rssgaur8 logotipoa

Augmented Reality: Euskaraz, zenbat errealitate?

Augmented Reality. Azkenaldian oso modan dagoen teknologia da. Geokokapenean oinarrituz, mundu fisikoari informazio erantsia gaineratzen dio gailu eramangarri baten bitartez. Begien aurrean agertzen zaigunaren gainean Interneterako estekak agertuko balira bezala. Hobeto ulertzeko, Teknopolis saiorako grabatu genuen Vlog ataleko kapitulu hau ikus dezakezue (2 minutu).


euskaltube.com bideoak | Izenburua: VLOG_4: Errealitate areagotua | Erabiltzailea: teknopolis

Ondo. Ulertu dugu zer den Augmented Reality delako hori, eta izan ditzakeen aplikazioak. Baina, euskaraz… nola esaten zaio euskaraz? Inongo hiztegi, estilo liburu edo akademiaren arauetan ez baita ageri.

Bada, badirudi, euskararen Augmented Reality-ak errealitate bat baino gehiago dituela. Bideo hori grabatzeko gidoia prestatzen aritu ginenean, zalantzak sortu zitzaizkigun. Eta Teknopoliseko erredakzioak “Errealitate Gehitua” erabiltzea hobetsi zuen, Andoni Sagarna euskaltzainaren Iparroratza blogean halaxe ageri zelako.

Bideoa grabatu ostean, ordea, zuzentzaileek erabaki zuten ez zela Errealitate Gehitua, “Errealitate Areagotua” baizik. Halaxe irakur daiteke bideo honen transkripzioan, baita Elhuyarreko beste argitalpen batzuetan ere. Besteak beste Igor Leturiak idatzitako artikulu bikain honetan.

Ordutik, hainbat blog eta agerkaritan irakurri dut euskaraz Augmented Reality delakoari buruz. Arkaitz Zubiagak, esaterako, “Errealitate aberastua” esaten dio “Gaur8“n. Gorka Julio Teketen-ek, aldiz, “Errealitate hedatua” erabili du “Berria“n argitaratutako artikulu batean.

Ikus ditzagun gaztelaniazko “aumentar” aditzaren euskarazko adierak:
Euskalterm hiztegian: Handitu, handiagotu.
Elhuyar hiztegian: Handitu, handiagotu, gehitu, gehiagotu, emendatu, ugaldu, areagotu.
3.000 hiztegian: Gehitu, aniztu, berretu, ugaritu, gurendu, agregatu, eratxiki, emendatu, handitu.

“Errealitate Gehitua”, “Errealitate Areagotua”; “Errealitate Aberastua”, “Errealitate Hedatua” edo besteren bat… Nola esan behar zaio euskaraz?

This entry was posted on Osteguna, Otsaila 25th, 2010 at 4:08 pm and is filed under blog, wifi, ziber. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.

9 Comments so far

  1. Aupa Haritz!

    Ni ‘areagotua’-ren aldekoa izan naiz duela gutxira arte, baina lehengoan buruan kolpe bat hartu eta harez geroztik ‘hedatua’ iruditzen zait egokiagoa. ‘Areagotua’-ren zentzua errealitate ‘errealagoa’ litzateke, eta uste dut augmented horrek ez duela hori adierazten, gehiago dela aberaste – hedatze kontua. Total, bozkatu behar izanez gero, ‘hedatua’-ren alde.

    Uhm… teknopatometrorako galdera egokia, by the way…

  2. Inorrek ezer gutxi idatzi zuenez, nik errealitate hedatu izena jarri nion. Ingelesetik “augmented reality”. Gazteleraz “realidad aumentada” bada ere, augmented -> ampliada zentzua dauka. Euskalterm-en antzeko zerbait aurkitu dezakegu beste termino batzuekin.
    eu matrize zabaldu
    es matriz ampliada
    en augmented matrix
    Beraz, errealitate zabaldu ere izan liteke. Baina, ampliar zentzua hartzen badugu, sinonimo ugari eduki ditzake. Elhuyar: handitu, handiagotu; zabaldu, hedatu,… Horregatik. Errealitate Hedatu aukeratu nuen. Ustez terminoa hobeto definitzen zuelako, baina aldatzeko prest. Filologoek esango didazue. Baina ezin uka daiteke EH (Errealitate Hedatua) ez dela oso termino erakargarria ;) . Ez al da hau beste errealitate hedatu forma bat? Gora EH!

  3. Bai, aldi bertsuan aritu ginen biok gure erreportajeak lantzen, zu Teknopolis-erako eta ni Elhuyar aldizkarirako. Elhuyarreko zuzentzaileek orduan terminoa zer zen ere ez zekiten, eta emandako azalpenengatik eta ordura arteko erreferentzia bakarra zen Andoni Sagarnarena ikusita, erabaki sakonago baten zain, errealitate gehitua jartzeko esan ziguten bioi. Eta horrela atera zen bai aldizkarian bai Teknopolisen.

