rssgaur8 logotipoa

Manga

tekkonkinkreet

Komikiaren Nazioarteko Azoka amaitu berri da joan den igandean Bartzelonan. Oraingoan ere, gerturatzerik ez, eta urrunetik jarraitzea tokatu zait, bertatik-bertara ikusteko aukerarik gabe. Milo Manara, Jean Giraud, –also known as Moebius– , Astiberri argitaldaria eta abar luze bat elkartu dira aurten konterrian.

Badira hilabete batzuk Moebius bertaratzekoa zela entzun nuenetik. Egunkarirako elkarrizketa lotzen ere saiatu gara, baina berandu xamar antza, eta azkenean esku hutsik geratu gara. Bereziki miresten dudan egilea da Giraud, bere komikiek fantasiazko bidaia ugari biziarazi didatelako, mundu sinestezinetan eta Mendebalde urruneko basamortuetan barrena. Marrazkilari ezinhobea iruditzen zait eta bere hainbat lan ditut etxeko liburutegian, beste maisulan batzuekin batera.

Azkenean, Laia Altarriba i Piguillem Kataluniako korrespontsalak idatzi du, eta bai ederki idatzi ere, Saló ezaunaren inguruan. Eta hurrengo egunean iritsi da, albiste agentzia bidez, Moebiusen hitzaldiaren berri. Biak ala biak irakurri ditut, azokara joan ezin eta nolabait hurbildu nahi duenaren irrikaz.

«Ekonomia krisiak ez dio komikiari eragiten» du goiburu kazetari katalanaren kronikak. Eta Moebiusek, aldiz, honakoa bota du: «Manga komiki ahula da, komertziala, baina arriskutsua. Aurre egin behar zaio». Kontxo… hainbeste ikusmin pairatu ondoren, ez zait, bada, bat ere gustatu maisuaren deia! Haren ustez, komiki japoniarraren armarik indartsuena bertako herritarren «lehiakortasuna» da. Hasieran esan bezala, merkatu kontuak gailentzen dira hemen ere, antza.

Akira

Bere marrazkietako estetika ikusgarria hainbat filmetarako maileguan utzi izan duen maisuari errespetu osoa zor diot. Baina ezin gera naiteke animean, mangan eta marrazkigintza japoniarrean –erdipurdiko lanen artean, beste edozein generotan bezala– maisulan asko dagoela esan gabe. Katsuhiro Otomo da maisu horietako bat, eta beste asko ere izango dira, ezagutzen ez ditudan hainbat.

Japonian bertan zegoela gomendatu zidan internet bidez Luistxo Fernandezek animazio filme ikusgarri bat. Tekkonkinkreet du izena eta hori –manga ala ez– bai dela marrazki bizidun japoniarren erakusle paregabea.

moebius

PS1: 1. irudia Tekkonkinkreet filmetik aterata dago da, 2.a Akiratik eta 3.a Moebiusena da.
PS2: Portzierto, Spielberg-ek Ghost in the Shellen bertsioa errodatuko omen duela eta Akira animazio filma ere benetako aktoreekin berregingo dutela irakurri dut… 0_ô

Georgia? Ze orgia!

Ez dezatela gaizki har Tbilisitik iritsi diren lagunek, ezta bisatu arazoengatik iritsi ez diren idazle georgiarrek ere. «Soweto? Hemen baino hobeto!» zen Napartheid komiki fanzine bikainak erabiltzen zuen lelo ezagunenetako bat eta, nik, aurtengoa umorearen azoka dela ikusirik, nolabaiteko simila egin nahi izan dut, euskaraz ohi dugun legez, errima eginez.

Orgia hutsa baita Durangoko Azoka. Euskal kulturaren merkatuaren orgia. Liburuak eta diskoak xirriak egin eta egin ari dira bazter guztietan. Ez soilik liburu eta diskoak… Euskal Herriko star system txikiko idoloak musuz josita irtentzen dira Landakotik eta.

Xabier Silveira
, esan didatenez, erakustazokara iritsi baino lehen abordatu zuten aurrekoan, eta autografo orgia batean galdatu zen bere jarraitzaileekin aterpera irsitsitakoan. Fermin Muguruzarengandik gertu, eskerrak Afro-Basque Fire Brigade zegoen, hartara Bulean ikusi izan ditudanak baino indartsuago piztutako suak itzaltzeko, abeslari irundarraren fan-ak urtu baino lehen…

Ez dakit Fernando Larruquertek eta Nestor Basterretxeak orgia batean murgiltzeko moduan ikusiko ote duten beren burua, baina haiek ere ekitaldi erotikofestibo batean bildu ziren atzo Euskal Herriko kulturgintzaren beste hainbat aurpegi ezagunekin batera, Plateruenan.

