rssgaur8 logotipoa

Kaiku naiz, pirolisia dut eta onlain nago

[Sarrera hau erantzun gisa utzi dut Amatiñoren blogean. Gero ohartu naiz zelako txapa bota dudan, eta blog gosetu hau elikatzeko baliatzea erabaki dut]

Nire ustez bada beste aldagai bat kanpaina honi positiboki eragin diona.

Ez naiz ni ere sartuko sakonean aztertzera Kaikuren leloaren egokitasuna ala egokitasun eza. Edozein kasutan, leloari bakarrik erreparatuta, nik azkenean hautatu dutenaren alde egingo nuke hasieratik, “Ni Kaikukoa naiz”, alegia.

Sustatun azaldu nuen bere garaian zergatik: Besteak beste, kirol talde baten jarraitzaile denaren zantzua hartzen diodalako esaldiari, eta hain zuzen ere, Kaikuk traineru bat patrozinatzen duelako.

Ez nago guztiz ados aurreko iruzkinean “Nick”ek dioenarekin. Baliteke batzuetan hobe izatea produktu bati buruz gaizki hitz egitea, hitzik ez egitea baino. Baina ez beti. Soilik horrek nolabaiteko ondorioa badu. Ondorio hori ez da erraz kontrolagarria, ordea. Baina kasu honetan, ondorio bat baino gehiago izan dira.

Esan bezala, uste dut Kaiku polemika honekin guztiarekin irabazten atera dela, eta saiatuko naiz azaltzen zergatik.

Batetik, kontsumitzaileen edo gutxienez euskarazko iragarki horrek duen xede-taldearen zati handi baten aurrean Kaikuk erakutsi du entzuten dakiela, eta baita entzundakoaren arabera erreakzionatzen ere (erdizka besterik ez bada).Nire begietara, arrazoi horrexegatik berberagatik beren irudia positiboki indartua irten da azkenean.

Bada beste faktore bat ere. Kontrako iritzi eta jarrerak azaltzen direnean, maiz aldekoak ere agertzen dira. Amatiño, testuinguru honetan, zure kasua oso argia da. Halako batean, kritika zaparradaren ostean, bere inguruko iritzian eragiteko gaitasuna duen pertsona erreferentzial bat irten da Kaikuren defentsan. Ez hori bakarrik, “anonimoagoak” edo diren zenbait ere agertu dira han eta hemen egin diren iruzkinetan (Zuzeun, Sustatu, Blogetan…) Kaikuren alde. Eta, seguru aski, hasiera batean kritika gogorrak egin dituztenen iritziak apur bat apaltzea ere lortu dute. Lehenago aipatu dudan faktorearekin gertatu den bezala.

Hori, dudarik gabe, marketin ekintza brutala da, inpaktoa hamaika bider indartsuagoa da. Besteak beste, iruzkinak egiteko “beharra” sentitu duten pertsonak balizko kontsumitzaile zuzenak direlako.

Orokorrean, esan bezala, irabazten atera direla esango nuke.

Beraz, ni Kaikuren kanpainaren diseinatzailea izan banintz, seguru aski erabaki okerra hartuko nukeen. Hobe zatekeen “Ni Kaiku naiz” hautatzea.

Hala ere, aldez aurretik erreakzioa aurrikustea zaila izan ohi da, eta uste dut suerte kontua izan dela Kaikurena planifikazioaren ondorio baino gehiago.

Kritika bat bai egingo nieke, baina usteen araberakoa da. Uste baitut, kanpaina hau erderaz pentsatua izan zela, eta gero euskaratze (oker ala egokia) egin dutela.

Orain artean kanpaina grafikoa besterik ez nuen ikusi. Jakin izan dut irratietan euskaraz mezua aldatu dutela. Eta baita telebistako lokuzioetan ere. Baina gaur ditxosozko anuntzioa ikusi dudanean, bere garaian Fagorrek egindako Pirolisiaren kanpainaren akats berbera ikusi diot. Telebistako iragarkia gaztelaniaz izan da grabatua, eta gero euskaraz bikoiztu dute, Euskaltelek “Onlain nago”rekin egin duen bezala.