    Baina gero denbora gehiagorekin aztertu zuten Elhuyarreko hizkuntz kalitateko eta hiztegigintzako sailekoek, horren inguruko erabakiak hartzen dituztenek. Horretan esperientzia handia dute, itzulpen tekniko asko eta hiztegi teknikoak egiten dira Elhuyarren eta terminologia berriaren inguruko erabaki asko hartzen dituzte, irizpide jakin batzuen arabera eta abar, hori da beraien lana. Andoniri ere kontsultatu zitzaion, eta azkenean errealitate areagotua hobetsi zuten. Eta hala jarri nuen artikulua bi hilabete beranduago blogera pasatzean. Izan ere, hizkuntza kontuez nik baino askoz gehiago dakite, eta nik behintzat, Euskaltzaindiak edo erreferentziazko hiztegiren batek kontrakorik ez dioen artean, hori erabiltzea deritzot onena.

    Eta bide batez, eskerrik asko nire artikuluari bota dizkiozun lorrengatik, Haritz! ;-)

  4. Ez dut zalantzan jarri nahi izan inoren lana eh? Alderantziz, jakin badakit halako erabakia hartzerakoan kontrastatu egiten dela eta ahal den kriteriorik onenarekin erabakitzen dela.

    Baina batean eta bestean nola erabiltzen den ikusita, eta oraindik araurik ez dagoenez, ideia polita iruditu zait zalantza hori dugunon artean geure iritziak eta kezkak partekatzea. Izan ere, oso modu ezberdinean agertu da terminoa hainbat tokitan, hain zuzen ere euskaraz ondo lan egitera ohituak dauden hainbat agerkari eta erakundeetan. Besteak beste, beren testuak zuzentzaile ezberdinen begi zorrotzetatik pasarazten dituzten agerkariak: Gaur8, Berria, Elhuyar… Eta Andoni Sagarna bera.

    Dirudienez, ofizialtasunera gehien gerturatzen den aukera “Errealitate Areagotua da”. Baina hemen, aldiz, “Hedatua”ren alde ageri dira zenbait blogari (hauek ere anglizismo teknologikoak itzultzera ohituak) baita Patxi Gaztelumendi Twitter-en ere:

    “Hedatua gustatzen zait. Nahikoa da gu ados jartzea, errealitatea hedatzeko, hizkuntzan ere. Ados?” http://twitter.com/iPtx/status/9631029275

    Gustora entzungo nuke beste askoren iritzia!

    Eta, bai! Irakurri ditudan zure artikuluak bikainak iruditu zaizkit, konplexuak diruditen gauzak modu erraz eta ulergarrian azaltzeagatik. ;)

  5. Lasai, Haritz, ni ez nintzen ari ezer aurpegiratzen! Nik soilik nire erabakia zergatik hartu dudan azaldu dut, besterik ez. Adierazi nahi nuen nik behintzat ez dudala nire burua nor ikusten hizkuntzaren adituekin eztabaidatzen hasteko hitzen egokitasunaz, eta horregatik, kasu honetan bezala normalean ere, horiek diotenari kasu egin ohi diodala.

    Hala ere, iritzia ematen hasita, arazoa gutxienez konplikatua da. Hiztegiei begiratuta, niri areagotua egokiagoa iruditzen zait hedatua baino. Ez nago ados Joxek dioenarekin, “‘Areagotua’-ren zentzua errealitate ‘errealagoa’ litzateke, eta uste dut ‘augmented’ horrek ez duela hori adierazten, gehiago dela aberaste – hedatze kontua”. Nire ustez augmented-ek ez du esan nahi aberaste edo hedatzea, hori enriched edo expanded litzateke. Hiztegiak erabiliz gero ere, en-eu zuzenean edo en-es-eu eginda, niri behintzat hedatu ez zait inon agertu, soilik zabaldu behin eta termino batean, teketenek aipatzen duena. Aldiz, areagotu birritan agertzen da, aumentar eta incrementar es-eu hiztegietan bilatuta (horiek dira en-es hiztegietan augment-entzat aurkitu ditudan ordainak).

    Hori bai, hiztegi bilaketetan, en-eu nahiz en-es-eu eginda, gehien agertzen diren hitzak handitu edo gehitu dira, beraz agian hiztegi ikuspegitik egokiena Andoni Sagarnaren gehitua da, edo handitua.

