rssgaur8 logotipoa

Torturaren testigantza grafikoa Goenkalen

Urte hauetan guztietan ez dut gehiegi jarraitu Goenkale telesaila. Jatorriz venezuelarra izan arren, ez naiz “sugetzar” zalea, ezta euskaraz dauden “kuleborien” jarraitzaile ere. Baina batzuetan, zapping-aren ondorioz, pasarte batzuk ikusi izan ditut. Atzo izan zen egun horietako bat.

Telesaila jarraitzen baduzue, konturatuko zineten GARA egunkaria behin eta berriz agertzen dela. Ez da kasualitatea, promoziorako hitzarmen baten ondorioz agertzen da berripapera Iñaki Perurenaren harrijasotzaile eskuetan, besteren artean.

Bada, atzokoan, esan bezala, nire begia egunkariaren presentzia behatzen aritu zen, menturaz. Nolabait, nire arreta bereganatu zuen GARAren presentziak eta zenbat aldiz agertzen zen zenbatzen jardun nuen.

Halako batean, Boga tabernako horman Igor Porturen ospitaleratzearen argazkia jasotzen zuen GARAren azala (pdf) agertzen zela ohartu nintzen. Sakelako telefonoa atera eta hor aritu nintzen testigantza hori jaso nahian. Hemen ikus dezakezuen bideoan sumatzen dena baino askoz ere argiago agertu zen gazte Lesakarraren argazkia ETB1en. Baina ez nuen garaiz grabatzerik izan.

Deigarria egin zitzaidan hedabide gehienetan isilarazia izan den tortura salaketaren (pdf) testigantza nola irits daitekeen telebistan presentzia izatera, publizitate hitzarmen baten ondorioz, zeharka besterik ez bada ere.

Terapia Desira Doktorearen kontsultan

Obsesioak jota nagoela pentsatuko du norbaitek, azken boladan maiz dudalako sexua mintzagai lerro hauetan. Bada, egia izango da agian, eta horregatik jo nuen joan den ostiralean Desira Doktorearen kontsultara, arduratuta, terapia bila…

Ez da harritzekoa sexua behin eta berriz izatea hizpide, egunero inspiratzen baitu irakurgai bat edo beste. Aldiro da albiste arrazoi ezberdinak tarteko. Hedabideek, bistan da, badakite sexu istorioak kontatuz gero irakurleak erakarriko dituztela. Batzuentzako dirua baita biziari eragiten dion errota, beste zenbaitentzat maitasuna, eta askorentzat sexua… Iragan astean Vienako katedraleko museoan eskegitako mihise bat izan zen polemika iturri. Bertan, hamabi apostoluak ageri ziren –Oteizak akaso hamahirugarren bat batuko ziokeen orgiari– «azken afaria» esaten zaionarekin batera beste jaki batzuk dastatzen. Austriako ahots ultrakontserbadoreek gaitzesgarritzat jo, eta laster ezkutatu dute bazter batean, bertan agertzen diren zertzeladak deabruaren beraren margolana bailiran. Infernuko suak zizelkatutako artelana.

Oso bestelako albiste batek bereganatu zuen nire arreta atzo. Antza denez, Marilyn Monroe handiaren bideo bat saldu berri baitute, 1,5 milioi dolarren truke. 15 minutuko grabazio hori ez da aktorearen lan argitaragabea, ez. Intimitatean hartutako irudiak dira, eta sexu harremanetan ageri omen da ilehoria. Pentsatzekoa da erosleak ez duela eskuratu aktorearen antzezlanari dion miresmenagatik, mito sexualak eraginda baizik. Dena dela ere, nolabaiteko miresmena behar du, edo sosak soberan, horrelako dirutza askatzeko prest egon bada. Minutu bakoitzeko ehun mila dolar!

Donostiako Rockstar aretoan ezarritako kontsulta ibiltarian hartu ninduen Desira Doktoreak. Eta on egin zidan bere aholkuak. Kabaretero baten gisan ibili zen batetik bestera Francis medikua, taburik gabe sexuari eta maitasunari abesten. Sexo, ternura y misterio du izenburu bere azken diskoak. Eta, sinets iezadazue, terapia bikaina bada, zuzeneko kontsulta ezin hobea da.


Eneko, artea flash bilakatzen denean

Eneko ere euskocaraqueñoa da. Laguna, bere gurasoak nireen lagunak diren bezala. Venezuelan elkar ezagututakoak.

