rssgaur8 logotipoa

Copycop

Zabaldu.com gunean irakurri nuen atzo. G8 osatzen duten munduko zortzi estatu boteretsuenak isilpeko hitzarmena sinatzekotan omen dira. Akordio horren bitartez, aurrerantzean, aduanako funtzionarioek ordenagailu eramangarriak, musika irakurgailuak, edukiontzi digitalak, CD eta DVDak… atzeman eta miatu ahalko dituzte, «egile eskubideen legedia betearazteko». AEBak, Kanada eta Europako hainbat estatu omen daude sinatzaileen artean.

G8 delakoak datorren uztailean Tokion egingo duen bilkuran aztertuko ei du hitzarmena. «Aduanako funtzionarioak copyrightaren polizia bilakatzea ahalbidetuko duen nazioarteko araudia indarrean jartzea» omen da helburua, “Ottawa Citizen” eta “National Post” egunkariek zabaldutakoaren arabera.

Nire iruzkinak irakurtzen dituzuenok –zutabe (blog) hau inork irakurtzen badu– jakingo duzue maiz izan dudala hemen mintzagai George Orwell idazlearen “1984”, anaia nagusiaren kontzeptua ederki islatzen duen eleberria. Azkenaldian baina, anaia handi hori gu geu ginela pentsatuta nengoen. Alegia, estatuek, poliziak eta boterearen inguruan mugitzen direnek ez dutela zelatan ibili beharrik, hiritarrak berak jartzen dituelako bere datuak zelatariaren eskura… askotan jakin ere egin gabe.

Garai batean hain sonatua izan zen Echeloni buruz ere –modaz pasata edo– ez dugu kasik inon irakurgairik aurkitzen egun. Alegia, beren kontrola sotilagoa bilakatu zela sinistuta nengoen, zelatatuak zelatatzen dutela ez susmatzeko modukoa. Tira, egia esan, espioitza, espioitza izango bada, isilpean egin beharreko zerbait da beti. Beti sotila, ustez, beraz. Oraingoan, baina, copyrightaren aldekoen zutoihala ukabilekin estutu eta inongo lotsarik gabe geure ordenagailu, pendrive, musika irakurgailu, CD, DVD eta abarretan kuxkuxean aritu ahal izango dira poliziak. Ustez, egile eskubideak urratzen dituzten fitxategiak bilatzeko baina, bien bitartean, beste eduki batzuk ere miatu ahal izango dituzte.

Eta zelataritzaz ari garela, ezin ahantzi berriki Gasteizko Aiztogile kalean hainbat herritarrei esker agerian geratu den zelatatze sistema. Orwellena, aspaldion, ez baita zientzia-fikzioa, errealitate gordina baizik.

Bizitza adimenduna

A astronomoak azken 50 urteotan gure Galaxian bila ari izan diren objektu baten aurkikuntza ezagutaraziko duela iragarri du bere webgunean Amerikako Estatu Batuetako NASA espazio agentziak. Bihar emango du jakitera berebiziko garrantzia omen duen aurkikundearen mamia.

Antza, Chandra izeneko X izpien bidezko behatokian nahiz Lurretik egindako azterketetan jasotako datuak bateratuz topatu dute oraingoz ezezaguna den objektu misteriotsu hori. Eta xehetasun gehiago eman ez dutenez, espekulazioak aurre hartu dio berriz ere informazioari, horrelakoetan gertatu ohi den bezala.

Microsiervos izeneko blog komunitarioan hipotesi asko eta asko bota dituzte honezkero. Ez da harritzekoa NASA gisako erakunde batek horrelako iragarpen misteriotsua egin ostean barnean daramagun alegiazko zientzia idazlearen sena piztea.

