rssgaur8 logotipoa

Greba Orokorra unibertsitatetan!

Hau idazten dudanean bihar, martxoak 29, Greba Orokorra dago deitua Unibertsitatetan Bologna Prozesuaren aurka (eta NUPen euskaraz ikasteko eskubidearen alde ere). Bihar piketetan parte hartzen egongo naizenez, eta ez dudanez lanik egingo, gaur idazten dut. Aurrekoan hiru arrazoi eman nituen… baina askoz gehiago egon badaude.

Bihar egun bikaina da ikasle mugimenduarekin batera mobilizatzeko!

ka-o-erre-erre-i-ka-a

Beti izaten da niretzat emozioa Korrika iristen denean. Baina unibertsitatean bizi garenok arazo bat izaten dugu, apatridak garela. Hiru edizio izango dira nire herrian ez dudana korrikan parte hartzen, beti tokatzen zaidalako beste leku batean egotea.

Hala ere ilusioz, korrika txikian parte hartzen genuenean bezala, hartzen dut beti. Gaur egin dut lehenengo aldiz edizio honetan korrika. Espero dut igandean Iruñean ere bukatzea. Euskaraz ikasi eta bizitzeko eskubidearen aldeko mugimenduak dituen gauzarik ederrenetariko bat da, eta beti ikusten dut harriduraz nola iristen den herri batetik bestera kilometro andana dagoenean (nork igo duen Barazar, edo nor joango den bihar gauean Erriberatik…). Korrika 13 izan zenean Galizia eta Kataluniako ikasle batzuk zeuden gonbidatuta, IAren mobilizazio astea izan baitzen. Hasieran ez zuten sinisten ez zela gelditzen, baina egun berean Bilbon eta Leioan korrika egin ostean hurrengo goizean Getxotik pasa zenean hasi ziren sinisten. Egun bat beranduago Gasteizen harrapatu zuten berriro… galegoak argi esan zuen: “zuek euskaldunak ez zaudete burutik sano”.

Hiru arrazoi 29an klasera ez joateko

29an Ikasle Abertzaleakek greba orokorra deitu du unibertsitatetan eta mobilizazioak ikastetxeetan besteak beste Bologna Prozesua salatzeko. Artikulu honen luzeerak ez dit gehiagorako ematen, eta blogean jada nahiko luzeak idazten ditut. Hori dela eta 3 arrazoi baino ez ditut emango klasera ez joateko eta mobilizazioetan parte hartzeko.

1999an Europako hezkuntza ministroek Bolognan unibertsitateak pribatizatu eta hezkuntza sal eta erostea posible izan dadin prozesu bat abiatzea erabaki zutenean ez zuten inorekin bere asmoen berri eman. Aitzitik, aurretik enpresariek eginiko eskariak eta Munduko Merkataritza Elkartea edo G8aren plan neoliberalizatzaileak aurrera eramateko prozesu bat baino ez da. Munduko herri guztiek bere biziraupen politiko, sozial, intelektual eta ekonomikoa ziurtatzeko bere hezkuntza sistema arautzeko eskubidea dute eta gehienek hala egiten dute. Europar Batasunaren sistema ekonomikoa kapitalismo neoliberala izanda ez da harritzekoa Bologna Prozesua sistemaren beraren biziraupenerako proiektu bat izatea.

Prozesu honek ez du hezkuntzaren hobekuntza bat bilatzen. Ez dut ukatuko hezkuntza hobetu behar denik… are eta gehiago, askok urteak daramatzagu hori eskatzen! Baina hezkuntzaren hobekuntza, berrikuntza pedagogiko eta halakoekin etortzen direnek ez dute benetan hori nahi, baizik eta gobernuetan daudenen plan maltzurrak zuritzea. Asko ados daudelako, bai; beste askok informazioa jaso eta kritikoak izan nahi ez dutelako. Biak ala biak salagarriak. Dagoeneko gure herrian dauden unibertsitatetan enpresa pribatuak sukaldean daude, edukiak erabakitzen eta egin daitezkeen proiektuak zeintzuk diren adierazten.

