rssgaur8 logotipoa

Torturaren testigantza grafikoa Goenkalen

Urte hauetan guztietan ez dut gehiegi jarraitu Goenkale telesaila. Jatorriz venezuelarra izan arren, ez naiz “sugetzar” zalea, ezta euskaraz dauden “kuleborien” jarraitzaile ere. Baina batzuetan, zapping-aren ondorioz, pasarte batzuk ikusi izan ditut. Atzo izan zen egun horietako bat.

Telesaila jarraitzen baduzue, konturatuko zineten GARA egunkaria behin eta berriz agertzen dela. Ez da kasualitatea, promoziorako hitzarmen baten ondorioz agertzen da berripapera Iñaki Perurenaren harrijasotzaile eskuetan, besteren artean.

Bada, atzokoan, esan bezala, nire begia egunkariaren presentzia behatzen aritu zen, menturaz. Nolabait, nire arreta bereganatu zuen GARAren presentziak eta zenbat aldiz agertzen zen zenbatzen jardun nuen.

Halako batean, Boga tabernako horman Igor Porturen ospitaleratzearen argazkia jasotzen zuen GARAren azala (pdf) agertzen zela ohartu nintzen. Sakelako telefonoa atera eta hor aritu nintzen testigantza hori jaso nahian. Hemen ikus dezakezuen bideoan sumatzen dena baino askoz ere argiago agertu zen gazte Lesakarraren argazkia ETB1en. Baina ez nuen garaiz grabatzerik izan.

Deigarria egin zitzaidan hedabide gehienetan isilarazia izan den tortura salaketaren (pdf) testigantza nola irits daitekeen telebistan presentzia izatera, publizitate hitzarmen baten ondorioz, zeharka besterik ez bada ere.

Terapia Desira Doktorearen kontsultan

Obsesioak jota nagoela pentsatuko du norbaitek, azken boladan maiz dudalako sexua mintzagai lerro hauetan. Bada, egia izango da agian, eta horregatik jo nuen joan den ostiralean Desira Doktorearen kontsultara, arduratuta, terapia bila…

Ez da harritzekoa sexua behin eta berriz izatea hizpide, egunero inspiratzen baitu irakurgai bat edo beste. Aldiro da albiste arrazoi ezberdinak tarteko. Hedabideek, bistan da, badakite sexu istorioak kontatuz gero irakurleak erakarriko dituztela. Batzuentzako dirua baita biziari eragiten dion errota, beste zenbaitentzat maitasuna, eta askorentzat sexua… Iragan astean Vienako katedraleko museoan eskegitako mihise bat izan zen polemika iturri. Bertan, hamabi apostoluak ageri ziren –Oteizak akaso hamahirugarren bat batuko ziokeen orgiari– «azken afaria» esaten zaionarekin batera beste jaki batzuk dastatzen. Austriako ahots ultrakontserbadoreek gaitzesgarritzat jo, eta laster ezkutatu dute bazter batean, bertan agertzen diren zertzeladak deabruaren beraren margolana bailiran. Infernuko suak zizelkatutako artelana.

Oso bestelako albiste batek bereganatu zuen nire arreta atzo. Antza denez, Marilyn Monroe handiaren bideo bat saldu berri baitute, 1,5 milioi dolarren truke. 15 minutuko grabazio hori ez da aktorearen lan argitaragabea, ez. Intimitatean hartutako irudiak dira, eta sexu harremanetan ageri omen da ilehoria. Pentsatzekoa da erosleak ez duela eskuratu aktorearen antzezlanari dion miresmenagatik, mito sexualak eraginda baizik. Dena dela ere, nolabaiteko miresmena behar du, edo sosak soberan, horrelako dirutza askatzeko prest egon bada. Minutu bakoitzeko ehun mila dolar!

Donostiako Rockstar aretoan ezarritako kontsulta ibiltarian hartu ninduen Desira Doktoreak. Eta on egin zidan bere aholkuak. Kabaretero baten gisan ibili zen batetik bestera Francis medikua, taburik gabe sexuari eta maitasunari abesten. Sexo, ternura y misterio du izenburu bere azken diskoak. Eta, sinets iezadazue, terapia bikaina bada, zuzeneko kontsulta ezin hobea da.


Asexualak?

