Zabaldu.com gunean irakurri nuen atzo. G8 osatzen duten munduko zortzi estatu boteretsuenak isilpeko hitzarmena sinatzekotan omen dira. Akordio horren bitartez, aurrerantzean, aduanako funtzionarioek ordenagailu eramangarriak, musika irakurgailuak, edukiontzi digitalak, CD eta DVDak… atzeman eta miatu ahalko dituzte, «egile eskubideen legedia betearazteko». AEBak, Kanada eta Europako hainbat estatu omen daude sinatzaileen artean.
G8 delakoak datorren uztailean Tokion egingo duen bilkuran aztertuko ei du hitzarmena. «Aduanako funtzionarioak copyrightaren polizia bilakatzea ahalbidetuko duen nazioarteko araudia indarrean jartzea» omen da helburua, “Ottawa Citizen” eta “National Post” egunkariek zabaldutakoaren arabera.
Nire iruzkinak irakurtzen dituzuenok –zutabe (blog) hau inork irakurtzen badu– jakingo duzue maiz izan dudala hemen mintzagai George Orwell idazlearen “1984”, anaia nagusiaren kontzeptua ederki islatzen duen eleberria. Azkenaldian baina, anaia handi hori gu geu ginela pentsatuta nengoen. Alegia, estatuek, poliziak eta boterearen inguruan mugitzen direnek ez dutela zelatan ibili beharrik, hiritarrak berak jartzen dituelako bere datuak zelatariaren eskura… askotan jakin ere egin gabe.
Garai batean hain sonatua izan zen Echeloni buruz ere –modaz pasata edo– ez dugu kasik inon irakurgairik aurkitzen egun. Alegia, beren kontrola sotilagoa bilakatu zela sinistuta nengoen, zelatatuak zelatatzen dutela ez susmatzeko modukoa. Tira, egia esan, espioitza, espioitza izango bada, isilpean egin beharreko zerbait da beti. Beti sotila, ustez, beraz. Oraingoan, baina, copyrightaren aldekoen zutoihala ukabilekin estutu eta inongo lotsarik gabe geure ordenagailu, pendrive, musika irakurgailu, CD, DVD eta abarretan kuxkuxean aritu ahal izango dira poliziak. Ustez, egile eskubideak urratzen dituzten fitxategiak bilatzeko baina, bien bitartean, beste eduki batzuk ere miatu ahal izango dituzte.
Eta zelataritzaz ari garela, ezin ahantzi berriki Gasteizko Aiztogile kalean hainbat herritarrei esker agerian geratu den zelatatze sistema. Orwellena, aspaldion, ez baita zientzia-fikzioa, errealitate gordina baizik.
A astronomoak azken 50 urteotan gure Galaxian bila ari izan diren objektu baten aurkikuntza ezagutaraziko duela iragarri du bere webgunean Amerikako Estatu Batuetako NASA espazio agentziak. Bihar emango du jakitera berebiziko garrantzia omen duen aurkikundearen mamia.
Antza, Chandra izeneko X izpien bidezko behatokian nahiz Lurretik egindako azterketetan jasotako datuak bateratuz topatu dute oraingoz ezezaguna den objektu misteriotsu hori. Eta xehetasun gehiago eman ez dutenez, espekulazioak aurre hartu dio berriz ere informazioari, horrelakoetan gertatu ohi den bezala.
Microsiervos izeneko blog komunitarioan hipotesi asko eta asko bota dituzte honezkero. Ez da harritzekoa NASA gisako erakunde batek horrelako iragarpen misteriotsua egin ostean barnean daramagun alegiazko zientzia idazlearen sena piztea.
Inork esan duenez, baliteke astronomoek gure Galaxiaren erdian dagoen zulo beltz bat aurkitu izana. Edo, akaso, supernova baten zuzeneko eztanda grabatu dute. Bestela, izan daiteke Lurraren ezaugarri berdintsuak dituen planeta bat edo, agian, Galaxia osoa irensten ari den zulo beltz erraldoi bat. «Zizare zuloa» aipatu dute zenbaitek eta X Planeta izan daitekeela bota dute beste hainbestek. Edo beti Eguzkiak estalita «bizi» den Lur paralelo baten gisako planeta? Ausartenek «ontzi extralurtarra» datekeela zabaldu dute, erdi txantxetan edo. Izan ere, beste batzuek Lurraren ezaugarri berberak ez ezik, bizitza ere baduen planeta izan daitekeela esan baitute, serio antzean. Gure planetaren inguruan biraka dabilen bigarren «satelite iluna» kausitu dutela esan duenik ere badago edo, apika, «materia iluna» edo «Eguzkiaren izar bikia».
