rssgaur8 logotipoa

ndsknk1- mikronika saiakera

Hardwarea, nds ttipia. Softwarea, nintendo browser, opera software. Wifi konexioa, stranjis. Deba, EH.

Agindu bezala, mikronika bat idaztea egokitu zait gaur, nds bitartez konektatu bainaiz sarera.

Lehenengo mikronika honek, izan ditudan zailtasunak eta gatxet honekin interneten egin ahal izan dudana kontatzea du helburu.

Esan dezadan Gutenberg Galaxiara etortzen den Neuke erabiltzaileak aurreratu zigula iruzkinak ezin izan zituela igorri nds-arekin.
Bestalde, audio eta bideoak ikusentzuteko aukerarik ez dauka, ezta flash formatua irakurtzeko gaitasunik ere.

Hala ere, hainbat gune bisitatzeko aukera eman digu. Gmailen eta beste webmail batzuetan posta jaso eta bidali daiteke. Zabaldu.com-en ere sartu gara, eta ikusteko arazorik izan ez badugu ere, bozkatzeko aukerari ez dio erantzuten, adibidez.

Webguneetako idatzizko edukietara sartzeko arazorik ez. Ohiko euskarrian dauden irudiak ondo irakurri eta pantailaratzen ditu (png, jpeg, gif…). Hiperloturak ere ondo. Eta orokorrean, sareko tresna ezberdinetako kudeaketa guneetara sartzeko arazorik ez.

Pantaila ukigarrian idaztea uste baino errazagoa suertatu zait, teklatu ukigarrian alegia. Ibili ahala, errazago, sakelekoarekin bezala.

Guneen diseinuak eraldatu egiten ditu pantaila txiki bi hauetan irakurgarri egiteko. Ez dakit, css-aren bitartez edo. Eta nahiko txukun egiten du. Bistaratzeko bi aukera dauzka.

Arkatzarekin idazteko aukera ere badu eta parrafo hau horrela idatzia dago. Eskuz idatzitako euskararen interpretazio adimengabea. Nahiko ondo egiten du interpretazioa, baina apur bat astuna da. Hau ere ohitura eta familiarizazio kontua. Makinak letrak nola interpretatzen dituen ikasi behar da lehenik, edo ibilian.

Twitterren arazorik gabe ibili gara. aurbieta ere nds-arekin frogak egiten ari da. Korrika ere present. Deban jendetza bildu da korrika, Polita… Mutrikurantz egin digu ihes, euria mehatxuka ari zela. Baina ez du mehatxua gauzatu, ez da ausartu. Argazki eta bideo batzuk atera ditugu.

Opera nabigatzaile honekin, Wordpressen kudeaketa paneleko aukera gehienak eskuragarri daude, mikronika honek agerian uzten duenez.
Hau da lehen mikronika honek eman duena.

Mikronikak, NDS kronikak

Maiz entzun dut interneten, eta blogetan bereziki, labur idazteak duen garrantziaz, “jarraitzaileak” hitz jarioaren jarioaz aspertu nahi ez badituzu behitzat. Eta, egia esateko, sintesia ez da nire bertuteetako bat. Istorio on bat dudala uste dudanean, luze jotzen dut, kiribiltzen naiz pertsiana bainintzan. Hori diote mingain gaiztoek.

Blog honek izan dezakeen irakurle talde urriaren hobebeharrez, bada, nire teklatuari mugak jartzea erabaki dut, noizbehinka bederen, eta NDS Kronikak izena jarri diodan saio berria hasi, NDSkrk, alegia.

Gehiago ere esango nuke, ia ahaztu baitzait eskuz idaztea, ordenagailuaren esklabu izaki.Ez dut uste bakarra izango naizenik… Nire espediente kaligrafikoak ere argilunak dauzka,eta hemendik ehun eta hogei urtera inork nik idatzitako esku-oharrak topatzen baditu, euskara estenografiatua deskubritu duela pentsatuko du, fijo. Idazkera kriptografiatua.

Etxetik aldendu bezain pronto ibili ohi naiz WIFI sarbide bila, arrazoi ezberdinak medio internetera sartzeko beharra dudanean. Eta portatilak, edo eramangarriak edo dena delakoak hiru kilo eta erdi pisatzen dituenez (museoko pieza. Bi urte pasatxo ditu-eta…) ez dut beti gainean eramateko gogorik izaten.

E-posta jaso ote dudan ikusi edo bestelako kontsultaren bat egiteko (ez sinistu burtsako indizeak jarraitzen ditudanik), aski dut oso gertuko dudan pertsona bati Nintendo DS ttipia lapurtzearekin (traizioa). Askoz ere diskretoagoa da, bai.

Nire buruari proposamen bat egin diot. Mikronikak idazten hasiko naiz NDSko esploratzaile murritzaren bitartez internetera konektatzen naizenean. Ez dakit ekimen honek nire irakurleen %50 aspertzen bukatuko ote duen (alegia, arreba ala osaba), baina arriskatzea beste aukerarik ez dut blogarien dekalogoari kasu egingo badiot.

Pantaila (ispilu?) ukigarrian (?) idazteko luma zuriak hizkiak banan bana klikatzera derrigortuko nau eta ea horrela autozentsura kuantitatiboa ezartzen diodan nire buruari. Jakina, NDS ttipiarekin murgiltzen naizen bakoitzean. Ohitura zaharrak (edo onak ziren?) ez dira galdu behar, eta tarteka nire txapak pairatu beharko dituzue, hona etortzen jarraitzen baduzue behintzat.

Datorren geltokia, NDS kronika.