rssgaur8 logotipoa

Behingoagatik, benetako bidaia bitakora


Behingoagatik, Gutenberg Galaxia bloga benetako bitakora bilakatu nahi dut astebetez. Bidaia koadernoa. Astebete inguru egingo baitut Greziako uretan, belaontzi batean, irlaz-irla.

Ekainaren 31n irten gara Hondarribiko aireportutik. Eguraldia ez dugu lagun izan, eta hegaldia atzeratu zaigu. Euria barra-barra. Euskal Herritik Madrila aurrikusitakoa baino ia hiru ordu beranduago abiatu gara, eta horrek Atenaserako hegaldia ere atzeratzera behartu gaitu.

Lerro hauek idazterako orduan hegazkinean naiz, nork daki Mundu honetako zein lur edo ur eremuren gainean (oraintxe bota du komandanteak Italia gainean gaudela). Asus eeePC ponpoxoa izango dut bidaia lagun. Tira, makinak ez ezik hezur eta haragizko beste lagun batzuk ere izango dira nirekin: nire aita Alberto (kapitaina), Fermin eta Joxe (patroiak). Eta oraindik izena oroitaraztea lortzen ez dudan itsasontzia, jakina.

Esan daiteke hiruak itsas otsoak direla. Mediterraneoan hainbat aldiz nabigatutakoak, Mantxako kanala hamaika bider gurutzatutakoak, baita iberiar penintsulari itzulia egindakoak ere, Costa da Morteko ekaitz eta guzti. Akaso egin duten balentriarik handiena Atlantikoa gurutzatzea izango da, Kanariar Irletatik Martinikaraino. Beti haizearen laguntzaz, beti belaontzia gobernatzen. Motorra ukitu ere egin gabe, lurrik ikusi gabe, hogei egunez ozeanoaren erdian.

Oraingoan Grezia aukeratu dute, eta ni -gazteleraz esaten den bezala- grumetetzat hartu naute. Apur bat zahartuta omen daude eta portuetara ailegatutakoan itsasontzia behar bezala lotzeko soka eskuetan duela moilara salto eginen duen mutila behar omen dute. Eta nire burua aurkeztu dut, bolondres ;) Tira, esango dut, txikitatik ohitu nauela aitak itsasora, eta betidanik nabigatu izan dudala belaontzietan, txiki nahiz handi. Baina orain artean egindako trabesiarik handiena Getariatik Xixonera eraman ninduena izan da eta, beraz, honakoa abentura bat bezala aurkezten zait.

Gaur gara Atenasera iristekoak, 22:30ak aldera (Grezian, GMT+3, udako ordutegian). Eta hiriburutik, Akropolia atzean utzita, Kalamakis portura gerturatuko gara. Berandu, eguraldiari (edo Iberiari) esker… baina iritsiko garelakoan nago. Suerte apur batekin zerbait afaldu, eta itsasontzian lehenengo gaua igarotzeko. Ontziolatik 2008. urtean atera berri den 12 metro inguruko belaontzitzarra…

Kalamakiseko portutik irten eta zazpi egunez itsasoratuko gara, uhartez-uharte, esan bezala. Eguraldia eta, batez ere, haizearen arabera, ibilbide bat edo beste hautatuko beharko dugu, baina, printzipioz, aitak egin duen planningean hainbat irla bisitatzea da helburua.

Ordenagailua ez ezik, argazki kamera digitala ere daramat soinean eta nire asmoa egunez egun Gutenberg Galaxian bidaiaren berri ematea da, baita euskalTubera bideoak eta Flickr-era irudiak igotzea ere. Bien bitartean, Tagzanian ibilbidea trazatzen saiatuko naiz, gutxi gora behera. Hori, baina, bidean (edo portuetan) topatzen ditudan WiFi sarbideek baldintzatuko duten zerbait da. WiFirik gabe nekez sareratu ahal izango baititut nire irudi, bideo eta bizipenak.

Hari gabeko hurrengo sarbidera arte, beraz.