Inork esan duenez, baliteke astronomoek gure Galaxiaren erdian dagoen zulo beltz bat aurkitu izana. Edo, akaso, supernova baten zuzeneko eztanda grabatu dute. Bestela, izan daiteke Lurraren ezaugarri berdintsuak dituen planeta bat edo, agian, Galaxia osoa irensten ari den zulo beltz erraldoi bat. «Zizare zuloa» aipatu dute zenbaitek eta X Planeta izan daitekeela bota dute beste hainbestek. Edo beti Eguzkiak estalita «bizi» den Lur paralelo baten gisako planeta? Ausartenek «ontzi extralurtarra» datekeela zabaldu dute, erdi txantxetan edo. Izan ere, beste batzuek Lurraren ezaugarri berberak ez ezik, bizitza ere baduen planeta izan daitekeela esan baitute, serio antzean. Gure planetaren inguruan biraka dabilen bigarren «satelite iluna» kausitu dutela esan duenik ere badago edo, apika, «materia iluna» edo «Eguzkiaren izar bikia».

Jakin nahi duenak bihar arte itxoin beharko du, ordea, Interneten sareratutako bideo fitxategi baten bitartez aurkikuntzaren irudiak zabalduko dituela jakinarazi baitu North American Space Agency-k.

Orotarikoak dira teoria, hipotesi eta burutapenak. Baina guztien artean bat hautatuko nuke nik: gure planetan bizitza adimendunik esistitzen dela deskubritu ote dute?

Euneraketa: Ezagutzen den supernoba gazteena da topatu dutena.

Termodinamika

Britainia Handiko hainbat zientzialari ari dira Eguzkiaren ezaugarriak birsortu nahian. Oxfordshiren laborategi berezi bat eraikitzeko aukera aztertzen ari dira, gure planeta sistemari bizitza ematen dion izarraren barne tenperatura eta presioak imitatzeko. Antza, munduko laser indartsuena eraiki nahi dute, hidrogeno-erregaiz osatutako «bolatxoak» jaurtiz energia sortzeko. Munduak bizi duen energi krisiari «soluzio ez-osoa» emateko, haien esanetan.

Eguzkia da Lurreko bizitzaren sortze eta mantentze prozesuan kulpante nagusietako bat, urarekin batera. Baina bizitza sortu eta txikitzearekin zerikusia duten beste hainbat albiste iritsi ohi dira geure belarrietara maiz. Harrigarria da gizakiak zientziaren bidez bizitza sortu eta desegiteko duen gaitasuna. Modu artifizialean besterik ez bada, naturak eskaini digun gaitasunaz harago.

Bizitza gogorra da, ordea… Hori da azken boladan lagunarteko solasaldietan behin eta berriz errepikatzen den esaldia. Edo halaxe iruditu zait niri behintzat, azkenaldian buruan bueltaka dudan esamoldea delako akaso.
Etengabeko borroka, esan dit beste batek. Ez denean ez delako, eta denean delako. Dagoenean dagoelako, eta ez dagoenean ez dagoelako. Orain honengatik, bihar hargatik. Behin eta berriz horrela… Idatzi izan dut inoiz zutabe honetan bertan gizakiok ziklikoki bizitzeko jaiotzen garela. Baliteke irudipena besterik ez izatea, edo giza kondizioari lotuta dagoen joera aldagaitza agian? Ez baitakit ziur.

Guk baino gutxiago duenaz akordatzea erabili ohi dugu batzuetan terapia gisa: «Ez hadi hainbeste kexatu, pribilegiatu hutsak gaituk-eta». Baina ahaztu egiten zaigu pribilegio horiek guk geuk bultzatzen ditugun ezberdintasunak dituztela oinarri.

Zikloaren aro ilunean gaudenean –termometroa zero azpitik eta dinamikaz eskas– akordatu beharko gara termodinamikaren lege nagusiaz, beraz. Lehenagotik genuen energiari heldu, eraldatu eta aurrera jo sortu berria dirudien baina berez lehenagotik ere bazegoen energiarekin. Energia ez baita sortzen, ez eta desagertzen ere. Eraldatu egiten da.

Asexualak?

