rssgaur8 logotipoa

Goirizelaiarentzat, biktimak eta biktimak

Atzo entzun nuen irratian UPVko errektorea atentatuan hildako Eduardo Puellesen aldeko kontzentrazioan parte hartu zuela. Eta sekulako hitzak izan zituen gero polizia sekretu honen omenez. Ez da gutxiagorako, unibertsitate batek hildako baten alde horrelakoak egin ditzakeelako, noski.

Baina badirudi UPVrentzat eta Iñaki Goirizelaiarentzat biktima batzuk beste batzuk baino biktimagoak direla. Egun berdinean Trapagarango 54 urteko D.J.R. AFUTRANS enpresan hil zen, lan istripuan ere, Eduardo Puelles bezala. Errektoreak ez zuen kontzentraziorik deitu ezta hitz handirik bota enpresa-buruen aurka. Pentsa daiteke agian hildako hori zoriz izan zenez ez zutela kontzentraziorik deitu.

Jon Anzaren non ote dagoen galdetzeko ere ez dute kontzentraziorik deitu, antza ez dutelako ezer galdetu behar. Antza Jon Anza ez da lehen mailako biktima bat eta ez da beharrezkoa zer gertatu den jakitea.

Beno, orain agian beste aukera bat dute biktima guztiak berdinak direla demostratzeko. Atzo esan zuenez “inork ezin du erabaki beste bat noiz hil” ezergatik ere. Atzo Mari Puy Perezez gorpua aurkitu zuten. José María Morentín deitzen da bere hiltzailea. Gaur arratsaldean deituko al duzu kontzentrazio bat, Goiri? Lotsagabea!

¿La paz? Que te folle un pez

Asko dugu ikasteko Monty Phyton talde bikainaz, eta asko du ikasteko Isabel Celaák ere. Ikaragarria da Brianen Bizitza filman erromatarrek zer eman ote dieten eztabaidatzen duteneko eskena hori. Eta asko dugu ikasteko bukaeran baten esaten duelako (eta barkatu, baina gazteleraz ikusi dut):

-Bueno, pero aparte del alcantarillado, la sanidad, la enseñanza, el vino, el orden público, la irrigación, las carreteras y los baños públicos, ¿qué han hecho los romanos por nosotros?
-Nos han dado la paz
-¿La paz? ¡Que te folle un pez!

Ba hori, agian Espainiak eta Frantziak gauza asko eman dizkigutela, baina bakea inondik ere ez. Eta hori da orain Isabel Celaá, hezkuntza sailburu berriak, “terrorismoaren biktimak” eskoletara eraman nahi dituela dionean egin nahi omen duena: bakea hizpide izan dezatela. Hau da, bakea ekarri ez duten guardia zibil, torturatzaile edo faxistek ere ikastaroak emango dituzte bakearen inguruan. Onak eta txarrak zeintzuk diren irakatsi nahi dute oraingoan. Preso baten seme-alabei (edo bestelako ahaideren bati) esango diote bere aita/ama/anaia gaiztoa dela eta aldiz bere moral espainairra gorena dela. Berdin dio Meliton Manzanas edo Carrero Blancoz hitz egiten bagaude ere. Lotsagabeak! (Beste irainik ez dudalako hemen botako!)

Hala ere, esperientzia gisa nik uste interesgarria dela. Hedatzekoa. Eramango nituzke ere preso politikoen senideak, eurek pairatzen duten egoera azaltzera. Eramango nuke gazte errepresaliaturen bat, adibidez Iruñeko zerrenda beltzekoak, gazte antolakuntzaren onuren inguruan hitz egitera. Eramango nituzke eskoletara ERE bat jasan duten langileak, kapitalismoaren aurka jardutera. Eta eramango nituzke euren bikotekideen biktimak diren emakumeak matxismo eta patriarkatuaren inguruan hitz egitera. Eramango nuke euren hezkuntza sistemaren biktimaren bat, eskola horrek suposatzen duena esatera. Eta klasean utziko nuke sartzen Soziedad Alkoholika edo Negu Gorriak, zentsuraren inguruan hitz egitera. Euskal Jaikoak gonbidatuko nituzke okupazioaren kriminalizazioak hitz egitera. Esango nieke ere Ibilaldiko karga jasan zutenei ikastolaz ikastola joan zitezen ertzaintzaren jarrera zein den argi eta garbi uztera. Inmigranteak eramango nituzke ilegaltzat duen estatu sala dezaten. Eta haurdun geratu den gazte bat, elizaren aurka egiteko. Eta horrela curriculuma biolentzia guztien biktimek egingo dute.

