rssgaur8 logotipoa

Ubuntu 7.10 Tribe 1 aurkeztu dute!

Joño! Hau ez nuen espero! Ziberespazioan erdi galdua nebilen Donostiako Udaberri tabernan, zerbetzatxo bat alboan, eta hara non topatu dudan berri interesgarri bat.

Google.es eta Google.com guneetako albisteen bilatzailean bilatuaren bilatuaz, uste dut egun batzuk lehenago ikusi nuela, gehiegi erreparatu gabe. Gaur, gazteleraz ikusi dut. Eta, gizarajoa ni, ulerterrazagoa egin zait.

Bada, irakurri dudanez, Ubuntu 7.10 Tribe 1 bertsioa kaleratu berri dute.

Jaitsi: Ubuntu 7.10 Tribe 1.
Jaitsi: Edubuntu 7.10 Tribe 1.
Jaitsi: Kubuntu 7.10 Tribe 1.
Jaitsi: Xubuntu 7.10 Tribe 1.

Diotenez, Tribe 1 behin behineko bertsioa da, gero Ubuntu 7.10 Gutsy Gibbon bilakatuko dena. Urrian ikusiko omen du argia bertsio berri honek. Ikaragarria da. Oraindik Feisty Fawn, edo kasik, Edgy Eft barneratu gabe, eta laster berria!

Bertsio berrituak mementuz dakartzan aldaketen artean, Debianekin egindako aldaketak (barka nire ezjakintasuna afera hauek deskribatzerako orduan) eta 2.6.22 Kernelaren aktualizazioa ei dira aipagarrienak. Ubunturen aldaera guztiek izango dituzte aldaketa hauek (honek agerikoa dirudi, ez?).

Tribe 1 hastapena besterik ez da, Gutsy Gibbon-en oinarria, baina antza akats handirik gabekoa. Nork esango luke Ubuntu Tribek gisa honetako tribukide berria izango zuenik! ;)

Ubuntu Tribe: Eskatu gabeko memea

Ubuntu Triberen zerbitzariaren loga txibato hutsa da. Txoritxo batek esan dit inor whois (norda) egiten aritu dela domeinua norena den jakiteko. Baina Godaddy-k izen emate pribatua egiteko aukera du, 8 dolar gehiagoren truke.

Ardurak aitortzeko ordua da. Ni, nire neskalagun Itziar. Nire arrebak, nire amona, nire gurasoak, osabak, lagunak, nire loba, erabili ditudan WIFI eta LAN konexio guztiak. Zuek. Webgunea bisitatu eta aipatu duzuenok. Euskara. Euskal Herria. Eta Mundua. Mundutik Euskal Herrira etorri zaigun milaka eta milaka “turista”.

Hasiberria naiz blogetan. Ez ordea Interneteko euskal esparruan. Baina Ubuntu Triberekin bizi izan dudan zirrara ezin dut beste laneko beste bizipenekin alderatu, kasik. Agian GARAko webgunean albiste oso garrantzitsuak eman behar izan ditugunean, ez dago zehaztu beharrik zeintzuk.

Akaso, behinola, Nafarroako gobernuaren erabaki arbitrarioen ondoren Iruñean Korrika zirraragarria bizi izan nuenekoa. Patxi Gaztelumendi, Igor Elordui, Edurne Brouard, Gotzon Hermosilla, Aek-ko zimaluzea! (bai zu, Joxe Leon)… Edizio ezbedinak elkarrekin nahasten baditut, barka. Barka Iruñean egon ez bazinen. Malkoek ez zidaten ondo ikusten uzten.

Oh! Ubuntu Basque Tribe Iruñeko ziudadelan dago kokatua Tagzanian!

Ekarpen ausarta egin nahi izan dut. Bideoa Youtuben 20.000 aldiz ikusi izan ez balitz, agian ez nuke meme hau idatziko! Egia esateko, gurutze batean kokatuko ninduzuela uste izan nuen, Patxi. Txapelketak saria baitauka eta… Zer esan, zerbait izatekotan, guztion lanagatik izango da. Baina badakizue, ondo ulertu duzue, eta zuen erantzunekin lasaitu nauzue. Pello Zabalak Arantzazuko email batetik zoriondu gaitu!

Benetako helburua beste bat izan da. Eta erdietsi dugu, denok. Euskara eta euskal kultura, software askearekin batera, jalgi dugu interneteko plazara, berriz. Ohikoak ez diren arrazoiengatik, berriz.

Amets birala deitu dio norbaitek. Baina ni egiteko gai garelakoan nago. GAUR8 abiatu genuenetik eta GARAko azken orrialdeko zutabea hasi dudanetik igorri nahi izan dudan sentimendu optimista berbera du kanpaina honek. Esan dezadan, bide batez, bi agerkari hauek ez dutela inolako harremanik Ubuntu Triberekin.

Baina bide onetik jarrraitu nahi badugu, Andoni Sagarnaren aholkuari kasu egin beharko diogu, eta Teketenenari, Luistxok esaten digunari, Zubiagari, Iratxe&Mikeli… kanpoko erreferentziei, Info7ri, GARAn lanean ari diren teknikari, diseinatzaile, nire lankide kazetariei eta bestelakoei. Nire erreferentziak dira, aipatu ez ditudan beste askoren artean. Egin bilaketa bat Googlen eta aurkituko dituzue.

Ekimen honen oinarria software askearen, kultura librearen eta euskararen aldeko jarrera da. Marketin teknika ezberdinen inguruko eztabaida ere piztu nahi izan du, jarduera esperimental baten bidez, eta piztu ere piztu du. Esan dezadan edozein kritika onartzeko prest nagoela.

