rssgaur8 logotipoa

Elektrodo eramangarriak


Garai batean linternak, irratiak, erlojuak, kalkulagailuak eta iparrorratzak ziren aparailu eramangarri ohikoenak. Eta eramangarri guztietan nagusia, Euskal Herrian hain hedatua dagoen motxila.

Egun, ordea, guztia bilakatu da mugikor geure gizarte honetan, geldi egoteak beldurra emango baligu legez. Leku berberean bost minutu baino gehiago egotea bizi nahiaren aurkakoa balitz bezala. Zerbait egin ezean, mugitu ezean, debora alperrik igaroko den beldur.

Janariak ere eramangarri behar du maiz, lantokian jan nahi badugu behintzat. Horretarako dauzkagu plastikozko tuperware eramangarriak. Telefonoa sakelean sartu eta batetik bestera eramateko ohitura ere geureganatu dugu. Eramangarriak ei diren ordenagailuak etxeko idazmahaian dauzkagu kieto, eta noizean behinka sorbaldatik zintzilikatu eta eramaten ditugu soinean, metatu duten hautsa astintzeko edo. Jakina, eramangarriak dira-eta.

Jendeak, lehen, asteburuetako futbol partidak entzuten zituen kalean, beste gauza askoren artean, irratia belarrira itsatsita. Eta gurasoekin mendi buelta egitekotan, otordua fianbreran eramaten genuen. Baina latoizko edukiontzietan gordetako freskagarriek, GPSekin, Mp3ekin, agenda elektronikoekin eta pendrive-ekin egiten dute ezkonbizitza orain.

Orain gutxi, Vancouver-en (Kanada), Poliziak «taser» pistolarekin eraso zion etorkin bati: Hil egin zen. Frederick County izeneko eskualdean, AEBetan, 20 urteko beste lagun bat hil zen irailean, Sheriffaren agindupeko poliziakide batek «taser» pistola batekin eraso ostean. 15 urteko mutiko autista batek hitzordua zuen medikuarekin Kalifornian, baina ez zen agertu. Poliziak, argindar deskargak eragiten dituen pistola horietako bate erabiliz harrapatu zuen. Floridako Unibertsitatko ikasle batek John Kerry senatariari galdera «ezegokia» egin, eta Poliziak «taser»ak erabiliz atera zuen entzungelatik. Utah: Trafiko isun bat ordaindu nahi ez izateagatik ere, «taserkada» galanta. Eta, Los Angelesen, liburutegira txartel gabe sartu nahi izateagatik, deskarga

Guztia eramangarri… baita elektrodoak ere.

Kindle: Testuentzako iPod bat


Kindle du izena, eta 399 $tan saltzen dute Interneten. Hari gabeko konexioa duen testu irakurgailu digitala da. 3G teknologian oinarritutako Whispernet zerbitzua baliatzen du Internetera konektatzeko. Sareko liburudenda handienak, Amazonek, atera berri du.

Hari gabeko konexioarekin Kindle Store dendan eros daitezke zuzenean irakurgaiak. Eta saretik eskuratzeaz gain, USB edo SD txartelarekin zure PDFak kargatu ditzakezu. Testuen iPoda dela esan genezake…

AEBetako, Irlandako, Alemaniako eta Estatu frantseseko “egunkari nagusiak” eskuratzeko aukera eskaintzen du, defektuz. Eta Wikipedia kontsultatzeko aukera ere badu. Gatxet hau aurkezteko erabili dituzten irudietan, kasualitatez edo ;) Johannes Gutenberg-en sarrerarekin ilustratu dute aukera hau.

Joan den ekainean GAUR8n idatzi nuen paperaren etorkizunari buruz: Liburuak eta prentsa idatzia, euskarri digitalen bila.

Mediamarkt

Blogari gogorarazi dit, orain gutxi, behinola banuela audio erreproduzitzaile bat. Radio Euskadiko Graffiti irratsaioan hasi naiz tertuliakide ostegunero Interneti eta teknologiari buruz.Blogean kolaborazio berri horri buruz idatzi nuenean, Mikel Iturriak mezua utzi eta podcasting egin behar nuela gogoratu zidan. Alegia, irratsaioak interneten paratu mp3 formatuan, gero edonork bere aparailuan sartu eta edozein mementotan entzun ahal izateko. Hori baita, finean, podcasting delakoa.

