rssgaur8 logotipoa

Poseidon jainkoari erreguka


amphiliki tagged map by user – Tagzania

Ekainaren 5a da jada. Goizaldeko, edo gaualdeko, 00:23. Esan daiteke, nahiz eta egindako nabigazioan horrelakorik ez gertatu, geure bidaiaren Ekuadorra dagoeneko igaro dugula. Asko eta asko dira kontatu nahi nituzkeen bizipenak. Aste bete belaontzi batean igarotzea, eta gainera Greziako irla ezberdinak bisitatuz egitea, ez baita gauerdiko ahuntzaren eztula. Beraz, abenturarik latzenak, edo kontagarrienak, idazten saiatuko naiz hemen, Asus eeePC honen bateriak (bi orduko autonomia) uzten didan arte.

Uste dut aurreko sarreran ez nuela kontatu. Baina Atenasera iritsi eta berehala hasi zitzaizkigun zailtasunak, geure maletak Madrilen geratu baitziren eta berreskuratzeko nahiko lan izan baikenuen. Lehenengo gaua itsasontzian pasa genuen. Hurrengo egunean goiz itsasoratzekoak ginen. Baina ekipajea berreskuratu artean, ezin. Beraz, gaualdean iritsi, eta ganbarotera lotara joan baino lehen zerbeza (edo gintonic) batzuk edateko beta izan genuen. Planning-a aldarazi ziguten eta, zer erremedio ;)

Igandean, egun osoan barkua probatu, makinaria eta aparailu guztiak pronto jarri eta ezer egin gutxi izan genuen. Guztia behar bezala zegoen, baina, oraindik, maletak faltan. Igande arratsaldera arte ez zizkiguten bidali Amphiliki belaontzira. Eta jaso bezain pronto altsa genituen belak eta egin genion aurre itasoari.

Lehenengo helmuga Poros izan zen. Esan behar dut, hemen dagoen belaontzi turismorako nahiko prestakuntza eskasa dutela orain artean bisitatu ditugun portuek. Kontuan izan, itsasontzi batean argindarra eta ura amaitu egiten direla, eta komenigarria dela guztia akitu baino lehen gauero gauero depositoak eta bateriak betetzea. Baina, leku batzuetan, no way. Hala ere, zailtasun horiek ematen diote bidaia bati abentura kutsua. Eta abenturarik izan dugunez, horiek labur xamar kontatuko ditut hemen.

Inpresio bat helaraziko dizuet: Beleroetako jendea nahiko harroa iruditu zait (ez denak, baia batzuk bai), eta porturatzeko tokia bilatzeko nahiko lan izan ohi dugu. Britainiarrak, adibidez, elkarren lagun izango balira bezala aritzen dira, elkar ezagutu ez arren. Bandera batek duen indarra harrigarria da batzuetan. Euskaldunik ez hemen, ordea. Suitzarrak, germaniarrak, ingelesak, australiarrak, Zelaanda Berrikoak… Eta espainolak gutxi, zorionez edo. Bandera espainol bat jarri ziguten belaontzia alokatzen duen enpresak, eta azkar asko kendu genuen, nahiz eta itsasoko legediak behartu egiten zaituen popa aldean “zeure herriko” bandera eramatera eta eskuineko obenkean nabigatzen ari zaren herrikoa.

Sinetezina badirudi ere, hondakin arkeologiko oso gutxi bisitatu dugu. Nabigazioan ibiltzen zarenean, nabigazioa da garrantzitsuena, eta nabigatzeko bizi zara. Hemen, turismo denboraldia oraindik hasi ez bada ere, garaiz xamar iritsi behar duzu portuetara barkua lotzeko tokirik aurkitu nahi bauduzu. Eta Ydrara nahiko berandu iritsi ginenez, geure aurrikuspen txarrenak bete ziren. Portuan itsasontzia lotzeko tokirik ez, eta lo egiteko toki alternatibo bat bilatu beste erremediorik ez zitzaigun geratu. Kaia nagusitik gertu aingura botatzeko moduko toki bat bazegoen, eta hara bertaratu ginen. Hasiera batean, nahiko erraza zirudien. Aingura bota, popako bi sokak lurrera jaurti eta itsasontzia lotu ondoren Zodiac txikia ureratu eta afaltzera joan ginen inguru horretan zegoen jatetxe idiliko batera.

