rssgaur8 logotipoa

Ergela naiz eta harro nago!

Ergela deitu didate “Argian”. Tira, izan nadin zorrotzagoa, irratian hitz egiten duenean bere “ergelean” hitz egiten duen tertulianoa omen naiz… Bale, ez da hori ere, hobe duzue zeuek irakurtzen baduzue zuzenean, sareak dituen abantailen artean bat baita: Bertsiorik ez, originala soilik. Hemen daukazue irakurgai Joxemari Ostolazak utzitako perla: “Haize erauntsi” du goiburu.

Euskadi Irratian igandero blogariak solaskide izan ohi dituen Amarauna irratsaioaz ari da bere talaia intelektualetik “Argia”ko zutabegilea. Eta esaldi horren antzerako bat nik neuk bota nuen, joan den urtarrilaren 25ean.

Ez nuke gehiegi luzatu nahi afera honekin. Baina lehenago ere esan dut erreplikarako eskubidea oso errotua dudala nire baitan, nik neuk ere agerkari ezberdinetan zutabeak idatzi edo irratian hitz egin dudanean kritika edo erantzunak jasotzeko prest egon behar dudala ulertu izan dudan bezala.

Luistxok eman dit zutabearen berri, joan den larunbatean, ustekabean Donostiako Alde Zaharrean topatu dudanean. “Iraindu egin nau gainera?”, itaundu diot irribarrez… “Ez al dago umorearentzako tokirik?”, galdetu diot berriz.

Facebook-en “pikatua” ote nagoen galdetu dit Galderrek. “Ez, bada…” erantzun diot. Baina erantzun, erantzuteko asmoa dudala ere gaineratu dut. Izan ere, zutabe horretan irakurri daitekeenari argudioekin aurre egiteko moduan nagoela uste dut. Eta halaxe egingo dut, kritikaz, baina irainik gabe, noski.

Urtetan egunkarian lanean aritu naizenean, eta idatzi ditudan zutabe, artikulu, erreportaje eta bestelakoetan ez zait inor iraintzea sekula bururatu. Eta ulergaitza egiten zait, “‘Argia’ko historiko bat” ei den honek –ez dut nik asmatu, halaxe esan didate–, niri baino askoz ere eskarmentu eta jakituria zabalagoa suposatzen zaion horrek berak, zein erraz heldu dion baliabiderik ahulenari, zoritxarrez egungo kazetaritzaren generorik erraz eta zatarrena denari.

Kasik are eta praktika ilunagoa ere iruditzen zaidana baliatu du, gainera. Nire hitzak kakotx artean jartzeko ausardia izan du, hitz horiek testuingurutik at aipatzeaz gain esaldia bera ere desitxuratuz.

“Ez da hainbesterako izan, dezepzionatuta nago” bota zuen batek bere ergelean.

Mr Ostolaza dixit.

Esan behar nuen, txantxa moduan-edo, pixkat dezepzionatuta nagoela…

Xuriken Jr dixit.

Nahi baduzue, entzun ere egin dezakezue, Teknopataren txokoan. Sarearen abantailak guztiontzako dira ;)

Ez dakit zuei, baina niri ez zait zilegi iruditzen hitzok aldatzea. Hitzez-hitz gogoan ez bazuen, kakotxak ken zitzakeen, edo “antzerako” zerbait izan zela argi utzi besterik ez zuen. Aldez aurretik prezeski txantxa gisa aurkeztutakoa serio antzean aurkeztea… hori ere ez zait zintzoa iruditzen. Txantxa ona ala txarra, txiste argia ala eskasa. Graziarik gabekoa. Baina txantxa.

Tira… noala harira.

Twitterren beste jende baten iritzia jasotzerik izan dut. Aldekoak eta kontrakoak… eta biek ala biek lasaitu naute, ezagutzen ditudan apurragatik, esaten dena nork esaten duen garrantzizkoa baita niretzat. Babestu nautenen artean, umore eta ironia gaitasunik badutela uste dudan hainbat lagun. Besteei dagokienean, ez naiz baloraziotan sartuko, intoxikazioaren eraginez izan daiteke-eta. Ziur bainago iritzia eman dutenen arteko %40ak saioa bere horretan entzun duela. Beste erdiak, ez dakit.

