Zabaldu.com gunean irakurri nuen atzo. G8 osatzen duten munduko zortzi estatu boteretsuenak isilpeko hitzarmena sinatzekotan omen dira. Akordio horren bitartez, aurrerantzean, aduanako funtzionarioek ordenagailu eramangarriak, musika irakurgailuak, edukiontzi digitalak, CD eta DVDak… atzeman eta miatu ahalko dituzte, «egile eskubideen legedia betearazteko». AEBak, Kanada eta Europako hainbat estatu omen daude sinatzaileen artean.
G8 delakoak datorren uztailean Tokion egingo duen bilkuran aztertuko ei du hitzarmena. «Aduanako funtzionarioak copyrightaren polizia bilakatzea ahalbidetuko duen nazioarteko araudia indarrean jartzea» omen da helburua, “Ottawa Citizen” eta “National Post” egunkariek zabaldutakoaren arabera.
Nire iruzkinak irakurtzen dituzuenok –zutabe (blog) hau inork irakurtzen badu– jakingo duzue maiz izan dudala hemen mintzagai George Orwell idazlearen “1984”, anaia nagusiaren kontzeptua ederki islatzen duen eleberria. Azkenaldian baina, anaia handi hori gu geu ginela pentsatuta nengoen. Alegia, estatuek, poliziak eta boterearen inguruan mugitzen direnek ez dutela zelatan ibili beharrik, hiritarrak berak jartzen dituelako bere datuak zelatariaren eskura… askotan jakin ere egin gabe.
Garai batean hain sonatua izan zen Echeloni buruz ere –modaz pasata edo– ez dugu kasik inon irakurgairik aurkitzen egun. Alegia, beren kontrola sotilagoa bilakatu zela sinistuta nengoen, zelatatuak zelatatzen dutela ez susmatzeko modukoa. Tira, egia esan, espioitza, espioitza izango bada, isilpean egin beharreko zerbait da beti. Beti sotila, ustez, beraz. Oraingoan, baina, copyrightaren aldekoen zutoihala ukabilekin estutu eta inongo lotsarik gabe geure ordenagailu, pendrive, musika irakurgailu, CD, DVD eta abarretan kuxkuxean aritu ahal izango dira poliziak. Ustez, egile eskubideak urratzen dituzten fitxategiak bilatzeko baina, bien bitartean, beste eduki batzuk ere miatu ahal izango dituzte.
Eta zelataritzaz ari garela, ezin ahantzi berriki Gasteizko Aiztogile kalean hainbat herritarrei esker agerian geratu den zelatatze sistema. Orwellena, aspaldion, ez baita zientzia-fikzioa, errealitate gordina baizik.
Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoaren erakuslerik gordinenak azaleratu dira berriz ere azken hilabeteotan. Eta arazoaren isla diren gertakari horiei guztiei erantzun die euskal gizarteak, baita sarean ere. Zutabe honetan aktualitateak Interneten eragiten dituen erreakzioak jorratzeko joera dut maiz. Gaur ere saiatuko naiz, bada, aferaren muinari ahalik eta zintzotasun eta urruntasun handienaz heltzen, sentipenei dagokienean behintzat. Sarea, nolabait, gizartean gertatu eta hausnartzen denaren lagina izan daitekeela uste baitut.
Berriki, gatazkaren adierazpen bortitz gehienek jaso dute Interneten erantzuna, maila handiago edo txikiagoan. 2007 urte amaieran Batasunako ordezkariak atxilotu zituztenean freebatasuna izeneko kanpaina abiatu zuten zenbait blogarik. Eta, orain gutxi, notimeforlove lelopean erantzun dute beste hainbat webgune eta pertsonek ilegalizazio, atxiloketa eta tortura salaketen aurrean. “Egunkaria“ren itxieraren urteurrenean, Egunkaria libre! zabaldu zen blogosferan. Eta, egunotan, Isaias Carrasco hil duen atentatuaren inguruan eztabaida handia piztu da. Zenbaitek Do not save me, thanks oihukatu dute ETAren ekintza arbuiatzeko.
Lehenago ere azpimarratu izan dut gatazkaren ondorioek sortzen didaten kezka eta nekea. Aztoratu egiten nau gurasoak gatazka konponduta -edo bidean- ikusi gabe desagertu daitezkeela pentsatze hutsak. Aiton-amona gehienak, dagoeneko, hori ikusi gabe joan baitzaizkit. Eta are gehiago gu guztion semealabek gatazka pairatu beharko dutela irudikatzeak. Horregatik uste dut, salaketa kanpaina bakanen gainetik, denok ekin beharko geniokela inoiz baino tinkoago, eta trinkoago, gatazkaren irtenbide politikoaren bila. Ideien gainetik, gatazkak eragiten dituen ondorio guztien aurrean erantzun bateratua ematea ezinbestekoa iruditzen zait. Eta, hori, konponbidea bezalaxe, gutxieneko oinarrizko akordio baten bidetik soilik etor daitekeela uste dut.
