rssgaur8 logotipoa

Torturaren testigantza grafikoa Goenkalen

Urte hauetan guztietan ez dut gehiegi jarraitu Goenkale telesaila. Jatorriz venezuelarra izan arren, ez naiz “sugetzar” zalea, ezta euskaraz dauden “kuleborien” jarraitzaile ere. Baina batzuetan, zapping-aren ondorioz, pasarte batzuk ikusi izan ditut. Atzo izan zen egun horietako bat.

Telesaila jarraitzen baduzue, konturatuko zineten GARA egunkaria behin eta berriz agertzen dela. Ez da kasualitatea, promoziorako hitzarmen baten ondorioz agertzen da berripapera Iñaki Perurenaren harrijasotzaile eskuetan, besteren artean.

Bada, atzokoan, esan bezala, nire begia egunkariaren presentzia behatzen aritu zen, menturaz. Nolabait, nire arreta bereganatu zuen GARAren presentziak eta zenbat aldiz agertzen zen zenbatzen jardun nuen.

Halako batean, Boga tabernako horman Igor Porturen ospitaleratzearen argazkia jasotzen zuen GARAren azala (pdf) agertzen zela ohartu nintzen. Sakelako telefonoa atera eta hor aritu nintzen testigantza hori jaso nahian. Hemen ikus dezakezuen bideoan sumatzen dena baino askoz ere argiago agertu zen gazte Lesakarraren argazkia ETB1en. Baina ez nuen garaiz grabatzerik izan.

Deigarria egin zitzaidan hedabide gehienetan isilarazia izan den tortura salaketaren (pdf) testigantza nola irits daitekeen telebistan presentzia izatera, publizitate hitzarmen baten ondorioz, zeharka besterik ez bada ere.

Asexualak?

Ebanjelioen inguruan ezjakin hutsa naiz. Beti esan dut erlijioak direla burutu gabeko nire ikasgai nagusia. Batez ere, Kristautasuna, gertutasunagatik besterik ez bada ere. Ez pentsa orain konbertitzeko asmorik dudanik, ez. Gure gizartea doktrina horrek baldintzatuta bizi izan delako, eta oraindik ere bizi delako, izan nahiko nuke ezagutza handiagoa. Baina kanpotik, toreatzailearen gordelekutik, jakina.

Ez dut inoiz ulertu, eta ez dut inoiz ulertuko, sexu harreman osasuntsuen aurrean Elizak duen jarrera ezkorra. Zergatik dioten horrenbeste beldur «haragiari» edo, bederen, zergatik uztartzen dituzten sexu harremanak lizunkeriarekin. Mendeetako ahaleginaren ondorioz, Elizaren esanek erdietsi dute nahi zuten helburua, zalantza izpirik gabe. Gizartearen subkontzienteak sexuaz duen ikuspegia zikinkeriarekin nahasten da, ezinbestean, frustrazioak eta konplexuak areagotuz.

Katolizismoarekin lotutako gertakari orok egiten dio uko sexuari. Ama Birjinak ez zuen txortan egin, aingeruek ez dute sexurik, eta apaizak ezkongabetasunean bizi dira. Nerabezaroan kanpaia jotzerik ez… eta ezkondu arte, laztan bat bera ere ez. Ondoren, jakina, helburua haurrak erditzea denean soilik.

Balore horiek guztiak zabaldu dituztenak, baina, hipokrita hutsak dira. Horietako asko eta asko, behintzat. Eliztarren eta eliztar ez direnen artean debeku horiek sustatzen dituzten bitartean, barrura begira bestelako araudia darabilte. Moral bikoitza. Erdi Arotik, hainbat izan dira beren fantasia erotikoak papereratu dituzten apaizak. Behar hori ere baduten seinale. Eta are gehiago izango dira idazteaz harago fantasia horiek gauzatu dituztenak…

Sexua eta Elizarekin zerikusirik duen azken eskandalua Austriatik iritsi da. «Erlijioa, haragia eta boterea» izeneko erakusketa dago Vienako katedraleko museoan ikusgai. Alfred Hrdlicka artista ateo eta gorriak irudikatutako hamabi apostoluak elkar masturbatuz ageri dira «Azken afaria» izeneko koadroan. Hautsak harrotu ditu; are gehiago, erakusketa Elizaren esparru propioan paratu dutelako. Eta koadroa erretiratu egin dute azkenean.

Niri, bada, naturalagoak iruditzen zaizkit larrutan ari direnak asexualtzat aurkeztu izan dizkidatenak baino.

