rssgaur8 logotipoa

Munduak bertsolaritza uler dezan

Asier Altuna zinegileak, besteak beste “Txotx” laburmetraia eta “Aupa Etxebeste!” luzemetraia Telmo Esnalekin batera zuzendu zituenak, luzemetraia dokumentala prestatu du bertsolaritzaren inguruan.

Joan den urteko abenduan hasi zen irudiak grabatzen BECeko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean. Bere esanetan, “Bertsolari filmak bertsolaritza munduan ulertzeko klabe nagusiak emango ditu”.

Txintxua Films etxeak ekoiztutako dokumental honen pilotua dagoeneko sarean dago ikusgai, ingelesezko eta gaztelaniazko azpitituluekin. Finaleko irudiak hainbat elkarrizketarekin nahasten dira film honetan eta emaitza benetan ikusgarria da.

Bertsolari filma zinema aretoetan egongo da ikusgai lehenbizi baina Bergarako zuzendariaren lana telebistan ere ikusi ahal izango da seguru aski, eta DVDan ere argitaratuko da.


euskaltube.com bideoak | Izenburua: Bertsolari filmaren pilotua | Erabiltzailea: pertsuk

REC filmaren euskal bertsioa

Hamar minutu inguruko laburmetraia agertu da Interneten. Jaume Balaguero eta Paco Plaza kataluniarren REC film arrakastatsuaren euskarazko parodia bat da. Originalaren trailerra eta euskal bertsioa ekarri ditut blogera.

Terrorezko zinema lantzeko ikuspegi ezberdina omen du REC filmak. Azken urteotan hainbeste zabaldu den sorbalda kamera, edizio gutxi edo itxura domestikoaren estiloan egina dago. Gogoan izan “The Blair Witch Project“, “Cloverfield“, edo berriki “District 9“, beste asko eta askoren artean. Guztiak dira errealismoa lantzeko saiakera ezberdinak.


euskaltube.com bideoak | Izenburua: Rec (trailerra) | Erabiltzailea: zinezale

Euskarazko laburmetraian hasiera batean apur bat luzea egiten da, baina tentsioa mantentzen du nolabait, pantaila aurrean dagoenaren ikusmina piztuz: Ze arraio da hau? Galdegin diot nire buruari… Baina hasieratik bukaerara ikusiz gero, eta lagun artean ondo pasatzen egindako lana dela kontuan hartuta, harribitxi polit baten aurrean zaudela konturatuko zara. ;)

Eta hasieratik bukaerara diot filma sekuentzia bakarrak osatzen baitu. 10 minutu inguruko “travelling” “plano sekuentzia” (eskerrik asko Burga!) nahasia, ez da erraza gero! Denbora horretan jarraian grabatutakoen artean detaile politak daude. Eta, zalantzarik gabe, amaiera da onena, beti ere aurreko guztia ikusi baduzu… Hasieran irudi dezakeena baino hobeto biribildu dute istorioa, alegia.


euskaltube.com bideoak | Izenburua: REC (Euskal bertsioa) | Erabiltzailea: zinezale

Euskadi Irratia entzuten baduzue, akaso ezagutuko duzue laburmetraian agertzen den ahotsetako bat. Andoni Mutiloa esataria da, argindar-teknikoaren paperean… ;) . Besteak beste, hainbat blogari erorekin igandetan solasean aritzen da Amarauna saioan. Andoni “Elvis” da, Zurine Saregi “La Juani” eta Joseba Olagarai “Marilyn”. Teknopataren txokoan entzun dezakezue bere ahotsa, adibidez, hemen.

Zer nolako sorpresa hartu dudan! Batetik, Andoni agertzen delako eta, bestetik, laburmetraiaren beraren bukaeragatik.

