rssgaur8 logotipoa

Irekia

Patxi Lopezek gidatutako Eusko Jaurlaritzak gonbidapena luzatu zidan bart Gasteizen aurkeztu duten Irekia egitasmoaren ekitaldira joateko.

Ez dut hausnarketa politiko sakonik egiteko asmorik, baina nire iritzia azaltzen saiatuko naiz.

Irekia proiektuak orain oso modan jarri den “Open Government” kontzeptua ei du inspirazio iturri. Nolabait esateko, Gobernuak hartuko dituen erabakietan herritarren iritzia ere kontuan hartzea omen da helburua.

Hitz egin nezakeen Obamak eta Lopezek; AEBek eta EAEk dituzten ezberdintasunen inguruan, edo helburu hori teknologia (ere) erabiliz nola erdietsi daitekeen azaltzen saia nintekeen. Bota nezakeen administrazio publikoaren datuak askatzeari buruzko nire iritzia. Intereseko gaiak ditut guztiak, eta Politika 2.0 delakoaren benetako esanahaia ere maiz izan dut hizpide.

Gaurkoan ez diot horri tirako, ordea.

Gonbidapena onartu eta Gasteizen azaldu banaiz, printzipioz edonoren iritzia entzun eta edonorekin biltzeko arazorik ez dudalako da. Hori batetik. Kritikatzeko, lehenago ezagutu/entzun beharraren garrantzia ere azpimarratuko nuke, halaber. Kazetari lanbidean ia alderdi guztietako mitinetan egonda nago, eta prentsaurreko batera joango banintz bezala sentitu naiz gaur. Jakina, lagunez inguratua joateko aukera ere pisuzko arrazoia izan da.

“Demokraziaren” demokratizazioa (!?) ere intereseko gaia dut, edozein herrialdetakoa. Baina orain hilabete batzuk Rahaf Harfoushen hitzalditik oso dezepzionatua atera banintzen, gaur berbera esan dezaket Gasteizen entzun dudanari buruz.

Izan ere, herritarren parte-hartzea sustatu nahi bada, zergatik ez dira kontsulta gehiago egiten? Hori da Administrazioaren erabakietan herritarren parte-hartzea sustatzeko biderik egokiena, zalantza izpirik gabe. Lau urteko txeke zuria eman beharrean, legegintzaldiak dirauen bitartean hartzen diren erabakiak herritarrei kontsultatzea. Udaletxeetatik hasi eta aginterik goreneraino.

Ez zait iruditu Gobernu Irekiaren aurkezpenean horrelakorik esan denik, inondik inora.

Komunikazioaren teknologiak ere erabil daitezke, jakina, herritarren iritzia ezagutzeko, edo gutxienez ezagutzeko bide bat zabaltzeko. Baina esan behar dut teknologikoki ere oso pobrea iruditu zaidala proposamen hau. Webguneari errepasotxo bat eman besterik ez da egin behar hortaz jabetzeko.

Ez dakit. Akaso aurre-iritziz gainezka joan naiz, ondokoa pentsatzea aurre-iritzia bada bederen:

Hautesleen zati handi bati parte hartzen utzi ez zaion hauteskunde baten ondorio den edozein Gobernuk nekez hitz egin dezake herritarren parte hartzea sustatzeaz. Ez hemen eta ezin inon. Beraz, horrelako egoera batean sortutako aginteak ez du eskumen horiek izateko eskubiderik. Eta eskumen horien ondorio diren erabakiek zilegitasun guztia galtzen dute, ondorioz.

Administrazioaren herritarrekiko irekiera beharrezkoa da oso, gobernatzen duenak gobernatzen duela ere. Eta horretarako teknologiak erabiltzea, bide interesgarri eta emankorra izan daiteke. Irekitze hori Twitter erabili eta foro bat abiatzea baino gehiago dela ulertuko balute, marketinaz harago ikusiko balute… gisa honetako ekimenak txalotu ere egingo nituzke.

Ezinezko egingo zait txaloa, ordea, lehen aipatu dudan premisa hori desagertzen ez den bitartean.