Bakeaz ari dira… joan daitezlea popatik hartzera (eta gainera ez dezatela gozatu).

Islero Internacionalista

Islero zuen izena Manoleteren bizitzarekin bukatu zuen zezenak. Iniciativa Internacionalista du izena Rubalcabak toreatu nahi izan duen hautagaitzak. Biek ala biek paralelismo ugari dituzte, noski. Hasteko Iniciativa Internacionalista lasai atera zen plazara, zer gertatuko ote zen ez zekiela. Han zegoen ordea “torero, torero!” oihuak entzuten Barne Ministroa.

Baina Solaresko toreroak argi zuen zerbait egin behar zuela, ezin zuela zezena adarretatik eutsi eta han ekin zion alde batera eta bestera. Lehenengo espioitza politikoa. Gero prentsaren bitartez kriminalizazioa. Eta azkenean, txikuelina bat eginez, Epaitegi Gorena erabilita bi banderilla jartzea lortu zuen. Baina zezena oraindik zutik, eta plazan geroz eta jende gehiago zer gertatuko ote zen ikusten. Atzerritik ere etorri ziren ikuskatzaileak, zezenketa haren aurka egitera. Eta toreroa urduri, zezena altxatu eta bizirik zegoela ikusi zuelako. Han saiatu zen berriro, konstituzionalarekin beste kapea bat antolatzen, baina ez zuen lortu, noski.

Orain Manoletek beste banderilla batzuk sartu dizkio zezenari. Eta berdin dio PACMAri bozkak ematea ere zezena hiltzeko bada. Baina zezena ez da horrela hilko, ez. Milaka eta milaka pertsona daude jada zezenari bultzaka, Rubalcabari adarra sar diezazion esaten.

Manolete ez da izan zezenek hildako torero bakarra. Avispadok Franciscorekin bukatu zuen Pozoblancon. Bailaorrek Joselitorekin justizia egin zuen Talaveran. Eta historiak esango du Pepe Rubalcabaren amaiera politikoa Islero berri honek eragingo ote duen. Hala bazan, edo ez bazan, sar dadila kalabazan eta ager dadila “posik” Amezketako plazan.

II bozkatzeko beste arrazoi bat

Iniciativa Internacionalistaren alde bozkatzeko arrazoi asko daude, eta bakoitzak bereak izango ditu. Nik badut beste bat eta, normalki idazten ditudan artikuluak irakurtzeko ohitura baduzu jakingo duzu hezkuntzarekin lotuta egongo dela. Eta asko pentsatu gabe ere Bologna prozesuarekin lotuta dagoela ere ziur asmatu duzula.

Bologna Prozesua da Europatik hezkuntzako kideei gehien eragingo dien gaia, zinez diot. Ez da aldaketa txiki bat, aldaketa estruktural bat da, kapitalaren europaren aldeko beste aldaketa bat. Europako enpresariek gastuak esternalizatu nahi dituzte eta horregatik egiten dute (aste honetan Radio Euskadin Mondragon Unibertsitatekoek argi esan duten bezala). Eta Bologna Prozesuari aurre egiten dieten alderdien artean II da parlamentari bat ateratzeko aukera gehien dituena.

Aralar agian kontra dago (agian diot benetan eurek ere ez dakitelako) baina Bolognaren aplikatzaile diren ERC eta BNGrekin doaz zerrendan. Ezker Batuak ere batzuetan kontra dagoela esan du, baina Kataluniako euren filiala izan da ikasleak kolpatzearen arduraduna. Beste alderdi batzuek ere adierazi dute Bologna gelditzeko nahia, adibidez Izquierda Anticapitalista edo PCPE, baina ez dute Euskal Herriarekiko IIk erakutsi duten jarrera. Baina horiei bozkatzea zuen aukera da, noski!

Bologna Prozesua gelditu beharra dago, eta hori instituzioetatik ere adierazi behar da. Langile guztiok, ikasle guztiok, langabetu guztiok bestelako hezkuntza eta unibertsitate baten alde egin behar dugu, eta hori da Iniciativa Internacionalistak proposatzen duena. Nik neure bozka argi daukat!