PD: Beti Interneti buruzko berri eske eta… orain zu albiste! ;)

Isunak eta grebak

Ibilgailuen Azterketa Teknikoa (IAT) gainditu duzula ziurtatzen duen autoko pegatina iraungitzear duzu akaso. Eta agian Gipuzkoan bizi zara. Jakin ezazu, bada, herrialde honetan dauden hiru IAT guneetatik bi greban daudela, lan badintza eta zerbitzu duinak aldarrikatzeko.


euskaltube.com bideoak | Izenburua: IAT-ETAKO GREBA / HUELGA EN LAS ITV | Erabiltzailea: ELAKOTXOKOA

Bideoa ikusi baino lehen bururatu zaidan lehenengo gauza ondokoa izan da: “Baina… nola da posible Administrazioak arautu eta kudeatzen duen baimena enpresa pribatuen bitartez banatzea?”.

Ezjakin hutsa naizela pentsatuko duzue agian, baina ez naiz gidaria, eta ez dut azterketa hau inoiz gainditu behar izan. Ez dut sekula autorik gidatu eta, jakina, jabegoan ere ez dut izan. Hala ere, badakit pribatizazioaren itzala oso zabala dela “zezenaren larrua”n

Lagun batekin hitz egiten ari nintzela esan dit bere autoko kristalean itsatsita daraman pegatinak hemendik hilabete eskasera salatuko duela. Ez dela oraindik azterketara aurkeztu. Orduan etorri zait gogora Irun eta Urnietako IAT zentroetako langileak greban ari direla lan baldintza txarrak salatzeko.

IAT azterketa pasa gabe zirkulatzea arau-hauste larria omen da 2005. urtetik, eta 91/300 € bitarteko isuna jar diezazukete

Urnieta eta Irungoak Tuv Rheinland enpresak kudeatzen ditu, eta Gipuzkoan beste IAT zentro bat dago soilik, Bergaran. Hain zuzen ere, beste enpresa pribatu baten eskutan, nork daki ze lan baldintzatan.

Nafarroan, aldiz, bost gune daude. Horietarik beste bi aipatu enpresa alemaniarrarenak dira: Arbizukoa eta Iruñekoa. Beste hiruak Tutera, Peralta eta Noainen daude.

Araba eta Bizkaian ere badira hainbat. Eta Lapurdi, Nafarroa-Beherea eta Zuberoan mordoxka bat gehiago.

Laguna Donostian bizi da. IAT azterketa egiteko beste zentro batera joateak elkartasun ezaren kezka piztu dio.

Zer egin?

Kaiku naiz, pirolisia dut eta onlain nago

[Sarrera hau erantzun gisa utzi dut Amatiñoren blogean. Gero ohartu naiz zelako txapa bota dudan, eta blog gosetu hau elikatzeko baliatzea erabaki dut]

Nire ustez bada beste aldagai bat kanpaina honi positiboki eragin diona.

Ez naiz ni ere sartuko sakonean aztertzera Kaikuren leloaren egokitasuna ala egokitasun eza. Edozein kasutan, leloari bakarrik erreparatuta, nik azkenean hautatu dutenaren alde egingo nuke hasieratik, “Ni Kaikukoa naiz”, alegia.

Sustatun azaldu nuen bere garaian zergatik: Besteak beste, kirol talde baten jarraitzaile denaren zantzua hartzen diodalako esaldiari, eta hain zuzen ere, Kaikuk traineru bat patrozinatzen duelako.

Ez nago guztiz ados aurreko iruzkinean “Nick”ek dioenarekin. Baliteke batzuetan hobe izatea produktu bati buruz gaizki hitz egitea, hitzik ez egitea baino. Baina ez beti. Soilik horrek nolabaiteko ondorioa badu. Ondorio hori ez da erraz kontrolagarria, ordea. Baina kasu honetan, ondorio bat baino gehiago izan dira.

Esan bezala, uste dut Kaiku polemika honekin guztiarekin irabazten atera dela, eta saiatuko naiz azaltzen zergatik.

Batetik, kontsumitzaileen edo gutxienez euskarazko iragarki horrek duen xede-taldearen zati handi baten aurrean Kaikuk erakutsi du entzuten dakiela, eta baita entzundakoaren arabera erreakzionatzen ere (erdizka besterik ez bada).Nire begietara, arrazoi horrexegatik berberagatik beren irudia positiboki indartua irten da azkenean.