Ebanjelioen inguruan ezjakin hutsa naiz. Beti esan dut erlijioak direla burutu gabeko nire ikasgai nagusia. Batez ere, Kristautasuna, gertutasunagatik besterik ez bada ere. Ez pentsa orain konbertitzeko asmorik dudanik, ez. Gure gizartea doktrina horrek baldintzatuta bizi izan delako, eta oraindik ere bizi delako, izan nahiko nuke ezagutza handiagoa. Baina kanpotik, toreatzailearen gordelekutik, jakina.

Ez dut inoiz ulertu, eta ez dut inoiz ulertuko, sexu harreman osasuntsuen aurrean Elizak duen jarrera ezkorra. Zergatik dioten horrenbeste beldur «haragiari» edo, bederen, zergatik uztartzen dituzten sexu harremanak lizunkeriarekin. Mendeetako ahaleginaren ondorioz, Elizaren esanek erdietsi dute nahi zuten helburua, zalantza izpirik gabe. Gizartearen subkontzienteak sexuaz duen ikuspegia zikinkeriarekin nahasten da, ezinbestean, frustrazioak eta konplexuak areagotuz.

Katolizismoarekin lotutako gertakari orok egiten dio uko sexuari. Ama Birjinak ez zuen txortan egin, aingeruek ez dute sexurik, eta apaizak ezkongabetasunean bizi dira. Nerabezaroan kanpaia jotzerik ez… eta ezkondu arte, laztan bat bera ere ez. Ondoren, jakina, helburua haurrak erditzea denean soilik.

Balore horiek guztiak zabaldu dituztenak, baina, hipokrita hutsak dira. Horietako asko eta asko, behintzat. Eliztarren eta eliztar ez direnen artean debeku horiek sustatzen dituzten bitartean, barrura begira bestelako araudia darabilte. Moral bikoitza. Erdi Arotik, hainbat izan dira beren fantasia erotikoak papereratu dituzten apaizak. Behar hori ere baduten seinale. Eta are gehiago izango dira idazteaz harago fantasia horiek gauzatu dituztenak…

Sexua eta Elizarekin zerikusirik duen azken eskandalua Austriatik iritsi da. «Erlijioa, haragia eta boterea» izeneko erakusketa dago Vienako katedraleko museoan ikusgai. Alfred Hrdlicka artista ateo eta gorriak irudikatutako hamabi apostoluak elkar masturbatuz ageri dira «Azken afaria» izeneko koadroan. Hautsak harrotu ditu; are gehiago, erakusketa Elizaren esparru propioan paratu dutelako. Eta koadroa erretiratu egin dute azkenean.

Niri, bada, naturalagoak iruditzen zaizkit larrutan ari direnak asexualtzat aurkeztu izan dizkidatenak baino.

Suziriak

Ipar Amerikako indigenek zeruari dantza egiten zioten euria bota zezan. Hori da behintzat Western filmak ikusiaren ikusiaz ikasi genuena. Txinan, baina, ez diote ortziari dantza egiten, suziriak jaurtitzen dizkiote negar egin dezan. Baita lortu ere.

Hori da Xinhua izeneko albiste agentzia ofizialak egunotan zabaldu duena. Beijing hiriburuan eta Hebei izeneko probintzian udaberriko euri jasa handiena lortu dute azken 24 orduotan. «Teknologia erabiliz, eurite mardul eta luzeagoa lortu dugu», esan du harro-harro Meteorologia Bulego txinatarreko funtzionario batek. Hodeietara zilar ioduroa duten etxafuegoak botatzea ez da biribilguneak osatuz dantzan eta kantuan aritzea bezain sotila. Baina eraginkorra bai, antza. Txinako hainbat probintziak lehorte gogorra bizi dute azkenaldian eta, agintarien arabera, agorraldi luzeari aurre egiteko jarri dute zerua beren bolanderen begipuntuaren xedean.