Niñotas Hembrita

Niñotas Hembrita bertsolari bikaina da, nahiko ezaguna gainera azken aldi honetan. Beno, hori irakurri ahal izan genuen gutxienez aurreko batean Deian (http://www.twitpic.com/4z46n), baita Niké Amonarais eta Ilaski Serranok aurkeztutako saio batean parte hartuko zuela ere. Niñotas Hembrita hau Onintza Enbeita da. Baina nola liteke? Beno, ba erantzuna sinplea baina gogorra da: gaur egungo hezkuntza ereduak bultzatu du, lehen hezkuntzatik unibertsitatera. Ikus dezagun zergatia.

1- Hego Euskal Herrian ikasi duen edozein ikaslek oso ondo daki Cádizko Konstituzioa zein urtetan sinatu zen, baita “La Pepa” izena ematen diotela. Ipar Euskal Herrian ikasi duen orok badaki Charles de Gaullen ondoren Georges Pompidou izan zela presidente. Baina nork daki zeintzuk izan diren bertsolari finalean parte hartu dutenak? Patxi Lopezek Axular aldarrikatzen zuenean ba al daki Nafarroa Garaian jaio eta Lapurdin hil zela? Eta zenbatek dakite Lopez bera ez dela izan berez PSOEko lehenengo lehendakaria (Ramon Rubialek antzeko postua izan baitzuen)?

2- Kazetaritza eredu bat bultzatu dute zeinetan copypastea den oinarria. Ikertu baino teletipoa kopiatu, hori da eredua. Teletipoa gaizki badago ere. Eta ordenagailuak hitz bat horrela esan beharrean bestela esan behar dela esaten badizu… kasu egiozu.

3- Biak batuta emaitza zein den ikusten dugu: kopiatu, ordenagailuak gaizki zuzendu, eta ezjakintasunagatik horrela utzi. Eta txarragoa oraindik, ez eman garrantzirik. Zer gertatuko litzateke Niñotas Hembrita beharrean Brus Esprinstin edo De Bitels idatziko balu? Kaleratzea, ziur nago. Baina euskaldunen inguruan denez…

Bologna bai! Boloniari ez!

Urteak dira Bologna idaztera ohitu naizela. Are eta gehiago, aspaldi IAko dokumentuak egin behar zirenean beti nuen borroka berbera: italieraz Bologna bada, zer dela eta aldatuko dugu guk eta Bolonia izendatu? Bada, Euskaltzaindiak ez du berdina uste eta orain hirien izenak zeintzuk diren arautu dute.

Eta bai, Bolonia esan behar omen da… keba… boloniari ez! Bolognari bai!

Gripea, Bologna, informazioa

Egun hauetan sekulako informazio pila jasotzen gabiltza txerri gripearen inguruan (zergatik ez urde-marranta?). Informazio honi esker badakigu non hasi zen, nola garatu den gaixotasuna, zein adin duen EEBBtan hildako lehenengoa, zertara joan zen Mexikora Gurutzetako ospitalean dagoen bizkaitarra, nola kutsatzen den… eta garrantzitsuena, H1N1 birusari aurre egiteko hegazti gripearentzat asmatu zen Tamiflu botikak balio duela ere esan digute. Era berean badakigu zer egin behar den ez kutsatzeko eta zeintzuk diren gomendioak.

Baina ez digute esaten urtero milioi bat hildakotik gora eragiten dituela gripe arruntak. 137.000 pertsona hiltzen dira Hepatitis Bak jota, 250.000 tuberkulosiak, 4.000 hildako egunero malariak, 438.000 hildako urtero diabetesak eta 1.369.000 minbiziak. Hauek ez dira, antza, berrietan agertzeko modukoak; eta hori malaria, adibidez, senda daitekeela.

Egun hauetan Carla Bruni eta bere senarra (informatiboetan emandako tarteagatik badirudi bisitan kantaria bakarrik egon dela) bisita ofizialean egon dira Espainian eta bere diseinatzailearen inguruan dena kontatu digute telebista espainiarretan. Non afaldu duten, zer, norekin eta nola aipatu digute. Informazio handia eman digutela esan daiteke.

