Bologna Prozesua eta komunikazio gerra
Komunikazio gerra ezaguna izan da beti edozein gatazkaren aurrean. Euskal Herrian egunero ikusten ditugu egunkari bat ala bestea irakurrita kontrajarriak diren mezuak. Argi dago hori egiteak bi helburu dituela: alde batetik etsaiaren mezua aldrebestea eta bestetik norberaren jarraitzaileak pozik uztea.
Bologna Prozesua Unibertsitateek 2000ko hamarkadan edukiko duten gatazkarik eta erronkarik handiena da eta izaten jarraituko du. Ez da edozein motako gatazka, noski. Neoliberalek jada pribatizatzeko gauza gutxi dutenean osasungintza, hezkuntza eta gizarte segurantza salerosketa esparru bilakatzea baino ez zaie geratzen. Bologna Prozesuak, azken finean, hezkuntza merkatuen legeen arabera mugituko den onura bat bilakatzea da eta, aldi berean, bertatik ateratzen diren etorkizuneko langileen kualifikazioa jaitsi eta lan-esku merke eta malgua edukitzea. Webgune hau ikustea besterik ez dago.
Europako Gobernuak ondo arduratu dira alde batetik prozesua beharrezkoa dela plazaratzeaz eta bestetik informazio ahalik eta murritzena emateaz. Azkeneko urteetan ehunka aldiz entzun dut telebistan “unibertsitatea langabetuen fabrika bat da”, “lan bat edukitzeko ikasi behar da” edo “unibertsitatea ezin da kokatu merkatuaren beharretatik kanpo” bezalako esaldiak. Mezu horiek “iritzi publikoa” prestatzeko baino ez dira sortu, eta gero Prozesua aplikatzen denean iritziak aldekotasuna agertzeko.
Azkeneko urte hauetan, ordea, ikasle mugimenduek batik-bat komunikazio gerra abiatu dute. Horren erakusgarriak asko dira, baina adibide batzuk jar daitezke. Ikasle Abertzaleakek masiboki ikaslegoarengana heltzeko liburuxka bat plazaratu du aurten, ahalik eta neutroena. Beste unibertsitatetan ez dakit, baina UPVren erantzuna beste liburuxka bat editatzea izan da, euren iritzia emateko xedeaz.
Aurreko astean Zientzia Fakultateko IAko militante batek barrezka honakoa kontatzen zidan: Dekanotzari baimena eskatu zioten mahai handi bat jartzeko fakultate sarreran bertan propaganda banatzeko eta dekanotzak ontzat eman zuen baina eurek ere bazutela Bolognaren inguruko informazioa (hau izango dela suposatzen dut) eta ea elkarrekin jarri ahal zuten galdegin zion. Gainera presarik gabe, Martxoaren 29an IAk egingo duen Greba Orokorra pasa eta apirilan egin ahal zutela esan zion.
Leioako kanpusean ere bi bideo egin dituzte modu ironikoan Bologna Prozesuak suposatzen duena azaltzeko. Nahi duenak behean hemen klikatuta edo euren webgunean du eskuragarri.
Aurrekariak ikusita… Zenbat kostatuko zaio UPVri kontrabideo bat egitea?
This entry was posted on Larunbata, martxoa 10th, 2007 at 12:47 pm and is filed under Bologna Prozesua. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.

on martxoa 10, 2007 at 3:54 pm haritz wrote:
Hetzordua Bolognan…. Blogogna?
Bideoak merezi du, zergatik ez duzu youtubeko lotura zurean ere jartzen?
Jo… unibertsitateko oroitzapenak ekartzen dizkit. Kafeteritza, xake taula lurrean… eta musika horrekin!!!.
Segi horrela!
on martxoa 11, 2007 at 1:26 am sapi wrote:
Aupa Galder! Oso interesgarria, hemen izango nauzu, irakurtzeko gose. Txalo bat