Jakin nahi duenak bihar arte itxoin beharko du, ordea, Interneten sareratutako bideo fitxategi baten bitartez aurkikuntzaren irudiak zabalduko dituela jakinarazi baitu North American Space Agency-k.
Orotarikoak dira teoria, hipotesi eta burutapenak. Baina guztien artean bat hautatuko nuke nik: gure planetan bizitza adimendunik esistitzen dela deskubritu ote dute?
Euneraketa: Ezagutzen den supernoba gazteena da topatu dutena.
I confess, Mr. Johnson, I am a Basque digital shepherd and I have about 10 nicks for defining my digital identity
I hope you have ironic sense enough to understand me.
PD: As I usually say, excuse me because my bad English. I could send the text to my friend Alan R. King [1, 2, 3, 4, 5, 6, 7), an English linguist who lives –like Mikel Morris– in Zarautz and who speaks, reads and writes in a beautiful and fluid Basque. But I didn’t. I wanted to do it by myself.
Maletillak zezen plazako hondarretara toreatzeko salto egiten duten espontaneoak dira. GARA egunkariak joko berria aurkeztu du: Bertsoak, SMSak, webgunea eta partehartzea uztartzen ditu. Ilunbeko Maletilla deitu diote.
Lau astez, txandaka, plazako zezenek (Xabier Paya, Maialen Lujanbio, Xabier Silveira eta Andoni Egaña) bertsotarako gaia jarriko dute, eta maletillek bertso edo kopla bidez erantzun beharko diete. Alegia, bertsolari amateurrak, profesionalen aurka ;). Hauxe da une honetako korrida.
Enpresa ezberdina zelakoan nengoen. Badakizue, letra txikirik gabe, rollo cool hori, komunikazio estrategia atipikoak, ustez kontsumitzailearengandik gertuago…
Interneteko konexio bat edo beste hautatzeko orduan, nahiko buruhauste izan dut azkenaldian. Gainera (eta hau ez da zertan txarra izan behar) zerbitzu hornitzaileek gero eta eskaintza “bortitzagoak” egiten dituzte. Bortitzago, konpetentziaren begiradapean, kontsumitzailearentzat errentagarriago segur aski.
Bilboko Business Global Conferencen egon nintzenean, nahiko lan izan nuen San Mamestik gertu WIFI bat aurkitzeko. Hobe esanda, ez nuen aurkitu eta ziber batean egin behar izan nuen lan. Galderrekin egon nintzen apur bat lehenago, eta hark eman zidan Yoigoren aukeraren berri. Berak ere badarabil, baina emaitza hobearekin.
Eskaintzen dituen zerbitzuak begiratzen hasi nintzen. Niri interesatzen zaidana edozein tokitatik Internetera konektatzeko aukera ematen duen 3G zerbitzua da. Eta Yoigok eskaintza erakargarria du. Izan ere, iragarkietan esaten denez, ADSL mugikorra deitzen zaion horren bitartez, Yoigok egunero gehienez Mb 1eko datu transferentzia kobratzen dizu.
Alegia, egun batean mega bat baino gutxiagoko datu transferentzia egin baduzu, dagokion tarifa kobratuko dizute. Baina gehienez mega beteko datu transferentzia kobratzen dizute. Hortik aurrera, 1,20 euro eta BEZ ordainduta (1.40 euro inguru) nahi adina datu transferitu dezakezu egun horretan. Hilean, gutxienez, 6 euroko gastua egin behar duzu. Gasturik egin ezean, 6 euroko gutxieneko hori kobratzen dizute.
Zer esan nahi du horrek?
Hilean gehienez 43 euro (BEZ barne) ordainduta, 3G konexioa uneoro eta edozein tokitan. 1,40 euroren truke, nahi adina mega (abiadurak gehienez ematen dizuna) egunero.