Ebanjelioen inguruan ezjakin hutsa naiz. Beti esan dut erlijioak direla burutu gabeko nire ikasgai nagusia. Batez ere, Kristautasuna, gertutasunagatik besterik ez bada ere. Ez pentsa orain konbertitzeko asmorik dudanik, ez. Gure gizartea doktrina horrek baldintzatuta bizi izan delako, eta oraindik ere bizi delako, izan nahiko nuke ezagutza handiagoa. Baina kanpotik, toreatzailearen gordelekutik, jakina.

Ez dut inoiz ulertu, eta ez dut inoiz ulertuko, sexu harreman osasuntsuen aurrean Elizak duen jarrera ezkorra. Zergatik dioten horrenbeste beldur «haragiari» edo, bederen, zergatik uztartzen dituzten sexu harremanak lizunkeriarekin. Mendeetako ahaleginaren ondorioz, Elizaren esanek erdietsi dute nahi zuten helburua, zalantza izpirik gabe. Gizartearen subkontzienteak sexuaz duen ikuspegia zikinkeriarekin nahasten da, ezinbestean, frustrazioak eta konplexuak areagotuz.

Katolizismoarekin lotutako gertakari orok egiten dio uko sexuari. Ama Birjinak ez zuen txortan egin, aingeruek ez dute sexurik, eta apaizak ezkongabetasunean bizi dira. Nerabezaroan kanpaia jotzerik ez… eta ezkondu arte, laztan bat bera ere ez. Ondoren, jakina, helburua haurrak erditzea denean soilik.

Balore horiek guztiak zabaldu dituztenak, baina, hipokrita hutsak dira. Horietako asko eta asko, behintzat. Eliztarren eta eliztar ez direnen artean debeku horiek sustatzen dituzten bitartean, barrura begira bestelako araudia darabilte. Moral bikoitza. Erdi Arotik, hainbat izan dira beren fantasia erotikoak papereratu dituzten apaizak. Behar hori ere baduten seinale. Eta are gehiago izango dira idazteaz harago fantasia horiek gauzatu dituztenak…

Sexua eta Elizarekin zerikusirik duen azken eskandalua Austriatik iritsi da. «Erlijioa, haragia eta boterea» izeneko erakusketa dago Vienako katedraleko museoan ikusgai. Alfred Hrdlicka artista ateo eta gorriak irudikatutako hamabi apostoluak elkar masturbatuz ageri dira «Azken afaria» izeneko koadroan. Hautsak harrotu ditu; are gehiago, erakusketa Elizaren esparru propioan paratu dutelako. Eta koadroa erretiratu egin dute azkenean.

Niri, bada, naturalagoak iruditzen zaizkit larrutan ari direnak asexualtzat aurkeztu izan dizkidatenak baino.

Suziriak

Ipar Amerikako indigenek zeruari dantza egiten zioten euria bota zezan. Hori da behintzat Western filmak ikusiaren ikusiaz ikasi genuena. Txinan, baina, ez diote ortziari dantza egiten, suziriak jaurtitzen dizkiote negar egin dezan. Baita lortu ere.

Hori da Xinhua izeneko albiste agentzia ofizialak egunotan zabaldu duena. Beijing hiriburuan eta Hebei izeneko probintzian udaberriko euri jasa handiena lortu dute azken 24 orduotan. «Teknologia erabiliz, eurite mardul eta luzeagoa lortu dugu», esan du harro-harro Meteorologia Bulego txinatarreko funtzionario batek. Hodeietara zilar ioduroa duten etxafuegoak botatzea ez da biribilguneak osatuz dantzan eta kantuan aritzea bezain sotila. Baina eraginkorra bai, antza. Txinako hainbat probintziak lehorte gogorra bizi dute azkenaldian eta, agintarien arabera, agorraldi luzeari aurre egiteko jarri dute zerua beren bolanderen begipuntuaren xedean.

Lehorteei buruz idatzi nuen joan den asteartean zutabe honetan bertan, eta Txinan nola aurre egiten dioten aipatu nahi izan dut gaur. Baina beste idorte bati buruz ere mintzatu nintzen. Hots, sikate informatiboaz. Izan ere, Aste Santua delakoak dirauen bitartean –baita txokolatezko arrautzak nagusitzen direnean ere– bestela aipagarri diren hainbat gertakari eta albistek urriago dirudite, baita alderantziz ere… Eta pertsonaia sonatuen heriotzak ugaldu egiten dira, itxuraz, mundu osoan.