Azkenik, inori ez digute galdetu prozesuaren inguruan. Ez naiz ari “59 segundos” bezalako programetako eztabaidetaz, ez. Benetako eztabaida sozialaz ari naiz. Inori ez diote esan proiektua zertan datzan, argi-ilunak zeintzuk diren edo nola geratuko diren gauzak etorkizuenan. Eta hori salagarria bada, galdetzen den kasuetan ez da eztabaidarako, baizik eta kontzientziak ondo uzteko. Bologna Prozesua hezkuntza komunitatearen hitza eta erabakiaren gainetik erakitako proiektua da.

Ni, behintzat, 29an grebara noa!

Bolognatik Euskal Herrira.

Hurrengo egunetan asko hitz egingo da unibertsitateetan Bologna Prozesuaren inguruan. Pasa den astean agian lehenengo aldiz konturatu nintzen Leioako Zientzia Fakultatean sartu eta bertan zeuden kartel guztietatik erdian baino gehiagotan hitz hori agertzen zela. Hau ez da aspaldiko kontua, ordea.

Aste honetan duela 6 urte, lehenengo aldiz entzun nuen hitz hau. Oso ondo gogoratzen dut, Göteborgen bainengoen “Europako Ikasle Konbentzio” nahiko konformista batean. Bertako helburua ikasle ordezkaritza nagusien (eta askotan ofizialisten) iritzia ematea zen, geroago Salamancan errektoreek berdina egingo zutelarik handik eta hilabete batzuetara Pragan Bologna Prozesua berresteko. Europar hezkuntza esparruaren eraikuntzaren lehenengo pausuak ziren. Hiru eguneko eztabaidak izan ziren bertan eta nire hasierako pertzepzioa (hain larria den prozesu honen aurka zerbait aterako da hemendik) egunetik egunera aldatzen joan zen. Horko ikasle askok euren eserlekua baino ez zuten nahi, boterera iritsi urte batzuetan. Asko eta asko eskubiko alderdietako kide ziren eta lehenengo aldiz entzun nion ikasle bati esaten globalizazioa ona zela. Azkeneko egunean Goteborg Deklarazioa argitaratu zen eta Alemaniako FZS, Luxemburgeko UNEL eta Euskal Herriko IAk ez zuten bat egin berarekin. Beste ikasle taldeek, batez ere antolatzen zuten ESIB erreformistek, nahiko gaizki begiratu gintuzten eta azkar ulertu zuten zergatik deklarazioa eta aurreko gauean egon zen afarira ez ginen galako jantziekin joan Suediako hezkuntza ministroarekin afaltzera. Azkar ulertu zuten zergatik nire txarteltxoan Spain ezabatu eta Basque Country jartzen nuenean alemanak Germany ezabatu eta East Germany jarri zuen. Azkeneko aldia izan zen IA horrelako ekitaldi batetara gonbidatzen zutela. Euren manifestua ez sinatzea izan zen kanpoan geratzeko lehenengo arrazoia. Bigarrena lehenengo aldiz IAk Frantziako hezkuntza ministroari publikoki interpelazio bat egiten ziola zen. Egia esan lehenengo aldia zen hezkuntza ministro batekin aurrez aurre hitz egiteko aukera zegoela (ez da azkena, Madrilen nengoela Esperanza Agirrerekin gurutzatu nintzen Genova kalean, baina ez nion ezer esan) eta ezin zen aukera hori galdu. Denborak, hala ere, arrazoia eman zigun. Momentu hartan Bolognaren aurka aurkezten zen deklarazio faltsu hura gaur egun “Bologna Supporters” izeneko Georgiako taldeak ere erabiltzen du honen alde egiteko.

Gogoratzen dut Konbentzioa bukatu eta hurrengo egunean, oraindik Göteborgen, honen inguruko txosten bat idatzi nuela. Ez zen nire lehenengo intentzioa, baina kalean nengoela termometroa 3ºCtik -6ºra jaisten ikusi nuen 10 minututan eta azkar joan nintzen Europar Batasunak ordaindutako luxuzko hotelera. Bertan koaderno batean eskuz idatzi nituen 5-6 orrialde, bertan eginikoaz gain Bologna Prozesuaren oinarriak azaltzeko asmoz. Euskal Herrira bueltatu eta gutxira berriro ere bilera batera joan eta hau guztia irakurri nuen. Ez dut izenik esango, baina batek esan zidan sekulako txapa bota nuela eta hori total 2010erako bazen zergatik kezkatu behar ote ginen. Ikasle militantzia, egia esan, horrelakoa da… ez duzu uste 9 urteren buruan ikasle izango zarenik.