Ederki afaldu eta belaontzira arraunean bueltan ginela ohartu ginen ordurako haizea indartu egin zela eta, antza, itsasontzia ez zegoela behar bezain seguru. Berriz ere Zodiacean sartu, eta arraunean, sokak teinkatu eta aingura indartzeari ekin genion. Baina haizeak gero eta indar gehiagorekin jotzen zuen eta ez zirudien lasai lo egiteko gaua izango zenik.

Itsasontziak hainbat tramankulu ditu, besteak beste, GPS bidez lan egiten duen plotter bat. Eta aparailu horrek alarma bat ere badu, itsasontzia hainbat metro mugitzen bada deiadarka has dadin. Esan eta egin. Bada ezpada ere, itsasontziaren kanpoaldean geratu nintzen ni, izarrei begira eta MP3 irakurgailuarekin (besteak beste, Kerobia bidailagun). Guztia ondo zegoela ikusita, eta lokartzen hasi nintzenean, erabaki nuen ganbarotera lotara joatea.

Handik ordubetera alarmak asaldatu gintuen. Lema eta kilak bi metro inguru izango dituzte, eta hondoa joz gero, kaltea izugarria izan daiteke. Esnatu eta korrika azalera irten ginenean ohartu ginen harkaitzak jotzear ginela. Beraz, ilunpetan, aingura jaso, motorra piztu eta maniobratzeari ekin genion. Baina urduritasunak hartu gintuen eta mementuako larritasunak ez zigun utzi behar bezala jokatzen. Zaila da une horretan sentitzen dena azaltzen. Baina jakin ezazue hondoa jo ezkero itsasontzia arraz izorratu daitekeela eta, beraz, horrelakorik gertatzerik ezin genuela utzi. Aitak hartu zuen lema, motorrari eragin eta aurrera, baina abaorrean arrantzontzi bat genuen eta, halako batean, itsasontziaren bainera gaiean (halaxe esaten zaio kabinaren atzean, kanpoan, egoteko tokiari) dagoen estalkiaren metalezko estrukturarekin jo genion, gogor, tupust. Gaitzerdi, arrantzontziaren kaskoa altuagoa baitzen eta zorionez beste ezerk ez baitzuen haren aurka talka egin. Ordaindutako fidantzaren zati bat eramango digute, ziur, baina ez gehiegi, espero…

Azkenean alde batera utzi genituen oztopoak. Eta orduan iritsi zen zerbait egiteko erabakitzeko tenorea. Bi aukera: gauez, ilunpetan, beste portu batera ekin (goizaldeko seietan iritsiko ginen, eguna argitzearekin batera. Beraz, porturatzeko arazorik ez) edo badia hartan bertan berriz ere aingura bota. Bigarren aukera hautatu genuen, baina ez zen lasai lo egiteko betarik izan. Haizea apaldu zen apur bat, eta azkenean, goizaldean, abiatu ginen Spetsaira.

Spetsai irla ikusgarria da. Guztia da ikusgarria hemen. Eta ez da edaten ari naizen Mythos garagardoaren ondorio. Benetan polita da hau guztia. Esaterako, bisitatu ditugun eliza ortodoxoetan darabilten ikonografia. Nire bizitzan aldi bakanetako batean joan naiz berriz mezetara, hemengo liturgia zelakoa den ezagutzeko. Egia esan, beste elizatan bezala, nahiko tetrikoa iruditu zait. Ez naiz argazkia ateratzera ausartu.

