rssgaur8 logotipoa

Poseidon jainkoari erreguka


amphiliki tagged map by user – Tagzania

Ekainaren 5a da jada. Goizaldeko, edo gaualdeko, 00:23. Esan daiteke, nahiz eta egindako nabigazioan horrelakorik ez gertatu, geure bidaiaren Ekuadorra dagoeneko igaro dugula. Asko eta asko dira kontatu nahi nituzkeen bizipenak. Aste bete belaontzi batean igarotzea, eta gainera Greziako irla ezberdinak bisitatuz egitea, ez baita gauerdiko ahuntzaren eztula. Beraz, abenturarik latzenak, edo kontagarrienak, idazten saiatuko naiz hemen, Asus eeePC honen bateriak (bi orduko autonomia) uzten didan arte.

Uste dut aurreko sarreran ez nuela kontatu. Baina Atenasera iritsi eta berehala hasi zitzaizkigun zailtasunak, geure maletak Madrilen geratu baitziren eta berreskuratzeko nahiko lan izan baikenuen. Lehenengo gaua itsasontzian pasa genuen. Hurrengo egunean goiz itsasoratzekoak ginen. Baina ekipajea berreskuratu artean, ezin. Beraz, gaualdean iritsi, eta ganbarotera lotara joan baino lehen zerbeza (edo gintonic) batzuk edateko beta izan genuen. Planning-a aldarazi ziguten eta, zer erremedio ;)

Igandean, egun osoan barkua probatu, makinaria eta aparailu guztiak pronto jarri eta ezer egin gutxi izan genuen. Guztia behar bezala zegoen, baina, oraindik, maletak faltan. Igande arratsaldera arte ez zizkiguten bidali Amphiliki belaontzira. Eta jaso bezain pronto altsa genituen belak eta egin genion aurre itasoari.

Lehenengo helmuga Poros izan zen. Esan behar dut, hemen dagoen belaontzi turismorako nahiko prestakuntza eskasa dutela orain artean bisitatu ditugun portuek. Kontuan izan, itsasontzi batean argindarra eta ura amaitu egiten direla, eta komenigarria dela guztia akitu baino lehen gauero gauero depositoak eta bateriak betetzea. Baina, leku batzuetan, no way. Hala ere, zailtasun horiek ematen diote bidaia bati abentura kutsua. Eta abenturarik izan dugunez, horiek labur xamar kontatuko ditut hemen.

Inpresio bat helaraziko dizuet: Beleroetako jendea nahiko harroa iruditu zait (ez denak, baia batzuk bai), eta porturatzeko tokia bilatzeko nahiko lan izan ohi dugu. Britainiarrak, adibidez, elkarren lagun izango balira bezala aritzen dira, elkar ezagutu ez arren. Bandera batek duen indarra harrigarria da batzuetan. Euskaldunik ez hemen, ordea. Suitzarrak, germaniarrak, ingelesak, australiarrak, Zelaanda Berrikoak… Eta espainolak gutxi, zorionez edo. Bandera espainol bat jarri ziguten belaontzia alokatzen duen enpresak, eta azkar asko kendu genuen, nahiz eta itsasoko legediak behartu egiten zaituen popa aldean “zeure herriko” bandera eramatera eta eskuineko obenkean nabigatzen ari zaren herrikoa.

Sinetezina badirudi ere, hondakin arkeologiko oso gutxi bisitatu dugu. Nabigazioan ibiltzen zarenean, nabigazioa da garrantzitsuena, eta nabigatzeko bizi zara. Hemen, turismo denboraldia oraindik hasi ez bada ere, garaiz xamar iritsi behar duzu portuetara barkua lotzeko tokirik aurkitu nahi bauduzu. Eta Ydrara nahiko berandu iritsi ginenez, geure aurrikuspen txarrenak bete ziren. Portuan itsasontzia lotzeko tokirik ez, eta lo egiteko toki alternatibo bat bilatu beste erremediorik ez zitzaigun geratu. Kaia nagusitik gertu aingura botatzeko moduko toki bat bazegoen, eta hara bertaratu ginen. Hasiera batean, nahiko erraza zirudien. Aingura bota, popako bi sokak lurrera jaurti eta itsasontzia lotu ondoren Zodiac txikia ureratu eta afaltzera joan ginen inguru horretan zegoen jatetxe idiliko batera.

