuaren inguruan. Ez naiz ari “59 segundos” bezalako programetako eztabaidetaz, ez. Benetako eztabaida sozialaz ari naiz. Inori ez diote esan proiektua zertan datzan, argi-ilunak zeintzuk diren edo nola geratuko diren gauzak etorkizuenan. Eta hori salagarria bada, galdetzen den kasuetan ez da eztabaidarako, baizik eta kontzientziak ondo uzteko. Bologna Prozesua hezkuntza komunitatearen hitza eta erabakiaren gainetik erakitako proiektua da.
Ni, behintzat, 29an grebara noa!
This entry was posted on Ostirala, martxoa 23rd, 2007 at 11:26 pm and is filed under Bologna Prozesua, Ikasle mugimendua, Unibertsitatea. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.

on martxoa 27, 2007 at 6:02 pm kazetari gaztea wrote:
Ni ere banoa! Ikus dezatela behingoz parez pare gaituztela!!!