Bologna Prozesuarekin harremanetan zegoen (baina hau oraindik ez genekien) LOU legea aurkeztu zuen handik gutxira PPk. Horrek sekulako mobilizazioak ekarri zituen eta plangintza alde batera utzi beharra. Ikasle Alternatibaren garaiak ziren eta bi gauzak uztartzea zaila izan zen. Bologna Prozesua aplikatzeko lehenengo urratsa izan zen (bai, Iñako, hala da), baina Prozesua bera salatzeko aukerarik ez zen egon eta alde batera geratu zen. Hurrengo bi urteetan pare bat hitzaldi baino ez eta jende gehienaren aurpegi arraroak baino ez ziren egon. IAk irakurketa partzial bat egin zuen eta dokumentu batzuk plazaratu, baina egia esan barne mailan baino ez ziren geratu.

Gaur egun Euskal Herrian dagoen mugimenduaren hastapenetako bat CEPCren (gaur egun SEPC) gonbidapen bat izan zen euren Nazio Asanbladara joateko. Bertan Madrilgo CAEFeko kideak eta Galizako AGIRrekoak egon ziren. Han, tertulia luze batzuetan, antolakunde ezberdinek zituzten irakurketa partzialek bat egiten zutela eta, harriturik, gai honen inguruan gehiago sakondu, txostenak elkartrukatu eta informazioa partekatzea erabaki zen. Lan horren ondorioak gaur egun ere nabaritzen dira. Ikasle katalanek oso mamitua zuten gaia eta pila bat txosten ezberdin zituzten. Egun haietan Euskal Herriko unibertsitatetik katalanez idatzitako txosten baten gainean egin ziren eztabaidak, kexak eta zailtasunak eraginez.

Lehenengo irakurketa osatuak egin eta berehala hasi ziren hori jendeari azaltzeko arazoak. Askotan esaten da gaur egungo ikasleriaren prestakuntza politikoa ez dela garai batekoa bezalakoa. Lehen errazagoa zela kontzeptu abstraktuen inguruan hitz egitea. Bada! Hori horrela balitz ez litzateke mobilizazioa gaur egun dagoen puntuan egongo. Neoliberalismoa zer zen ikasi genuen. Kontzeptu hori beste batzuekin nola lotzen zen ikasi genuen. Deslokalizazioa zer zen ikasi eta gero ikusi genuen, adibidez Reckitt Benckiserren kasua esparru makroekonomikoan zuen esanahia ikusiz.

Internet zela eta azkarragoak egin ziren konbokatoriak partekatu, nazioarteko harremanak sendotu eta data komunak jarri ziren. Nazioarteko gonbidatuak deitu eta nazioartera joatea areagotu zen. Europar esparruan eragiten bazuen gaia bazen azkar ikusi zen europar ikasleriak aurre egin behar ziola.

2006ko Maiatzaren 11ra deituz SEPCren pegatina Manifestaldia Madrilen Plenarioa Europako Ikasle Foroan, Bakaiku Manifestaldia Grezian Martxoak 29ra deitzen duen kartela
Maiatzak 11ko grebara deitzen zuen SEPCren kartela Bolognaren aurkako manifestaldia Madrilen Plenarioa Europako Ikasle Foroan, Bakaiku Manifestaldi masiboa Atenasen Martxoak 29an mobilizatzera deitzen duen IAren kartela

Kontestu horretan, eta aurretik jaiotako CEPC-IA-AGIR-Madrilgo ikasleak erlaziotik jaio zen Europako Ikasle Foroa egiteko aukera. Lehenengo aurkezpen publikoa Madrilen eginiko bilera batean izan zen, 2005eko Urriaren 17an. Bertan espainiar estatuko ikasleez gain Portugal eta Italiatik etorritako beste hainbat zeuden. Bertan ere irakurketa adostu bat egiteko Bakaikun izango zen Europako Ikasle Foroa biltzea proposatu zen. Handik hilabete batzuetara burutu zen, aurretik aipatutakoez gain Ingalaterra, Alemania, Frantziar estatua (justu CPEaren aurkako borrokan zeudenak eta aurreko gauean 420 atxilotu egon zirela eta bakarra etorri zen) eta Norbegiako ikasleak etorri ziren. Lehenengo esperientzia hartatik Bakaikuko Adierazpena jaio zen.

