Bolognatik Euskal Herrira.
Hurrengo egunetan asko hitz egingo da unibertsitateetan Bologna Prozesuaren inguruan. Pasa den astean agian lehenengo aldiz konturatu nintzen Leioako Zientzia Fakultatean sartu eta bertan zeuden kartel guztietatik erdian baino gehiagotan hitz hori agertzen zela. Hau ez da aspaldiko kontua, ordea.
Aste honetan duela 6 urte, lehenengo aldiz entzun nuen hitz hau. Oso ondo gogoratzen dut, Göteborgen bainengoen “Europako Ikasle Konbentzio” nahiko konformista batean. Bertako helburua ikasle ordezkaritza nagusien (eta askotan ofizialisten) iritzia ematea zen, geroago Salamancan errektoreek berdina egingo zutelarik handik eta hilabete batzuetara Pragan Bologna Prozesua berresteko. Europar hezkuntza esparruaren eraikuntzaren lehenengo pausuak ziren. Hiru eguneko eztabaidak izan ziren bertan eta nire hasierako pertzepzioa (hain larria den prozesu honen aurka zerbait aterako da hemendik) egunetik egunera aldatzen joan zen. Horko ikasle askok euren eserlekua baino ez zuten nahi, boterera iritsi urte batzuetan. Asko eta asko eskubiko alderdietako kide ziren eta lehenengo aldiz entzun nion ikasle bati esaten globalizazioa ona zela. Azkeneko egunean Goteborg Deklarazioa argitaratu zen eta Alemaniako FZS, Luxemburgeko UNEL eta Euskal Herriko IAk ez zuten bat egin berarekin. Beste ikasle taldeek, batez ere antolatzen zuten ESIB erreformistek, nahiko gaizki begiratu gintuzten eta azkar ulertu zuten zergatik deklarazioa eta aurreko gauean egon zen afarira ez ginen galako jantziekin joan Suediako hezkuntza ministroarekin afaltzera. Azkar ulertu zuten zergatik nire txarteltxoan Spain ezabatu eta Basque Country jartzen nuenean alemanak Germany ezabatu eta East Germany jarri zuen. Azkeneko aldia izan zen IA horrelako ekitaldi batetara gonbidatzen zutela. Euren manifestua ez sinatzea izan zen kanpoan geratzeko lehenengo arrazoia. Bigarrena lehenengo aldiz IAk Frantziako hezkuntza ministroari publikoki interpelazio bat egiten ziola zen. Egia esan lehenengo aldia zen hezkuntza ministro batekin aurrez aurre hitz egiteko aukera zegoela (ez da azkena, Madrilen nengoela Esperanza Agirrerekin gurutzatu nintzen Genova kalean, baina ez nion ezer esan) eta ezin zen aukera hori galdu. Denborak, hala ere, arrazoia eman zigun. Momentu hartan Bolognaren aurka aurkezten zen deklarazio faltsu hura gaur egun “Bologna Supporters” izeneko Georgiako taldeak ere erabiltzen du honen alde egiteko.
Gogoratzen dut Konbentzioa bukatu eta hurrengo egunean, oraindik Göteborgen, honen inguruko txosten bat idatzi nuela. Ez zen nire lehenengo intentzioa, baina kalean nengoela termometroa 3ºCtik -6ºra jaisten ikusi nuen 10 minututan eta azkar joan nintzen Europar Batasunak ordaindutako luxuzko hotelera. Bertan koaderno batean eskuz idatzi nituen 5-6 orrialde, bertan eginikoaz gain Bologna Prozesuaren oinarriak azaltzeko asmoz. Euskal Herrira bueltatu eta gutxira berriro ere bilera batera joan eta hau guztia irakurri nuen. Ez dut izenik esango, baina batek esan zidan sekulako txapa bota nuela eta hori total 2010erako bazen zergatik kezkatu behar ote ginen. Ikasle militantzia, egia esan, horrelakoa da… ez duzu uste 9 urteren buruan ikasle izango zarenik.
Bologna Prozesuarekin harremanetan zegoen (baina hau oraindik ez genekien) LOU legea aurkeztu zuen handik gutxira PPk. Horrek sekulako mobilizazioak ekarri zituen eta plangintza alde batera utzi beharra. Ikasle Alternatibaren garaiak ziren eta bi gauzak uztartzea zaila izan zen. Bologna Prozesua aplikatzeko lehenengo urratsa izan zen (bai, Iñako, hala da), baina Prozesua bera salatzeko aukerarik ez zen egon eta alde batera geratu zen. Hurrengo bi urteetan pare bat hitzaldi baino ez eta jende gehienaren aurpegi arraroak baino ez ziren egon. IAk irakurketa partzial bat egin zuen eta dokumentu batzuk plazaratu, baina egia esan barne mailan baino ez ziren geratu.
Gaur egun Euskal Herrian dagoen mugimenduaren hastapenetako bat CEPCren (gaur egun SEPC) gonbidapen bat izan zen euren Nazio Asanbladara joateko. Bertan Madrilgo CAEFeko kideak eta Galizako AGIRrekoak egon ziren. Han, tertulia luze batzuetan, antolakunde ezberdinek zituzten irakurketa partzialek bat egiten zutela eta, harriturik, gai honen inguruan gehiago sakondu, txostenak elkartrukatu eta informazioa partekatzea erabaki zen. Lan horren ondorioak gaur egun ere nabaritzen dira. Ikasle katalanek oso mamitua zuten gaia eta pila bat txosten ezberdin zituzten. Egun haietan Euskal Herriko unibertsitatetik katalanez idatzitako txosten baten gainean egin ziren eztabaidak, kexak eta zailtasunak eraginez.