Egun jakin batean, edo gehiagotan, konektatzen ez bazara, ez duzu ordaintzen egun horiei dagokien tarifa zatia.
Egun jakin batean mega bat baino gutxiagoko transferentzia gastatu baduzu, 1,40 euro baino gutxiago ordainduko duzu transferentzia horregatik.
Transferentziari dagokionez, 40 Kb/s transferentzia tasara iritsi daiteke baina 3G sarea dagoenean normalean 35 Kb/s ingurukoa ematen du gutxienez. Bestela, GPRS bidez ere konektatzen da, nahiko motel.
Horraino, nire beharrari, erdaraz esaten den bezala, eraztuna behatzari bezain ondo egokitzen zaion aukera da.
Deitu dut Yoigora. Oso ondo atenditu naute. Pentsatu dut: “Hau ezberdintasuna beste hornitzaileen bezeroen arretarekin alderatuta… Egia izango ote da iragarkietan sinistarazi nahi digutena?”. Behar bezala azaldu diet zertarako behar dudan kontratua. Ordenagailu eramangarriarekin Internetera konektatzeko. Macintoshean ere ondo dabilen galdetu diot. Baietz esan dit. Eta GNULinuxekin? “Hori ezin dizut ziurtatu”.
GNULinuxekin ba ote dabilen frogatzeko aukera izango dut nik neuk, eta beraz ez dut alde horretatik gehiegi insistitu. Arazorik ez. Gehiago ere, ordenagailuak Bluetoothik ez duenez (makina zaharra da, hiru urte egingo ditu…), USB hariarekin datozen telefono modeloak zerrendatu dizkidate. Dudarik ez beraz. Dena ondo.
Mugikorra ere erosi dut (Sony Ericsson K610i). Kontratua eginez gero, 9 eurotan uzten dizute. Ondo dago, 3G badu, eta horrekin nahikoa da nire beharrentzako. Aste betean iritsi zait etxera. Kreditu txartelarekin ordainduz gero, bidalketa gastuak beraiek ordaintzen dituzte.
Jaso eta berehala, frogatzeko irrikitan egon naiz. Eta, lana bukatuta, etxera iritsitakoan hasi naiz frogak egiten. Sonny Ericsson PC Suite dakar telefonoa eta ordenagailuaren artean konexioak kudeatzeko. Baina, lehenengo saiakeran, kale! Konexioa sortzea lortzen dut, baina abiadura ez da berez eman beharko zukeena.
Desesperatzen hasi naiz. Hiru toki ezberdinetan frogatu dut Donostian: Aieten, Igaran eta Egian. Baina guztietan oso abiadura eskasa lortu dut. Gehienez 10 Kb/s, baina maiz segunduko Kb 1 ere ez. Edonor desesperatzeko modukoa.
Hasi naiz informazio bila interneten, arazoa konpontzeko asmoarekin. Baina, klaro, behar bezalako konexiorik gabe, ezin iritsi abiapuntura. Aukera bakarra geratu zait, bezeroen arretarako telefonora deitu. Has gaitezen dardarka…
Nire arazoa azaltzen saiatu naiz. Eta, lehenengo erantzuna oso eskasa izan da. Telefonistaren arabera, saltzen duten 3G zerbitzua ez dago ordenagailuarekin konektatzeko pentsatua, Mugikorrarekin nabigatzeko baizik. Gehiago ere, ez omen dute ordenagailu bidezko 3G konexiorik eskaintzen. Horregatik, ez dute alor honetan laguntza teknikorik emango, jaere. Moskeatu egin naiz.
Ez dutela zerbitzu hori eskaintzen? Nire ustez, saldu didaten terminalak eta zerbitzuak aukera hori eskaintzen badute, defektuz (ez da ezer hackeatu behar), orduan alor horretan laguntza teknikoa eskaintzea ezinbestekoa da. Bestalde, ni Yoigorekin harremanetan jarri naizenetik argi eta garbi azaldu diet zertarako behar dudan zerbitzu hori, eta ez didate inolako oztoporik jarri. Ordenagailuarekin konektatzeko USB kablea duten mugikorrak zeintzuk diren ere esan didate eta! Orduan, nola daiteke zerbitzua erabiltzen hasi eta ordu gutxira deitu dudanean erantzun hori jasotzea? Zerbitzu fantasma da?