Hitz lauz: 1-Amai daitezela alde baten zein bestearen erasoak, eta eser daitezela berriz mahai baten inguruan. 2-Euskal gizarteko eragile guztiek, eta jendarteak berak, adostu eta zerrenda ditzatela gauzatu ahal izango diren aukera politiko erreal guztiak, erabakiko den marko politiko berria (ala zaharra) errespetatuko duen behin behineko taula margotzen hasteko.
Ba al dago horretarako borondaterik?
PS: GARA egunkariko kontrazalean gaur argitaratua.
Gaur bost urte beteko dira “Euskaldunon Egunkaria” inolako justifikaziorik itxi zutenetik.
Egun hartan Martin Ugalden izan nintzen, eta bost urte igaro dira dagoeneko. Orduan (blogik ez oraindik) Sustatun utzi nuen mementuko nire sentsazioa.
Erratu ere egin nintzen, Garzonkeriekin ohituta edo, hari egotzi bainion hasieran astakeria hura, Del Olmori beharrean.
Gaur ez dut bertan egoterik izango, baina orduan egin bezala, interneten ere blog honen bidez adierazi nahi diet nire babes osoa “Euskaldunon Egunkaria”ko langileei.
Zoritxarrez, atzera begiratutakoan ohartzen naiz gauzak ez direla gehiegi aldatu.
Bide batez, agintari espainolek Euskal Herrian itxi dituzten beste hedabide guztiei ere adierazi nahi nieke nire elkartasuna. Eta, ez ahaztu, baita mehatxupean daudenei ere.
Duela zenbait aste “notimeforlove” esamoldea erabiltzen hasi ziren zenbait euskal blogari. Besteak beste, Teketenek, Koldotxuk eta Gaztelumendik eta bai Zabaldun ere.
Antza, “maite zaitut” esateak ere ilegal egin zaitzake egun Estatu espainolaren agindupean bizi bazara. Maitasuna ere ilegalizatuko digute? Ez diot nik horregatik maitatzeari utziko, sar nazatela espetxean nahi badute, han ere izango dut eta maitatzeko betarik, eta gogorik.
Euskal Herrian egiten den politikaz (hobe esanda, POLITIKAZ) nahiko nazkatua nagoela aitortu behar dudan arren, ezin egon naiteke geldirik azkenaldian ikusten ari naizenaren aurrean. Tortura, legez kanporatzeak, atxiloketak eta hipokresia, HIPOKRESIA gehiegi gure inguruetan. Eta bai, garraxika ari naiz, zer demonio!
Amorrarazi egiten nau frankisten aurka errepublikar espainolen alboan borrokatutako alderdia, PSOEren Gobernukide izandako alderdia, legez kanpo ikusten dudanean. PSOE muturreko eskuindarekin lerrotuta. Broma gutxi, beraz.
Horregatik, nik, datorren ostegunean greba egingo dut. Tira, egunkarian greba bezperan egin izan ohi dugu, protesta egunean ez dadin egunkaririk egon kioskoetan eta, era berean, protesta egunaz behar bezala informatzeko ostiralean. Badakizue, paperezko egunkarietan egun bat lehenago bizi gara beti edo, akaso,egun bat berandu.
There is always time for love, even if they want to forbid it.
Orain gutxi, “El Mundo” egunkari espainolean, Damien Corsetti izeneko gizaseme bati egindako elkarrizketa irakurri nuen. AEBetako zerbitzu sekretuetako kide izan zen Afganistanen eta Iraken; “interrogatzaile” Abu Ghraibeko eta Bagramgo espetxeetan. Damututa ageri zen Corsetti Pedro J.ren agerkarian, eta bi herrialdeotan militar estatubatuarrek atxilotuen aurka erabilitako tortura teknikak zerrendatu zituen. «Torturatzaileen errege» deitzen omen zioten bere kolegek.
Irakurri edo entzute soilarekin edonor ikaratzeko moduko tratu txarrak deskribatu zituen Corsettik elkarrizketa hartan. Egia esan, niri ez zitzaizkidan hain arrotzak egin torturatzaile damutuaren hitzak. Ez nire azalean inoiz torturarik pairatu izan dudalako, testigantzak hainbat aldiz irakurri ditudalako baizik. Pertsona bat nola torturatu daitekeen behin eta berriz entzunda ere, nekez ohituko ditut inoiz begi eta belarriak gisa honetako pasarteak irakurri eta entzutera, ordea. Kikildu egiten naiz irudikatze hutsarekin.
Berripapera eskuetan nuela, ariketa mentala egin nuen nahi gabe. Zer pentsatuko dute irakurle espainolek Corsettiren kontakizuna irakurtzen ari diren bitartean? Benetan barrenak astinduko al dizkiete «Torturtzaileen errege»aren hitzek? Pentsatzekoa da haiek ere iguingarritzat joko dutela jardun onartezin hori.