Hedabide espainol batek berriki deskubritu du, antza «Vaya Semanita» ikusi ostean, euskaldunok geure buruari barre egiten ere badakigula. Andoni Agirregomezkortak ekarri zuen gogora azokaren hasiera ekitaldian. Lehenagotik jakingo ez bagenu bezala… Edo haiek geure umorea ezagutzeko gaztelaniaz egin beharko bagenu legez…

Bada, ustezko umorez idatzi nahi izan dudan zutabe honen bitartez, gonbidatu nahi ditut gaur bertan Durangoko Kafe Antzokian egingo den «Bertso Trama» saiora joan daitezen, edo Paya anai-arreben «Oroimenaren Lupa» ikus dezaten. Hori bai, umorea ulertuko badute, ekar dezatela itzultzailea edo ikas dezatela euskaraz. Euskal Herrian, telebista iritsi baino askoz ere lehenago egiten da bat-bateko umorea eta: Plazan, taula gainean.

oharra: abenduaren 8an GARAn argitaratua.

Ostegunero

Kioskora asteazkenero heltzen den “El Jueves” agerkari satirikoaren azken alea bahitu du “Euskaldunon Egunkaria” itxiarazi zuen epaile berberak. Nagusiki komikiak argitaratzen dituen aldizkariak monarkia espainolaren oinordekoak irudikatu ditu, biluzik, larrutan, beren ohatzean… Baina, nolaz bururatu ote zaie? Printzeek eta printzesek ez baitute ez kakarik, ez pixik ez larrutan egiten. Betidanik izan da horrela. Ez dira gizaki hilkorren pareko. Beren odola urdina da, gurea gorria. Ez dute lanik egiten, baina diru arazorik ere ez dute. Ez dira izango Zapaterok iragarri duen 2.500 euroko dirulaguntzaren onuradun, izen ahoskaezina duen haurra erditu berri badute ere. Ez… Ez dute premiarik. Egunero bizi dira dirulaguntzei esker-eta.

Hautsak harrotu ditu albisteak. Bahiketa, zentsura ekintza, blogetan, BBCn, Digg.com gunean… izan dute hizpide. Hedabide ultrakontserbadoreek izan ezik, denek defenditu dute, epelago edo gogorrago, adierazpen askatasun eskubidea. Baita karikatura aurpegia berezkoa duten Borboiak tartean direnean ere. Euskaldunok nahiko genuke geure hedabide eta agerkariak zentsuratu edo erasotzen dituztenean horrelako aldarri argia entzungo bagenu, geure herrialdea baino hegoalderago dagoen beste hortatik, batez ere. Eta esan beharrean sentitzen naiz, bahiketa hau oso larria izanda ere, are eta larriagoa iruditzen zait hedabide bat oso-osorik eta behin betiko ixten denean. Baina berdin du, egunean egunekoari heldu behar zaio eta nik ere salatu nahi izan dut “El Jueves” aldizkariaren alearen bahiketa.

Gertatutakoari emandako erantzunen artean batek sutu banau, ETB2ko “Pasalo” saioko aurkezleena izan da hori. Albisteak aurkezteko duten joera horiari jarraiki, ondokoa bota zuten: «Jaun andreok, iraganeko garaietara itzuli gara. Frankismo garaiko zentsura garaira». Edo antzerako zerbait… Nola liteke ETBko aurkezle batek tamaina horretako astakeria botatzea, masailak gorritu gabe? Nola da posible ETBko aurkezle batek Euskal Herrian gertatu diren adierazpen askatasunaren aurkako hainbat eraso hain erraz ahaztea? Adierazpen askatasunaren alde egunero egiten da, ez urtean behin, ez ostegunetan soilik. “Egin”, “Ardi Beltza” “Kalegorria”, Egin Irratia eta “Euskaldunon Egunkaria” itxi zirtuztenean, edo Nicola Lococok “Yogi hartzaren tribulazioak” idatzi zuenean.

Eljueves.es Bad Request (Invalid Hostname)


Del Olmo epaileak El Jueves aldizkari satirikoaren alea bahitu ostean, egunean zehar webgunea zentsuratu ote duten zurrumurru izan da.

Gaur goizean behin baino gehiagotan “service unavailable” agertzen zen webgunera sartzeko saioa egiterakoan. Baina, antza denez, zerbitzariak gainezka egin duelako.

