rssgaur8 logotipoa

Politika 2.0?

Asko hitz egiten da azken aldian Politika 2.0 kontzeptuaren inguruan. Baina, nire ustez, gehienetan gaizki ulertua dago kontzeptu hori.

Radio Euskadiko Graffiti saioan, esaterako, hainbat aldiz izan dugu aipagai Barack Obamak nola erabili dituen sare sozialak, nola kontratatu duen Facebook-en sortzailea dohaitza sarea osatzeko… etab, etab.

Euskal Herriko politikariek ere sarea eta batez ere Web 2.0 tresnak nola erabili dituzten maiz izan dugu hizpide, irratian ez ezik beste eztabaidagune batzuetan ere.

Batetik, esan behar dut badirudiela egun existitzen diren sare sozial bakarrak Facebook, Tuenti eta Twitter direla. Baina ustezko adituek sare sozialei buruz hitz egiten dutenean, ahaztu egiten dute Youtube, Euskaltube, Zabaldu, Flickr, Delicious, Bildu eta beste hainbat webgune ere sare sozialak direla.

Jakina, lehenago aipatutako horiek modan daude orain, eta mass mediak albisteak sortzerako orduan, maiz, moda ezberdinen eraginpean egiten duela ondo dakigu.

Bestetik, politika egiteko sare sozialak nola erabiltzen diren ikustarazteko, beti hauteskundeen epelean, eta hautagai baten pertsonifikazioa oinarri hartuta egiten dela dirudi. Hain elitistak ez diren beste eragile sozial, alderdi eta sindikatuek, besteak beste, sare sozialak erabiliko ez balituzte bezala…

Euskal Herrian, Patxi Lopezen adibidea jartzen da maiz, bloga duelako, Twitterreko kontua… Baina gogorarazi nahi nuke sare sozialak ez direla soilik erabili pertsona baten irudia indartu eta pertsona hori goraipatzeko. Eusko Jaurlaritzako Hirukoak ere erabili ditu Konpondu.net izeneko saiakera eginda, arrakasta handiago edo txikiagoarekin.

Eta, gainera, ezin ahantzi dezakegu kolektiboki ere erabili direla, erabiltzen direla eta erabiliko direla sare sozialak (besteak beste ezker abertzaleak maiz erabili ditu).

Erabilpen kolektibo horren erakusgai izango dira Joxemi Zumalabe Fundazioak antolatutako “Herri mugimendua 2.0” izeneko jardunaldiak.

Orain hilabete batzuk Gasteizko Legebiltzarrean egon ginen Teketen, Galder, Maite eta beste batzuk, Politika 2.0 izeneko ekitaldi batean. Gauza interesgarriak entzun ahal izan ziren bertan, dudarik gabe. Baina nire gusturako, teoria gehiegi…

Halaxe azaldu nuen Twitterreko nire kontutik idatzitako mezu batean. Eta erantzunik ere jaso nuen, hain zuzen ere, Alorza izeneko erabiltzaileak bota zidana (bere bloga hau omen du): “Eta pintxoak txikiegiak“. Ez dakit zer esan nahi izan ote zuen. Akaso, luntxagatik soilik bertaratu nintzela ekitaldi horretara. Bada, ez… Bota nuen iruzkin horrek badu atzean arrazoirik.

Politika 2.0 ez litzateke izan behar politikariek propaganda tresna gisa erabiltzea sare sozialak herritarrak komentzitzeko/engainatzeko/pertsuaditzeko. Ez, hori ez da Politika 2.0. Ezta politikariek, parlamentariek eta bestelakoek sare sozialak erabiltzea beren komunikazio pertsonaletan, dibertitzeko edo nahi dutenerako, “como el comĂșn de los mortales”. Ez… nahiz eta horretarako ere eskubidea baduten, jakina.

Politika 2.0 zerbait izan behar bada, politikariek eta intsituzioek web 2.0 sareen filosofia barnera dezaten izan behar da. Eta ez alderantziz. Alegia, demokrazia parte-hartzaileaz hitz egiten ahoa betetzen dutenean, 2.0 webguneek sarean ahalbidetu dutena zer izan den ulertu eta praktikan jartzea. Alegia, norbanakoak bilakatzea eduki sortzaile eta iritzi sortzaile. Horrek, politikara eramanda, herritarrei politikan parte hartzeko behar bezalako tresnak eskura jartzea esan nahi du.