Unibertsitatetan, bien bitartean, geroz eta gehiago entzuten zen Bologna hitza. Lehenengo manifestaldiak eginak ziren jada, eta greba orokor baten bat ere. Lehen aldiz ere ezkerreko ikasle sektorea biltzen zen manifestaldi bateratu bat deitzeko. Unibertsitateko agintariak, ordea, geroz eta urduriago. Prozesua gustatzen zaielako edo gustatu ez baina ezer esan nahi ez dutelako aurrera eramateko esperantza bazuten. Ez zuten kalkulatu ikasleek euren esparru komunikatibotik at ere zerbait bilatuko zutela. Hitzaldi handitxoak egin ziren, baita mahai-inguruak egon ere. Gogoratzen dut Ibaetan egin zen batean Norvegiako ikasle bat gonbidatua zela eta errektoreordeak bere hitzak bukatu ostean hau altxatu eta guztiari kontra egin ziola. Jada ezin ziren inon ezkutatu. Bologna Prozesuaren aurkako ikasle uholde bat martxan jartzen ari zen, informazioa ematen zuena eta aldi berean gogor erantzuten zuena.

Hurrengo astean, Martxoaren 29an, Ikasle Abertzaleakek baterajotze nazionala deitu du. Unibertsitateetan Bologna Prozesuaren aurka egiteko erabiliko dute eta NUPen gainera euskaraz %100ean ikasteko eskubidearen aldeko mobilizazioak egingo dira. Hurrengo egunetan hainbat ekimen egingo dituztela suposatzen dut, fotonotiziak agertuko direla, iritzi artikuluren bat eta agian berri batzuk.

Neoliberalismoa atea jo gabe etxeko sukaldean dago. Ez da etorri guri laguntzera, ez. Gure etxeko janaria lapurtuko du eta komuna erabiliko du gero ura bota gabe. Neoliberalismoa horrelakoa da. Bologna Prozesua honen beste adierazpide bat da, pribatizazioarena, merkantilizazioarena, elitizazioarena. Ni, behintzat, Martxoaren 29an ez naiz klasera joango.

Teknologia berriak eta hezkuntza mugimendua

Aurreko artikuluan ikasleak eta teknologia berriak gaia jorratzen nuen. Egun horretan bertan Euskal Herriak Bere Eskolak Leioako kanpusean argazki rally bat antolatu zuen, Euskal Unibertsoa ekimena aurkeztu asmoz. Helburua unibertsitateak biluztea da eta horretarako fotolog bat abian jarri dute.

Aurrekoan bezala, harrigarria da nola erabiltzen diren teknologia berriak mugimenduen mesedetan. Ziur fotolog martxan jarri zutenek ez zutela uste egoera bat salatzeko auzolanean eraikitako webgune bat osatzeko erabil zitekeenik. Eta hala gertatu da. Jendeak argazkiak bidali eta komentarioak egiten ditu eta modu honetan orain dela gutxirarte (2 urte) kartelekin bakarrik publifikazten ziren gauzak beste modu batez iristen dira jendearengana. Ez hobea ez txarragoa, beste modu bat baino ez.

Teknologia berriak eta ikasleak

Eskolak euskaldundu behar du!Irudi hau pasa den astean lortu zen Eusko Jaurlaritzak bere aurpegia garbitzeko asmoz antolatutako eskolaren euskalduntzearen inguruko jardunaldietan, Ibaetan.

Gaur mobilizazioak egon dira hainbat Unibertsitatetan. Ni Leioan egon naiz eta bereziki harritu nau orain dela 3-4 urte zein zaila zen argazkiak jasotzea edozein mobilizaziotan. Zerbait nahi bazen kaka eman behar zitzaion ikasleren bati bere kamara igo zezan… gaur, ordea, 4-5 kamara digital zeuden eta 2 bideokamara guztia grabatzen, gero Gaztesarea edo Ikasle Abertzaleaken webgunera igotzeko, edo norberak edukitzeko, edo Flickrera igotzeko…

Argazki honetan, gainera, bestelako teknologia berrien erabilera bat somatzen da. Jada ez da igo, oihu batzuk bota eta kartelak erakustea, orain powerpointa duen ordenagailura joan daiteke eta zuzenean pantaila erraldoian leloa jarri.