Bada beste faktore bat ere. Kontrako iritzi eta jarrerak azaltzen direnean, maiz aldekoak ere agertzen dira. Amatiño, testuinguru honetan, zure kasua oso argia da. Halako batean, kritika zaparradaren ostean, bere inguruko iritzian eragiteko gaitasuna duen pertsona erreferentzial bat irten da Kaikuren defentsan. Ez hori bakarrik, “anonimoagoak” edo diren zenbait ere agertu dira han eta hemen egin diren iruzkinetan (Zuzeun, Sustatu, Blogetan…) Kaikuren alde. Eta, seguru aski, hasiera batean kritika gogorrak egin dituztenen iritziak apur bat apaltzea ere lortu dute. Lehenago aipatu dudan faktorearekin gertatu den bezala.

Hori, dudarik gabe, marketin ekintza brutala da, inpaktoa hamaika bider indartsuagoa da. Besteak beste, iruzkinak egiteko “beharra” sentitu duten pertsonak balizko kontsumitzaile zuzenak direlako.

Orokorrean, esan bezala, irabazten atera direla esango nuke.

Beraz, ni Kaikuren kanpainaren diseinatzailea izan banintz, seguru aski erabaki okerra hartuko nukeen. Hobe zatekeen “Ni Kaiku naiz” hautatzea.

Hala ere, aldez aurretik erreakzioa aurrikustea zaila izan ohi da, eta uste dut suerte kontua izan dela Kaikurena planifikazioaren ondorio baino gehiago.

Kritika bat bai egingo nieke, baina usteen araberakoa da. Uste baitut, kanpaina hau erderaz pentsatua izan zela, eta gero euskaratze (oker ala egokia) egin dutela.

Orain artean kanpaina grafikoa besterik ez nuen ikusi. Jakin izan dut irratietan euskaraz mezua aldatu dutela. Eta baita telebistako lokuzioetan ere. Baina gaur ditxosozko anuntzioa ikusi dudanean, bere garaian Fagorrek egindako Pirolisiaren kanpainaren akats berbera ikusi diot. Telebistako iragarkia gaztelaniaz izan da grabatua, eta gero euskaraz bikoiztu dute, Euskaltelek “Onlain nago”rekin egin duen bezala.

Pirolisiaren inguruko artikulua idatzi nuenean, Publis enpresakoek deitu zidaten, artikuluaren berri izateko. Ia eskertu ere egin zidaten, eta azaldu behar izan nien kritika bat zela, eta ez nituela oso ongi uzten. Une horretan nire solaskide izan zenak gazteleraz egin zidan, eta artikulua euskaraz zegoen idatzia. Horregatik ote?

Galdera:

Hain zaila (eta garestia) al da euskaraz (ere) dakiten aktoreak kontratatzea? Telebistako iragarkiak aktore berberarekin euskaraz eta gaztelaniaz grabatzea, bikoizketaren beharrik gabe, story-board berdinaren gainean? Markaren hobebeharrez diot, niri bederen sinesgarriagoak egingo litzaizkidake-eta, zalantza izpirik gabe.

Portzierto, behinola zera aldarrikatu nuen blogean (askoz gehiago elikatzen nuen garai hartan…): “Ergela naiz eta harro nago!”. ;)


euskaltube.com bideoak | Izenburua: Onlain Urtebetez! | Erabiltzailea: Argoitz21

La Gaviota

Prestatzen ari naizen proiektuetako batekin zer ikusia duen laburmetraia dokumentala. Kamerarekin egiten ari naizen “praktiken” artean orain arte egin dudan gerturatze praktiko edo froga pilotu serioena. “La Gaviota” belaontzi estropada. Konbertsioan kalitatea jaitsi behar izan diot apur bat, jatorrizkoa HDn dagoen arren. Audioan ere desajusteren bat gertatu da bidean. Ea zer deritzozuen.