Beste zutabe bat ere badu eta aitortu nahiko nuke. Beraiek, badakit, izan dute Ubuntu Triberen berri. Ideia horiek guztiak gauzatzeko garrantzia handia izan du Sergio Monge irakaslearen ardurapean EHUko ikasleek egindako lan batek. Euskal iPod-en bideoak, kanpaina grafikoak eta blogak Ubuntu Triberengan eragin handia izan dute. Oso ona zuen lana!

Beraz, badakizue, tribukide izan nahi baduzue, izan tribukide. Baina ez soilik Tagzaniako mapan zuen kokapena jarriz. Instalatu Ubuntu. Gustatuko zaizue. Eta bideoak egiteko, Ubuntu Studio. Zaila egiten zaizuela? Galdetu! Ubuntu Basque Experincekoak erantzuteko irrikatzen daude. Hasi berria naiz blogatzen. Barkaidazue nire eskatu gabeko meme hau. Ez baitit inork eskatu ;)

Ze lasaitasuna, euskaraz soilik idatzi behar hau, beste bi hizkuntzatara itzuli gabe. Baditu bere abantailak.

PD: Nire Ubuntu Edgy-a, arriskuaren bildurrez eta HDan nahikoa leku ez zegoelako, ez dut orain artean Feisty Fawnera eguneratu. Baina atzo, Gpartedekin azkenean nire partizioak orekatzea lortu nuen, eta gaur bertan egingo dut! Zin dagit.

PD2: Testu hau iragan ostiralean hainbat laguni mezu “polemiko” bat bidali baino lehen dago idatzia. Geure akats horren ondorioz izandako kritikei erantzuteko asmoa dut, banan bana, aurrerago. Eta blog honetan Ubuntu Triberen inguruan jaso ditudan irakasgaiak partekatzeko asmoa ere badut.

PD3: Ah, eta ia ahaztu zait. [zaratasoilikez] manifestuan esan bezala, ikusentzunezkoen eta kultura librearen inguruan lanean jarraitzeko asmoa dut Ubuntu Triberen bidez.

Ubuntu 7.04: Zer espero dezakegu?

Twitterren jakin dut Ubuntu 7.04 sistema eragilearen beta bertsioa kalean dela, Arkaitzi esker. Eta laster hasi naiz informazio gehiagoren bila.

Digg-en 1.000 zabaltze baino gehiago izan dituen artikulo bat topatu dut gero. “Zer espero dezkezu Ubuntu 7.04 bertsioarengandik?” du izenburua. Apirilaren 19an plazaratuko omen dute garapen berri honen behin betiko bertsioa.

Marius Nestor Linux arloko editoreak azken aldiko GNU-Linux banaketa arrakastatsuak ekar ditzakeen berrikuntzen gainbegiratua egin du Softpedian.

Beta bertsioa instalatu eta ikuskatu omen du eta harrituta geratu da Ubunturen garapenarekin. Hala ere, beta bertsio hau ez instalatzea gomendatu du, oraindik akats asko dituelako.

Gauza berri interesgarri eta ezusteko asko dakartza azken Ubuntuak Marius Nestorren arabera.

Batetik, bartizio tresna berria azpimarratu du eta, bestetik, Windowsen migraziorako aplikazioa. Azken honekin, Firefoxeko eta Internet Explorerreko lastermarkak, idazmahai ondoak, Yahoo eta Aol bat bateko mezularitzako kontaktuak inportatu daitezke Windowseko partiziotik.

Apiril honetan Ubunturi aukera bat eman nahi dioten Windowseko erabiltzaileentat oso baliagarri deritzo egileak, nahiz eta niri bigarren mailako aferak iruditu zaizkidan.

Nvidia eta ATI bideo driverrak abiaraztea oso erraza omen da Restricted Drivers Manager tresnaren bitartez. Nire kezka da beste hardware batzuentzako driverrak instalatzeko erraztasunik ere ba ote dakarren. WIFI txartela, adibidez. Nik orain arte Ubuntu Edgyrekin soilik lortu dut WIFI txartela konfiguratzea, firmwarea tarteko zenbait txiribuelta eman ostean.

Sareko konexioak kudeatzeko Network Manager aplikazio berritua dakar 7.04 bertsioak eta, antza, WPA segurtasuna ere soportatzen du. Gaur arte ez nekien WPArik ez zuela onartzen, baina akaso ez naiz inoiz gisa honetako segurtasuna duen sarbide batera konektatzen saiatu. Edo agian saiatu naiz eta ez dut lortu. Ez dut gogoan.

Ikusentzunekoen codec-en inguruan, audio edo bideo bat irekitzen den bakoitzean Ubuntu berriak codec-ak automatikoki bilatzen ditu. Eta multimedia codec-ak instalatzea oso erraza omen da.

Sare lokal batean fitxategiak eta inpresorak partekatzeko erraztasunak ere ba omen dakartza, Avahi aplikazioaren laguntzaz.

Niretzako bigarren mailakoak diren beste gauza batzuren artean, itxura ere gogoko du Softpedian artikuloa idatzi duenak, eta 3D efektuak GNU-Linuxen ere inoiz ezagutu dituen ikusgarrienak direla esan du. Oso eskuragarri omen daude orain arte konplikatuxeagoa zen Berylek eskaintzen dituen efektuak.

Laguntza guneak ere (Redesigned Help Center) inoiz baino eskuragarriago jartzen omen ditu tutorialak eta antzerakoak eta bilaketak ere asko aurrreratu ei dira mahaigaineko bilaketarako Beagle sistemaren bidez.

Ondorio bezala, Ubunturengandik aukera berri mordoa espero dezakegula deritzo, eta baita azkarragoak ere.