Ikasleek jakin izan dute teknologiei xukua ateratzen. Jada bideoak igotzen dira YouTubera, edo soinu-deiak internet bitartez barreiatu… teknologia ere sabotaietaraino eraman da, argazkian ikusi ahal denez.

Zer irakasten da Kazetaritzan?

Harrigarria da, baina gure iritziaren sorrerarako geroz eta gehiago uzten dugu lana kazetarien esku. Egunero jasotzen ditugun estimuluak eta informazioak lehen baino askoz handiagoak dira eta jada ez da itxoin behar gaueko Teleberri, Telediario edo Gaur Eguna ikustera edo hurrengo eguneko egunkaria erostera informazio hori jasotzeko. Agian berriak eman beharra da kalitatea jaistera eramaten duena, azkar egiteak exijentzia jaitsiko du, antza.

Blog hau hasi nuenean gai batzuen inguruan pentsatu nuen, baina azkeneko bi egunetan lotsagarriak iruditu zaizkidan gauza batzuk irakurri eta entzun ditut. Eta horrek kazetaritzan zer ikasten den pentsatzera eraman nau.

Lehenengoa gaur bertan, Unibertsitatera igotzen nengoela, entzun dut Radio Euskadin. Ordua esan dezaket, baina ez dut uste kazetariarekin konkretuki sartzeak merezi duen. Informazioa George W. Bushek azkeneko egun hauetan egin dituen bisiten inguruan zen. Gaur konkretuki Guatemalan dago eta bere aurkariak bertaratu beharrean hiriburua den Bogotatik 60 kilometrotara daude. Kazetaritzan ez dago geografiarik? Noiztik da Bogota Guatemalako hiriburua? Nire lehen pentsamendua ez da izan hori, ordea, uste nuen Kolonbiara egin duen bisitaz arituko zela, baina ez, berriro ere errepikatu du handik 30 segundora edo. Kontrastablea den datu batean gezurrak esaten badizkigute, zer ez ote dute esango bestelako informazioetan?

Bigarrengoa, ordea, lotsagarriagoa da. PPk asteburu honetan bere Xgarren manifestaldia burutu du Madrilen eta euren esanetan 2,5 milioi pertsona bildu dira. Agian PPko jende askok pertsonalite anizkoitza du eta beraz ez naiz eurek emandako datuarekin sartuko… arazoa da 4 urtez kazetaritza ikasi duen batek datu hau zuzenean idaztea da! Ez ote da deontologia ikasten? Ez dira konturatzen datu hori jarrita euren informazio guztia zuzenean deuseztua geratzen dela hori sinesten ez duten guztientzat?