Artista hutsa, ezagutzeko modukoa. Garai batean “Egin“en orrialdeetan baliatzen zuen bere arkatza. Eta esango nuke, ordutik, denbora askoan, egunkarietako zintei baino arreta gehiago jarri izan diela mihise gaineko bere artelanei.

Nik ezagutzen dudan bere lehenengo marrazkia, eta ezagutu nuen lehenengoa, nire aitaren sorbaldtik gorako soslaia da, itzal bat. Gurasoen etxean dago memoria dudanetik zintzilik. Eta “Time“ren “Man of the year” (orduan ez zen person) ezagunaren azala irudikatzen duen ispilu batean dago jarrita. Izugarri ona. Ez omen zituen 15 urte marrazkia egin zuenean. Ezaguna egiten zaizue ideia?

Egun Madrilgo “20minutos” egunkari ezagunean ari da eta, bere blogean dauden erantzunei erreparatuta, ez dirudi orain ere egiten dituen zintek irakurlea indiferente uzten dutenik. Are gutxiago dagoen tokian. Mariano Ferrer edo Javier Ortiz garai batean “El Mundo“n bezala… baina marrazkilariaren azalean? ;) Iritzia azaltzeko beste modu bat, azken finean.

Zintak ez ezik, flash animazioak ere egiten ari da azken aldian, eta ikusteko modukoak dira, benetan.

euskalTuberen berri izan zuenean animazioak bertan sareratzeko aukera luzatu zidan. Eta kanal berezi bat sortzea erabaki genuen. Hemendik aurrera, bere blogean ez ezik, euskalTuben ere izango dituzue ikusgai “Semueve” izeneko kanalean.

Eskerrik asko, Eneko!

PD: Ez da euskalTubeko berrikuntza bakarra. Beste kanal berezi batzuk ere sortu dira, hala nola, “Elurnet bideoak“, Eguzki irratiko “Cómo están ustedes“, “Ikus-entzunezkoen Rallya” eta Bilboko “Branka” agerkaria, besteren artean. Baina ez dira bakarrak, ezta berrikuntza bakarra ere. Adi beraz, euskalTubeko blogari!

Pertsiana hau jaitsita dago

God Save the Sheep (in Basque we trust)

Irratia.com festa.

Sari bati buruz idatzi behar nuen, baina… 18/98


Berriz ere, gauza jakin baten inguruan hitz egin behar nuen. Baina gaur hainbat lagun eraman dituzte atxilo Polizia espainolek 18/98 sumarioaren harira.

Atxiloketa horietako bat gertutik bizi izan dut. Sabino Ormazabal GARAko nire lankide eta laguna eraman dute.

Polizia espainola orain ordu laurden (18:30 aldera) iritsi da egunkariko Donostiako erredakziora. Hemen zegoen Sabino goiz goizetik, beti bezala. Urduri egon gara egun osoan zehar, beste atxiloketen berri izan bezain pronto jakin baitugu segur aski Sabinoren bila ere etorriko zirela.

Soto del Realgo Kartzelara eramango omen dute Sabino. Bere seme Markel ere kartzelan dago, Ocañan, euskal gazteriaren aurkako prozesuaren harira.

Broma egin digu Sabinok gaur. Umorea eta «odol hotza» (zerbait esatearren, Sabino ez baita odol hotzekoa, gertuko pertsona umil, langile eta maitagarria baizik. Eta hau ez da topiko bat…) azken minutura arte mantendu ditu. Semeak esan omen zion, Ocañatik hegoaldera kartzelatzen badute Sabinok berak eskatu beharko duela trasladoa. Eta Ocañatik iparraldera kartzelatuz gero, trasladoa Markelek eskatuko zuela. Elkarrekin egoteko, noski, etxetik ahal bezain gertu.

Besarkada handi bat biei nire galaxia honetatik. Baita gaurko gaua aita, ama, senar, emazte, neskalagun, mutil-lagun, seme, alaba, ahizpa, anai, arreba, amona, aitona, iloba, biloba, osaba, izeba, lehengusu, lehengusina eta lagun gabe igaro beharko duten beste guztiei ere.

PD: Bideoa grabatu dut, laster igoko dut euskalTubera eta hemen txertatuko dut.

Ilunbeko Maletilla: Jalgi hadi hondarretara!

Maletillak zezen plazako hondarretara toreatzeko salto egiten duten espontaneoak dira.

GARA egunkariak joko berria aurkeztu du: Bertsoak, SMSak, webgunea eta partehartzea uztartzen ditu. Ilunbeko Maletilla deitu diote.