“La Gaviota” belaontzi estropadaren inguruko dokumentala, Skama itsasontzitik. Getaria eta bermeo arteko regata. Musika: Soulwax, Morcheeba eta Kerobia.

Bideogintza praktikak

Aspaldian nuen gogoa bideo sorkuntzan hasteko, unibertsitate garaitik (eta lehenago ere) asko erakartzen nauen kontu bat da eta. Azkenean, bideokamera bat erostea erabaki dut eta hasi naiz jolasean. Buruan badut ideia bat edo beste, bideosorkuntzari lotutako egitasmo berriren bat agian. Baina ezertan hasi baino lehen praktikatzeko premia nabarmena dut.

Erosi dudan kamera JVC GZ-HD6 bat da (irudian ikus dezakezuena). Froga batzuk egin ditut dagoeneko eta, egia esan, oso pozik nago erosketarekin. Esan bezala, ordea, grabazio eta edizio praktiken beharrean nago eta horregatik irten nintzen iragan ostiralean kalera, kamera eskutan.

Donostiako Zurriola hondartzara joan nintzen, eguraldi ederra baitzegoen eta nahiko olatu majoek astintzen zuten kostaldea. 45 minutu inguruz grabatu nituen surflariak eta ondoren bideoa editatu nuen. Esan bezala, aurrerago egin nahi dudan gauza “serioago” baterako praktika besterik ez da eta, jakina, askoz ere lan txukunagoak egiteko aukera eskaintzen du tramankulu honek. Besteak beste, tripode bat ere erosi beharko dut.

Egiten ditudan saiotxoak Euskaltubera igoko ditut. Hona hemen lehenengo frogatxoa:

Wargames 2: The dead code


Amaraunean kuxkuxero ari nintzela jakin ahal izan dut 1983ko Wargames film mitikoak baduela bigarren zatia, askotan oso gomendagarriak izaten ez diren sekuela horietako bat: Wargames: The dead code

Segituan arkordatu naiz nola darabilen Luistxo Fernandezek azkenaldian bere hitzaldietan, baita Legazpin Joxe Aranzabalekin batera egin genuen mahai-inguru hartan ere, Wargames filmeko pasadizo bat metafora gisa.

Oraindik ez dut ikusterik izan, baina dagoeneko ari naiz ordenagailura jaisten, eta aurki esan ahalko dizuet nire iritzia. Dena dela, IMDBn 4,4ko nota eman diote 1.200 erabiltzaile inguruk, bere aurrekariari 7.0koa ia 22.000k. Bien bitartean, hemen ikus dezakezue trailerra.

PD: Askoz ere gauza “garrantzitsuago”ak baditut idazteke blogean baina, Teknopata bezala, azken aldian apur bat ez, oso alpertuta nabilenez, bloga elikatzeko aukera paregabea iruditu zait. Hori bai, azken aldian ikasle izan ditudanei: Zin dagizuet aurki agindutako ikasmateriala eskuragarri jarriko dizuedala!

Hitzaldia Euskal Encounterren: Euskara eta Internet

Joan den uztailean, Gorka Julio eta biok gonbidatu gintuzten Euskal Encounter-era, hitzaldi bat eskaintzeko.

Azken orduko gonbidapena izan zen eta, beraz, hitzaldia denbora gutxian inprobisatu behar izan genuen. Dena dela ere, emaitzarekin nahiko pozik geratu ginen. Uste dut eztabaidarako balio dezaketen hainbat gai plazaratu genituela, batzuk zuzenago, besteak akaso erratuta. Gustora jasoko genituzke beste iritzi batzuk.

Hitzaldia Euskadi Digital irratiko Rafa Martinezek grabatu zuen eta baita sareratu ere. Hemen txertatuko ditut erabili genituen elementu ezberdinak.