Lehorteei buruz idatzi nuen joan den asteartean zutabe honetan bertan, eta Txinan nola aurre egiten dioten aipatu nahi izan dut gaur. Baina beste idorte bati buruz ere mintzatu nintzen. Hots, sikate informatiboaz. Izan ere, Aste Santua delakoak dirauen bitartean –baita txokolatezko arrautzak nagusitzen direnean ere– bestela aipagarri diren hainbat gertakari eta albistek urriago dirudite, baita alderantziz ere… Eta pertsonaia sonatuen heriotzak ugaldu egiten dira, itxuraz, mundu osoan.

Hedabideetan oso zabalduak daude lehorteei aurre egiteko trikimailuak. Egintzaren ondorioak dira, ohiko jarduna edo. Beste batzuetan, ordea, suziriak erabiltzen dira, Txinan legez, idortea bat-batean akabatu nahian. «Artifiziozko suak» albiste bat edo beste neurri gabe puzteko.

Horrelakoetan tragedia, odola eta samina erabiltzen dituzte jaurtigaiak betetzeko. Zilar ioduroaren ordez, morboaren osagai nagusiak. Antza, behe-lainoak inguratutako burmuinen arreta bereganatzeko ezin hobeak dira, ikus-entzuleak erakartzeko nahasgai bikainak.

Ez dakit irudipen hutsa den ala ez, baina esango nuke gero eta luzeagoa dela lehorraldia inguruan ditudan ohiko hedabideetan. Batez ere «kutxa leloa» esan izan zaion horretan. Suziri horiek ez baitute nire egarria asetzen.

Ostegunean, nik, greba: notimeforlove?

Duela zenbait aste “notimeforlove” esamoldea erabiltzen hasi ziren zenbait euskal blogari. Besteak beste, Teketenek, Koldotxuk eta Gaztelumendik eta bai Zabaldun ere.

Antza, “maite zaitut” esateak ere ilegal egin zaitzake egun Estatu espainolaren agindupean bizi bazara. Maitasuna ere ilegalizatuko digute? Ez diot nik horregatik maitatzeari utziko, sar nazatela espetxean nahi badute, han ere izango dut eta maitatzeko betarik, eta gogorik.

Euskal Herrian egiten den politikaz (hobe esanda, POLITIKAZ) nahiko nazkatua nagoela aitortu behar dudan arren, ezin egon naiteke geldirik azkenaldian ikusten ari naizenaren aurrean. Tortura, legez kanporatzeak, atxiloketak eta hipokresia, HIPOKRESIA gehiegi gure inguruetan. Eta bai, garraxika ari naiz, zer demonio!

Amorrarazi egiten nau frankisten aurka errepublikar espainolen alboan borrokatutako alderdia, PSOEren Gobernukide izandako alderdia, legez kanpo ikusten dudanean. PSOE muturreko eskuindarekin lerrotuta. Broma gutxi, beraz.

Horregatik, nik, datorren ostegunean greba egingo dut. Tira, egunkarian greba bezperan egin izan ohi dugu, protesta egunean ez dadin egunkaririk egon kioskoetan eta, era berean, protesta egunaz behar bezala informatzeko ostiralean. Badakizue, paperezko egunkarietan egun bat lehenago bizi gara beti edo, akaso,egun bat berandu.

There is always time for love, even if they want to forbid it.

Jarraitu notimeforlove technoratin.

Isiltasuna

Paranoia konspiratiboari deitzen zaio konspiranoia. Alegia, gertakari ororen atzean konspirazioa dagoela pentsatzen duenaren paranoia. Sindromeak, aldiz, lehenago izandako gertakariren batek elikatzen ditu maiz. Stockholmekoa, adibidez, giltzapetu dutenenganako menpekotasunak eragin ohi dio bahituari. Zalantzak, berriz, teoria jakin baten inguruan sor daitezke, eskuartean sinisteko behar adina elementu ez daudenean. Eta, isiluneek, isiltasun tarte handiegiek, zalantza horiek indartu ditzakete.