Bai, eman dizu… nori okurritzen zaio zikloi indartsuago bat eskatzea?“, “kontestua haritz: zu mekaguendioska zaudela irrati tertuliano batek ez dela hainbesterako izan badio… jarri bere lekuan“, “jajajjajajajaaajaj!!! Ergel Powah!“, “Horregatik diot gizarte bezala zerbait ein dugula gaixki, tipo honen komentarioak bezalako zerbait sustatzeko.“, “Irrati edo tertulianoaren maxima: ironia ez da irratian entzuten. #amarauna“, “ergelak, gainera, zoriontxuagoak gera”..

Epaitu dezala irakurleak iritzi horien artean zeini darion ironia barra-barra, eta zeini ez.

Nork esan zuen, “Errealitateak ez diezazula goiburu on bat izorratu?”. Oker egongo naiz agian, baina jokatuko nuke bere eskema mental periodistikoan hiru indar-ideia zituela, eta horiek nolabait uztartzeko behar espirituala sentitu zuela: erauntsia-ilegalizazioak-hauteskundeak. Eta nik, antza, aitzakia bikaina eskaini nion. Harrigarria iruditzen zaidana, benetan, animaleko ergelkeria baliatuz horrelako pirueta literarioa egiteko duen gaitasuna da… Inspirazio iturri, musa eder sentitu naiz. Nola liteke gizagaixo batek irratian eskaini dioten minutu beteko loria baliatuz esandako inozokeriari “Argia” bezalako prestigiozko agerkari bateko zutabe are prestigiozkoagoaren sarrera eskaintzea? Ez horregatik!

Antza denez, ironia erraz sumatzen ez duen zutabegilerik ere existitzen da herri honetan. Edo, apika, bota nuena ez zen Euskal Herriko maila intelektualak galdegiten duena bezain fina.

Zalantzan nago, ironia hori azaldu behar nukeen ala ez. Ez baitakit pentsalarien elitearen maila berean egongo ote naizen. Eta haiek uler dezaten du helburu post honek, hain zuzen. Saiatuko naiz, bada.

Zikloiaren eraginaren balorazioa subjektiboa da, edozein kasutan. Gertutik bizi izan duenak eta pairatu ez duenak nekez baloratuko dute berdin. Hori bistakoa da. Zikloiaren eragin kaltegarriak jasan zituztenek gaizki hartu bazuten nik esandakoa, barka nazatela. Ulergarria da. Jasandakoaz landa, nire ironia baldarra ulertu eta irribarrea agerian utzi zionik bada… horiei, bejondeiela! Umorea baita galdu behar den azkeneko gauza.

Esaldi horrekin, eta jarraian kontatu nuenarekin, agerian utzi nahi izan nuen asteburu horretan bizi izan nuen egoera surrealista. Surrealista iruditu zitzaidan etengabe eta lau haizetara ohartarazi ziguten arriskuari jendeak ezikusiarena -edo guztiz kontrakoa- nola egin zion. Hedabideek horrelakoetan darabilten gehiegizko dramatismo, alarmismo, eta psikosi interesatuari trufa ere egin nahi izan nion. Kontrastea, zinez, sekulakoa iruditu zitzaidan. Inork esango dit hobe dela egoerarik txarrena aurrikustea, gerora betetzen ez bada ere prest egoteko. D’acord. Baina geure mundu honetan, gustatu ala ez, beti daude ñabardurak.

Jendeari etxean geratzeko aholkatu zitzaion egun horretan bertan, zikloia iristekoa zen goizaldeko 3:00etan, hamarka lagun aurkitu nuen, esaterako, Ondarreta inguruan, itsasoari so. Antzerako egoera ikusi ahal izan nuen Pasealeku Berrian. Ni neu ere tartean, kamera eta guzti… egia da, bai. Neure buruaz ere barrezka ari nintzen irratian.

Izan ere, euskarak badu ironiarako tokirik…

Listuek (buruargiak) egoteko leluek (ergelak) be egon bear.

baina…

Zuhurrak ergelen lepotik bizi dira.

eta

Jesukristok itsuak eta errenak sendatu zituen, ergelak ez.

zeren

Ero bat egiteko, zazpi ergel bear.

Ironia ergelkeria bada… ergela naiz eta harro nago!

This entry was posted on Astelehena, Otsaila 9th, 2009 at 11:36 pm and is filed under blog, filo, urban. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.

11 Comments so far

Be the first to comment on this entry.

Have your say

Fields in bold are required. Email addresses are never published or distributed.

Some HTML code is allowed:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>
URIs must be fully qualified (eg: http://www.domainname.com) and all tags must be properly closed.

Line breaks and paragraphs are automatically converted.

Please keep comments relevant. Off-topic, offensive or inappropriate comments may be edited or removed.