Pirolisiaren inguruko artikulua idatzi nuenean, Publis enpresakoek deitu zidaten, artikuluaren berri izateko. Ia eskertu ere egin zidaten, eta azaldu behar izan nien kritika bat zela, eta ez nituela oso ongi uzten. Une horretan nire solaskide izan zenak gazteleraz egin zidan, eta artikulua euskaraz zegoen idatzia. Horregatik ote?

Galdera:

Hain zaila (eta garestia) al da euskaraz (ere) dakiten aktoreak kontratatzea? Telebistako iragarkiak aktore berberarekin euskaraz eta gaztelaniaz grabatzea, bikoizketaren beharrik gabe, story-board berdinaren gainean? Markaren hobebeharrez diot, niri bederen sinesgarriagoak egingo litzaizkidake-eta, zalantza izpirik gabe.

Portzierto, behinola zera aldarrikatu nuen blogean (askoz gehiago elikatzen nuen garai hartan…): “Ergela naiz eta harro nago!”. ;)


euskaltube.com bideoak | Izenburua: Onlain Urtebetez! | Erabiltzailea: Argoitz21

This entry was posted on Ostirala, Otsaila 12th, 2010 at 1:36 am and is filed under 2deo, blog, publi. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.

6 Comments so far

  1. Kaixo, Haritz:

    Iñigo Fernandez Ostolaza naiz, Publisekoa.

    Ez naiz gure kanpainei buruz argitaratzen diren kritikei erantzun zalea, baina zuzenean aipatzen gaituzunez, gureari bigarrenez heldu diozunez gai berari, eta iruditzen zaidanez gorabehera oso ezberdinak nahasten dituzula eta gainera kontu batean oker zabiltzala, hausnarketa bat egin nahi dizut.

    Ez dakit ba ote dakizun, baina espainiar estatu osoan egin zen aipatzen duzun labe pirolitikoen kanpaina; eta Fagor sentibera denez hizkuntzekiko, gazteleraz, katalanez eta euskaraz.

    Zure ustez iragarki horretan hitza hartu behar zuten protagonista guztiek hiru hizkuntzak jakin beharko lituzkete?… Zenbat aktore daude iragarki horretan bilatzen zen profila betetzeaz gainera, hiru hizkuntza horiek dakizkitenak?…

    Argi dago irizpide horiek guztiak beteko lituzketen aktoreak liratekeela egokienak, baina seguru asko bat etorriko zara nirekin esaten baldin badut hor bikoizketa “arazo” txikia dela, espainiar estatuko ikusentzuleak ohituta gaudelako bizkoizketetara (arrazoi nabarmenengatik).

    Beste kontu bat da kanpaina EAErako soilik denean. Kasu horietan aktoreari hitz egiterakoan ahoa ikusten zaizkion planoak bi hizkuntzatan grabatzen ditugu (labialak egiteko), gero ahotsa sartzerakoan arazorik gabe egin dadin hizkuntza guztietan. Uste dut publizitate agentzia bakarrenetakoa garela hori egiten.
    Pirolisiaren kasuan ere egin ahalko litzateke hori, bai, labialak hiru hizkuntzatan grabatzearena, baina hizkuntza jakin gabe labialak egitea oso zaila da, hiru hizkuntzatan egiteak denbora asko ematen du, eta ez da izaten horretarako aukerarik, denborarik, dirurik (gezurra badirudi ere, egun bakarrean grabatzen direlako iragarkiak).

    Dena dela, “arazo” benetan txikia da aipatzen duzuna. Errotulu guztiak hizkuntza-bertsio bakoitzean bere hizkuntzan daudelako, eta batez ere, batez ere, kanpaina ondo pentsatua dagoelako zabaldu behar den hizkuntza guztietan egoki funtziona dezan (ez dauka ez hitz-joko itzulezinik ez euskaraz gaizki funtziona dezakeen konturik).

    Horregatik guztiagatik dago argi Fagorrena ez dela Kaikuk egin duen “akats berbera”.

    Hori bai, ni benetan pozten naiz gai hauek gero eta ohiartzun gehiago hartzen dutelako eta gero eta euskaldun gehiago garelako halakoei erreparatzen diegunak, urteak daramatzadalako “Euskara eta Publizitatea” gaiaren inguruan sentiberatasuna, kezka eta konponbideak zabaldu nahian:

    http://euskaraetapublizitateabloga.wordpress.com

    Ondo izan.