Lau astez, txandaka, plazako zezenek (Xabier Paya, Maialen Lujanbio, Xabier Silveira eta Andoni Egaña) bertsotarako gaia jarriko dute, eta maletillek bertso edo kopla bidez erantzun beharko diete. Alegia, bertsolari amateurrak, profesionalen aurka ;) . Hauxe da une honetako korrida.

Dagoeneko bertso eta kopla sorta polita argitaratu dute webgunean.

Bideo spot promozionala ere kaleratu dute.

AHT: Mapa gainean, mahai gainean

Ikusi mapa

Milioi bat hitz

NireTv sortu duen Davidek lelo hau erabili du bere bideo-blog berrian: Irudi batek mila hitzek bezainbat balio badu, zenbat hitz balio ditu bideo batek? Bada, bere esanetan, bideo bat mila irudi eta 1.000.000 hitz baino eragingarriagoa da…

Euskal Herrian azkenaldian aurkeztu diren webguneen artean, agerikoa da bideoek gero eta garrantzia nabarmenagoa dutela. Hedabide handietan ere, indar handia dute ikustekoa eta entzutekoa uztartzen dituzten edukiek. Luistxo Fernandezek, Interneteko euskal guruak, Sustatun azaldu zuen Internet bidezko bideo zerbitzuen inguruan merkatu interesgarria dagoela zabalik. Eta katarroak nire usaimena guztiz lermatua badu ere, esango nuke laster proiektu berri gehiago ezagutuko dugula.

Iragan astean Bilbon egon nintzen, eta hiri handi batera joaten naizen bakoitzean egiten dudan legez, doako egunkariak begiztatu nituen metroan. Besteak beste, “El nervion” eta “ADN”. Azido desoxirribonukleikoaren laburdura izentzat hartu duen egunkarian zutabe interesgarria irakurri nuen. Bartzelonako metroan neska batek jasandako eraso arrazista/sexistaren inguruan mintzo zen gogoan ez dudan zutabegilea.

Haunsnarketa kabala egin zuen. Izan ere, ohikoak dira etorkinen aurkako erasoak. Egunero-egunero gertatzen dira. Kasu honetan, baina, erasoa kamera batek grabatu izana da gertakaria ezhoiko bilakatu duena. Eta horregatik aztoratu gara hainbeste, zutabegile horren iritzian: Irudien gogortasunagatik gu geu erasotuak sentitu garelako. Hitzez esan baligute, akaso, ez litzaiguke-eta hain gordina irudituko. «Eraso txiki» batean geratuko litzateke, eta hedabide gehienek ez liokete erreparatu ere egingo.

Alde onak eta txarrak ditu geure gizarte mediatizatu honek. Gero eta gehiago dira beren eskuetan kamera bat darabilten lagunak. Batzuek, gauza ederrak egiteko erabiliko dute. Beste batzuei lekukotasunak zabaltzeko baliagarri egingo zaie. Baina, jakina, bizitzako alor guztietan bezala, denetariko jendea dago, eta baita denetariko bideoak ere.

Azkenaurreko astakeria Gasteizen gertatu da. Adimen urriko lagun bat biluzarazi, grabatu eta sareratu egin dute bideoa. Bartzelonakoan, bideoa erasoaren lekuko bilakatu da. Gasteizen, bideoa bera da erasoa, eta erasoaren lekuko.

Nafarroa Oinez 2.0

Lan txukuna egin dute Vianako Erentzun ikastolako ikasleek, pentsatzen dut irakasleren batek lagunduta ;)

Be oinez my friend” bideoa argitaratu zuten lehenengo, Bruce Lee handia agertzen zen auto baten iragarkia parodiatuz.

Orain, ikasleek hiru bideo argitaratu dituzte, jendeari asteburu honetan Nafarroa Oinezera joateko deia eginez.

Wikia ere badute, gainera. Ikastolen aldeko aurtengo jaialdiaren maskotaren izena du: Giltzi. Eta, jakina, bloga ere.

Biralitate apur bat lortu dute.

Atzo, Radio Euskadiko graffiti saioan aipatu zuten (nik ezer esan gabe): Entzun. Ikteroek ere izan dute aipagai dagoeneko, baita Paz de Ziganda ikastolako webguneak ere.

“Oinez izan, my friend” bideoa beste egun batean enbotatu nuenez, gaurkoan, formatu txikian, sareratu dituzten azkeneko bideoak jarriko ditut hemen ikusgai.

Aurten, Nafarroa Oinez 2.0!