Ederki afaldu eta belaontzira arraunean bueltan ginela ohartu ginen ordurako haizea indartu egin zela eta, antza, itsasontzia ez zegoela behar bezain seguru. Berriz ere Zodiacean sartu, eta arraunean, sokak teinkatu eta aingura indartzeari ekin genion. Baina haizeak gero eta indar gehiagorekin jotzen zuen eta ez zirudien lasai lo egiteko gaua izango zenik.

Itsasontziak hainbat tramankulu ditu, besteak beste, GPS bidez lan egiten duen plotter bat. Eta aparailu horrek alarma bat ere badu, itsasontzia hainbat metro mugitzen bada deiadarka has dadin. Esan eta egin. Bada ezpada ere, itsasontziaren kanpoaldean geratu nintzen ni, izarrei begira eta MP3 irakurgailuarekin (besteak beste, Kerobia bidailagun). Guztia ondo zegoela ikusita, eta lokartzen hasi nintzenean, erabaki nuen ganbarotera lotara joatea.

Handik ordubetera alarmak asaldatu gintuen. Lema eta kilak bi metro inguru izango dituzte, eta hondoa joz gero, kaltea izugarria izan daiteke. Esnatu eta korrika azalera irten ginenean ohartu ginen harkaitzak jotzear ginela. Beraz, ilunpetan, aingura jaso, motorra piztu eta maniobratzeari ekin genion. Baina urduritasunak hartu gintuen eta mementuako larritasunak ez zigun utzi behar bezala jokatzen. Zaila da une horretan sentitzen dena azaltzen. Baina jakin ezazue hondoa jo ezkero itsasontzia arraz izorratu daitekeela eta, beraz, horrelakorik gertatzerik ezin genuela utzi. Aitak hartu zuen lema, motorrari eragin eta aurrera, baina abaorrean arrantzontzi bat genuen eta, halako batean, itsasontziaren bainera gaiean (halaxe esaten zaio kabinaren atzean, kanpoan, egoteko tokiari) dagoen estalkiaren metalezko estrukturarekin jo genion, gogor, tupust. Gaitzerdi, arrantzontziaren kaskoa altuagoa baitzen eta zorionez beste ezerk ez baitzuen haren aurka talka egin. Ordaindutako fidantzaren zati bat eramango digute, ziur, baina ez gehiegi, espero…

Azkenean alde batera utzi genituen oztopoak. Eta orduan iritsi zen zerbait egiteko erabakitzeko tenorea. Bi aukera: gauez, ilunpetan, beste portu batera ekin (goizaldeko seietan iritsiko ginen, eguna argitzearekin batera. Beraz, porturatzeko arazorik ez) edo badia hartan bertan berriz ere aingura bota. Bigarren aukera hautatu genuen, baina ez zen lasai lo egiteko betarik izan. Haizea apaldu zen apur bat, eta azkenean, goizaldean, abiatu ginen Spetsaira.

Spetsai irla ikusgarria da. Guztia da ikusgarria hemen. Eta ez da edaten ari naizen Mythos garagardoaren ondorio. Benetan polita da hau guztia. Esaterako, bisitatu ditugun eliza ortodoxoetan darabilten ikonografia. Nire bizitzan aldi bakanetako batean joan naiz berriz mezetara, hemengo liturgia zelakoa den ezagutzeko. Egia esan, beste elizatan bezala, nahiko tetrikoa iruditu zait. Ez naiz argazkia ateratzera ausartu.