Gau partean, ordea, “Bad Request (Invalid Hostname)” da agertzen den mezua. Eta honek itxura askoz ere txarragoa du.

Eguneraketa, 2007ko uztailak 23 (12.50): Berriz ere ikusgai dago “El Jueves” aldizkariaren webgunea.

Epaileak agerkariaren webgunea bertan behera utzi ostean, zentsuratutako azala ageri zen tokian webgunearen aurkako prozedura ageri da orain.

2. eguneraketa (15.30): Ez naiz ni izango gisa honetako zentsura ekintzek argitalpen bati sona ematen diotela defendatuko duena… baina “El Jueves”en edizio digitalak berpiztu ondoren daukan publizitate guztiari erreparatuta (Telefonica, Renault, Yoigo) kontrakoa ere ez dut esango…

Eguneraketa: 2007ko uztailak 24 (00.25):
Orain gauza bitxia gertatzen da. Hemen goian dagoen irudia epaileak “El Jueves”i igorritako jakinarazpenari zegoen lotuta atzo eguerdian. Orain, aldiz, agerkariak azal berria argitaratu du (hemen azpian ikusgai daukazuena). Eta lehen epailearen jakinarazpenaren lotura azal originala bilakatu da berriz… Nik ez dut lotura aldatu, ordea.

Eguneraketa (12.40): Alexa guneak zabaldutako datuen arabera, sekulako gorakada izan du Eljueves.es guneak azken egunotan sortutako harrabotsaren harira. Publizitate sarrerak ere handitzen darrai gune horretan. Lehenago aipatutakoez gain, orain Simpsondarren filmaren bannerra ere ikus daiteke. Eta langile bila ere ari dira, zehazki segapotoentzako joko eta webgune programatzaileak. Hemen azpian jarri dudan grafikoa “audientzia” gorakada horren erakusle da:

Eguneraketa, uztailak 25:
Badirudi beren zerbitzarian epailearen agindua berrezarri dutela, eta jatorrizko azala berriz kendu.

Biluzik

Gordon Lee Georgiako (AEB) komiki saltzailea da. Epailearen aurrera eramango dute aurki, marrazki «lizunak» omen dituen liburuxka baten promoziorako aleak kalean banatzeagatik. “The Salon” izena du komiki eztabaidatsuak eta, bertan, Nick Bertozzi egileak kubismoaren historia irudikatu du, misterio, hilketa eta XX. mendeko artisten ateraldiekin jantzita.

Antza denez, istorioaren pasarteetako batean, Bertozzik biluzik erretratatu du Picasso, Georges Bracque margolariari bisita egiten dion unean. Egileak berak azaldu duenez, metafora moduan egin nahi izan du irudikapen hori: «Bere izaera nabarmendu nahi izan dut. Pertsonaia dibertigarria da Picasso komiki honetan. Txantxazalea eta bohemioa. Baina hain dago artearekin liluratua, ez baita ohartzen soinean arroparik ez daramanik ere».

2004. urtean, istorio grafikoaren argitaldariak debaldeko aleak igorri zituen liburutegietara, aurrerapen gisa. Besteak beste, ale horiek Georgiako saltzailearen dendara ere iritsi ziren. Eta Leek, jakina, doako ale horiek irakurleen artean banatu zituen, kalean.

Egun gutxira, Poliziak liburu saltzailea atxilo eraman zuen «eduki lizunak» banatzeari lotutako zazpi kargu ezberdin leporatuta. Agidanez, ale horietako bat 9 urteko haur baten eskutara ailegatu zen, inork nola ez dakiela. Gurasoek segituan Poliziari deitu zioten, eta laster atxilotu zuten dendaria. Ekainean epaituko dute eta urte beteko kartzela zigorra eror dakioke.

Komikiko irudiak ikusi ditut eta, egia esan, nahiko light iruditu zaizkit. Ez zaizkit inor mintzeko modukoak iruditu. Akaso ez naiz ni hori epaitzeko egokiena, ohituta nagoelako edo erlijio tenpluetatik (bisitan salbu) urrun ibiltzen naizelako. Baina ez zaizkit «lizunak» iruditu.

Joan den asteburuan bertso saioa ikusteko beta izan dut, Leitzan. Herri bertso-saioa edo, are gehiago, lagun artekoa. Betidanik txunditu nau bertsolariek errealitatea biluzteko duten gaitasunak. Maiz ironia finaz, bestetan gordinago. Ez nuke nahi Polizia orain bertso saio orotan agertzea, baina han bota zirenak alegiazko Picassoren pitilina baino askoz ere zorrotzagoak iruditu zitzaizkidan. Baita onak ere, alajaina!