Hedabideetan oso zabalduak daude lehorteei aurre egiteko trikimailuak. Egintzaren ondorioak dira, ohiko jarduna edo. Beste batzuetan, ordea, suziriak erabiltzen dira, Txinan legez, idortea bat-batean akabatu nahian. «Artifiziozko suak» albiste bat edo beste neurri gabe puzteko.

Horrelakoetan tragedia, odola eta samina erabiltzen dituzte jaurtigaiak betetzeko. Zilar ioduroaren ordez, morboaren osagai nagusiak. Antza, behe-lainoak inguratutako burmuinen arreta bereganatzeko ezin hobeak dira, ikus-entzuleak erakartzeko nahasgai bikainak.

Ez dakit irudipen hutsa den ala ez, baina esango nuke gero eta luzeagoa dela lehorraldia inguruan ditudan ohiko hedabideetan. Batez ere «kutxa leloa» esan izan zaion horretan. Suziri horiek ez baitute nire egarria asetzen.

Lehorte santua

Badirudi amaitu dela lehortea Euskal Herrian. Aste Santuarekin batera iritsi dira euri zaparradak eta elurra. Aspaldiko partez, geure larreak busti dira bizitzaren oinarrizko likidoarekin. Ur edo euri eskasia amaitu da, baina beste gisa bateko idorteak harraparu gaitu. Idorte informatiboak.

Bederen, hori da urtero-urtero, batez ere kultur informazioaren alorrean, egun santuak ei diren hauek dirauten bitartean izan ohi dudan sentipena. Oso prentsa ohar gutxi, prentsaurreko deialdiak are urriago, Interneteko euskarazko hedabide alternatibo gehienak geldi (baita 2.0 deritzen horiek ere), eta albiste agentzia ofizialetan ere aipatzeko askorik ez.

Prentsa objektibotasuna eta independentzia ez dira existitzen. Deontologia bai, baina inpartzialtasunik ez. Kazetari ororen begirada dago bere izaera eta izate hutsagatik baldintzatuta, behinik-behin. Albisteak hautatzeko unetik hasi eta idazteko mementuraino. Eta kontrakoa defendatzen duenak ez du kazetaritza ezagutzen, edo ez du ikusi nahi. Baina hedabide eta kazetari bakoitzaren giza kondizioak ez ezik, beste gauza batzuek ere baldintzatzen dute egunerokotasuna.

Esango nuke urte osoan zehar hedabide guztien interesa bereganatu duten gertakariak ez direla egun santu hauetan apaldu. Baina hedabideetako jendearen erdia baino gehiago oporretan dago, orrialde kopurua ere txikitu egin behar da… eta inork esango luke egunotan mundua ere gelditu egin dela, lasaitu zaigula geure planeta aztoratu hau.

Aste bete lehenago inork erreparatuko ez zion albistea, bat-batean, orri beteko informazioa bilakatzen da. Ez baitago besterik. Jakina, albiste bat edo beste hautatzerakoan, iritsi diren beste informazioek ere baldintzatzen baitute erabaki hori. “Garrantzitsuago” omen diren albisteekin lehiatu behar ez direnean, bestela argitaratuko ez liratekeen informazioak zabaltzen dira . Hildako zinegileak, idazleak, margolariak… ere ugaldu egiten direla dirudi, mundu osoan.

Ez naiz santu zalea, bat ere. Nik ere eskertu dut lehorte labur hau, ordea. Gurpila ez da gelditu, baina abiadura moteldu du. Eta apur bat lasaiago egoteko aukera eman dit. Horrelakoa da bizitza. C’est la vie.

PD: Aste Santuan lanean edo erdi gaixo egon naiz. Orain, oporrak tokatzen zaizkit. Aste bete ;)

Gomendio bat:

Garai batean bezala erromatarren filmak ikusteaz aspertu bazarete, hona hemen arkera ezberdin baina interesgarri bat.

Cloverfield” da, fantasiazko pelikula katastrofiko estatubatuar bat. Espainolez “Monstruoso” deitu diote. Aurrekoan ikusi eta dezente harritu ninduen, batez ere beldurra eta kaosa adierazteko darabilen trataera zinematografikoarengatik.

