rssgaur8 logotipoa

Eskola 2.0, nire iritzia oso-osorik

“Berria” egunkariak erreportajea argitaratu du gaur Informazio eta Komunikazioaren Teknologiek Euskal Herrian eta euskararengan duten eraginaren inguruan.

Jon Rejado kazetariak zintzo zintzo laburbildu ditu Maite Goñi, Marko Txopitea, Gorka Julio eta niri egindako galderak.

Ezagutzen dut kazetariaren lana eta badakit sintetizatzea oso lan zaila dela, nire lagun batek dioen bezala, “diseinuaren esklabu” baikara batzutan lan tresna gisa luma (edo hobe esanda, teklatua) dugunok.

Hala ere, eta erantzunak idatziz, e-posta bidez bidali nizkionez, oso osorik hemen argitaratzea erabaki dut. Azken finean, ez nuke nahi egindako lana alferrik gal dadin eta, bestalde, blog honek badu eguneraketa beharrik. Aldez aurretik lana eginda dagoenez, hemen itsastea erabaki dut.

Galdera: TIC edo IKT direlakoen inguruan azpiegitura (ordenagailuak, interneterako konexioa) sustatzen jarraitu arren, helburua ia bete dela uste du Jaurlaritzak. Orain edukietara jauzi egiteko unea dela adierazi du Xabier Sabalza Berrikuntza eta Informazioaren Gizarteko zuzendariak. Iritzi bera al duzu? Zergatik? Jauzia azkar/garaiz/berandu heldu al da?

Erantzuna:
Lehenik eta behin azpimarratu nahi nuke nire iritzia IKTak erabiltzen dituen herritar batena dela, eta asko jota teknologia berriei arreta berezia jartzen dien kazetari batena. Ez nator hezkuntza mundutik eta, beraz, ezagutzen dudana bigarren eskuko informazioari esker dakit.

Hori esanda, hezkuntzan IKTen erabilpena sustatzeko orduan ezberdindu nahi nituzke eskola publikoan egiten ari diren ahaleginak eta pribatuan egiten ari direnak. Lehenengoari helduko diot. Asteon Victor Bermejok, IKTen programaren arduradunak, Eskola 2.0 egitasmoaren inguruan egindako aurkezpena ikusi dut, eta ez zait bat ere zehatza iruditu. Nire irudipena da Jaurlaritza korrika eta presaka egiten ari dela gauza asko eta planifikazio falta handia dagoela. Akaso intentzio oso onarekin ari dira IKTak bultzatzen hezkuntza publikoan, baina plangintza integral baten falta dagoela esango nuke. Hiru alderdi ezberdinduko nituzke: Azpiegiturak, irakasleen formakuntza eta edukiak. Lehenengoari dagokionean, Eusko Jaurlaritzak kontrakoa badio ere, esango nuke nahiko berandu datorrela eskola publikoko lehen hezkuntzako 5. mailako ikasleei IKTen bidezko irakaskuntza sustatzeko baliabideen hornikuntza. Badirudi ikasle bakoitzak netbook edo ordenagailu ultraeramangarri bat izango duela aurten, besteren artean, baina baliabide horiek eskuratzeko deialdia orain gutxi argitaratu da eta, beraz, ezin esan daiteke aurrikuspen nahikoarekin bultzatu denik. Afera honen inguruan, gainera, oso kritiko naiz erabiliko den softwarearen inguruan. Izan ere, nire iritziz, eskola publikoak software librea bultzatu beharko luke, Microsoft bezalako enpresen sistema eragileak eta lizentzia garestiak baztertuz, eta ikasleak softwaren librearen ingurune batean heziz. Baina abiarazte bikoitza izango omen dute aparailuok. Alegia, GNU-Linux banaketa bat ez ezik, baita Windows ere. Baina eskola publikoa ez da alperrik herritar guztiok ordaintzen ditugun zergen bitartez finantzatzen.

Bigarren hutsune nagusia edukien inguruan dakusat. Izan ere, IKTak helburuak erdiesteko bitarteko besterik ez dira. Hezkuntza metodoa egokitzeko beharrezkoa da azpiegitura horiek baliatuta ikasleak hezteko erabiliko diren edukiak sortzea eta hezkuntza sitemaren benetako iraultza eragingo duen plangintza orokor, zehatz, landu eta sakona abiaraztea.

Hirugarren hutsune nagusia hezitzaile edo irakasleen formakuntzan dagoela uste dut. Nire uste apalean, ikasle asko eta asko irakasleak baino jaioagoak dira IKTen erabilpenari dagokionean. Irakasleek IKTak ikasteko nola erabili behar diren irakatsi behar badiete, orduan formakuntza sakon baten beharrean daude. Hiru arlo hauek (hornikuntza, edukiak eta formakuntza) aldi berean abiaraztea akats handia da nire ustez. Metodologia berriaren ezarpena eskalonatua izan beharko litzateke, eta ez korrika eta presaka egindako zerbait.