    Beste kontu bat da ingelesez ere augmented ongi aukeratuta ote dagoen adierazi nahi denarentzat. Nire ustez Joxek arrazoi du esatean kontzeptua ez dela errealitatea are errealagoa egitea, gehiago da informazio gehigarri bidez aberastea. Horrela ikusita, errealitate hedatua, gehitua edo aberastua izan daitezke egokienak. Niri pertsonalki horietatik aberastua gustatzen zait gehien, Arkaitzi bezala.

    Arazo konplexua, edonola ere. Horregatik, esandakoa, nik behintzat nahiago dut hizkuntzaren adituen esku utzi eta haiek diotena egin, nik ez baitakit kontu hauetan irizpide egokiena hiztegiarena den, edo esanahiarena, edo besteren bat…

  6. Ondo etorri zait, edozein kasutan, alderdi hori argitzea. Ez dudala inoren lana zalantzan jarri nahi, alegia.

    Gaztelumendik iradoki du FBn geure artean adostea nahikoa dela, inongo akademiaren erabakia itxoin gabe.

    Nire aldetik, Sagarnaren iritziaren zain geratuko naiz (gai hau nahiko landua duela uste dut). Eta, dudarik ez esan, haren gomendioa arau izango da niretzat.

  7. Hau bide berriak irekitzeagatik gertatzen da. Horrela jarrai dezagun!

  8. Andoni Sagarnak hausnarketatxoa bidali dit termino honen euskaraketaren ingurua.

    Azterketaren berri emateko baimena ere eman didanez, hona ekartzea erabaki dut.

    Argi gera bedi ondoren azalduko dena ez dela Sagarnaren proposamena Augmented Reality euskaratzeko. Baina interesgarria da, dudarik gabe.

    ————————————————————

    Definizioa

    Augmented reality (AR) is a term for a live direct or indirect view of a physical real-world environment whose elements are merged with (or augmented by) virtual computer-generated imagery – creating a mixed reality.

    Terminoak zenbait hizkuntzatan:

    Hizkuntza Terminoa
    Kataluniera Realitat augmentada
    Alemana Erweiterte Realität
    Espainiera Realidad aumentada
    Frantsesa Réalité augmentée
    Ingelesa Augmented reality
    Italiera Realtà aumentata
    Portugalera Realidade aumentada

    Espainierazko “aumentar” hitzaren euskal baliokidetzat Orotariko Euskal Hiztegiaren iturrietan ematen direnen artean badago:

    aumentatu

    Hitz hori erabili dutenak: Leizarraga, Tartas, Bizkaieraz idatzitako XVII. mendeko kristau-ikasbide bat, Ochoa de Arin, Juan de Irazusta (1739), Pedro Ignacio Barrutia, Lizarraga Elkanokoa, XVIII. mendeko Utergako kristau-ikasbide bat, Jose Ignacio Guerrico, XIX. mendeko Baztango kristau-ikasbide bat, XIX. mendeko San Lukasen ebanjelioaren itzulpen bat (Oteiza), Erronkariko, Aezkoako eta Zaraitzuko XIX. mendeko kristau-ikasbideak, Udarregi, XX. mendeko Ultzamako kristau-ikasbide bat.

    Gaurko testu bat aurkitu dut, Juanjo Olasagarrerena. Jose Luis Erdoziak jasota dauka Altsasuko ahozko hizkeran.

    Izango dira hori baino “pedigree” gutxiagoko hitzak egungo euskaran. Hala ere euskara batuan desagertua dagoela esan daiteke.

    Ba ote du inork ausardiarik hitz hori berrezartzeko?

    Mailegua den aldetik gutxienekoak betetzen ditu, alboko bi erderetan (aumentar, augmenter) sustrai bera duenez.

    Egia da, baita ere, euskarazko tradizioan badaudela beste asko baliokideak izan daitezkeenak:

    Askotu, emendatu, gailendu, gaineratu, gehiagotu, gehitu, handiagotu, areagotu, emendatu.

    Bada non aukeratu.

  9. Nola esaten da euskaraz ‘Augmented Reality’?…

    Azkenaldian oso modan dagoen teknologia da. Geokokapenean oinarrituz, mundu fisikoari informazio erantsia gaineratzen dio gailu eramangarri baten bitartez. Begien aurrean agertzen zaigunaren gainean Interneterako estekak agertuko balira bezala. Baina, …

Have your say

Fields in bold are required. Email addresses are never published or distributed.

Some HTML code is allowed:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>
URIs must be fully qualified (eg: http://www.domainname.com) and all tags must be properly closed.

Line breaks and paragraphs are automatically converted.

Please keep comments relevant. Off-topic, offensive or inappropriate comments may be edited or removed.

  1. ekarpenak

  2. Azken bidalketak

  3. atalak

  4. fitxategiak

  5. RSS Euskal Blogosfera