Amaiera aldera, mahainguru modukoa sortu zen hitzaldia entzutera etorri zirenei esker. Besteak beste, han egon ziren Xiber Aguilera, Geragaitezen webgunea sortu duen Xabier eta Mikel Olasagasti… (barka, besteen izenekin ez bainaiz akordatzen)

Bide batez, aspaldian eguneratu gabe egon den blog hau biziberritzen saiatuko naiz, fenix hegaztia bailitzan ;)

Ea zer deritzozuen.

Audioa:

Teketen-en aurkezpena:

BBEC – euskara globalizazioan
View SlideShare presentation or Upload your own. (tags: ekibe mudss)

Bideoak:

Vicent Partal


Mikroformatuak eta glokaltasuna


Dataportability

Pet shop boys – Integral

Oreilly Radarren Web Trends

Internet Web Trends

Basque substation of the Internet (txapuzero xamar eguneratua)

Poseidon jainkoari erreguka


amphiliki tagged map by user – Tagzania

Ekainaren 5a da jada. Goizaldeko, edo gaualdeko, 00:23. Esan daiteke, nahiz eta egindako nabigazioan horrelakorik ez gertatu, geure bidaiaren Ekuadorra dagoeneko igaro dugula. Asko eta asko dira kontatu nahi nituzkeen bizipenak. Aste bete belaontzi batean igarotzea, eta gainera Greziako irla ezberdinak bisitatuz egitea, ez baita gauerdiko ahuntzaren eztula. Beraz, abenturarik latzenak, edo kontagarrienak, idazten saiatuko naiz hemen, Asus eeePC honen bateriak (bi orduko autonomia) uzten didan arte.

Uste dut aurreko sarreran ez nuela kontatu. Baina Atenasera iritsi eta berehala hasi zitzaizkigun zailtasunak, geure maletak Madrilen geratu baitziren eta berreskuratzeko nahiko lan izan baikenuen. Lehenengo gaua itsasontzian pasa genuen. Hurrengo egunean goiz itsasoratzekoak ginen. Baina ekipajea berreskuratu artean, ezin. Beraz, gaualdean iritsi, eta ganbarotera lotara joan baino lehen zerbeza (edo gintonic) batzuk edateko beta izan genuen. Planning-a aldarazi ziguten eta, zer erremedio ;)

Igandean, egun osoan barkua probatu, makinaria eta aparailu guztiak pronto jarri eta ezer egin gutxi izan genuen. Guztia behar bezala zegoen, baina, oraindik, maletak faltan. Igande arratsaldera arte ez zizkiguten bidali Amphiliki belaontzira. Eta jaso bezain pronto altsa genituen belak eta egin genion aurre itasoari.

Lehenengo helmuga Poros izan zen. Esan behar dut, hemen dagoen belaontzi turismorako nahiko prestakuntza eskasa dutela orain artean bisitatu ditugun portuek. Kontuan izan, itsasontzi batean argindarra eta ura amaitu egiten direla, eta komenigarria dela guztia akitu baino lehen gauero gauero depositoak eta bateriak betetzea. Baina, leku batzuetan, no way. Hala ere, zailtasun horiek ematen diote bidaia bati abentura kutsua. Eta abenturarik izan dugunez, horiek labur xamar kontatuko ditut hemen.

Inpresio bat helaraziko dizuet: Beleroetako jendea nahiko harroa iruditu zait (ez denak, baia batzuk bai), eta porturatzeko tokia bilatzeko nahiko lan izan ohi dugu. Britainiarrak, adibidez, elkarren lagun izango balira bezala aritzen dira, elkar ezagutu ez arren. Bandera batek duen indarra harrigarria da batzuetan. Euskaldunik ez hemen, ordea. Suitzarrak, germaniarrak, ingelesak, australiarrak, Zelaanda Berrikoak… Eta espainolak gutxi, zorionez edo. Bandera espainol bat jarri ziguten belaontzia alokatzen duen enpresak, eta azkar asko kendu genuen, nahiz eta itsasoko legediak behartu egiten zaituen popa aldean “zeure herriko” bandera eramatera eta eskuineko obenkean nabigatzen ari zaren herrikoa.