Eskola 2.0 programak kontzertatutako ikastetxeei dirulaguntza emango die gero eskola pribatuek beren kabuz programa gara dezaten. Ikastolei dagokienean, Ikastolen Elkartea Ikasys sistema garatzen ari da, eta ,edukiei dagokionean aurrerapauso handiak egiten ari direla uste dut, Administrazioari aurre hartuz. Gainera, badira ekimen berezitu eta pertsonala oso gogoangarriak, Ordiziako Jakintza ikastolarenak kasu. Irakasle jakin batzuen jaiotasunari esker metodo, eduki eta inplantazio oso egokia egin da hor. Baina hori ez da nahikoa. Eragite globala beharrezkoa da.

G: Gaurko gizartean egun dauden oinarrizko baliabideen ezagutza nahikoa al da? Nola sustatu beharko litzateke horien ezagutza, behar izanez gero?

E: Gai mardula da hori. Ez baita berdina haur eta nerabeen formakuntza eta helduena. Gizarteak gero eta gehiago ezagutzen ditu oinarrizko baliabide horiek. Baina ez dut uste, salbuespenak salbuespen, hezkuntza sistemaren meritua denik. IKTetan, maiz, modu autodidaktikoan ikasten dira gauzak, eta esango nuke gizartea hezkuntza sistemaren aurretik doala zentzu horetan. Hala ere, ez dut uste oraindik nahikoa denik gizartean dagoen ezagutza. Izan ere, hezkuntza sistema aitzindari izan beharko litzateke arlo horretan. Hori da ezagutza sustatzeko biderik onena. Baina mementuz hori ez da gertatzen.

G:IKTak hezkuntzan izan dezaketen garrantzia ikusi da hainbat egitasmoetan euskara sustatzeko. Gizartera hedatzeko aukera bideragarria al da? Nola egin beharko litzateke teknologia horietara ohituta ez dauden oinarrizko formakuntza (egin behar izanez gero, noski)?

E: Lehenago esan bezala, formakuntza hori apurka egin beharko litzateke. Eta hezitzaileena da formatu beharreko lehenengo sektorea. Programa mailakatu baten bitartez eta urteen poderioz soilik lor daiteke hori. Letra larriz idatzitako hezkuntza sistemaren eraldaketa beharrezkoa da. Hasi lehen hezkuntzatik, eta Unibertsitateraino. Magisteritza ikasleak ez badira arlo honetan hezten, nola heziko dituzte gero Lehen Hezkuntzako ikasleak? Gauzak ondo egin nahi badira, plangintza benetan globala abiaraztea beharrezkoa da.

G: Zeintzuk izan beharko lirateke etorkizunera begirako erronka nagusiak edukien garapenari buruz? Euskarak interneten eta aplikazioetan duen presentzia nahikoa al da? Hobetu al daiteke? Nola?

E: Gizartearen arlo guztietan da eznahiko ezagutza hori. Gainera, euskararen errealitatea oso urrun dago oraindik normalizaziotik. IKTei dagokienean, badira euskarazko tresnak, baina hori ez da garrantzitsuena. Tresna horien erabilpena, euskaraz erabiltzea eta edukiak (baita norbanakoek garatzen dituztenak ere) euskaraz sortzea beharrezkoa da. Euskaraz komunikatzea, azken finean. Facebook euskaraz erabiltzea, adibide baterako.Ez soilik interfazea euskaratzea, bertako elkarrizketa ere euskaraz izan dadila izan behar da helburua. Euskara sustatzeko hiru zutabe nagusi behar ditugu: Menuak (tresnen interfazeak), platerak (edukiak) eta horiek jango dituzten pertsonak (erabiltzaileak) euskaraz egitea.

G: Instituzioek lagundu beharko lukete horretan?
E: Hizkuntza gutxitua den heinean, eta instituzioek normalizazioa helburu badute, diskriminazio positiboa eta instituzioengandiko laguntza beharrezkoa da. Horrek ez du esan nahi gaur egun erabiltzen diren laguntza sistemak nahikoak edo egokiak direnik. Guztia ez da dirulaguntza kontua. Estrategia kontua da eta, arlo honetan, iraganean eta orainean, estrategia eta plangintza falta nabarmena sumatzen dut nik. Intentzioak onak izan daitezke, baina estrategiak eta erabiltzen diren taktikak agian ez dira egokienak.

Hemen azpian txertatuko dut elkarrizketan aipatzen dudan bideoa:

This entry was posted on Asteartea, Urria 6th, 2009 at 12:50 am and is filed under blog, publi, ziber. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.

1 Comment so far

Be the first to comment on this entry.

Have your say

Fields in bold are required. Email addresses are never published or distributed.

Some HTML code is allowed:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>
URIs must be fully qualified (eg: http://www.domainname.com) and all tags must be properly closed.

Line breaks and paragraphs are automatically converted.

Please keep comments relevant. Off-topic, offensive or inappropriate comments may be edited or removed.