Hori izan beharko litzateke Politika 2.0, eta ez besterik. Eta egun estetika hutsaz hitz egiten dela esango nuke. Gainera, nahiko paradogikoa irutitzen zait gai honi buruz hitz egitea, batez ere herri honetako zati handi bati parte-hartzea ukatzen zaionean.

Alderdi handi guztiek egin dituzte inkurtsioak sare sozialetan eta interneten. Esango nuke orain arte esperientzia pilotuak besterik ez direla izan. Baina lepoa jokatuko nuke datozen hauteskunde autonomikoei begira alderdiek inoiz baino gehiago erabiliko dituztela interneteko tresnak beren propaganda egiteko. Alegia, inoiz baino yankee edo obamianoagoa izango dela aurtengo kanpaina. Nire ustez, zeresan handia emango digu kanpaina horrek. Batez ere panorama nola dagoen ikusita. Esan nahi baita, AEBetan bezala, hemen ere bi alderdi handienen arteko lehia nagusituko denaren susmoa dudala. Kanpaina bipartidista eta gogorra izango da.

Guztiek irakurriko ote zuten George Lakoff-en “Don’t think of an elephant?“.

PD: Hemen azpian ikus ditzakezuenak, Obamaren eta McCain-en blogetan gehien erabilitako hitzekin sortutako lainoak dira, Brooklynartproject.com blogetik hartuak.

Obamaren blogeko hitzik erabilienak

Mccainen blogetik hartutako hitzen lainoa

Ez da luntxik egongo

Datorren asteazkenean, 2008ko azaroak 5, egitasmo berri bi aurkeztuko ditugu Teketen eta biok Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean (zuzenean ikusteko aukera dago).

Arraytxiki
eta Publikatu dute izena geure seme-alaba berriek, biak dira proiektu beraren ezkerreko eta eskuineko oina, eta orain arte sarean geure kabuz garatu ditugun egitasmoekin lotura zuzena dute. Baina harago ere badoaz, nahiz eta hori datorren asteazkenean argituko dugun.

Ez dakigu egitasmoak arrakastarik izango ote duen ala ez, baina ideia honen garapenak berriz ere ilusioaren zirrara hori sentiarazi digunez, dagoeneko pozik gaude, zalantzarik gabe…

Aurretik esan behar dugu ontziolatik aterako den txalupa berria gu bion artean aurkeztuko badugu ere, proiektu honekin lotura estua dutela euskal blogosferan edo dena delakoan ezagutuko dituzuen Mikel Olasagasti (a.k.a. Hey_neken) eta Arkaitz Zubiaga (a.k.a. Mutilmedia) kideek. Euren partehartzea ezinbestekoa izango da orain arte bezala aurrerantzean ere. Beste askorena bezala (nor berak jakingo du, guk ere dakigun bezala).

Aurkezpenera ohiko hedabideak gonbidatu ditugu. Nork daki… Baina, badakizue, bada ezpada ere… hordago handira. Arraytxiki izena duen egitasmo baten aurkezpenera, ordea, ezin genitzakeen “zuri handiak” soilik deitu “arrai txikiak” ere gonbidatu barik. Beraz, nahi duen oro etor daiteke, jakina, etzi KMKn 11:00etan egingo dugun aurkezpenera. Eta bereziki interneten topatu ohi ditugun lagunak, blogariak eta beste, espero zaituztegu bertan.

Saiatuko gara aurkezpena ez dadin aspergarriegi izan. Labur, argi, eta ahal dela dibertigarri. Helburu horrekin prestatu dugu, aurkezpen eta guzti noski (OpenOfficerekin egina, hori bai). Aitortu behar dugu, hala ere, asko lagunduko digula zuen presentziak, mass mediarik ez badator ez bedi agerian gera behintzat.

Ah, eta ia ahaztu zitzaigun. Ez da luntxik egongo. Kanape-komandoa saihesteko-edo. Amaitutakoan pote bat hartzeko aukera sortzen bada, oso gustura egingo dugu, baina botea jarriko dugu denon artean. :P

Nahi baduzue, bertan ikusiko dugu elkar.