Sinetezina badirudi ere, hondakin arkeologiko oso gutxi bisitatu dugu. Nabigazioan ibiltzen zarenean, nabigazioa da garrantzitsuena, eta nabigatzeko bizi zara. Hemen, turismo denboraldia oraindik hasi ez bada ere, garaiz xamar iritsi behar duzu portuetara barkua lotzeko tokirik aurkitu nahi bauduzu. Eta Ydrara nahiko berandu iritsi ginenez, geure aurrikuspen txarrenak bete ziren. Portuan itsasontzia lotzeko tokirik ez, eta lo egiteko toki alternatibo bat bilatu beste erremediorik ez zitzaigun geratu. Kaia nagusitik gertu aingura botatzeko moduko toki bat bazegoen, eta hara bertaratu ginen. Hasiera batean, nahiko erraza zirudien. Aingura bota, popako bi sokak lurrera jaurti eta itsasontzia lotu ondoren Zodiac txikia ureratu eta afaltzera joan ginen inguru horretan zegoen jatetxe idiliko batera.

Ederki afaldu eta belaontzira arraunean bueltan ginela ohartu ginen ordurako haizea indartu egin zela eta, antza, itsasontzia ez zegoela behar bezain seguru. Berriz ere Zodiacean sartu, eta arraunean, sokak teinkatu eta aingura indartzeari ekin genion. Baina haizeak gero eta indar gehiagorekin jotzen zuen eta ez zirudien lasai lo egiteko gaua izango zenik.

Itsasontziak hainbat tramankulu ditu, besteak beste, GPS bidez lan egiten duen plotter bat. Eta aparailu horrek alarma bat ere badu, itsasontzia hainbat metro mugitzen bada deiadarka has dadin. Esan eta egin. Bada ezpada ere, itsasontziaren kanpoaldean geratu nintzen ni, izarrei begira eta MP3 irakurgailuarekin (besteak beste, Kerobia bidailagun). Guztia ondo zegoela ikusita, eta lokartzen hasi nintzenean, erabaki nuen ganbarotera lotara joatea.

Handik ordubetera alarmak asaldatu gintuen. Lema eta kilak bi metro inguru izango dituzte, eta hondoa joz gero, kaltea izugarria izan daiteke. Esnatu eta korrika azalera irten ginenean ohartu ginen harkaitzak jotzear ginela. Beraz, ilunpetan, aingura jaso, motorra piztu eta maniobratzeari ekin genion. Baina urduritasunak hartu gintuen eta mementuako larritasunak ez zigun utzi behar bezala jokatzen. Zaila da une horretan sentitzen dena azaltzen. Baina jakin ezazue hondoa jo ezkero itsasontzia arraz izorratu daitekeela eta, beraz, horrelakorik gertatzerik ezin genuela utzi. Aitak hartu zuen lema, motorrari eragin eta aurrera, baina abaorrean arrantzontzi bat genuen eta, halako batean, itsasontziaren bainera gaiean (halaxe esaten zaio kabinaren atzean, kanpoan, egoteko tokiari) dagoen estalkiaren metalezko estrukturarekin jo genion, gogor, tupust. Gaitzerdi, arrantzontziaren kaskoa altuagoa baitzen eta zorionez beste ezerk ez baitzuen haren aurka talka egin. Ordaindutako fidantzaren zati bat eramango digute, ziur, baina ez gehiegi, espero…

Azkenean alde batera utzi genituen oztopoak. Eta orduan iritsi zen zerbait egiteko erabakitzeko tenorea. Bi aukera: gauez, ilunpetan, beste portu batera ekin (goizaldeko seietan iritsiko ginen, eguna argitzearekin batera. Beraz, porturatzeko arazorik ez) edo badia hartan bertan berriz ere aingura bota. Bigarren aukera hautatu genuen, baina ez zen lasai lo egiteko betarik izan. Haizea apaldu zen apur bat, eta azkenean, goizaldean, abiatu ginen Spetsaira.