Saiakera gehiago egingo ditut, esan diot nire buruari. Baina ezer ez. Berriz deitu dut. Oraingoan, kasu egin didan pertsona dezente jatorragoa da, laguntzeko asmo gehiagorekin joan da lanera gaur, bere lagunarekin alderatuz. Ezarpen batzuk eman dizkit, oso azaleko laguntza izan da. Proxy zenbaki bat, portua eta beste bi tontakeri. Baina horiek ezarrita ere, ez dut behar bezalako abiadurarik lortzen.
Hirugarren aldiz deitu dut Yoigora. Eta, berriz, lagutzeko asmo gutxi duen tipo bat jarri zait bestaldean. Sail teknikoarekin ez nauela jarriko… bla, bla, bla. Esan diot zuzen zuzenean erreklamazio sailera desbideratu dezala nire deia. Baina hori ere ezin omen du egin, eta berak kargu hartuta, 24 ordu baino lehen deituko didatela esan dit. Ostirala da, 20.00ak aldera.
Pasa dira 24 ordu, eta ezer ez. Berriz deitu dut Yoigora. Azkenaldian, ekubideen jabe den kontsumitzailearen sena hazi egin da nire baitan, eta telefono deiak erantzuten dituzten robotek ez ezik, lagun bat edo bestek ere pairatu behar izan du eskubidedun kontsumitzailearen haserrea bere azalean. Sekulako sermoia bota diot, ez dut hemen dena azalduko (luze xamar joan da).
Erantzun bat nahi dut gutxienez. Akaso, hemen ez daukate 3G estaldurarik, edo erabiltzen ari naizen terminala ez da egokiena nire ordenagailuarekin elkarlanean aritzeko, arazoak izan ditzakete azken orduotan sarean, agian gaizki konfiguratu dut konexioa… Nik zer dakit. Baina, gutxienez, orientazio pixka bat eskertuko nuke. Tipoa saiatua da, galdera batzuk egin dizkit eta azalpen bat emateko prest ditudi. Eta juxtu lasaitzen hasi naizenean… klonk! Komunikazioa eten da.
Beste behin deitu dut, eta neska batek hartu dit. Azaldu diot Alfredorekin hizketan ari nintzela, eta, mesedez, ahal bada, berarekin hitz egin nahi dudala berriro, ez dudala berriz nire arazoa hasieratik azaldu nahi. Ez dela posible esan dit, ezin dituztela deiak batetik bestera pasa. Bale, guatxi, nire umorea segundoz segundo hobera doa.
Beste erremediorik ez badago, arazo guztia azalduko diodala esan diot. Baina denbora apur bat beharko dugula. Ez dut berriz entzun nahi ez dutela zerbitzu teknikorik eskaintzen nik dudan arazoa konpontzen saiatzeko. Kontratua begiratzen aritu naiz eta inondik inora ez da hori ageri.
Total, tipa honek ere ez du gaur laguntzeko gogo handirik. “Erantzulearen eskuliburutik” ateratako erantzunak ematen hasi zait, eta nire pazientzia agortzen. Moztu egin dut. Bota dizkiot berriz nire argumentuak. Eta, halako batean, errespetua galdu dit, hasi zait erdi garraxika, deia lehenbailehen amaitu asmoz edo… Guztiz agortu da nire pazientzia. Identifikazioa eskatu diot eta zuzenean erreklamazio atalarekin jartzeko eskatu diot, eta gero baja emateko behar denarekin.
Bada, hori ere ezingo dut gaur egin. Esan didanez, bezeroaren identifikazio automatikoa egitea galarazten dion “intzidentzia” bat daukate (hitz hori bezeroen arretako eufemismo erabiliena bilakatuko da azkenean). Ze ondo!
Ikerketa:
Babes teknikorik ematen ez didanez, neure kabuz hasi behar izan dut arazoaren iturrira iristeko ikertzen. Tira, neure kabuz baina hainbat blog, eztabaidagune eta, jakina, Interneten laguntzaz. Motela, baina sarea.