Esandakoa, Spetsaira iritsi eta zorte handia izan genuen. Itsasontzia geldi dagoela lo egoteko moduko tokia topatu baikenuen, lan gehiegi egin gabe. Gu iritsi eta berehala beste belaontzi batek alde egin baitzuen. Dena ondo, beraz. Baina gaur goizean, Spetsaitik berriz ere Poros-era (portzierto, arraia oso goxoa jan daiteke hemen, leku batzuetan oso garesti, besteetan oso merke) irteteari ekin diogunean, beranduago iritsitako barku baten aingura gurearekin kateatu dela konturatu gara. Eta nahiko lan izan dugu biak askatzeko. Uretara salto egin behar izan dut nik (gazteena nahiz eta lan zikina niri tokatzen zait; gustora egiten dut gainera), aletak eta betaurrekokoak jantzita. Ferminek (tipo altua eta indartsua) heldu dio azkenik eskuarekin, kareletik, eta askatu ditu biak. Baina zauri txiki bat ere egin du. Eta, azkenean, ekin ahal izan diogu hurrengo etapari, Porosera bidean. Bertan gaude orain. Ederki afaldu ondoren, lotara joateko garaia iritsi da. Nekea, egunez egun, metatzen doa. Eta ohea ere, egunez egun, beharrezkoagoa egiten zait. Esan behar dut, arraia ez ezik, etxeko ardo zuria ere edateko modukoa dela. Kiloka neurtzen dute hemen. Eta kilo batzuk edan ditugu jada. Arraiei dagokionez, sardinak, bokartak, muxarrak, buztanbeltzak, barbarinak, bisiguak, krabarrokak… behatzak miazatzeko modukoak guztiak.

Bihar beste etapa bat daukagu aurretik. Eta niri orain lotara joateko ordua iritsi zait. Porosen, zorionez, Municipalityk debaldeko WiFI sarea du. Eta eskerrak. Ez dakit bihar zein irla zapalduko dugun. Baina ea bertan ere Udaletxeak hari gabeko interneterako sarbiderik baduen. Egonez gero, saiatuko naiz gauza gehiago kontatzen. Eta barkaidazue nire literatura ez delako aurki daitekeen finena. Barka ortografia eta sintaxi akatsak ere, guztia korrika eta presaka egitea tokatzen baitzait.

Egun gutxi geratzen dira jada. Astebete, neketsua izanda ere, motza gertazten da lanean ordez oporretan zaudenean. Zikladetako irlaren batetik edo, idazten saituko naiz bihar. Ordura arte, beraz, ea itsasoa eta haizea lagun ditugun.

Ea Poseidonek laguntzen gaituen.

Behingoagatik, benetako bidaia bitakora


Behingoagatik, Gutenberg Galaxia bloga benetako bitakora bilakatu nahi dut astebetez. Bidaia koadernoa. Astebete inguru egingo baitut Greziako uretan, belaontzi batean, irlaz-irla.

Ekainaren 31n irten gara Hondarribiko aireportutik. Eguraldia ez dugu lagun izan, eta hegaldia atzeratu zaigu. Euria barra-barra. Euskal Herritik Madrila aurrikusitakoa baino ia hiru ordu beranduago abiatu gara, eta horrek Atenaserako hegaldia ere atzeratzera behartu gaitu.

Lerro hauek idazterako orduan hegazkinean naiz, nork daki Mundu honetako zein lur edo ur eremuren gainean (oraintxe bota du komandanteak Italia gainean gaudela). Asus eeePC ponpoxoa izango dut bidaia lagun. Tira, makinak ez ezik hezur eta haragizko beste lagun batzuk ere izango dira nirekin: nire aita Alberto (kapitaina), Fermin eta Joxe (patroiak). Eta oraindik izena oroitaraztea lortzen ez dudan itsasontzia, jakina.