PD1:
Uste baino gehiago kostatzen ari zait WiFi sarbideak bilatzea Grezian. Belaontzi batean bidaiatzen ari naizela kontuan izanda, oraindik eta zailagoa. Sarrera hau argitaratzeko orduan dagoeneko hiru irla bisitatu ditugu: Poros, Egina, Spetsai eta Ydra. Maiatzaren 31n, gaualdean, iritsi baikinen Atenasera. Espero dut aurrerantzean maiztasun handiagoarekin idatzi ahal izatea. Baina interneterako sarbideek mugatuko dute nire nahia.

PD2:
Bdaiaren berri emateko, askoz ere errazagoa zait bideoak eta irudiak sareratzea. Eta askoz ere ikusgarriagoak ere badira, jakina. Irudiak hemen aurkitu ahal izango dituzue eta bideoak hemen.

Copycop

Zabaldu.com gunean irakurri nuen atzo. G8 osatzen duten munduko zortzi estatu boteretsuenak isilpeko hitzarmena sinatzekotan omen dira. Akordio horren bitartez, aurrerantzean, aduanako funtzionarioek ordenagailu eramangarriak, musika irakurgailuak, edukiontzi digitalak, CD eta DVDak… atzeman eta miatu ahalko dituzte, «egile eskubideen legedia betearazteko». AEBak, Kanada eta Europako hainbat estatu omen daude sinatzaileen artean.

G8 delakoak datorren uztailean Tokion egingo duen bilkuran aztertuko ei du hitzarmena. «Aduanako funtzionarioak copyrightaren polizia bilakatzea ahalbidetuko duen nazioarteko araudia indarrean jartzea» omen da helburua, “Ottawa Citizen” eta “National Post” egunkariek zabaldutakoaren arabera.

Nire iruzkinak irakurtzen dituzuenok –zutabe (blog) hau inork irakurtzen badu– jakingo duzue maiz izan dudala hemen mintzagai George Orwell idazlearen “1984”, anaia nagusiaren kontzeptua ederki islatzen duen eleberria. Azkenaldian baina, anaia handi hori gu geu ginela pentsatuta nengoen. Alegia, estatuek, poliziak eta boterearen inguruan mugitzen direnek ez dutela zelatan ibili beharrik, hiritarrak berak jartzen dituelako bere datuak zelatariaren eskura… askotan jakin ere egin gabe.

Garai batean hain sonatua izan zen Echeloni buruz ere –modaz pasata edo– ez dugu kasik inon irakurgairik aurkitzen egun. Alegia, beren kontrola sotilagoa bilakatu zela sinistuta nengoen, zelatatuak zelatatzen dutela ez susmatzeko modukoa. Tira, egia esan, espioitza, espioitza izango bada, isilpean egin beharreko zerbait da beti. Beti sotila, ustez, beraz. Oraingoan, baina, copyrightaren aldekoen zutoihala ukabilekin estutu eta inongo lotsarik gabe geure ordenagailu, pendrive, musika irakurgailu, CD, DVD eta abarretan kuxkuxean aritu ahal izango dira poliziak. Ustez, egile eskubideak urratzen dituzten fitxategiak bilatzeko baina, bien bitartean, beste eduki batzuk ere miatu ahal izango dituzte.

Eta zelataritzaz ari garela, ezin ahantzi berriki Gasteizko Aiztogile kalean hainbat herritarrei esker agerian geratu den zelatatze sistema. Orwellena, aspaldion, ez baita zientzia-fikzioa, errealitate gordina baizik.

Bizitza adimenduna

A astronomoak azken 50 urteotan gure Galaxian bila ari izan diren objektu baten aurkikuntza ezagutaraziko duela iragarri du bere webgunean Amerikako Estatu Batuetako NASA espazio agentziak. Bihar emango du jakitera berebiziko garrantzia omen duen aurkikundearen mamia.

Antza, Chandra izeneko X izpien bidezko behatokian nahiz Lurretik egindako azterketetan jasotako datuak bateratuz topatu dute oraingoz ezezaguna den objektu misteriotsu hori. Eta xehetasun gehiago eman ez dutenez, espekulazioak aurre hartu dio berriz ere informazioari, horrelakoetan gertatu ohi den bezala.

Microsiervos izeneko blog komunitarioan hipotesi asko eta asko bota dituzte honezkero. Ez da harritzekoa NASA gisako erakunde batek horrelako iragarpen misteriotsua egin ostean barnean daramagun alegiazko zientzia idazlearen sena piztea.