Lehenengo irakurketa osatuak egin eta berehala hasi ziren hori jendeari azaltzeko arazoak. Askotan esaten da gaur egungo ikasleriaren prestakuntza politikoa ez dela garai batekoa bezalakoa. Lehen errazagoa zela kontzeptu abstraktuen inguruan hitz egitea. Bada! Hori horrela balitz ez litzateke mobilizazioa gaur egun dagoen puntuan egongo. Neoliberalismoa zer zen ikasi genuen. Kontzeptu hori beste batzuekin nola lotzen zen ikasi genuen. Deslokalizazioa zer zen ikasi eta gero ikusi genuen, adibidez Reckitt Benckiserren kasua esparru makroekonomikoan zuen esanahia ikusiz.
Internet zela eta azkarragoak egin ziren konbokatoriak partekatu, nazioarteko harremanak sendotu eta data komunak jarri ziren. Nazioarteko gonbidatuak deitu eta nazioartera joatea areagotu zen. Europar esparruan eragiten bazuen gaia bazen azkar ikusi zen europar ikasleriak aurre egin behar ziola.
![]() |
![]() |
![]() |
![]() |
![]() |
| Maiatzak 11ko grebara deitzen zuen SEPCren kartela | Bolognaren aurkako manifestaldia Madrilen | Plenarioa Europako Ikasle Foroan, Bakaiku | Manifestaldi masiboa Atenasen | Martxoak 29an mobilizatzera deitzen duen IAren kartela |
Kontestu horretan, eta aurretik jaiotako CEPC-IA-AGIR-Madrilgo ikasleak erlaziotik jaio zen Europako Ikasle Foroa egiteko aukera. Lehenengo aurkezpen publikoa Madrilen eginiko bilera batean izan zen, 2005eko Urriaren 17an. Bertan espainiar estatuko ikasleez gain Portugal eta Italiatik etorritako beste hainbat zeuden. Bertan ere irakurketa adostu bat egiteko Bakaikun izango zen Europako Ikasle Foroa biltzea proposatu zen. Handik hilabete batzuetara burutu zen, aurretik aipatutakoez gain Ingalaterra, Alemania, Frantziar estatua (justu CPEaren aurkako borrokan zeudenak eta aurreko gauean 420 atxilotu egon zirela eta bakarra etorri zen) eta Norbegiako ikasleak etorri ziren. Lehenengo esperientzia hartatik Bakaikuko Adierazpena jaio zen.
Unibertsitatetan, bien bitartean, geroz eta gehiago entzuten zen Bologna hitza. Lehenengo manifestaldiak eginak ziren jada, eta greba orokor baten bat ere. Lehen aldiz ere ezkerreko ikasle sektorea biltzen zen manifestaldi bateratu bat deitzeko. Unibertsitateko agintariak, ordea, geroz eta urduriago. Prozesua gustatzen zaielako edo gustatu ez baina ezer esan nahi ez dutelako aurrera eramateko esperantza bazuten. Ez zuten kalkulatu ikasleek euren esparru komunikatibotik at ere zerbait bilatuko zutela. Hitzaldi handitxoak egin ziren, baita mahai-inguruak egon ere. Gogoratzen dut Ibaetan egin zen batean Norvegiako ikasle bat gonbidatua zela eta errektoreordeak bere hitzak bukatu ostean hau altxatu eta guztiari kontra egin ziola. Jada ezin ziren inon ezkutatu. Bologna Prozesuaren aurkako ikasle uholde bat martxan jartzen ari zen, informazioa ematen zuena eta aldi berean gogor erantzuten zuena.
Hurrengo astean, Martxoaren 29an, Ikasle Abertzaleakek baterajotze nazionala deitu du. Unibertsitateetan Bologna Prozesuaren aurka egiteko erabiliko dute eta NUPen gainera euskaraz %100ean ikasteko eskubidearen aldeko mobilizazioak egingo dira. Hurrengo egunetan hainbat ekimen egingo dituztela suposatzen dut, fotonotiziak agertuko direla, iritzi artikuluren bat eta agian berri batzuk.
Neoliberalismoa atea jo gabe etxeko sukaldean dago. Ez da etorri guri laguntzera, ez. Gure etxeko janaria lapurtuko du eta komuna erabiliko du gero ura bota gabe. Neoliberalismoa horrelakoa da. Bologna Prozesua honen beste adierazpide bat da, pribatizazioarena, merkantilizazioarena, elitizazioarena. Ni, behintzat, Martxoaren 29an ez naiz klasera joango.
This entry was posted on Astelehena, martxoa 19th, 2007 at 7:25 pm and is filed under Bologna Prozesua, Ikasle mugimendua, Unibertsitatea. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.


.jpg)



on martxoa 21, 2007 at 3:43 pm ikaslea wrote:
ba ni ere ez noa… ikasleok (eta (irakasleek) etorkizuna eskuetan hartzeko garaia da! gure eskuetan dago!