Lehenengo gauza, inguruan ze sare dauden begiratzea. Egia esan, horretarako nahiko tresna txukuna da Sony Ericsson hau. Hiru topatzen ditu: Vodafone, Orange eta Movistar. Bakoitzeko bi sare, GSM sarea eta 3G sarea. Yoigo ez da ageri baina pentsatu dut Vodafoneren gainean lan egiten duela. Movistar eta Orangerekin ez bezala, Vodafonerekin konektatzeko aukera ematen baitu nire SIM txartelak.
Bigarren kontua, sarean esperientzia berbera izan duen jendea topatzea. Eta baita topatu ere. Hor aukitu dut nire arazoaren jatorria izan daitekeena. Izan ere, irakurri dudanez, Yoigoren estaldura iristen ez den tokietan, Vodafonerekin konektatzen da, dela GSM edo 3G bidez. Deiak egiteko ez dago arazorik, baina Vodafonerekin 3G bitartez Internetera konektazerakoan, antza denez, ez du behar bezala egiten eta GPRS bidez konektatzen da, askoz ere abiadura txikiagoan. Ez naiz arazok izan dituen bakarra: [1], [2].
Lerro hauek idazten hasi baino minutu batzuk lehenago, sakeleko telefonoaren pantailan ikono berri bat agertu zait. Ohartu naiz abiadurak hobera egin duela eta segituan abiadura testa egiten duten webgunera jo dut. Hala ere, emaitza ez da izan espero nuena
Webgune honetan 42 kbps ematen dizkit beherako trafikoari dagokionean, alegia, 5,3KB/s; eta 19kbps, alegia 2,4 KB/s, gorakoa. Beste honetan, 8 kbps gora eta 12 kbps behera. Horrek, testu bertsioan dauden webguneetan nabigatzeko moduko ere ez du emate, inondik inora “abiadura handiko Internet”. Berez, hemen azaltzen den bezala izan beharko luke. Abiadurak apur bat gora egiten duenean, webguneak banan bana ikusteko gai naiz, pazientzia pixkatekin. Pentsa.
Yoigon esan didatenaren arabera Donostian ez dute estaldura arazorik. Dena dela ere, okerrena ez da oraindik behar bezala konektatzerik lortu ez izana. Eta txarrena ez da zerbitzua saltzen dizunarengana erantzun bila joan eta esku hutsik itzultzea… Erantzun egoki bat emateko saiakera ere ez egitea da sutu nauena.
Sekulako kasketa daukat.
Verdad de la buena, esaten dute Yoigokoek beren zerbitzuak saltzeko. Hau bai dela egia berdaderua.
Nire etxean ez da inoiz arazorik egon aitaren aldeko eta amaren aldeko aiton-amonak bereizteko orduan. Baina ez da izan beren izenarekin deitzen genielako. Luzez hitz egin dezaket haiei buruz, baina hel diezaiodan mamiari. Eibarkoak aitxitxa eta amama ziren. Donostiakoak, aitona eta amona.
Antxon hil zitzaidan lehenengo, aitaren aldetik. Nire aitona donostiarra zen, eta donostiako euskaraz deitzen genion, beraz. 36ko Gudak bete-betean harrapatu zuen Jarana auzoan, portuan, jaiotako gaztea. Anarkista izaki, Gipuzkoako hiriburuan inork baino lehenago faxistei aurre egin zieten CNTko milizianoekin borrokatu zuen. Larriki zauritua, atxilotua… Cervera gerra-ontzian amaitu zuen preso.
Pako Bilbon jaio baina Eibarren hazi zen. Amaren aldetik, nire aitxitxa. Hil artean Eibarko euskara peto-petoan egin zidan hika. Familia sozialistakoa izanda, 18 urte ingururekin harrapatu zuen gudak eta Errepublikaren alde haiekin borrokatu zen, urteen poderioz EAJko jarraitzaile komentzitu bilakatu bazen ere. Gustora entzungo nituzke orain Alfako bere istorioak, G.A.C.n lan egin zuenekoa, Beiztegi anaiak (BH), morokilak esnearekin jaten zituenekoa, Armeria Eskola… Azitaingo antxume goxoa… Burgosen harrapatu zuten, gaileta usaina duen Aguilar de Campootik gertu, oker ez banago.