Esan daiteke hiruak itsas otsoak direla. Mediterraneoan hainbat aldiz nabigatutakoak, Mantxako kanala hamaika bider gurutzatutakoak, baita iberiar penintsulari itzulia egindakoak ere, Costa da Morteko ekaitz eta guzti. Akaso egin duten balentriarik handiena Atlantikoa gurutzatzea izango da, Kanariar Irletatik Martinikaraino. Beti haizearen laguntzaz, beti belaontzia gobernatzen. Motorra ukitu ere egin gabe, lurrik ikusi gabe, hogei egunez ozeanoaren erdian.

Oraingoan Grezia aukeratu dute, eta ni -gazteleraz esaten den bezala- grumetetzat hartu naute. Apur bat zahartuta omen daude eta portuetara ailegatutakoan itsasontzia behar bezala lotzeko soka eskuetan duela moilara salto eginen duen mutila behar omen dute. Eta nire burua aurkeztu dut, bolondres ;) Tira, esango dut, txikitatik ohitu nauela aitak itsasora, eta betidanik nabigatu izan dudala belaontzietan, txiki nahiz handi. Baina orain artean egindako trabesiarik handiena Getariatik Xixonera eraman ninduena izan da eta, beraz, honakoa abentura bat bezala aurkezten zait.

Gaur gara Atenasera iristekoak, 22:30ak aldera (Grezian, GMT+3, udako ordutegian). Eta hiriburutik, Akropolia atzean utzita, Kalamakis portura gerturatuko gara. Berandu, eguraldiari (edo Iberiari) esker… baina iritsiko garelakoan nago. Suerte apur batekin zerbait afaldu, eta itsasontzian lehenengo gaua igarotzeko. Ontziolatik 2008. urtean atera berri den 12 metro inguruko belaontzitzarra…

Kalamakiseko portutik irten eta zazpi egunez itsasoratuko gara, uhartez-uharte, esan bezala. Eguraldia eta, batez ere, haizearen arabera, ibilbide bat edo beste hautatuko beharko dugu, baina, printzipioz, aitak egin duen planningean hainbat irla bisitatzea da helburua.

Ordenagailua ez ezik, argazki kamera digitala ere daramat soinean eta nire asmoa egunez egun Gutenberg Galaxian bidaiaren berri ematea da, baita euskalTubera bideoak eta Flickr-era irudiak igotzea ere. Bien bitartean, Tagzanian ibilbidea trazatzen saiatuko naiz, gutxi gora behera. Hori, baina, bidean (edo portuetan) topatzen ditudan WiFi sarbideek baldintzatuko duten zerbait da. WiFirik gabe nekez sareratu ahal izango baititut nire irudi, bideo eta bizipenak.

Hari gabeko hurrengo sarbidera arte, beraz.


PD1:
Uste baino gehiago kostatzen ari zait WiFi sarbideak bilatzea Grezian. Belaontzi batean bidaiatzen ari naizela kontuan izanda, oraindik eta zailagoa. Sarrera hau argitaratzeko orduan dagoeneko hiru irla bisitatu ditugu: Poros, Egina, Spetsai eta Ydra. Maiatzaren 31n, gaualdean, iritsi baikinen Atenasera. Espero dut aurrerantzean maiztasun handiagoarekin idatzi ahal izatea. Baina interneterako sarbideek mugatuko dute nire nahia.

PD2:
Bdaiaren berri emateko, askoz ere errazagoa zait bideoak eta irudiak sareratzea. Eta askoz ere ikusgarriagoak ere badira, jakina. Irudiak hemen aurkitu ahal izango dituzue eta bideoak hemen.

Eneko, artea flash bilakatzen denean

Eneko ere euskocaraqueñoa da. Laguna, bere gurasoak nireen lagunak diren bezala. Venezuelan elkar ezagututakoak.

Artista hutsa, ezagutzeko modukoa. Garai batean “Egin“en orrialdeetan baliatzen zuen bere arkatza. Eta esango nuke, ordutik, denbora askoan, egunkarietako zintei baino arreta gehiago jarri izan diela mihise gaineko bere artelanei.