Esandakoa, Spetsaira iritsi eta zorte handia izan genuen. Itsasontzia geldi dagoela lo egoteko moduko tokia topatu baikenuen, lan gehiegi egin gabe. Gu iritsi eta berehala beste belaontzi batek alde egin baitzuen. Dena ondo, beraz. Baina gaur goizean, Spetsaitik berriz ere Poros-era (portzierto, arraia oso goxoa jan daiteke hemen, leku batzuetan oso garesti, besteetan oso merke) irteteari ekin diogunean, beranduago iritsitako barku baten aingura gurearekin kateatu dela konturatu gara. Eta nahiko lan izan dugu biak askatzeko. Uretara salto egin behar izan dut nik (gazteena nahiz eta lan zikina niri tokatzen zait; gustora egiten dut gainera), aletak eta betaurrekokoak jantzita. Ferminek (tipo altua eta indartsua) heldu dio azkenik eskuarekin, kareletik, eta askatu ditu biak. Baina zauri txiki bat ere egin du. Eta, azkenean, ekin ahal izan diogu hurrengo etapari, Porosera bidean. Bertan gaude orain. Ederki afaldu ondoren, lotara joateko garaia iritsi da. Nekea, egunez egun, metatzen doa. Eta ohea ere, egunez egun, beharrezkoagoa egiten zait. Esan behar dut, arraia ez ezik, etxeko ardo zuria ere edateko modukoa dela. Kiloka neurtzen dute hemen. Eta kilo batzuk edan ditugu jada. Arraiei dagokionez, sardinak, bokartak, muxarrak, buztanbeltzak, barbarinak, bisiguak, krabarrokak… behatzak miazatzeko modukoak guztiak.

Bihar beste etapa bat daukagu aurretik. Eta niri orain lotara joateko ordua iritsi zait. Porosen, zorionez, Municipalityk debaldeko WiFI sarea du. Eta eskerrak. Ez dakit bihar zein irla zapalduko dugun. Baina ea bertan ere Udaletxeak hari gabeko interneterako sarbiderik baduen. Egonez gero, saiatuko naiz gauza gehiago kontatzen. Eta barkaidazue nire literatura ez delako aurki daitekeen finena. Barka ortografia eta sintaxi akatsak ere, guztia korrika eta presaka egitea tokatzen baitzait.

Egun gutxi geratzen dira jada. Astebete, neketsua izanda ere, motza gertazten da lanean ordez oporretan zaudenean. Zikladetako irlaren batetik edo, idazten saituko naiz bihar. Ordura arte, beraz, ea itsasoa eta haizea lagun ditugun.

Ea Poseidonek laguntzen gaituen.

This entry was posted on Osteguna, Ekaina 5th, 2008 at 12:10 am and is filed under 2deo, blog, esporak, wifi. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.

5 Comments so far

  1. Arraroa izango zen peripeziarik gabeko zure istorioa! jejeje! Gustora zabiltzala igertzen da baña. Inbiri pixkat ere pasatzen da pasarteak irakurtzerakoan, baina beno, iritxiko zaigu guri ere momentua.

    Laneko “break”ak erosoagoak ari dira izaten, beno, ugazaba falta dela kontutan hartu behar da ere ordea!

    Aprobetxatu momentua, zuk esan bezala “Bizitza gogorra da… Etengabeko borroka… Gizakiok ziklikoki bizitzeko jaiotzen gara….” beraz, aprobetxatu zure ziklo hau. Merezi duzu, denok merezi dugun bezala.

    Ondo izan eta ondo bizi!

    (se aceptan souvenirs!! jejeje)

    Neuke.