Egin dezagun kalkulu erraz bat. 2,5 milioi pertsona horietatik guztiak ez ziren madrildarrak. Euren esanetan 1000 autobus joan ziren eta beraz horiek beteta joanez gero 55.000 pertsona joan ziren autobusez. Beste 2.445.000 manifestariak edo bertan bizi ziren, hau da, ibilbidean bertan, edo nolabait garraio bat hartu behar izan dute. Pentsa dezakegu milaka eta milaka pertsona kotxez joan zirela ere eta horietatik gutxi batzuek zentruan aparkatzea lortu zutela. Honekin beste 5.000-10.000 pertsona kendu ahal ditugula suposatzea euren alde jokatzea da. 2.445.000 pertsona horietatik 40.000 bertan biziko balira eta beste 5.000 kotxez bertaraino iritsi balira 2.400.000 pertsona iritsi behar dira garraio publikoan. Madrilgo Metroak gehienez ere bi minuturo metro bat jar dezake norabide bakoitzean eta guztira 1.550 kotxe ezberdin ditu. 2004an 615.533.167 bidaiari eraman zituen, hau da, 1.618.784 bidaiari egunero GELTOKI GUZTIETARAKO (2004a urte bisistua izan zen, norbaitek kalkulagailua erabili nahiko balu). Beraz Madrilgo metroak bere tren guztiak jarriko balitu ere ezingo lituzke egun bakar batean pertsona horiek eraman. Baina pentsatuz ahal dela, metroak beteago joan daitezkela… zenbat kotxe behar dira 2.400.000 pertsona puntu batera eramateko? Bagoi bakoitzean 150 pertsona sartuko bagenitu… suposatzen dut ez dela legala, baina… sartuko bagenitu 600 pertsona sartu ahal izango lirateke bidai bakoitzean… suposatuz ere 4 bagoi eramaten dituela, berez 3 eramaten dituenean. Bi minuturo norabide bakoitzean bat pasatzen bada, minuturo 600 pertsona etor daitezke geltoki batera. Suposatuz ibilbidean dauden 3-4 geltokietara iritsiko zela jendea modu ordenatuan… 2.000 pertsona minuturo. Guztira 1200 minutu beharko lirateke metroz jende kopuru guzti hori heltzeko… hau da, 20 ordu. Metroa gaueko 1:30tatik 6:00etara itxita badago eta 17:00tan egon behar baziren, lehenengo bidaiariak aurreko eguneko 16:30tan iritsi behar ziren manifestaldiaren lekura tokia hartu ahal izateko. Bide batez, aurreko eguneko 17:00tan jada 60.000 pertsona egongo ziren bertan, kalea kolapsatuz eta beraz kotxe edo autobusez iristea oztopatuz.

Kalkulu hau egiteko 30 minutu behar izan ditut, ez gehiago. Hala ere hemen beste kalkulu interesgarri bat dago metro karratu batean 4 pertsona sartu ezin direla demostratu asmoz. Hemen beste bat metro karratu kopurua kontutan hartuta.

Berdin dio! Hori ez da garrantzitsuena, adibide bat baizik. Kezkagarriena da jendeak 4 urteko karrera bat egin eta gero ezer kuestionatu gabe idaztea da. Kazetaritza ikasten duen O.E.ri galdetu diot ea zer ikasten duten. Lehenengo urtean irakasle batek euren lana “gezurrak esatea izango zela” esan zien. “Hala ere datuak kontrastatu behar direla” esan zieten. Masa Komunikabideei buruz ikasten dutela, baina inoiz ez dute etika edo antzekoak ikasi oraindik nahiz eta jada 2 urte eman karreran. Bere ustez kazetaritzako gehienek ez dute inongo interesik kazetaritzarako eta “20 minutos” edo “Gaceta Universitaria” irakurtzearekin pozik daude, hauek doan banatzen direlako unian edo autobusean. O.E.ren ustez jendeak ez du asmorik gauzak kontrastatzeko, horrek lana suposatzen duelako. Irakasleak agian eskatu dezake baina ez da gehiago eskatzen… gehienek interneteko hemeroteka batean bilatu… eta kitto! Azkenik, bere gomendioa… “etorkizuna txungoa da, ez zaitez kazetariez fidatu” esan dit.

Hau aldatzeko garaia heldu dela uste dut, benetako kazetaritzaren garaia da!

Bologna Prozesua eta komunikazio gerra

Komunikazio gerra ezaguna izan da beti edozein gatazkaren aurrean. Euskal Herrian egunero ikusten ditugu egunkari bat ala bestea irakurrita kontrajarriak diren mezuak. Argi dago hori egiteak bi helburu dituela: alde batetik etsaiaren mezua aldrebestea eta bestetik norberaren jarraitzaileak pozik uztea.

Bologna Prozesua Unibertsitateek 2000ko hamarkadan edukiko duten gatazkarik eta erronkarik handiena da eta izaten jarraituko du. Ez da edozein motako gatazka, noski. Neoliberalek jada pribatizatzeko gauza gutxi dutenean osasungintza, hezkuntza eta gizarte segurantza salerosketa esparru bilakatzea baino ez zaie geratzen. Bologna Prozesuak, azken finean, hezkuntza merkatuen legeen arabera mugituko den onura bat bilakatzea da eta, aldi berean, bertatik ateratzen diren etorkizuneko langileen kualifikazioa jaitsi eta lan-esku merke eta malgua edukitzea. Webgune hau ikustea besterik ez dago.