  2. Kaixo Iñigo,

    Benetan eskertzen dizut zure azalpena. Batetik, ez nekielako katalanez ere egin zenik iragarki hori.

    Ez dut zalantzan jartzen zuen agentzian iragarki elebidunak, edo “elehirudunak” egiteak eskatzen duen ahalegina. Edozein kasutan, ahalegin hori “saltzen” ari zareten produktu edo marka hobeki “saltzeko” egiten duzuela sinistu nahi dut, ez hainbeste hikuntzei diozuen (ez dut zalantzan jartzen hala denik) begirune edo sentiberatasunagatik. Merkatuak agintzen duela sinistu nahi dut, baita euskararen kasuan ere, dela kualitatibo edo kuantitatiboki. Alegia, iragarkiak euskaraz egiteko orduan zuen (edo zuen bezeroen) helburu komertzialek agintzen dutela sinistu nahi dut, ez hainbeste nolabaiteko “militantziak”.

    Hala ere, nik egin dudan kritika hain zuzen ere kontsumitzailearen (iragarkiaren kontsumitzaile bederen) ikuspuntutik egin dut. Bai oraingoan, eta baita Pirolisiari buruz idatzi nuenean ere. Onar dezaket anekdota bat dela. Baina artikuluekin adierazi nahi izan dudana da ikusle euskaldun naizen aldetik, niri behintzat, arrotzak egiten zaizkidala, begietara min egiten didatela bikoiztutako iragarki horiek. Eta mezuaren barnerapenari dagokionean, askoz ere eraginkorragoak irudituko litzaizkidakela jatorrizko bertsioak izango balira. Berdin pentsa dezaket Audiren iragarki baten inguruan, eta jakina, hobetsiko nuke grabazio diferentziatuak egingo balira, ingelesez ez ezik, baita gaztelaniaz edo frantsesez ere, eta noski, euskaraz. Beti ere iragarki horrek duen xede-taldean izan behar duen eraginaren hobebeharrez.

    Arrazoi duzu, katalanez, euskaraz eta gaztelaniaz dakiten aktoreak bilatzea ez dut uste erraza denik. Edozein kasutan, kontsumitzaile euskaldun naizen aldetik, nahiago nuke jatorriz euskarazkoa den iragarkia bikoiztuko balitz gazteleraz. Edo, bestela, euskaraz eta gaztelaniaz dakiten aktoreekin grabatzea jatorrizko bi hizkuntza horietan, eta gero katalanera itzultzea. Are gehiago, gainera, kontuan izanda aipatzen ditudan hiru marka eta prodiktuak Euskal Herriko enpresek merkaturatzen dituztela.

    Nire susmoa da, ordea, merkatuak agintzen duela oraindik, eta merkatu horren zati handienak gaztelaniaz egiten duela. Hori, seguru aski, egitatea da, eta nahiko nuke noizbait aldatuko balitz, euskararen herrian bederen. Hala ere, merkatuaren legeak agintzen duela esango nuke eta bai Euskaltel, Kaiku eta Fagorren produktuen xede-talde nagusia erdalduna dela. Zoritxarreko errealitatea da hori, baita Euskal Herrian ere, antza.

    Fagorren eta Kaikuren “kasuen” artean, ez dut alderaketa egin mezuaren egokitasunaren inguruan, baizik eta mezu hori helarazteko metodoen inguruan. Telebistako iragarkien bikoizketaren inguruan, bi kasuetan, ezaugarri berbera dute aipatu ditudan bi iragarkiek, baita “Onlain nago” kanpainako abestiak ere.

    Bukatzeko, ez dut zalantzan jartzen ere agentzia horien barnean, eta luzapenez agentzia horiek lan egiten duten enpresen barnean, iragarkiak euskaraz modu egokiagoan egiteko ahaleginean ari zaretenon lana. Inondik inora. Aipatzen dudan kasu guztietan, saiatu naiz kritika konstruktiboa egiten, eta inolaz ere gauza mingarririk ez esaten. Eta lortu dudala ere esango nuke. Egiten diren kritikak irakurri eta erantzuna ematea, gainera, eskertzekoa iruditzen zait, beste batzuei ez bezala.