  2. kAIXO, Euskal-Ulisesak.
    Eibarko mendiko Andramariren izena duen Donostiako sazerdotisak eman digu zuen blogaren zuzenbidea eta irakurri ditugu zuen abentura Egeotik. Baita ere googlen mapa ikusi… baina arazoa dugu 2deoekin.
    Harrigarria gau horretan alarma jo zizuenean eta izugarria zu, grumetea aingurak askatzeko submarinismoa egin beharra.
    Hau bigarren mezua da. Lehenengoa ez dut uste ondo joan zaizunik eta bigarren hau… ez dakit.
    Ea bada, ondo aprobetxatu eta kontuz zazpi buruko dragoiarekin , dakidanez behintzat, ez baiduzue Eibarren egindako zazpi kainoien eskopeta…eta MP3 ozenki jarri sirenen irla ondotik pasatzean.
    Erruki, “gaixoak”!!! Besarkada biontzat

  3. Kaixo!
    @neuke: Lasai, ari naiz eta behar bezala gozatzen astebete zoragarri honekin. Baina zikloa ez da hemen bukatzen! Ea laster beste abenturaren bat bizitzeko aukera dudan. Ez pentsa, mapan dagoeneko baditut txintxeta batzuk jarrita! Bueltakoan egongo gara. Ordura arte, besarkada handi bat!

    @Juan Mari: Osaba! Zu ere eibarnauta! Bideoen arazoa ea konpontzerik dudan bueltan noanean. Plugin bat edo beste faltako zaizu seguru aski. Bestalde, balentria Ferminena izan zen, aingura bere esku handiekin hartu eta askatu baitzuen, ti-ta. Ni pronto banengoen ere, gauza gutxi egin behar izan nuen. Eta ez pentsa, ura zikin zikina zegoen portuan eta! Tira ba, ea itzultzerakoan egoterik dugun. Bazkari bat edo beste, ederki egongo gara. Gutxienez ez duzue aguantatu beharko bidaia batetik itzultzerakoan besteen bideo eta irudiak ikusteko mementua. Izan ere, “denbora errealean” erakutsi baitizkizuet! ;) Muxu handi bat!

  4. jajaja, kaixo berriro ere!!!
    Azkenean portutiko irteera bideoan ikusi dut!!! oso polita da, soinua eta guzti.
    Neretzat sekulakoa da tramankulu hauen bidez hain urrutitik idatzi eta komunikatu ahal izatea berehalakoan.
    Orain, etxean, ostirala, gaba, hemen giro freskoa eta telebistan txorradaren bat “botatzen” diharduten artean irakurtzera eta idaztera etorri naiz.
    Tira, tira, aitona apeto eta eta opatxa ongi segi zuen nabigazioa.
    Gu, geu, lur lehortarragoak gara eta bihar Quintanar de la Sierrara joango gara, Santo Domingo eta Ezkaraitik barrena.
    Ea bada, bazkari hori gure etxean egiten dugun.
    Ikusi arte. Besarkada !! Juan Mari

  5. Aupa Haritz:
    Ba egia da,inbiria ederra ematen diguzu eh! Begira, Euskadi Irratiko “Amarauna” irratsaiotik idazten dizut. Uztailean hasiko dugu udarakako programazioa eta udaran zehar, atzerrian zabiltzaten euskaldunekin hitz egin nahi genuke. Bi astez behin edo hitz egingo genuke, 20 bat minutuko tartea litzateke (beste solaskide batzuk ere izango dira). Zer iruditzen zaizu? Animatzen zara? Mesedez, mezua irakurtzean esan iezaguzu zerbait, ezezkoa bada ere. Animatzen bazara, esan iezagugu mesedez zein telefonotan lokalizatu zaitzakegun.. Zuk disfrutatu topera!! Gero arte!

    Edurne.

Have your say

Fields in bold are required. Email addresses are never published or distributed.

Some HTML code is allowed:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>
URIs must be fully qualified (eg: http://www.domainname.com) and all tags must be properly closed.

Line breaks and paragraphs are automatically converted.

Please keep comments relevant. Off-topic, offensive or inappropriate comments may be edited or removed.

  1. ekarpenak

  2. Azken bidalketak

  3. atalak

  4. fitxategiak

  5. RSS Euskal Blogosfera