Lankide batek darabil egunotan “Zubialde sindromea” esamoldea, Iruña-Veleiaren inguruan zalantzak dituztenen sentipenak adierazteko. Zubialde bezala ezaguna den gertakaria aski ezaguna da. 1990. urtean Paleolito garaiko ustezko santutegi bat aurkitu zuten Gorbeian. Baina leize hartako margoak ez ziren inondik inora ordukoak. Iruzur hutsa zen.

Teoria bat botako dut gaur Iruña-Veleiako aurkikuntzen inguruan gizartean dagoen sentipenari buruz, eta indusketa taldearen isiltasunak sentipen horri nola eragiten dion azaltzen saiatuko naiz. Edo hobe, hipotesi hutsa izango da, ezin jakin baitezaket zer den benetan gizarteak pentsatzen duena. Nire iritziz, egun, arras zabalduta dago Iruña-Veleiaren inguruko kezka eta zalantza. Eta ez naiz ingurune akademiko eta zientifikoez ari, kaleko sentipenaz baizik.

Iruña-Veleia izen ederra ahoskatu eta berehala, «Egiazkoa izango ote da?» galderak ezinbesteko dirudi. Kasurik onenean. Okerragoa baita «Gezurra izango ote da?» esaten denean. Eta zer esanik ez, «iruzurra» hitzak agerraldia egiten badu. Baina akatsa eta iruzurra banatzen dituen mugarria argi izan behar dugu. Ez da gauza bera eta.

Hasieratik egon dira zalantzak grafitoen inguruan. Eta konspirazioaren teoriak ez dira falta izan, norabide batean nahiz bestean. Indusketako arduradunek informazioaren inguruan egin duten kudeaketak ere badu erantzunkizunik. Filtrazioak izan dira, adierazpenak lekuz kanpo eta informazioa helarazteko jarritako epeak ez dituzte bete.

Ez dakigu azkenean zer gertatuko den Iruña-Veleiako grafitoekin. Eta egia da zientzilariei presiorik gabe lan egiten utzi behar zaiela. Baina jardun hori ez dago informazioa behar bezala helaraztearekin etsaitua. Zerbaitek kalte egiten badie, arduradunek zalantzen inguruan hartu duten jarrera hermetikoa da hori. Batzuetan isiltasunak zalantzak indartzen ditu, konspiranoia sustatzen du eta sindromeak areagotzen ditu.

PS: Asteburu honetan, Martin Anso lankideak eta nik neuk GARAn argitaratutako erreportaje zabal [1][2][3]baten harira idatzitako iritzi artikulua.

Ken Follet eta Euskal Herria

Banuen Ken Follet eta “World without end” bere azken eleberriaren inguruan nire iritzia plazaratzeko gogoa. Ez hainbeste neure burua literatur aferatan aditutzat dudalako, ezta gutxiagorik ere. Ez dut, beraz, ikuspegi literariotik epaituko edo baloratuko lan hori. Gasteizko aurkezpena egin zen egunean bertan nintzen zerbait idaztekoa egunkari honetan. Baina, esan dezadan, presaka ibiltzeak eta autozentsura apur batek eraginda, azkenean, ezerezean geratu zen saiakera.

Ez ei nintzen behar adina autoritaterekin sentitu bere liburuak irakurri gabe kritika egiteko; dena den, nire errezeloa idazkera kalitateak baino idazle gaslestarrak, liburua gaztelaniaz argitaratu duen argitaletxeak eta Gasteizko Andra Mari katedraleko arduradunek promozio aurkezpenerako baliatu dituzten irizpideek eragin dute. Azkenean, ordea, nik baino askoz ere autoritate handiagoa duten zenbait lagunek ireki dizkiote kritikari ateak.

