rssgaur8 logotipoa

Politika 2.0?

Asko hitz egiten da azken aldian Politika 2.0 kontzeptuaren inguruan. Baina, nire ustez, gehienetan gaizki ulertua dago kontzeptu hori.

Radio Euskadiko Graffiti saioan, esaterako, hainbat aldiz izan dugu aipagai Barack Obamak nola erabili dituen sare sozialak, nola kontratatu duen Facebook-en sortzailea dohaitza sarea osatzeko… etab, etab.

Euskal Herriko politikariek ere sarea eta batez ere Web 2.0 tresnak nola erabili dituzten maiz izan dugu hizpide, irratian ez ezik beste eztabaidagune batzuetan ere.

Batetik, esan behar dut badirudiela egun existitzen diren sare sozial bakarrak Facebook, Tuenti eta Twitter direla. Baina ustezko adituek sare sozialei buruz hitz egiten dutenean, ahaztu egiten dute Youtube, Euskaltube, Zabaldu, Flickr, Delicious, Bildu eta beste hainbat webgune ere sare sozialak direla.

Jakina, lehenago aipatutako horiek modan daude orain, eta mass mediak albisteak sortzerako orduan, maiz, moda ezberdinen eraginpean egiten duela ondo dakigu.

Bestetik, politika egiteko sare sozialak nola erabiltzen diren ikustarazteko, beti hauteskundeen epelean, eta hautagai baten pertsonifikazioa oinarri hartuta egiten dela dirudi. Hain elitistak ez diren beste eragile sozial, alderdi eta sindikatuek, besteak beste, sare sozialak erabiliko ez balituzte bezala…

Euskal Herrian, Patxi Lopezen adibidea jartzen da maiz, bloga duelako, Twitterreko kontua… Baina gogorarazi nahi nuke sare sozialak ez direla soilik erabili pertsona baten irudia indartu eta pertsona hori goraipatzeko. Eusko Jaurlaritzako Hirukoak ere erabili ditu Konpondu.net izeneko saiakera eginda, arrakasta handiago edo txikiagoarekin.

Eta, gainera, ezin ahantzi dezakegu kolektiboki ere erabili direla, erabiltzen direla eta erabiliko direla sare sozialak (besteak beste ezker abertzaleak maiz erabili ditu).

Erabilpen kolektibo horren erakusgai izango dira Joxemi Zumalabe Fundazioak antolatutako “Herri mugimendua 2.0” izeneko jardunaldiak.

Orain hilabete batzuk Gasteizko Legebiltzarrean egon ginen Teketen, Galder, Maite eta beste batzuk, Politika 2.0 izeneko ekitaldi batean. Gauza interesgarriak entzun ahal izan ziren bertan, dudarik gabe. Baina nire gusturako, teoria gehiegi…

Halaxe azaldu nuen Twitterreko nire kontutik idatzitako mezu batean. Eta erantzunik ere jaso nuen, hain zuzen ere, Alorza izeneko erabiltzaileak bota zidana (bere bloga hau omen du): “Eta pintxoak txikiegiak“. Ez dakit zer esan nahi izan ote zuen. Akaso, luntxagatik soilik bertaratu nintzela ekitaldi horretara. Bada, ez… Bota nuen iruzkin horrek badu atzean arrazoirik.

Politika 2.0 ez litzateke izan behar politikariek propaganda tresna gisa erabiltzea sare sozialak herritarrak komentzitzeko/engainatzeko/pertsuaditzeko. Ez, hori ez da Politika 2.0. Ezta politikariek, parlamentariek eta bestelakoek sare sozialak erabiltzea beren komunikazio pertsonaletan, dibertitzeko edo nahi dutenerako, “como el común de los mortales”. Ez… nahiz eta horretarako ere eskubidea baduten, jakina.

Politika 2.0 zerbait izan behar bada, politikariek eta intsituzioek web 2.0 sareen filosofia barnera dezaten izan behar da. Eta ez alderantziz. Alegia, demokrazia parte-hartzaileaz hitz egiten ahoa betetzen dutenean, 2.0 webguneek sarean ahalbidetu dutena zer izan den ulertu eta praktikan jartzea. Alegia, norbanakoak bilakatzea eduki sortzaile eta iritzi sortzaile. Horrek, politikara eramanda, herritarrei politikan parte hartzeko behar bezalako tresnak eskura jartzea esan nahi du.

Hori izan beharko litzateke Politika 2.0, eta ez besterik. Eta egun estetika hutsaz hitz egiten dela esango nuke. Gainera, nahiko paradogikoa irutitzen zait gai honi buruz hitz egitea, batez ere herri honetako zati handi bati parte-hartzea ukatzen zaionean.