    Beraz, espero dut kritika honek gutxienez zer pentsatua eman badizue (baliabideak, lehentasunak eta abar beste kontu bat dira). Ohartarazteko, behintzat, kontsumitzailearen begietara (nire begietara, nahiago baduzu, ez baitut esan nahi nire ikuspegia kontsumitzaile euskaldun guztien berdina denik) bikoizketaren teknika hori ez dela nahi bezain eraginkorra. Horren inguruan nik esan gabe ere kontziente zaretela apustu egingo nuke.

    Argi dago agentzia eta enpresa batzuek besteek baino egokiago lantzen dutela euskararen afera. Eta baliteke zuek, baita Euskaltelen eta Kaikuren kanpainak diseinatu dituztenak, alderaketa horretan nahiko ondo kokatuak egotea. Bestalde, Kaikuren kanpainarekin Andu Lertxundik (oker ez banago) adierazi zuen bezala, kezka sortzen zait hain zuzen ere euskara kontuan (gehiago edo gutxiago) hartzen duten kanpaina eta agentziei egurra ematearen inguruan, badirudielako hain zuzen ere kritika horiek jasotzen dituztenak beti euskaraz ere lan egiten dutenak direla (egokiago ala ezegokiago).

    Bestela, nik galdera bat luzatu dut artikulu honetan eta bai bere garaian Pirolisiari buruz idatzi nuen hartan ere, eta eskertzekoa da galdera horri erantzun izana. Uste dut, gainera, horrelako kritiken aurrean (ni behintzat saiatu naiz errespetutik egiten) behar bezala erantzunez gero, indartuta atera daitekeela ordezkatzen duzuen marka ala produktua. Beraz, kezka horiek konpartitzen dituzuenak bide horretan lanean jarraitzera animatu besterik ezin zaituztet egin.

    Eta, dudarik gabe, ni ere pozten naiz gai hauek gero eta oihartzun handiagoa dutelako, eta agentzia/enpresek gero eta kontu handiagoarekin lantzen dutelako gaia.

    Portzierto, zure bloga aspalditik jarraitzen dut eta ikasgai dezente eman izan dizkit.

  3. Kaixo berriz, Haritz:

    Barkatu, baina uste dut ez diozula gaiaren muinari heltzen, eta bikoizketaren kontutik abiatuta, kasu oso ezberdinak ari zarela nahasten.

    Euskaraz ikusten ditugun spot gehien-gehienak bikoizketak dira, eta gaztelerazkoen zati handi bat ere bai (multinazionalek atzerrian egindakoak). Eta inongo arazorik gabe funtzionatzen dute bikoizketak diren aldetik (beste kontu batzuetan -adierazkortasunean, errotuluetan…- nabarmena da ezetz), espainiar estatuko telebista kateetan eta zinemetan ikus daitezkeen film ia guztiak ere bikoizketak direlako eta, ondorioz, guztiak ere ohituta gaudelako (ohituegi) bikoizketetara.

    Nahiko nuke euskarazko publizitatearen arazoa hori balitz, bikoizketa… Zinez ere sakonagoa da, ordea, arazoa, nabarmena denez; eta horregatik iruditzen zait oker zabiltzala kanpaina horiek, iragarle horiek eta iragarki horien atzean dauden publizitate agentziak maila berean jartzen.

    Batzuk benetan direlako sentiberak hizkuntza kontuetan, eta beste batzuk ez hainbeste; batzuk aspaldi ari direlako beren publizitate kanpainetan hizkuntzen kontua ondo zaintzen (ez militantziagatik, jakina, beren lana ondo egiteko baizik), eta beste batzuk, aldiz, publizitate elebiduna egiten hamar urte eraman arren, oraindik ere itzulpen hutsak eta hizkuntza bakarrean bakarrik funtzionatzen duten kanpainak egiten jarraitzen dutelako.

    Alegia, bikoizketa argudio hartuta, denak saku berean sartzea, errazkeria ikaragaragarria iruditzen zaidala. Eta nire iritziz, oraindik berde samar dagoen euskarazko publizitatearen eremu honetan, aurrerapausoak ikusi nahi baldin baditugu, azaleko eta sakoneko kontuak (eta jendea) nahasten ibili beharrean, merezi duen arreta eta kontuarekin landu behar genuke gaia beti, kasu txalogarriak, onargarriak, barkagarriak eta onartezinak argi bereiziz.