Behingoagatik, argi mintzatu dira Ken Folletek eta bere eleberriak Euskal Herriarekin omen duten harremanaz. «Kafka sekula irakurri ez duen bat Kafkaren kamiseta batekin etorriko zaizu Pragatik. Pessoari buruz deus ez dakien batek ez du À Brasileira kafetegitik pasatu arteko onik izango Lisboara egindako txangoan. Hiri bakoitzak bere fetitxea bilatzen du, souvenir dendetako salmenten pizgarri», idatzi du Anjel LertxundikBerria”n. Urrunago joan da Luistxo Fernandez kazetaria Sustatu.com agerkari digitalean: «Eta zer egin du, bada, Ken Follettek Gasteizen alde? Bi liburuetan, katedral baten eraikuntzaz jardun. Ez da Gasteizkoa, eta Euskal Herririk ez da ageri nobelotan, ordea. Ingalaterrako katedral bat da Folletten liburuetakoa, fikziozko hiri batean kokatua».

Hutsaren hurrengoa da Ken Folleten liburuak Gasteizekin eta Euskal Herriarekin duen lotura, eleberria Estatu espainolean promozionatzeko interesaz landa. Eta hutsaren azpikoa, berriz, promozionatzeko orduan Euskal Herriko irakurle jakin batzuei eskaini zaien arreta. Elkarrizketa eskatuta, «Estatuko egunkari handiei» soilik eskainiko ziela erantzun baitzuten fundazioko arduradunek. Azkenean, ordea, herri honetako bi egunkari garrantzitsu geratu ziren baztertuta. Ezetz asmatu zeintzuk…

PS: Barkatuko ote dit Ken Follett-ek. GARA egunkarian argitaratutako zutabean “T” bat kendu bainion bere abizenari atzo. Ez zen nahita izan, baina, metaforikoki pentsatzen hasita, Ken Folletti zutoin bat kendu nahi izan diodala esan dezaket, hots, Euskal Herriarekin ustez duen harremanaren zutabea eusten duen hori. Hemen ere mantendu nahi izan dut “akats” hori ;)

Torturaren erreinuan borreroa errege

Orain gutxi, “El Mundo” egunkari espainolean, Damien Corsetti izeneko gizaseme bati egindako elkarrizketa irakurri nuen. AEBetako zerbitzu sekretuetako kide izan zen Afganistanen eta Iraken; “interrogatzaile” Abu Ghraibeko eta Bagramgo espetxeetan. Damututa ageri zen Corsetti Pedro J.ren agerkarian, eta bi herrialdeotan militar estatubatuarrek atxilotuen aurka erabilitako tortura teknikak zerrendatu zituen. «Torturatzaileen errege» deitzen omen zioten bere kolegek.

Irakurri edo entzute soilarekin edonor ikaratzeko moduko tratu txarrak deskribatu zituen Corsettik elkarrizketa hartan. Egia esan, niri ez zitzaizkidan hain arrotzak egin torturatzaile damutuaren hitzak. Ez nire azalean inoiz torturarik pairatu izan dudalako, testigantzak hainbat aldiz irakurri ditudalako baizik. Pertsona bat nola torturatu daitekeen behin eta berriz entzunda ere, nekez ohituko ditut inoiz begi eta belarriak gisa honetako pasarteak irakurri eta entzutera, ordea. Kikildu egiten naiz irudikatze hutsarekin.

Berripapera eskuetan nuela, ariketa mentala egin nuen nahi gabe. Zer pentsatuko dute irakurle espainolek Corsettiren kontakizuna irakurtzen ari diren bitartean? Benetan barrenak astinduko al dizkiete «Torturtzaileen errege»aren hitzek? Pentsatzekoa da haiek ere iguingarritzat joko dutela jardun onartezin hori.

Torturatzaileen teknikek estandar jakin bati jarraitzen diotela dirudi. Corsettik kontatu zituenak eta hainbat euskal herritarrek salatu izan dituztenak, laborategi berdinean sortutako bina pilula bezain ezberdinak dira eta. Ez, ordea, salaketa baten eta bestearen aurrean iritzi publiko espainolak duen jarrera eta erantzuna. Gorka Lupiañez izan da torturak salatu dituen hamaikagarren herritarra, eta Igor Portuk salatzeko denborarik ere ez du izan. Zuzenean ospitaleratu dute.