Alderdi handi guztiek egin dituzte inkurtsioak sare sozialetan eta interneten. Esango nuke orain arte esperientzia pilotuak besterik ez direla izan. Baina lepoa jokatuko nuke datozen hauteskunde autonomikoei begira alderdiek inoiz baino gehiago erabiliko dituztela interneteko tresnak beren propaganda egiteko. Alegia, inoiz baino yankee edo obamianoagoa izango dela aurtengo kanpaina. Nire ustez, zeresan handia emango digu kanpaina horrek. Batez ere panorama nola dagoen ikusita. Esan nahi baita, AEBetan bezala, hemen ere bi alderdi handienen arteko lehia nagusituko denaren susmoa dudala. Kanpaina bipartidista eta gogorra izango da.

Guztiek irakurriko ote zuten George Lakoff-en “Don’t think of an elephant?“.

PD: Hemen azpian ikus ditzakezuenak, Obamaren eta McCain-en blogetan gehien erabilitako hitzekin sortutako lainoak dira, Brooklynartproject.com blogetik hartuak.

Obamaren blogeko hitzik erabilienak

Mccainen blogetik hartutako hitzen lainoa

This entry was posted on Ostirala, Azaroa 14th, 2008 at 3:06 pm and is filed under blog, filo, politk, ziber. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.

8 Comments so far

  1. Politika 2.0?…

    Politika 2.0ren inguruko hausnarketa egin du Haritz Rodriguezek bere blogean. Benetan politika 2.0 badago, zer da?, Zer esaten digute dela?, Nola beharko luke?, Merezi du 2.0 etiketa jartzea?…

  2. Arrazoi osoa duzu! Askotan badirudi Basagoiti 2.0 orrialdea dela politika egiteko eredu berria: bere bideoak erakustea, bere facebook eta tuentiko loturak jartzea edo flickrreko kontua. Eta bere bulegoan zer duen ikustea…

    Baina nire ustez politika 2.0 herritarrek eraikitzen dutena izan beharko litzateke. Gogoratzen dut aspaldi lagun batzuekin 2.0 horretaz hitz egiten geundela eta euren ustetan nahikoa zen argazkiak eta bideoak jartzearekin. Besteren batek php bitartez (ez zuen horrela esan, noski) dinamismoa sortzea zela gakoa esaten zen. Baina ez, gakoa elkarelikaduran dago, noski. Izan daiteke testua baino ez duen zerbait, guztiz estatikoa dena, baina iritziak barneratzen ahalbidetzen duena. Politikariek hori oraindik ez dute ikasi eta nire ustez lortzen duten bakarra irudi asko eta mezu gutxi ematea da.

    Basagoitik gaur beste eredu bat eman du. Zer pentsatzen du “Euskadi vs Euskal Herria” arazoaz? Ba kirolariak akojonatu batzuk (sic, beno, sic da acojonados, baina euskaratu dut) direla. Eta kitto! Iritzi politiko formatu bat. Hori bai, bere helburua jendeak terminoaren inguruan, PPren aurpegi eta esamolde berrien inguruan hitz egitea da helburua, irudia vs mezua!

    Bide batez, lotura ugaridun sarrera eman diguzu. Ooea! (Oso ondo, eskerrik asko! Ea euskal internet slang bat sortzen dugun jada!)

  3. Haritz, diozunarekin erabat ados nago.

    Alderdi politikoek ez dute ulertu nahi benetako Politika 2.0 batek zer esan nahi duen, beraien zeregin geor eta gehiago guk geuk zuzenean egin ahal izango ditugulako, beraien lan egiteko modua asko aldatuko litzatekeelako (eta aldatzea guztioi kostatzen zaigu) eta beraien boterea eta influentzia gutxi-gutxika txikitzen joango delako. Baina beti bezala, era guztietako politikoak daude, ez aldatzearren paso egiten dutenak (seguraski gehienak), aldaketa honek zer suposatzen duen ulertzen dutenak eta kontra daudenak (boterea adiktiboa dela esaten da…) eta baita aldaketa honek zer suposatzen duen jakin arren alde daudenak (eskertzeko gauza dudarik gabe).

    Twitterreko mezuei buruz, ez daukat ideiarik ere, baina orokorrean bertan botatzen diren pentsamenduen “sakontasuna” kontutan izanda, jaso zenuen erantzunak zure mezuaren sakontasunaren laurdenik ere ez zuelakoan nago. Hau da, esaldi horrekin esan nahi zenuen guztia zer zen burutik ere zitzaiola pasatuko erantzun zizunari. Agian oker nago. Nork daki. Zer axola dio.

    Aipatzen dituzun jardunaldiei buruz, dakizun bezala egon ez banintzen ere, ekitaldiaren aurrean eta politika 2.0ren aurrean politikari batzuk duten jarrera alde batera utzita, jardunaldiaren antolatzaileek orokorrean politika 2.0 nahiko ondo ulertzen dutela uste dut. Hori da behintzat nire inpresioa baina ez dut kontu hau gertutik ezagutzen. Jardunaldi horien ondoren, gurean politika 2.0 (gaztelaniaz) lantzeko talde bat sortu zen eta kideek taldearen izaera zehazteko ikuspuntu nahiko egokia daukatela deritzot:
    http://politika20.wikispaces.com/identidad del grupo

    Politika kontzeptua ez dute alderdi politikoetara mugatzen, baizik eta “politika, gizartearen gobernuari eta gizarteak erabakiak hartzeko moduei luzatzen” dute.