Batak nahiz besteak burua altxako balute… Gerra garaian, eta ostean, asko sufritutako jendea da, beste askok bezala. Galtzaileen bandokoak izan ziren-eta.
Telebistan entzun dut gaur, enpresa espainol batek 36ko Gudaren inguruko bideo-jokoa argitaratu duela: “Sombras de guerra“. Estrategia moduko jokoa omen da. Internetera konektatu eta berehala hasi naiz informazio gehiagoren bila: [1], [2], [3], [4]. Bistakoa da bideo-jokoa merkaturatzeko erabili duten amua, edo beita, alegia, erreklamoa. Errepublikazaleek lehenengo aldiz “historia berreraiki” eta “guda irabazteko” aukera izango dute. Modu “ludikoan” eta birtualean besterik ez bada ere, jakina.
Seguru nago Euskal Herrian arrakasta itzela izango duela (ez dakit salmentetan, baina bai zabalpenean, kopiaz-kopia bada ere), eta baita Estatu espainolean ere. Gainera, badira lehenago aurrekari arrakastatsuak: “Comandos” jokoa eta bere sekuelak oso zabalduak izan ziren duela ez hainbeste.
Eguneraketa:
Sarrera hau idatzi ondoren berrirakurri dudanean, postdata bat behar duela iruditu zait. Ez naiz bideojoko belikoen aurkako “ekintzaile” sutsu horietakoa. Nik ere jolastu dut inoiz horietara. Hala ere, eta idatzitakoaren kutsu epikoa arintzeko saiakera batean (arraizopari ura botatzen zaionean bezala), gauza bat gaineratu nahi nuke. Estilo amerikarreko joko hauek ustezko “heroiak” goraipatzen baitituzte, eta itzalean geratu ziren beste “heroi” horiek ahaztu. Guda guztiek ezaugarri komuna badute, ez da epikotasuna. Sufrimendua da. Eta ez dira jolas bat, noski.
Bozkatzeko, Diariovasco.com guneko erebiltzaile erregistratua izatea beharrezkoa da. Erregistratu ondoren, bozketa orrialdean kategoria guztien artean webgune bakarra aukeratu behar da (alegia, publikoaren sariari dagokionean ez dago kategoriarik. Kategoria guztietako finalistak batera lehiatzen dira Publikoaren Sarian).
Gipuzkoako egunkariaren arabera, Bill Gatesen enpresak urtero 7.000 milioi $ (4.820 milioi €) inbertitzen ditu Ikerketa+Garapena+Berrikuntzan, bere fakturazio osoaren %20 eta Estatu espainolak alor berdinera bideratzen duen kopurua baino gehiago.
“Diario Vasco”ren arabera, gainera, Estatu espainoleko administrazio publikoekin batera egiten duen lanaren erronka nagusiak “haustura digitalari aurre egitea, teknologia berrietarako irisgarritasuna handitzea eta enpresa berritzaileen kopurua biderkatzea” omen da!
Search Engine Optimization (SEO) edo Bilaketa Makinen Hobetzea [es] [eng] oso modako afera da nazioartean. Ingelesez, erdaraz edo frantsesez gai honen inguruko blog ugari dago, eta mundu osoko blogarien arreta bereganatzen dute. Bilaketei begirako posizionamendu edo kokatzea ere esaten zaio.
Bilaketa makinek zure webguneko edukiak errazago eta modu eraginkorragoan aurkitzeko kontuan hartu beharreko irizpideak biltzen dituzte SEO aholkulariek. Gainera, bilatzaile nagusietan ikusgarritasuna erdiesteko egin beharrekoak aztertzen dituzte. Izan ere, bi ezaugarri horiek webguneen trafikoari zuzenean eragiten dioten kontuak dira.
Adibide batzuk, labur labur:
Taxonomia: Zure webguneko edukien loturak modu batean ala bestean izendatzeak bilaketen emaitzei eragin diezaiekete. Horrela, www.zuregunea.com//2007/10/20/izenburuan-dauden-gako-hitzak/ gisako lotura www.zuregunea.com//?p=255 baino eragingarriagoa izan daiteke, biilatzaileentzat ikusgarriagoa eta edukiak bilatzerakoan zehatzagoa. Folksonomia izeneko aldaera ere badago.