Fantasiazko filma da, baina izua deskribatzerako orduan teknika hiperrealista darabil. Batzuetan Dogma 95 dirudi, baina jakina ez dela, besteak beste efektu berezi ugari baititu. Baina kamera sorbalda gainean eramate horrek kutsu hori ematen dio. Nahasketa berezia, beraz, eta nire ustez nahiko eragingarria, nahiz eta hasieran apur bat kosta zitzaidan kontakizunari heltzea.

Hezur eta haragizko Homer Simpson

Benetako homer

Hona hemen Meneame.net-en topatu dudan irudia. Pixeloo blogekoa da.

Homer Simpson
animazio pertsonaia ezaguna ageri da. Hezur eta haragizkoa!

Photoshopetik pasa ostean, hori bai.

Hitzik ez…

Freaks

Gaztelaniazko telebista kate batean ikusi dut asteburu honetan “Zuk balio duzu!” edo antzerako izenburua duen saio bat. Bertan, jakingo duzuenez, talentu berriak atzematen saiatzen dira jendaurrean egiten dituzten casting modukoen bitartez. Europako beste telebista kate batzuetan arrakasta itzela izan du formula honek eta, badakizue, dena da inportagarri egun, baita zaborra ere.

Orotarikoak ikus daitzeke hor. Dantzariak, abeslariak, kirolariak, umorezko antzezlanak… eta, tarteka marteka, saio horretan ustez bilatzen dituzten pertsona bertutetsuekin zer ikusirik ez dutenak ere. Alegia, aldez aurretik lehiaketatik at dauden lehiakideak. Duda sortu zait. Benetako pertsonaiak dira? Edo aktore lanetan dihardute? Nola edo hala, saioa egiten dutenek nahita hautatzen dituzte.

Abesteko edo dantzatzeko gaitasunik ez duten horiez ari naiz. Alegia, taula gainera irten eta berehala ustezko epaimahaikideek barrezka erantzuten dieten horiei buruz. Gidoilariek badakite jendeari barre egiteak audientzia ekar dezakeela. Hots, azpikeriaz hautatzen dituzte, espektakulua errentagarri egiteko beharrezko zaizkielako, hurrengo fasera sekula iragango ez direla aldez aurretik jakin badakiten arren.

“A ze frikia!”, esango du ikusentzule askok horietako bat ikusten duenean. Eta, epaimahaiak bezala, trufa egingo dio. “Nola izan dezake aurkezteko kuraia?” galdetuko diogu alboan eserita duenari. Eta, jendearen algarei esker hazita, hurrengo fasera pasako ez dela esango diote epaileek. Ez duela balio… Edo, akaso, bai, umiliazioa luzatu eta audientziari eusteko, pertsonaia horrek umiliatua izateko berezko sena edo duela erabakitzen badute.

Unibertsitatean ikusi nuen pelikula klasiko bat datorkit gogora. “Freaks” zuen izena, eta gaztelaniaz “Munstroen geltokia” bezala itzuli zuten (Tod Browning, 1932). Zirko bateko langileak ditu protagonista. Bertan, pertsona elbarri eta desitxuratuak dira ikusle gehien erakartzen dituzten artistak. Cleopatra trapezista ederrak eta Herkules indartsuak herentzia potoloa lapurtu nahi izango diote horietako bati. Baina freakyak konturatu egingo dira, eta larrutik ordainaraziko diete. Taldekide bat kaltetuz gero, guztiak sentitzen baitira kaltetu.

PS: Hori izango al da Eurovisioni gertatu zaiona?


Konponbidea

Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoaren erakuslerik gordinenak azaleratu dira berriz ere azken hilabeteotan. Eta arazoaren isla diren gertakari horiei guztiei erantzun die euskal gizarteak, baita sarean ere. Zutabe honetan aktualitateak Interneten eragiten dituen erreakzioak jorratzeko joera dut maiz. Gaur ere saiatuko naiz, bada, aferaren muinari ahalik eta zintzotasun eta urruntasun handienaz heltzen, sentipenei dagokienean behintzat. Sarea, nolabait, gizartean gertatu eta hausnartzen denaren lagina izan daitekeela uste baitut.