Inork esan duenez, baliteke astronomoek gure Galaxiaren erdian dagoen zulo beltz bat aurkitu izana. Edo, akaso, supernova baten zuzeneko eztanda grabatu dute. Bestela, izan daiteke Lurraren ezaugarri berdintsuak dituen planeta bat edo, agian, Galaxia osoa irensten ari den zulo beltz erraldoi bat. «Zizare zuloa» aipatu dute zenbaitek eta X Planeta izan daitekeela bota dute beste hainbestek. Edo beti Eguzkiak estalita «bizi» den Lur paralelo baten gisako planeta? Ausartenek «ontzi extralurtarra» datekeela zabaldu dute, erdi txantxetan edo. Izan ere, beste batzuek Lurraren ezaugarri berberak ez ezik, bizitza ere baduen planeta izan daitekeela esan baitute, serio antzean. Gure planetaren inguruan biraka dabilen bigarren «satelite iluna» kausitu dutela esan duenik ere badago edo, apika, «materia iluna» edo «Eguzkiaren izar bikia».

Jakin nahi duenak bihar arte itxoin beharko du, ordea, Interneten sareratutako bideo fitxategi baten bitartez aurkikuntzaren irudiak zabalduko dituela jakinarazi baitu North American Space Agency-k.

Orotarikoak dira teoria, hipotesi eta burutapenak. Baina guztien artean bat hautatuko nuke nik: gure planetan bizitza adimendunik esistitzen dela deskubritu ote dute?

Euneraketa: Ezagutzen den supernoba gazteena da topatu dutena.

Termodinamika

Britainia Handiko hainbat zientzialari ari dira Eguzkiaren ezaugarriak birsortu nahian. Oxfordshiren laborategi berezi bat eraikitzeko aukera aztertzen ari dira, gure planeta sistemari bizitza ematen dion izarraren barne tenperatura eta presioak imitatzeko. Antza, munduko laser indartsuena eraiki nahi dute, hidrogeno-erregaiz osatutako «bolatxoak» jaurtiz energia sortzeko. Munduak bizi duen energi krisiari «soluzio ez-osoa» emateko, haien esanetan.

Eguzkia da Lurreko bizitzaren sortze eta mantentze prozesuan kulpante nagusietako bat, urarekin batera. Baina bizitza sortu eta txikitzearekin zerikusia duten beste hainbat albiste iritsi ohi dira geure belarrietara maiz. Harrigarria da gizakiak zientziaren bidez bizitza sortu eta desegiteko duen gaitasuna. Modu artifizialean besterik ez bada, naturak eskaini digun gaitasunaz harago.

Bizitza gogorra da, ordea… Hori da azken boladan lagunarteko solasaldietan behin eta berriz errepikatzen den esaldia. Edo halaxe iruditu zait niri behintzat, azkenaldian buruan bueltaka dudan esamoldea delako akaso.
Etengabeko borroka, esan dit beste batek. Ez denean ez delako, eta denean delako. Dagoenean dagoelako, eta ez dagoenean ez dagoelako. Orain honengatik, bihar hargatik. Behin eta berriz horrela… Idatzi izan dut inoiz zutabe honetan bertan gizakiok ziklikoki bizitzeko jaiotzen garela. Baliteke irudipena besterik ez izatea, edo giza kondizioari lotuta dagoen joera aldagaitza agian? Ez baitakit ziur.

Guk baino gutxiago duenaz akordatzea erabili ohi dugu batzuetan terapia gisa: «Ez hadi hainbeste kexatu, pribilegiatu hutsak gaituk-eta». Baina ahaztu egiten zaigu pribilegio horiek guk geuk bultzatzen ditugun ezberdintasunak dituztela oinarri.

Zikloaren aro ilunean gaudenean –termometroa zero azpitik eta dinamikaz eskas– akordatu beharko gara termodinamikaren lege nagusiaz, beraz. Lehenagotik genuen energiari heldu, eraldatu eta aurrera jo sortu berria dirudien baina berez lehenagotik ere bazegoen energiarekin. Energia ez baita sortzen, ez eta desagertzen ere. Eraldatu egiten da.