Barrura begirako loturak: Zure guneari beste guneetan egin dizkioten loturek ere eragin dezente dute bilatzaileek garrantzia gehitu edo kentzerako orduan. Gainera, ezberdina da gune bakoitzak beste bati egiten dion estekaren garrantzia, jaso dituen loturen garrantziaren eta kopuruaren arabera.
PageRank:Googlek parametro jakin batzuk neurtuta webguneei balio ezberdina ematen diote. Esaten dutenez, blog batean maiz idatziz gero, litekeena da Googlek garrantzia gehiago ematea zure guneari hain maiz eguneratzen ez den beste bati baino. Demagun bi webgune ezberdinek euskararen inguruko edukiak dituztela. Bietako batek domeinu izenean “euskara” hitza izanda ere, baliteke Googlen “euskara” hitza bilatuta, domeinu izenean “euskara” hitza ez duen beste gune bat azaltzea lehenengo bilaketa bezala.
Ni, adibidez, harrituta geratu naiz Gutenberg Galaxia blogeko estatistikak begiratzen ari nintzela. Halako batean, norbait Googlen basque country bilatuta iritsi dela ikusi dut… Googlera joan eta froga egin dut. Zazpigarren tokian ageri da duela pare bat aste idatzi nuen sarrera hau. Begiratu iezaiozue taxonomiari…
Tira, hau guztia gaur arte ezagutzen ez nuen blog bat aurkezteko besterik ez dut idatzi. Euskal-SEO du izena, eta hemen goian aipatu ditudan gai hauek guztiak jorratzen ditu bereziki.
Gaur ere kasualitate hutsez topatu dut. Technoratin Elebila bilatzaileari orain arte egin zaizkion aipamenak zelatatzen ari nintzen bitartean.
Berriz ere hasi naiz zenbat aldiz aipatu ote duten bilatzen. RSS jarioa ez dut Aurkin aurkitu, eta erreferentzia bakarrak Euskal-SEO blogeko egileak berak beste toki batzuetan utzi dituen iruzkinetan ageri dira: 29a, Prospektiba, 53R61-ren bloga, Bilbohiria Irratia eta Sarean.com.
Beste blog interesgarri bat, azpimaratzeko modukoa. Are gehiago, 2005etik idazten ari dela ikusita: Euskal-SEO.
Egitarauan ikus daitekeen bezala, “marrazo” ugari ibiliko da bertan hitzaldiak eman eta hartzen.
Aurten, dirudienez, 2.0 deritzaien proiektuei arreta berezia eskainiko dio iBGCk. Hizlarien artean, adibidez, “Redes sociales y Web 2.0″ izenburupean Barakaldoko Alianzo enpresako buru Jose Antonio del Moral (bloga) solastuko da, baita Startup 2.0 lehiaketan parte hartu zuen Sclipo webguneko Gregor Gimmy ere.
Euskal Herrian sortutako 2.0 ekimenei ere egin diete leku txiki bat. Hitzaldi eta hitzaldi artean, hainbat proiektuk bere burua enpresarioen aurrean aurkezteko aukera izango du. Gehienetan kafe garaian dira aurkezpenak, edo atsedenaldian.
Euskaltube.com ere gonbidatu dute eta, beraz, ostegunean egongo naiz bertan, 10:30ean. Esan didatenez, nahiko aurkezpen informala izango da. Atril moduko bat izango dugu, eta 30 hazbeteko pataila laua ikusentzunezko aurkezpena proiektatzeko. 15 minututan egongo gara Euskaldunako hallean, publiko zehatzik gabe, norbait noiz gerturatuko zain.
Ez dakit nola suertatuko den. Egun osoan konferentziak entzuten egon ostean, gogo gutxi geratuko zaielakoan nago. Tira, gutxienez goizean da, eta agian oraindik ez dira nekatuegi egongo. Aurkezpenak beren arreta bereganatu beharko du eta, horretan ari naiz, bideo bidezko presentazioa prestatzen. Ea lehenbailehen amaitzerik dudan, Euskaltubera igo eta hemen txertatzeko.