Spetsai irla ikusgarria da. Guztia da ikusgarria hemen. Eta ez da edaten ari naizen Mythos garagardoaren ondorio. Benetan polita da hau guztia. Esaterako, bisitatu ditugun eliza ortodoxoetan darabilten ikonografia. Nire bizitzan aldi bakanetako batean joan naiz berriz mezetara, hemengo liturgia zelakoa den ezagutzeko. Egia esan, beste elizatan bezala, nahiko tetrikoa iruditu zait. Ez naiz argazkia ateratzera ausartu.

Esandakoa, Spetsaira iritsi eta zorte handia izan genuen. Itsasontzia geldi dagoela lo egoteko moduko tokia topatu baikenuen, lan gehiegi egin gabe. Gu iritsi eta berehala beste belaontzi batek alde egin baitzuen. Dena ondo, beraz. Baina gaur goizean, Spetsaitik berriz ere Poros-era (portzierto, arraia oso goxoa jan daiteke hemen, leku batzuetan oso garesti, besteetan oso merke) irteteari ekin diogunean, beranduago iritsitako barku baten aingura gurearekin kateatu dela konturatu gara. Eta nahiko lan izan dugu biak askatzeko. Uretara salto egin behar izan dut nik (gazteena nahiz eta lan zikina niri tokatzen zait; gustora egiten dut gainera), aletak eta betaurrekokoak jantzita. Ferminek (tipo altua eta indartsua) heldu dio azkenik eskuarekin, kareletik, eta askatu ditu biak. Baina zauri txiki bat ere egin du. Eta, azkenean, ekin ahal izan diogu hurrengo etapari, Porosera bidean. Bertan gaude orain. Ederki afaldu ondoren, lotara joateko garaia iritsi da. Nekea, egunez egun, metatzen doa. Eta ohea ere, egunez egun, beharrezkoagoa egiten zait. Esan behar dut, arraia ez ezik, etxeko ardo zuria ere edateko modukoa dela. Kiloka neurtzen dute hemen. Eta kilo batzuk edan ditugu jada. Arraiei dagokionez, sardinak, bokartak, muxarrak, buztanbeltzak, barbarinak, bisiguak, krabarrokak… behatzak miazatzeko modukoak guztiak.

Bihar beste etapa bat daukagu aurretik. Eta niri orain lotara joateko ordua iritsi zait. Porosen, zorionez, Municipalityk debaldeko WiFI sarea du. Eta eskerrak. Ez dakit bihar zein irla zapalduko dugun. Baina ea bertan ere Udaletxeak hari gabeko interneterako sarbiderik baduen. Egonez gero, saiatuko naiz gauza gehiago kontatzen. Eta barkaidazue nire literatura ez delako aurki daitekeen finena. Barka ortografia eta sintaxi akatsak ere, guztia korrika eta presaka egitea tokatzen baitzait.

Egun gutxi geratzen dira jada. Astebete, neketsua izanda ere, motza gertazten da lanean ordez oporretan zaudenean. Zikladetako irlaren batetik edo, idazten saituko naiz bihar. Ordura arte, beraz, ea itsasoa eta haizea lagun ditugun.

Ea Poseidonek laguntzen gaituen.

Behingoagatik, benetako bidaia bitakora


Behingoagatik, Gutenberg Galaxia bloga benetako bitakora bilakatu nahi dut astebetez. Bidaia koadernoa. Astebete inguru egingo baitut Greziako uretan, belaontzi batean, irlaz-irla.

Ekainaren 31n irten gara Hondarribiko aireportutik. Eguraldia ez dugu lagun izan, eta hegaldia atzeratu zaigu. Euria barra-barra. Euskal Herritik Madrila aurrikusitakoa baino ia hiru ordu beranduago abiatu gara, eta horrek Atenaserako hegaldia ere atzeratzera behartu gaitu.