Hezur eta haragizko Homer Simpson

Benetako homer

Hona hemen Meneame.net-en topatu dudan irudia. Pixeloo blogekoa da.

Homer Simpson
animazio pertsonaia ezaguna ageri da. Hezur eta haragizkoa!

Photoshopetik pasa ostean, hori bai.

Hitzik ez…

Iruña-Veleiako harresia 3Dn

Iruña Veleia, harresiaren eraberritzea

Joan den asteazkenean, esan bezala, ezin izan nuen Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkera bertaratu “Egunkaria“ko auzipetu eta langileei, itxieraren bosgarren urteurrenean, elkartasuna adierazteko.

Bezperan, Iruña-Veleiako Harresiaren Zuzendaritza Planaren aurkezpen deialdia iritsi zen erredakziora eta, azkenaldian gai honen inguruan dagoen ika-mika ikusita, Langraizera abiatzea erabaki genuen Martin Anso kazetariak eta nik. Hona hemen emaitza.

Orain gutxi informazio zabala –[1][2][3]– plazaratu genuen geroglifoak eta euskara nahiz latinezko hitzak dituzten grafitoen gaineko eztabaidaren inguruan, eta nik neuk zutabea argitaratu nuen kontra-azalean.

Asteazkeneko aurkezpenaren ostean, arduradunekin egoteko beta izan genuen aztarnategian bertan, zenbait iritzi eta ikuspegi elkartrukatzeko, baina hori beste istorio bat da…

Nahiko kritiko naiz, ez hainbeste arkeologia ikerketaren arduradunen “lurgaineko” lanaren inguruan, informazioaren eta argitalpen zientifikoen inguruko kudeaketarekin baizik.

Iruña-Veleia sekulako aztarnategia da, ostraka horiek egiazkoak izan ala ez. Egia da idatzizko euskara, latin eta egiptoera dituzten grafito horiek are eta garrantzitsuago egiten dutela desagertutako hiri eromatar hau. Ez baita herrixka bat, garaiko hiri handi bat baizik.

Iruña Veleia, harresiaren eraberritzea

Bere mementurik onenean 10.000 biztanle izan zituela uste dute adituek. Harresiak, aldiz, inperioaren eta hiriaren beraren gainbehera garaian eraiki zituzten, erromatar inperioaren azken aroan, III. mende amaieran edo IV.aren hasieran. Arduradunen ustez, Estatuan dauden 23 hiri erromatar harresituen artean oso ondo kokatuta dago Iruña-Veleia garrantzia arkeologikoari dagokionez.

Iruña-Veleiak berez duen garrantzia ez dugu ahantzi behar. Baina zalantzen aurrean ezin dugu itsu-mutu-gorrarena egin. Denborak eman edo kenduko die arrazoia batzuei ala besteei.

Bitarte horretan harresiaren eraberritzen lanen azterketa txostenaren berri izan genuen Iruña-Okan egindako aurkezpenan. Bertan, harresiaren inguruan egin diren ikerketa eta ekintzak azaldu zituzten, eta arkitektoak ikusgarritasun handiko hiru dimentsioko irudiak baliatu zituen eraberritzearen ondorioak erakusteko. Irudi batzuk ere eskuratzerik izan dut, eta hemen jartzea erabaki dut, denek ikusteko moduan.

Denok gaude beste zerbaiten esperoan. Eta Arabako Diputazioak geure zalantzak datorren udan argituko direla iragarri du. Apur bat itxoin beharko dugu oraindik, beraz.

Iruña Veleiako harresia

Webgunea:

Azkenaldian Iruña-Veleiako aztarnategiaren webgune ofiziala “erorita” egon da. Urtarrilaren 22 aldera desagertu zen eta ordutik mezu (tekniko) ezberdinak azaldu ditu portadan. Azkenekoan, birdiseinuan lanean ari direla adierazten du irudi batek.

Besteren artean, arduradunei afera honen inguruan galdetzeko beta izan nuen. Batbatean eduki guztiak ezabatzea arraroa iruditzen zait niri baina, esan didatenaren arabera, askoz ere webgune osatu eta txukunagoa sareratu nahi dute, informazioa banatuko duen “boletin” eta guzti.

Zain egongo gara, bada.

PD: Flickr-en ere jarri ditut irudiak kusgai.

Bringing Capa’s, Chim’s and Taro’s photos to the web

Luistxo Fernandezek Sustatu agerkari digitalean, Mapamovil eta English Cementery blogetan egindako eskaerari jarraiki, EFE agentziak Capa, Seymour eta Taroren argazki galduen inguruan bidalitako guztia hona ekartzea erabaki dut, GARAk ordaintzen dituen eskubideak oinarri hartuta.