    Horretan saiatuko naiz ni aurrerantzean ere, eta horretara animatu nahi zintuzket.

    Ondo izan.

  4. Kaixo berriz,

    Ados nago esaten dituzun hainbat gauzarekin, baina beste batzuekin ez.

    Batetik, nik ez ditut kanpaina eta agentzia horiek guztiak zaku berberean sartu. Ez dut uste egin dudanik. Batetik, iruzkin honetan heldu diot Kaikuren aferari eta, bestetik, Kaikuren, Euskaltelen eta Fagorren telebistako iragarkietan topatu dudan ezaugarri komun bat azpimarratu dut: Guztiak daude euskarara bikoiztuak (Fagorren kasuan egia da Argiñanoren hitzak ez zeudela bikoiztuta, baina bai bere alboan ageri zen emakumezko aktorearenak, Pirolisiaren inguruko artikuluan argi eta garbi azaltzen nuen bezala). Hori errealitate objektibo bat da.

    Hortik abiatuta, esan dut bikoiztutako iragarki horiek arrotzak egiten zaizkidala (agian euskaraz bikoiztutako produtkuak ikusteko ohitura gutxiago dudalako gazteleraz bikoiztutakoak baino). Inongo arazorik gabe funtzionatzen dutela diozunean, orokortasunaren inguruko perzepzio subjektiboa iruditzen zait. Nirekin behintzat ez dute ondo funtzionatzen.

    Bestetik, ez dut esan euskarazko publizitatearen arazo nagusia bikoizketarena denik.

    Azkenik, ez dut baloratu agentzia baten edo bestearen hizkuntzekiko sentiberatasuna, ezta lan egiteko ohiturak ere. Soilik hiru iragarki horiek duten ezaugarri komun hori azpimarratu dut. Berez, ez dakit zein izan den Kaikuren kanpaina egin duen agentzia, ezta Euskaltelena egin duena ere, eta Fagorrena Publisek egin zuela dakit telefonoz deitu ere deitu zidatelako. Zentzu horretan, inolako aurriritzirik gabeko iritzia da eman dudana. Eta ez litzaidake okurritu ere egingo agentzia baten lan guztia “epaitzea” kanpaina jakin batengatik soilik.

    Nire ustez, arreta merezi duen zerbait da bikoizketaren kontua. Esan bezala, niri bai (agian bakarrenetakoa izango naiz) arrotzak egiten baitzaizkit aipatu ditudan hiru kasu horiek, mezua barneratzeko orduan despistatu egiten naiz eta gehiago erreparatzen diot soinuak “Onlain nago” dioenean ezpainetan “Estoy online” irakurtzen dudanean. Berdina “Ni Kaiku naiz” entzun eta ezpainetan “Yo soy Kaiku” nabarmen irakurtzen dudanean, eta gauza berbera gertatu zitzzaidan (denbora dezente igaro da, ez dut gogoan zein zen esaldia) Pirolisiaren iragarkian.

    Iruzkin honetan Kaikuren inguruan jardun dut batez ere. Bukaera aldera beste kanpaina batzuekin dituen antzekotasunak (bikoizketaren inguruan) azpimarratu ditut. Dudarik gabe, askoz ere kasu gehiago ere badira, baina hiru hauei erreparatu diet oraingoan. Hala ere, ez dut uste gauzak nahasten ditudanik.

    Ondo izan zu ere eta eskerrik asko berriz zure iritzia blog honetan uzteagatik.

  5. Per la stampa del vostro materiale pubblicitario vi consiglio questa Tipolitografia Online

Have your say

Fields in bold are required. Email addresses are never published or distributed.

Some HTML code is allowed:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>
URIs must be fully qualified (eg: http://www.domainname.com) and all tags must be properly closed.

Line breaks and paragraphs are automatically converted.

Please keep comments relevant. Off-topic, offensive or inappropriate comments may be edited or removed.

  1. ekarpenak

  2. Azken bidalketak

  3. atalak

  4. fitxategiak

  5. RSS Euskal Blogosfera