Torturatzaileen teknikek estandar jakin bati jarraitzen diotela dirudi. Corsettik kontatu zituenak eta hainbat euskal herritarrek salatu izan dituztenak, laborategi berdinean sortutako bina pilula bezain ezberdinak dira eta. Ez, ordea, salaketa baten eta bestearen aurrean iritzi publiko espainolak duen jarrera eta erantzuna. Gorka Lupiañez izan da torturak salatu dituen hamaikagarren herritarra, eta Igor Portuk salatzeko denborarik ere ez du izan. Zuzenean ospitaleratu dute.
Espainian, «torturatzaileen errege»aren besaulkia ez dago hutsik. Guardia Zibilak irabazi zuen aspaldi «trono» horretako tokia eta ez dirudi inork atzealdea altsaraziko dionik. Alfredo Rubalcabak atzo esandakoen ostean, argi dago torturaren erreinuan borreroak botere absolutua duela eta.
Euskararen Nazioarteko Eguna izan omen zen atzo (hilaren 3an). Atzokoa, beraz, ez zen izan beste egunak bezalakoa… Edo hori sinetsarazi nahi izan didate «nazioarteko egunen zaleek». Erredakzioan darabilgun Udalbiltzaren egutegian abenduaren 3a jaiegun gisa ageri da. Baina, badakizue, egunkarietako egutegiak ez dira beste lantokietakoak bezalakoak. Horregatik tokatu zait lan egitea. Euskararen eta Nafarroaren egunak, biak batean, eta ni lanean kexuka…
Konplexu xamarra da egoera hori azaltzea. Donostian oso langile gutxik izan baitzuen jai atzo. Eta lantokian, aldiz, oso lankide gutxi etorri zen lanera. Alegia, beste lantokietan ospatzen ez duten jaiegun batean lanera, baina lankide gehienek jai…
Orduan –pentsatuko duzue– beste edozein egun bezalakoa izan zen atzokoa, ezta? Bada, ez. Nire lantokian izan zen atzo lanera etorri ez zenik. Eta ez zen izan librantza tokatzen zitzaiolako, hain justu ere. Ez. Bi langile falta dira nigandik gertu, 18/98 sumarioan auzipetutako beste hamarka lagun bezala atxilotuta eraman baititu Polizia espainolak Madril aldera.
Nahiko nuke nire lankideek «egunak» soilik igaroko balituzte hain urrun eta kartzelatuta. Tira, aukeran, bat bera ere ez. Ordu bete ere ez, minutu bat ere ez, segundo bakar bat ere ez… Baina batzuk igarotzekotan, egun batzuk bakarrik… Euskararen Nazioarteko Egun bakar bat ziega espainoletan, akaso…
Ez naiz «nazioarteko egunen zalea», inondik inora. Ez zaizkit eraginkorrak iruditzen, eta apur bat friboloak direla ere esango nuke. Nazioarteko Egunak arazo larrien putzuaren gainetik oinak busti gabe igarotzen diren egunak dira. Eta paradoxikoa iruditu zait, batzuk Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen edo dabiltzan bitartean hizkuntza horretan mintzo diren hainbat lagun kartzelan. Beren jarduera politikoagatik espetxean, esan nahi nuen.
Ze egun eta ze egunondo! Proposamenak botatzen hasita, zergatik ez Nazioarteko Egunen Nazioarteko Egun bat. Horrela egun bakar batean egin beharko dugu Nazioarteko Egun guztien paripea. Urtean behin, eta kitto.
Egunen bati garrantzia emango badiot, nahiago dut egindako lan politikoagatik hainbat euskal herritarrek giltzapean pasatuko duen egun bakoitzari eman.
Eguneraketa: Badirudi nire bi lankideak fidantzapean kalera atera direla.
Lehenengo bi saioetan bakar bakarrik egon naiz Donostiako Miramongo estudioetan.
Eta sinistu iezadazue, hasieran oso deseroso egin zitzaidan nire solaskideen aurpegiak, keinuak, begiak, ahoa… hazpegia ikusi gabe tertulian aritzea.
Atzo, nire zorionerako, ezagutzen dudan pertsona bat gonbidatu zuten, GAUR8n Mikel Olasagastirekin batera eTorkizunaz bloga egiten duen Iratxe Esnaola. Eta gainera Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean irakasle denez, Miramondik hitz egin zuen.
Lasaigarri egin zitzaidan, konplizidadea zegoen eta oso gustora egon ginen (ni behintzat bai). Hobe ondo lagunduta bakarrik baino. Gainera, pozgarria da neska bat izatea gai hauen inguruan iritzia trukatzeko. Ea gehiagotan deitzen zaituzten… Nik presioa egingo dut
Galder ere egon zen atzokoan, uste dut aurreko saioan baino lasaiago. Tipo jatorra dirudi, eta hausnarketa interesgarriak egiten ditu.
Gaur irratiari buruz hitz egin nahi nuen… egin dut… baina.
Hitzak soberan daude. Guztia esanda dago: freebatasuna
(Teketenek hasitako meme modukoari jarraiki. Zuk ere bat egiten baduzu, ez ahaztu bukaeran memearen jatorria zein izan den idazten. Blogrolla osatu arte.)