Europako Gobernuak ondo arduratu dira alde batetik prozesua beharrezkoa dela plazaratzeaz eta bestetik informazio ahalik eta murritzena emateaz. Azkeneko urteetan ehunka aldiz entzun dut telebistan “unibertsitatea langabetuen fabrika bat da”, “lan bat edukitzeko ikasi behar da” edo “unibertsitatea ezin da kokatu merkatuaren beharretatik kanpo” bezalako esaldiak. Mezu horiek “iritzi publikoa” prestatzeko baino ez dira sortu, eta gero Prozesua aplikatzen denean iritziak aldekotasuna agertzeko.

Azkeneko urte hauetan, ordea, ikasle mugimenduek batik-bat komunikazio gerra abiatu dute. Horren erakusgarriak asko dira, baina adibide batzuk jar daitezke. Ikasle Abertzaleakek masiboki ikaslegoarengana heltzeko liburuxka bat plazaratu du aurten, ahalik eta neutroena. Beste unibertsitatetan ez dakit, baina UPVren erantzuna beste liburuxka bat editatzea izan da, euren iritzia emateko xedeaz.

Aurreko astean Zientzia Fakultateko IAko militante batek barrezka honakoa kontatzen zidan: Dekanotzari baimena eskatu zioten mahai handi bat jartzeko fakultate sarreran bertan propaganda banatzeko eta dekanotzak ontzat eman zuen baina eurek ere bazutela Bolognaren inguruko informazioa (hau izango dela suposatzen dut) eta ea elkarrekin jarri ahal zuten galdegin zion. Gainera presarik gabe, Martxoaren 29an IAk egingo duen Greba Orokorra pasa eta apirilan egin ahal zutela esan zion.

Leioako kanpusean ere bi bideo egin dituzte modu ironikoan Bologna Prozesuak suposatzen duena azaltzeko. Nahi duenak behean hemen klikatuta edo euren webgunean du eskuragarri.

Aurrekariak ikusita… Zenbat kostatuko zaio UPVri kontrabideo bat egitea?

Hetzordua, hezkuntzaren hitzordua.

Duela hilabete batzuk hezkuntzaren alorrean lanean luze ibilitako lagun batek neologismo hau asmatu zuen, hetzordua. Hasierako helburua hezkuntzako hitzordua esatea bazen ere laster geratu zen hezkuntzan lanean diharduen jendearen jaietako kedadak izendatzeko. Gogoratzen dudan lehenengo Hetzordua iazko Santo Tomasetan izan zen, Donostian. Handik aurrera besteran bat ere egon da.

Gaur8n argitaratuko zen blog bat idaztea proposatu zidatenean bururatu zitzaidan azkeneko gauza izen bat jartzearena zen. Baina jada proiektuak aurrera zihoala esan zidatenean izen bat pentsatzeko ere eskatu zidaten. Bueltaka eta bueltaka ibili nintzen eta ez zitzaidan ona zen bat ere ez bururatu. Unibertsitateko lagun batzuei galdetu eta inork ere ez zuen izenik aurkitu ahalik eta gau batean nire e-posta begiratzen nengoela lagun horietako batek hetzordua hitza erabiltzea proposatu arte… dena kontatzearren lagun honen burutapena komunean Gara irakurtzen ari zela gertatu zen.

Hori da HETZORDUA, hezkuntzaren hitzordua. Hezkuntza azkeneko urteetan oso azkar mugitzen den arloa izan da Euskal Herrian. Curriculumetik hasi eta unibertsitaterarte eta Hezkuntza Akordiotik Bologna Prozesura egunero-egunero lanean emateko aukera dago herri honetan. Tamalez bertan gertatzen direnak askotan gutxi batzuen artean geratzen dira. Bitakora honen helburua, beraz, Unibertsitatean eta orokorrean hezkuntza munduan gertatzen ari direnen eta gertatuko direnen klabe garrantzitsuenak ematea da eta, ahal izanez gero, eztabaidari ekitea.

Zuek ere gonbidatuak zarete hezkuntzaren hitzorduan parte hartzera, hetzordu onetan zuen aportazioak egitera.