Espainian, «torturatzaileen errege»aren besaulkia ez dago hutsik. Guardia Zibilak irabazi zuen aspaldi «trono» horretako tokia eta ez dirudi inork atzealdea altsaraziko dionik. Alfredo Rubalcabak atzo esandakoen ostean, argi dago torturaren erreinuan borreroak botere absolutua duela eta.

Egur gehiago!

Amaitu da Durangoko Azoka, momentuz. Bukatu da, akabo. Udaberri aldera izango dute berriro merkatuarekin hitzordua saiakerek, eleberriek, poesiak, ipuinek eta parafernalia guztiak. Johannes Gutenberg-ek asmatutako makinek kea dariela egoteari utzi diote. Estresatuta iritsi ohi dira inprentak «euskal kulturaren zubia» deitu izan zaion asteburu luzera. Mikrofonoek doinuak irensteari utzi diote, grabatu beharrekoak grabatu dira, eta «Moztu!» entzun da zinema estudioetan. Itzali kamerak.

Gure bizitza ziklikoki zatitzeko joera dugu gizakiok, eta inflexio puntuak bilatzen ditugu horretarako, denborazko erreferentziak. Ikasleentzat edo etxetik kanpo bizi direnentzat ikasturteak dira, langileentzat Gabon bueltako aparteko ordainsariak, eta herri asko eta askotan festak. Hernanin Sanjuanak, Bilbon Aste Nagusia, Gasteizen Andra Mari Zuria, Ziburun Bixintxoak, Tolosan Inauteriak, Donostian Sansebastianak eta Iruñean Sanferminak. Amaitutakoan, beti geratzen da urtebete hurrengo festak prestatzeko.

Ni ere berandu ailegatu naiz aurten Durangora. Erredakzioko lanak azken eguna iritsi arte ez dit utzi Azoka bertatik bertara bizitzen, urtero egin ohi dudan legez. Makinak itzalita joan naiz, tentsioa apalduta, mikroa off, lasai antzean, baina goseak jota.

Baten batek esango du urte osoan zehar edozein dendatan aurkitu ahal izango ditudala Durangon salgai daudenak. Gizakiok badugu, baina, beste joera bat, komunitate jakin bateko kide sentitzeko beharra dugu, horretarako antolatzen ditugu horren gisako meetingak. Izan ere, fenomeno masibo horren inguruan sortzen diren elkarrizketa, harreman, agur, begirada eta sentsazioak ez baititut urte osoan Megadendan aurkituko.

Durangora berandu iritsi banaiz, are beranduago iritsi naiz «Ama Lur»-era. Filme mitikoaren aurkezpen ekitaldiaren inguruan egunkari honetan argitaratutako kronikak ikusmina eta egarria piztu dizkit.

«Ama Lur» ikusteko irrikitan nago eta Durangotik igaro ostean egingo dudan lehenengo gauza da. Esan dezaket, beraz, berandu xamar baina batera iritsi naizela herri honetako bi ekimen kultural garrantzitsuetara. 2007ko Azokara azkeneko egunean; «Ama Lur» filma ikusteko, zenbait hamarkada berandu… Uztartu egin dira, baina, nolabait. Belaunaldi arteko katebegia. Berriz ere zikloak…

Umorearen azoka bukatu da. Hala ere, urte bete dugu aurretik eta, ondoren, beste urte bete, eta horrela infinituraino… sortzeko, ekoizteko, saltzeko, irakurtzeko, oparitzeko… Azoka ez litzateke azoka izango urte osoko lanik gabe, hamarkada osoko lanik gabe, mende osoko lanik gabe. Ez legoke ezer erakusteko, standak hutsik leudeke. Hildakoa gogoratzeko baino, bizirik dagoen kulturaren erakusle den bitartean… Durangoko Azoka rocks!

Orain, umorearen maixu Groucho Marxek esaten zuen bezala: Egur gehiago!