Esan bezala, gogora ekarri zidan nik inoiz izan nuela musika erreproduzitzaile polit bat. Baina urtarrila aldera izorratu zitzaidan eta, bi urteko garantiarekin saldu zidatenez, Mediamarkt-era eraman nuen konpontzera. Bai, Donostiako Garbera hipermerkatuan erosi bainuen nire zoritxarrerako.

Nahiko lanpetuta ibili naiz azkenaldian. Eta proiektu batean zeharo murgilduta nengoen egun batean SMS mezu hotz, ia izoztu bat jaso nuen nire “segapotoan”. Aipatu dudan dendakoa zen eta tramankulua konpondu zutela jakinarazten zidan. Poztu egin nintzen lanerako bidean autobusez noala berriz ere musika entzun ahal izango dudalako. Baina, zenbakiak egiten hasi, eta konpontzera eraman nuenetik zazpi hilabete inguru pasa zirela ohartu nintzen… zazpi!

Joan den astean, etxean txapuza bat edo beste egiteko behar genituenak erostera joan ginen Garberara. Jakina, ezin Mediamarkt-etik igaro gabe pasa. Konponketa eta kexa gunean jende dezente zegoen eta, arrandegia bailitzan, txanda ematen zidan zenbakia hartu nuen. Apur batean esperoan egon ostean, tokatu zitzaidan aparailua jasotzea. Esan behar dut, nire aurretik zegoen lagun batek garrasika amaitu zuela dendariarekin. Ez dakit zer egin zioten eta, sinistu, ni hainbeste ere ez nintzen sutu…

Konponketa identifikatzen zuen zenbakia eman nion eta neskaren erantzuna honakoa izan zen: “Joe, zenbaki hau duela hainbat urtekoa da gutxienez!”. Ez zen bada izango, konponketa gehienez hilabete batean egingo zutela esan zidatenetik zazpi pasa zirenean! Azkenean topatu zuen katxarroa, baina nire haserrea handituz zihoan. Amaitu zuenean, hain denbora luzez aparailurik gabe egoteagatik kexa ezarri nahi nuela eta zer egin behar ote nuen galdetu nion. Bere erantzuna: “Zer erreklamatu behar duzu bada, garantiaz kanpo baitago eta, gainera, garantiaren bigarren urtean ekarri bazenuen konpontzera?”. Ba horixe bera, neska, bi urteko garantia izanda, garantia horren laurdena baino gehiago zuen eskuetan eman duela! Azkenean, kexa orria eskuratu besterik ezin nuela egin esan zidan. Eta nik: “Horixe eskatzen ari nintzen”.

Ez dut ulertzen langile batzuen jarrera. Enpresak arrazoirik izan ez, eta gainera nagusia zuritzen jarduten direnak. Nire haserrea pizteko zer beharra zegoen? Bada, piztu zuen.

iPhone bat Euskal Herrian

Asteburu honetan, GAUR8n, Los Angelestik Euskal Herrira ekarritako iPhone baten inguruan erreportajea idatzi nuen. Bideo hau osagarria da.

Puntako teknologia

Orain hilabete batzuk Madrilera joan nintzen bi lankiderekin. Baita trenez joan ere, gauez. Gauez, eta, antza, azpikeriaz. Edo itxura hori hartu ei ziguten kaleko arroparekin jantzita burdinezko zaldian zihoazen hiru Polizia espainolek.

Dokumentazioa eskatu, ohiko galderak egin (nora zoazte, zertara, noiz arte), gure nortasunaren inguruko datuak jaso zituzten, eta pakean utzi gintuzten zalaparta gehiegi eragin gabe.

Ez dakit zein geltokiraino joan ote ziren hiru uniformedun uniformegabeak tren hartan. Geuk, Miranda de Ebro inguruan, “ohera” (sardinak bagina lez enlatatuak) joatea erabaki genuen eta ez genituen berriz ikusi. Litekeena da Madrileraino iristea, baina.

Poliziakideen “lan” sistema izan zen sobera harritu ninduena. Hiruetan ixilena zirudienak, banan bana, geure nortasun agirietako datuak esku koaderno txiki batean idatzi zituen arkatzarekin. Eta are eta esperpentikoagoa iruditu zitzaidana: Gasteizko tren geltokian laugarren polizia bat zeukaten zain. Trena geratu bezain pronto, gaizki gogoratzen ez badut bagoiko atetik jaitsi ere egin gabe, gure bidailagun berezietako batek paper gainean idatzitako ohartxoa eman zion eskura.