Aldi berean Europako hezkuntza ministroak Leuwenen bildu dira Bologna Prozesua itxi eta aurrera begira pribatizazioan sakontzeko. Honen inguruan lerro bat ere ez. Informazioaren jendartean bizi garela diote, eta ez da horrela. Malaria sendatu daiteke, Bologna gelditu daiteke… eta horregatik da hobe txerri gripea eta Bruniren takoien inguruan kezka sortzea.

Gabilondo

Zapaterok (Espainiako Lehen Ministroa) bere gobernua aldatu du eta Hezkuntza Ministerioaren buruzagitzan Gabilondo anaietako bat jarri du. Angel, konkretuki. Gabilondo lehen UAMeko errektorea zen eta Espainiako Unibertsitatetako Errektoreen Konferederazioko presidentea (CRUE).

Bere garian, Aznarren gobernuarekin batez ere, oso ezaguna izan zen Zapaterori emandako laguntza dela eta. Eta geroago ere COPEkoek titiriteroen edo “los de la zeja” deitzen duten talde horretakoa izan da. Tipo konprometitua beraz, eta demokrata itxura ematen duena.

Baina Angelek egin ditu jada lehenengo adierazpenak eta bere demokrazia eredu kuriosoa zein den iragarri du. Antza Bologna Prozesuaren inguruan nahi dena eztabaidatzeko prest azaldu da, prozesua eztabaidatu behar delako. Baina eztabaidatik zer aterako den berdin dio, prozesua nahitaez aplikatuko dela esan baitu. Hau da, berdin dio populazioaren gehiengoa edo aitasantua ere kontra badago, prozesua atzeraezina da. Interesgarria da demokraziaren kontzepzio hori.

Orain dela urte batzuk, Perez oraindik errektore zela, eztabaida antzekoa izan genuen UPVko Gobernu Batzorde batean. Bologna eztabaidatzeko eskatu eta berak ezetz, horretarako garaia oraindik ez zela. Eta garaia noiz zen esaterakoan… noizbait etorriko zela. Orain beranduegi omen da. Eta Goirizelaiak ere Gabilondoren logika berdina erabiltzen du: oraindik ez dira garaiak eztabaidatzeko zein karrera egongo diren eta zeintzuk desagertu, ez baitaude txosten definitiboak. Ondo, definitiboak direnean eztabaidatuko ditugu, orduan. Atzera bueltarik ez dutenean, beraz. Nazka ematen didazue, demokratok.

Hitzik ez

Ez da hitz gehiagorik behar.

Ongi Etorri!

Irakurle maitea, ni bezalakoa bazara ez duzu izango goiz esnatzeko ohiturarik, are eta gutxiago larunbata bada. Horregatik gaur Eibarren egun osoan zehar baina bereziki goizean egingo den Euskal Unibertsoaren inguruan publizitatea egiteak ez du zentzu handirik. Goiz esnatu bazara eta hau irakurtzen bazaude baliteke bertara joaten egotea, bestela beste planen bat baduzu eta ez zara agertuko.

Horregatik gaurkoan beste erreflexio bat egingo dut, Korrikarekin lotua hain zuzen ere. Ostegunean hasi zen Tuteran eta Gaur9 bukatuko da Gasteizen. Egun horietan milaka eta milaka, agian ehunka milaka herritarrek parte hartuko dugu Korrikan. Askok ere korrika egiten dugun aldi bakarrenetarikoak dira (besteak grisen aurretik, barkatu, polizia ezberdinen aurretik egitera ohituta gaude). Milaka eta milaka horien artean egongo dira ere instituzio-ordezkariak, noski. Eta instituzio-ordezkari horien artean egongo dira batzuk justo Korrika gehiago egin behar izatearen errudunak direnak.

Ez gaitezen engaina. Korrika egitea ez da jai bat, Korrikan korrika egitea egoera bati aurre egiteko diru-bilketa bat da. Eta egoera horrek erantzuleak baditu bi argi eta garbi markatu beharrean nago: UPN-PNV tandem erregionalista hain zuzen ere. Bi horien esku egon da 30 urte luzeotan euskalduntzea baita euskalduntzen ez duten ereduan desagertaraztea ere. Etorkinak A eredura bidaltzen dituzten horiek, PNVk adibidez, orain Ongi Etorri esango dute. Lotsagabeak. Doazela pikutara! Nire Korrikako korrikaldian ez dira, behintzat ongi etorriak! Beste guztiak bai, noski. Guztion artean, tipi-tapa, euskalduntzea lortuko dugu!