Berriki, gatazkaren adierazpen bortitz gehienek jaso dute Interneten erantzuna, maila handiago edo txikiagoan. 2007 urte amaieran Batasunako ordezkariak atxilotu zituztenean freebatasuna izeneko kanpaina abiatu zuten zenbait blogarik. Eta, orain gutxi, notimeforlove lelopean erantzun dute beste hainbat webgune eta pertsonek ilegalizazio, atxiloketa eta tortura salaketen aurrean. “Egunkaria“ren itxieraren urteurrenean, Egunkaria libre! zabaldu zen blogosferan. Eta, egunotan, Isaias Carrasco hil duen atentatuaren inguruan eztabaida handia piztu da. Zenbaitek Do not save me, thanks oihukatu dute ETAren ekintza arbuiatzeko.

Lehenago ere azpimarratu izan dut gatazkaren ondorioek sortzen didaten kezka eta nekea. Aztoratu egiten nau gurasoak gatazka konponduta -edo bidean- ikusi gabe desagertu daitezkeela pentsatze hutsak. Aiton-amona gehienak, dagoeneko, hori ikusi gabe joan baitzaizkit. Eta are gehiago gu guztion semealabek gatazka pairatu beharko dutela irudikatzeak. Horregatik uste dut, salaketa kanpaina bakanen gainetik, denok ekin beharko geniokela inoiz baino tinkoago, eta trinkoago, gatazkaren irtenbide politikoaren bila. Ideien gainetik, gatazkak eragiten dituen ondorio guztien aurrean erantzun bateratua ematea ezinbestekoa iruditzen zait. Eta, hori, konponbidea bezalaxe, gutxieneko oinarrizko akordio baten bidetik soilik etor daitekeela uste dut.

Hitz lauz: 1-Amai daitezela alde baten zein bestearen erasoak, eta eser daitezela berriz mahai baten inguruan. 2-Euskal gizarteko eragile guztiek, eta jendarteak berak, adostu eta zerrenda ditzatela gauzatu ahal izango diren aukera politiko erreal guztiak, erabakiko den marko politiko berria (ala zaharra) errespetatuko duen behin behineko taula margotzen hasteko.

Ba al dago horretarako borondaterik?

PS:
GARA egunkariko kontrazalean gaur argitaratua.

Iruña-Veleiako harresia 3Dn

Iruña Veleia, harresiaren eraberritzea

Joan den asteazkenean, esan bezala, ezin izan nuen Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkera bertaratu “Egunkaria“ko auzipetu eta langileei, itxieraren bosgarren urteurrenean, elkartasuna adierazteko.

Bezperan, Iruña-Veleiako Harresiaren Zuzendaritza Planaren aurkezpen deialdia iritsi zen erredakziora eta, azkenaldian gai honen inguruan dagoen ika-mika ikusita, Langraizera abiatzea erabaki genuen Martin Anso kazetariak eta nik. Hona hemen emaitza.

Orain gutxi informazio zabala –[1][2][3]– plazaratu genuen geroglifoak eta euskara nahiz latinezko hitzak dituzten grafitoen gaineko eztabaidaren inguruan, eta nik neuk zutabea argitaratu nuen kontra-azalean.

Asteazkeneko aurkezpenaren ostean, arduradunekin egoteko beta izan genuen aztarnategian bertan, zenbait iritzi eta ikuspegi elkartrukatzeko, baina hori beste istorio bat da…

Nahiko kritiko naiz, ez hainbeste arkeologia ikerketaren arduradunen “lurgaineko” lanaren inguruan, informazioaren eta argitalpen zientifikoen inguruko kudeaketarekin baizik.

Iruña-Veleia sekulako aztarnategia da, ostraka horiek egiazkoak izan ala ez. Egia da idatzizko euskara, latin eta egiptoera dituzten grafito horiek are eta garrantzitsuago egiten dutela desagertutako hiri eromatar hau. Ez baita herrixka bat, garaiko hiri handi bat baizik.

Iruña Veleia, harresiaren eraberritzea

Bere mementurik onenean 10.000 biztanle izan zituela uste dute adituek. Harresiak, aldiz, inperioaren eta hiriaren beraren gainbehera garaian eraiki zituzten, erromatar inperioaren azken aroan, III. mende amaieran edo IV.aren hasieran. Arduradunen ustez, Estatuan dauden 23 hiri erromatar harresituen artean oso ondo kokatuta dago Iruña-Veleia garrantzia arkeologikoari dagokionez.