Lerro hauek idazterako orduan hegazkinean naiz, nork daki Mundu honetako zein lur edo ur eremuren gainean (oraintxe bota du komandanteak Italia gainean gaudela). Asus eeePC ponpoxoa izango dut bidaia lagun. Tira, makinak ez ezik hezur eta haragizko beste lagun batzuk ere izango dira nirekin: nire aita Alberto (kapitaina), Fermin eta Joxe (patroiak). Eta oraindik izena oroitaraztea lortzen ez dudan itsasontzia, jakina.

Esan daiteke hiruak itsas otsoak direla. Mediterraneoan hainbat aldiz nabigatutakoak, Mantxako kanala hamaika bider gurutzatutakoak, baita iberiar penintsulari itzulia egindakoak ere, Costa da Morteko ekaitz eta guzti. Akaso egin duten balentriarik handiena Atlantikoa gurutzatzea izango da, Kanariar Irletatik Martinikaraino. Beti haizearen laguntzaz, beti belaontzia gobernatzen. Motorra ukitu ere egin gabe, lurrik ikusi gabe, hogei egunez ozeanoaren erdian.

Oraingoan Grezia aukeratu dute, eta ni -gazteleraz esaten den bezala- grumetetzat hartu naute. Apur bat zahartuta omen daude eta portuetara ailegatutakoan itsasontzia behar bezala lotzeko soka eskuetan duela moilara salto eginen duen mutila behar omen dute. Eta nire burua aurkeztu dut, bolondres ;) Tira, esango dut, txikitatik ohitu nauela aitak itsasora, eta betidanik nabigatu izan dudala belaontzietan, txiki nahiz handi. Baina orain artean egindako trabesiarik handiena Getariatik Xixonera eraman ninduena izan da eta, beraz, honakoa abentura bat bezala aurkezten zait.

Gaur gara Atenasera iristekoak, 22:30ak aldera (Grezian, GMT+3, udako ordutegian). Eta hiriburutik, Akropolia atzean utzita, Kalamakis portura gerturatuko gara. Berandu, eguraldiari (edo Iberiari) esker… baina iritsiko garelakoan nago. Suerte apur batekin zerbait afaldu, eta itsasontzian lehenengo gaua igarotzeko. Ontziolatik 2008. urtean atera berri den 12 metro inguruko belaontzitzarra…

Kalamakiseko portutik irten eta zazpi egunez itsasoratuko gara, uhartez-uharte, esan bezala. Eguraldia eta, batez ere, haizearen arabera, ibilbide bat edo beste hautatuko beharko dugu, baina, printzipioz, aitak egin duen planningean hainbat irla bisitatzea da helburua.

Ordenagailua ez ezik, argazki kamera digitala ere daramat soinean eta nire asmoa egunez egun Gutenberg Galaxian bidaiaren berri ematea da, baita euskalTubera bideoak eta Flickr-era irudiak igotzea ere. Bien bitartean, Tagzanian ibilbidea trazatzen saiatuko naiz, gutxi gora behera. Hori, baina, bidean (edo portuetan) topatzen ditudan WiFi sarbideek baldintzatuko duten zerbait da. WiFirik gabe nekez sareratu ahal izango baititut nire irudi, bideo eta bizipenak.

Hari gabeko hurrengo sarbidera arte, beraz.


PD1:
Uste baino gehiago kostatzen ari zait WiFi sarbideak bilatzea Grezian. Belaontzi batean bidaiatzen ari naizela kontuan izanda, oraindik eta zailagoa. Sarrera hau argitaratzeko orduan dagoeneko hiru irla bisitatu ditugu: Poros, Egina, Spetsai eta Ydra. Maiatzaren 31n, gaualdean, iritsi baikinen Atenasera. Espero dut aurrerantzean maiztasun handiagoarekin idatzi ahal izatea. Baina interneterako sarbideek mugatuko dute nire nahia.

PD2:
Bdaiaren berri emateko, askoz ere errazagoa zait bideoak eta irudiak sareratzea. Eta askoz ere ikusgarriagoak ere badira, jakina. Irudiak hemen aurkitu ahal izango dituzue eta bideoak hemen.