Nik ere bat egiten dut eskaera horrekin eta, beraz, hemen denon eskura jartzea erabaki dut, lehenago kutxa galduarekin egin bezala.

Ikerketarako beste lotura interesgarri batzuk:
Capa eta Magnum photos

Argitaratutako argazkien zerrenda kronologikoa

Segre Ibaiko batailaren argazki sorta

Segre Ibaiko batailan hartutako irudia. (Cornell Capa- ICP)

Robert Caparen maleta galduan kuxkuxean

Atzo izan nuen Robert Caparen argazki argitaragabeen berri eta GARA egunkariko Kultura sailean laster hasi ginen lanean informazio hori zabaltzeko.

Hala ere, elementurik garrantzitsuena falta zitzaigun. Argazkiak berak, kalitate onean. NYT egunkarian flash animazioa zegoen eta, beraz, ezin bereiz genezaken maleta galduan idatzita zegoen hainbat gauza.

Gaur erredakziora iritsi eta berehala, beti bezala, errepasoa egin diot blogosfera euskaldunari eta Luistxo Fernandezek Sustatun idatzitakoa ikusi dut. Besteak beste, GARAko artikuluari erreferentzia eginez, gainera.

Eta segituan hasi naiz EFE agentzian begira, gaur zerbait bidali ote duten ikusteko.

Bai, bidali dute zer edo zer. Hiru argazki, hain zuzen. Batean, Aragoiko fronteko miliziano errepublikarrak ageri dira. Bestean, Segre ibaiko (Aragoi) batailaren argazki sortaren negatiboak ikus daitezke eta, azkenekoan, maleta galduaren argazki bat dago.

Kalitate oso ona daukate eta horrek ahalbidetu dit lupa bidez kuxkuxean ibiltzea. Atzo ETB1en aurreratu zuten Euskal Herriko irudiak bazeudela. Eta bai, badira, eta asko izan daitezkeela dirudi.

Hau da maleta horretako etiketetan idatzita irakurri ahal izan dudana. GARA egunkariak EFE agentziaren argazkiak argitaratzeko eskubideak ordaintzen dituenez, fotografia hori hemen igotzea erabaki dut, denek ikusteko moduan izan dezazuen.

Maleta horertako argazki film negatiboen artean, lehenengoak Euskal Herrikoak dira. Hau da nik ulertu ahal izan dudana, nire frantsesa oso eskasa baita:
1.ean: (…) basque. Combat aerien. (eskerrik asko, Luistxo)
2.ean: Affaire (…) Bataillon disciplinaire.
3.ean: Ambulance française. Vie de Bilbao (…)
4.ean: Amorebieta. Ecole Basque.
5.ean: Amorebieta.
6.ean: Amorebieta.
7.ean: Bermeo. Hopital. La tombe de Arana (?) (Mila esker, Bego).
8.ean: Messe de Campagne.
9.ean: Messe de Campagne.
10.ean: Guernica. Paysan basque.
11.ean: Bataillon disciplinaire.
12.ean: General encommende (?) José Aguirre defilé.
13.ean: Ecole basque. Eglise.
14.ean: Eibar. Elorrio. Elgueta.
15.ean Bermeo.
16.ean Asturie.
18.ean. 5e regiment Alberti.

Hortik aurrera ez dute hainbesteko harremana Euskal Herriarekin. Baina ohar garrantzitsu batzuk badira. Hona batzuk:

Ovieu eta Xixon ageri dira maiz.

32.ean: Azaña. García Lorca.
33.ean: La Passionaria. Jesus Hernandez. Jose Diaz. Maria Taerezia (sic) Leon.
34.ean: Largo Caballero. Femm au meeting.
35.ean: Défilé de Madrid. Palais d’Alba. Conservation des oeuvres d’arts.
40.ean: Pont de Valenc. Paysans. Casern (?). C. Marx. Miliciens.
44.ean: Campo de prisioneros. Moros.
45.ean: Le 7 novembre a Barcelon. Companys. Antonov. Oscenso (?).

PD:
GARAko gaurko edizioan beste erreportaje bat argitaratu dut gaur, gazteleraz. Interneten, ez dakit zergatik, titularra erdizka ageri da. Originala honakoa da: “El tesoro de tres fotógrafos que burló el cerco fascista”.

Robert caparen maleta galdua.Robert caparen maleta galdua.

70 urte geroago

Durango, sarraskiaren 70. urteurrenean.