Nik ezagutzen dudan bere lehenengo marrazkia, eta ezagutu nuen lehenengoa, nire aitaren sorbaldtik gorako soslaia da, itzal bat. Gurasoen etxean dago memoria dudanetik zintzilik. Eta “Time“ren “Man of the year” (orduan ez zen person) ezagunaren azala irudikatzen duen ispilu batean dago jarrita. Izugarri ona. Ez omen zituen 15 urte marrazkia egin zuenean. Ezaguna egiten zaizue ideia?

Egun Madrilgo “20minutos” egunkari ezagunean ari da eta, bere blogean dauden erantzunei erreparatuta, ez dirudi orain ere egiten dituen zintek irakurlea indiferente uzten dutenik. Are gutxiago dagoen tokian. Mariano Ferrer edo Javier Ortiz garai batean “El Mundo“n bezala… baina marrazkilariaren azalean? ;) Iritzia azaltzeko beste modu bat, azken finean.

Zintak ez ezik, flash animazioak ere egiten ari da azken aldian, eta ikusteko modukoak dira, benetan.

euskalTuberen berri izan zuenean animazioak bertan sareratzeko aukera luzatu zidan. Eta kanal berezi bat sortzea erabaki genuen. Hemendik aurrera, bere blogean ez ezik, euskalTuben ere izango dituzue ikusgai “Semueve” izeneko kanalean.

Eskerrik asko, Eneko!

PD: Ez da euskalTubeko berrikuntza bakarra. Beste kanal berezi batzuk ere sortu dira, hala nola, “Elurnet bideoak“, Eguzki irratiko “Cómo están ustedes“, “Ikus-entzunezkoen Rallya” eta Bilboko “Branka” agerkaria, besteren artean. Baina ez dira bakarrak, ezta berrikuntza bakarra ere. Adi beraz, euskalTubeko blogari!

8. herrialdean eta 6. kontinentean Korrika

Korrika Bartzelonan

Korrika 15 zortzigarren herrialdera, diasporara, ailegatu da, beste edizio batzuetan gertatu den bezala. Eta lau kontinentetan utzi du arrastoa: Europa, Asia, Ozeania eta Amerika. Afikara, dakidanez, ez da oraindik iritsi.

Euskalkultura.com gunean agertzen dutenez, Madrilen Kongresu espainolaren eraikinaren paretik pasa da, eta korrikalariek “Lehoiak ere Korrikaren alde” ohiukatu dute.

Mar del Platan ere, bertako Euskal Etxearen eskutik, abiatu dute Korrika 15, eta ostiral honetan amaituko da Korrika Txikiarekin.

Beijinen (Txina), Korrika TX1 ospatu dute aurten bertako euskaldunek, halaber. Besteak beste, Shangaiko Euskal Etxeko kideak aritu dira antolaketa lanetan.

Azkenik, Kataluniako hiriburura ere heldu da euskararen aldeko lasterketa erraldoia. Gainera, Youtuben zintzilikatu dute azken metroen bideoa. Bartzelonako Euskal Etxeak, ohi duenez, hainbatekitaldi antolatu ditu korrikaren inguruan. Euskal etxe honen blogean egitarauak eta beste informazio batzuk daude eskura.

Korrikarekin batera, Ziberkorrikak lasterketa binarioa hasi zuen. Mundu osoko euskaltzaleek, orain arte, 74 kilometro erosi dituzte. Britainia Handia, Danimarka, Eskozia, Estatu espainola, Alemania, Argentina, Iparramerika, Suitza eta Irlandan egon da ziberlekukoa, eta lerro hauek idazterakoan Nafarroan zegoen.

Ziberlekukoaren bitartez diasporako Korrikako partaide “beterano”tzat jo ditzakegun Karlos Orue eta Miren Sanz-en berri ere izan dugu, Sydneytik (Australia).

Korrikak berriz ere Euskal Herriko zortzi herrialde zeharkatuko ditu aurten. Eta Afrikara oraindik iritsi ez den arren, seigarren kontinentean inoiz baino urrats sendoagoak ematen ari da. Interneten, alegia.