Iruña-Veleiak berez duen garrantzia ez dugu ahantzi behar. Baina zalantzen aurrean ezin dugu itsu-mutu-gorrarena egin. Denborak eman edo kenduko die arrazoia batzuei ala besteei.

Bitarte horretan harresiaren eraberritzen lanen azterketa txostenaren berri izan genuen Iruña-Okan egindako aurkezpenan. Bertan, harresiaren inguruan egin diren ikerketa eta ekintzak azaldu zituzten, eta arkitektoak ikusgarritasun handiko hiru dimentsioko irudiak baliatu zituen eraberritzearen ondorioak erakusteko. Irudi batzuk ere eskuratzerik izan dut, eta hemen jartzea erabaki dut, denek ikusteko moduan.

Denok gaude beste zerbaiten esperoan. Eta Arabako Diputazioak geure zalantzak datorren udan argituko direla iragarri du. Apur bat itxoin beharko dugu oraindik, beraz.

Iruña Veleiako harresia

Webgunea:

Azkenaldian Iruña-Veleiako aztarnategiaren webgune ofiziala “erorita” egon da. Urtarrilaren 22 aldera desagertu zen eta ordutik mezu (tekniko) ezberdinak azaldu ditu portadan. Azkenekoan, birdiseinuan lanean ari direla adierazten du irudi batek.

Besteren artean, arduradunei afera honen inguruan galdetzeko beta izan nuen. Batbatean eduki guztiak ezabatzea arraroa iruditzen zait niri baina, esan didatenaren arabera, askoz ere webgune osatu eta txukunagoa sareratu nahi dute, informazioa banatuko duen “boletin” eta guzti.

Zain egongo gara, bada.

PD: Flickr-en ere jarri ditut irudiak kusgai.

Eneko, artea flash bilakatzen denean

Eneko ere euskocaraqueñoa da. Laguna, bere gurasoak nireen lagunak diren bezala. Venezuelan elkar ezagututakoak.

Artista hutsa, ezagutzeko modukoa. Garai batean “Egin“en orrialdeetan baliatzen zuen bere arkatza. Eta esango nuke, ordutik, denbora askoan, egunkarietako zintei baino arreta gehiago jarri izan diela mihise gaineko bere artelanei.

Nik ezagutzen dudan bere lehenengo marrazkia, eta ezagutu nuen lehenengoa, nire aitaren sorbaldtik gorako soslaia da, itzal bat. Gurasoen etxean dago memoria dudanetik zintzilik. Eta “Time“ren “Man of the year” (orduan ez zen person) ezagunaren azala irudikatzen duen ispilu batean dago jarrita. Izugarri ona. Ez omen zituen 15 urte marrazkia egin zuenean. Ezaguna egiten zaizue ideia?

Egun Madrilgo “20minutos” egunkari ezagunean ari da eta, bere blogean dauden erantzunei erreparatuta, ez dirudi orain ere egiten dituen zintek irakurlea indiferente uzten dutenik. Are gutxiago dagoen tokian. Mariano Ferrer edo Javier Ortiz garai batean “El Mundo“n bezala… baina marrazkilariaren azalean? ;) Iritzia azaltzeko beste modu bat, azken finean.

Zintak ez ezik, flash animazioak ere egiten ari da azken aldian, eta ikusteko modukoak dira, benetan.

euskalTuberen berri izan zuenean animazioak bertan sareratzeko aukera luzatu zidan. Eta kanal berezi bat sortzea erabaki genuen. Hemendik aurrera, bere blogean ez ezik, euskalTuben ere izango dituzue ikusgai “Semueve” izeneko kanalean.

Eskerrik asko, Eneko!

PD: Ez da euskalTubeko berrikuntza bakarra. Beste kanal berezi batzuk ere sortu dira, hala nola, “Elurnet bideoak“, Eguzki irratiko “Cómo están ustedes“, “Ikus-entzunezkoen Rallya” eta Bilboko “Branka” agerkaria, besteren artean. Baina ez dira bakarrak, ezta berrikuntza bakarra ere. Adi beraz, euskalTubeko blogari!