    Bukatzeko, politika eta web 2.0 delakoari buruz hitz egiten ari garenez, gizarte mugimendu batzuk sortutako Riseup zerbitzarian erabiltzen duten Crabgrass aipatu nahi dut. Bertan azaltzen dutenez, gizarte mugimenduentzako web 2.0 aplikazioa da eta erabiltzaile bezala benetan ekimen interesgarria dela esan behar dut:
    https://we.riseup.net/crabgrass/about

    Ikus daitekeenez, politika egiteko modu berriak datoz, web soziala deitzen den zerbitzuak baino askoz haratago heldu nahi dutenak. Ikusi beharko…

  4. Haritz, mila esker Politika2.0-ren bloga aipatzeagatik. Txopik aipatzen duen wikiaren “bikotekidea” da, beste gauza askorekin batera. Artikulu hau, adibidez, delicious-en bidez aurkitu dut, eta Google Groups-en eztabaidatzeko eta beste gauza batzuetarako talde bat daukagu. Jarraitu baino lehen, zu eta zure irakurle guztiak gonbidatzea gustatuko litzaidake, Politika2.0 ekintza guztiak aportatzera, laguntzera eta kritikatzera, ahots eta ikuspuntu guztiak behar ditugulako.

    Bestaldetik, ados nago zure mezuarekin. Alderdi politikoek hartuko dute edozein tresna beren objektiboak lortzeko, eta orain eta hemen objektibo nagusiena da botoak eskuratzea. Baina nire ustez, pausu txikiak ematea ona da, ezer ez egin baino hobea. Dena den, pentsa dezagun: zenbat boto aterako dituztela pentsatzen dute PSE-n, adibidez? Edo guk geuk: gure botoa aldatuko genuke sarean erabilitako estrategiarengatik? Ni ez naiz hain ziur sareak oraindik oso determinanteak direnik hemen, eta, auskalo, agian tresnek politikoen jokaera alda dezakete…

    Agurrak eta berriro eskerrik asko.

  5. Egunon Haritz:Muinoan ados nago zurekin baina gauza bat da partehartzeko tresnak jartzea eta beste gauza gustiz desberdina onartzea jendeak nahi duena. Begiratu zer gertatu den Legebiltzarrean aurkestutako prosamen honekin http://partaide.parlam.euskadi.net/galdera/472/. Hasiera batera EAk pasatu zion jaurlaritzakoei eta handik informazioaren moduan: Baietz oso lan ona egiten ari dira unibertsitatean.Eta zer? hori ez zen eskatutakoa. Hori jakin bagenekiela eta horregatik proposatzen genuena beste gauza bat zen. Erantzun zigutenarakin, bukatu egin da dena? Horretarako parte hartzea merezi du?
    Ez, ez da bakarrik tresnak jartzea baizik eta, batzutan denon artean erabakitzea.

  6. Kaixo Aritz
    Badakit hau ez dela leku egokiena, baina zure emailik ez nuenez hemen idazten dizut. Aurreko asteartean zure hitzaldi interesgarri batean izan nintzen KMn, eta bertako aurkezpena emailez bidaltzekotan geratu zinen. Tolosako Laskorain Ikastolan openoffice-a martxan jarri behar dugu eta aurkezpen hori baliatu nahiko nuke nire lankideei open officeren berri emateko. Beraz, eskertuko nizuke aurkezpen hori bidaliko bazenidake. Eskerrik asko. Inaki

  7. Bueno, badakit azkenaldian alper xamar nabilela eta ez dela aitzakia…

    Gainera, blogintzari buruz emandako ikastaro batean ikasleei behin eta berriz azpimarratu nien geure blogean utzitako iruzkinei erantzutearen garrantzia.

    Beraz, berandu bada ere, eskerrak eman nahi dizkizuet iruzkinak utzi dituzuen guztiei.

    Txopiri, bereziki, esan nahi diot azko pozten naizela oraingoan bederen bat gatozelako!;)

  8. [...] Jose A. Del Morali esker ikusi dut lotura hau Facebook-en, eta Gutenberg Galaxian orain hilabete terdi idatzitako iruzkin hau ekarri dit gogora: Politika 2.0? [...]

Have your say

Fields in bold are required. Email addresses are never published or distributed.

Some HTML code is allowed:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>
URIs must be fully qualified (eg: http://www.domainname.com) and all tags must be properly closed.

Line breaks and paragraphs are automatically converted.

Please keep comments relevant. Off-topic, offensive or inappropriate comments may be edited or removed.