Joño! Hori bai puntako teknologia Espainiako Poliziak darabilena, esan nion barrenari. Datuak igorri eta kontrastatzeko mila tramankulu eta konexio mota dauden garaian, segurtasun indarrak eskuz eskuko korreoak baliatzen ditu informazioa partekatzeko! Ez dakit Arabako hiriburuan ohartxoa hartu zuenak kanuto bat bailitzan kiribildu eta uso mezulari batekin bidali ote zuen Madrilera…

Joan den astean jakin da errepideetako Guardia Zibiak sekulako jauzi teknologikoa egingo duela. Isunak eskuz ezarri beharrean, agenda elektronikoa erabiliko dute hemendik aurrera. Nire ohiko teoriatako bat zapuztu dit albisteak. Teknologia oro zibilen eskuetara iritsi baino lehen militarren eskuetatik igarotzen zela sinistuta nengoen.

Puntako teknologia bere eguneroko jardunean erabiltzen hasita, iradokizun bat egin nahi nieke nik zutabe honetatik Euskal Herrian sakabanatuta dauden guardia zibil, polizia eta militar espainolei. Eros dezatela azken belaunaldiko GPSa, hartara hemendik alde egiteko bideari errazago jarraitu ahal izateko.

Uliako igoera, nire erlojuaren begietatik



Mikel Olasagastiri irakurri nion aurrekoan, bere blog pertsonalean, eskuratu dituen jostailuen berri. Eta txirrindularitzari buruzko Altimetrias nahiz Tropela.net guneak behatu ditut azken aldian. Lehenagotik ere banuen nire gatxet kuttunenetako baten inguruan idazteko gogorik. Eta hiru hauek eman didate azken bultzada, nolabait.

Polar AXN 500 erlojuaren limited edition bat da (kolore ezberdinak, besterik ez…): Barometroa, altimetroa, iparrorratza, termometroa eta pultsometroa dira dakartzan ezaugarri nagusiak, orduaz, egunaz, alarmaz, kronometroaz, abiadura bertikalaz eta beste feature batzuez gain.
Erlojuaren baliabideak gehiago ustiatzeko aukera ematen duen zenbait aplikazio ere badu.

Batetik, erabiltzailearen egoera fisikoa neurtzeko, fitness test izeneko tresna dauka. Atsedenean zaudela duzun bihotz taupaden maiztasuna oinarri hartuta diagnosi bat egiten du. Horretarako, erlojuan bertan erabiltzailearen ezaugarri fisikoak (adina, pisua…) ezarri daitezke. Ownindex izeneko batazbestekoa sortzen du erlojuak, norbere ahalmen fisikoaren neurria.

Kirola egiten ari zarela, zeure bihotz taupaden mugak gainditzerakoan alarmak salto egiten du. Eta altuera jakin batzuk gainditzerakoan ere abisa zaitzan eska diezaiokezu. Gainera, 14 ordura arteko datuak gordetzeko ahalmena du.

Izan ere, darabiltzan tresnei lotutako softwarea ere badakar Polar erloju finlandiarrak (Windowsentzako bakarrik). Horren bitartez, erlojuan gordetako zure kirol saioen datuak konp gorde eta kudea ditzakezu, baita prestaketa taula eta egutegiak osatu ere.

Datuak ordenagailura pasatzeko ez du kablerik behar. Hari gabeko konexio infragorria erabili dezakezu ariketen datuak ordenagailura pasatzeko. Esan bezala, nire tramankulutxo kuttunenetakoa.

Duela urte bete jasandako lesioaren eta neguko egun laburren, lanaren eta nire nagikeriaren kulpagatik, besteak beste, azkenaldian apur bat utzita neukan bizikleta.

Ostiralean, azkenik, nire burua neurtzeko saio txiki bat egitea erabaki nuen. Donostiako Ulia gainera igoera. Gorputza behartu gabe, erlojuak taupadak nire mugetatik gora zeudela esan arren. Bide batez, nire gatxet kuttuna frogatzeko aukera izan dut berriz. Badakit Uliako igoera ez dela inolako lorpena, baina hemen eskegi nahi izan dut emaitza. Entrenamendu faltan nago nabarmen!

PS: Esan dezadan erloju hau ez dela espreski txirrindularitzan erabiltzeko prestatua. Besteak beste ez dakarrelako sinkronizatutako kilometro eta abiadura horizontal neurtzailerik. Horretarako badaude beste modelo batzuk. Mendirako edo “kanpoko kiroletarako” dago egina. Nahiko pisua ere bada. Taupadak neurtzeko, jakina, trasmisore bat erabili behar da bularrean.