rssgaur8 logotipoa

Manga

tekkonkinkreet

Komikiaren Nazioarteko Azoka amaitu berri da joan den igandean Bartzelonan. Oraingoan ere, gerturatzerik ez, eta urrunetik jarraitzea tokatu zait, bertatik-bertara ikusteko aukerarik gabe. Milo Manara, Jean Giraud, –also known as Moebius– , Astiberri argitaldaria eta abar luze bat elkartu dira aurten konterrian.

Badira hilabete batzuk Moebius bertaratzekoa zela entzun nuenetik. Egunkarirako elkarrizketa lotzen ere saiatu gara, baina berandu xamar antza, eta azkenean esku hutsik geratu gara. Bereziki miresten dudan egilea da Giraud, bere komikiek fantasiazko bidaia ugari biziarazi didatelako, mundu sinestezinetan eta Mendebalde urruneko basamortuetan barrena. Marrazkilari ezinhobea iruditzen zait eta bere hainbat lan ditut etxeko liburutegian, beste maisulan batzuekin batera.

Azkenean, Laia Altarriba i Piguillem Kataluniako korrespontsalak idatzi du, eta bai ederki idatzi ere, Saló ezaunaren inguruan. Eta hurrengo egunean iritsi da, albiste agentzia bidez, Moebiusen hitzaldiaren berri. Biak ala biak irakurri ditut, azokara joan ezin eta nolabait hurbildu nahi duenaren irrikaz.

«Ekonomia krisiak ez dio komikiari eragiten» du goiburu kazetari katalanaren kronikak. Eta Moebiusek, aldiz, honakoa bota du: «Manga komiki ahula da, komertziala, baina arriskutsua. Aurre egin behar zaio». Kontxo… hainbeste ikusmin pairatu ondoren, ez zait, bada, bat ere gustatu maisuaren deia! Haren ustez, komiki japoniarraren armarik indartsuena bertako herritarren «lehiakortasuna» da. Hasieran esan bezala, merkatu kontuak gailentzen dira hemen ere, antza.

Akira

Bere marrazkietako estetika ikusgarria hainbat filmetarako maileguan utzi izan duen maisuari errespetu osoa zor diot. Baina ezin gera naiteke animean, mangan eta marrazkigintza japoniarrean –erdipurdiko lanen artean, beste edozein generotan bezala– maisulan asko dagoela esan gabe. Katsuhiro Otomo da maisu horietako bat, eta beste asko ere izango dira, ezagutzen ez ditudan hainbat.

Japonian bertan zegoela gomendatu zidan internet bidez Luistxo Fernandezek animazio filme ikusgarri bat. Tekkonkinkreet du izena eta hori –manga ala ez– bai dela marrazki bizidun japoniarren erakusle paregabea.

moebius

PS1: 1. irudia Tekkonkinkreet filmetik aterata dago da, 2.a Akiratik eta 3.a Moebiusena da.
PS2: Portzierto, Spielberg-ek Ghost in the Shellen bertsioa errodatuko omen duela eta Akira animazio filma ere benetako aktoreekin berregingo dutela irakurri dut… 0_ô

Torturaren testigantza grafikoa Goenkalen

Urte hauetan guztietan ez dut gehiegi jarraitu Goenkale telesaila. Jatorriz venezuelarra izan arren, ez naiz “sugetzar” zalea, ezta euskaraz dauden “kuleborien” jarraitzaile ere. Baina batzuetan, zapping-aren ondorioz, pasarte batzuk ikusi izan ditut. Atzo izan zen egun horietako bat.

Telesaila jarraitzen baduzue, konturatuko zineten GARA egunkaria behin eta berriz agertzen dela. Ez da kasualitatea, promoziorako hitzarmen baten ondorioz agertzen da berripapera Iñaki Perurenaren harrijasotzaile eskuetan, besteren artean.

Bada, atzokoan, esan bezala, nire begia egunkariaren presentzia behatzen aritu zen, menturaz. Nolabait, nire arreta bereganatu zuen GARAren presentziak eta zenbat aldiz agertzen zen zenbatzen jardun nuen.

Halako batean, Boga tabernako horman Igor Porturen ospitaleratzearen argazkia jasotzen zuen GARAren azala (pdf) agertzen zela ohartu nintzen. Sakelako telefonoa atera eta hor aritu nintzen testigantza hori jaso nahian. Hemen ikus dezakezuen bideoan sumatzen dena baino askoz ere argiago agertu zen gazte Lesakarraren argazkia ETB1en. Baina ez nuen garaiz grabatzerik izan.

Deigarria egin zitzaidan hedabide gehienetan isilarazia izan den tortura salaketaren (pdf) testigantza nola irits daitekeen telebistan presentzia izatera, publizitate hitzarmen baten ondorioz, zeharka besterik ez bada ere.

Terapia Desira Doktorearen kontsultan

Obsesioak jota nagoela pentsatuko du norbaitek, azken boladan maiz dudalako sexua mintzagai lerro hauetan. Bada, egia izango da agian, eta horregatik jo nuen joan den ostiralean Desira Doktorearen kontsultara, arduratuta, terapia bila…

Ez da harritzekoa sexua behin eta berriz izatea hizpide, egunero inspiratzen baitu irakurgai bat edo beste. Aldiro da albiste arrazoi ezberdinak tarteko. Hedabideek, bistan da, badakite sexu istorioak kontatuz gero irakurleak erakarriko dituztela. Batzuentzako dirua baita biziari eragiten dion errota, beste zenbaitentzat maitasuna, eta askorentzat sexua… Iragan astean Vienako katedraleko museoan eskegitako mihise bat izan zen polemika iturri. Bertan, hamabi apostoluak ageri ziren –Oteizak akaso hamahirugarren bat batuko ziokeen orgiari– «azken afaria» esaten zaionarekin batera beste jaki batzuk dastatzen. Austriako ahots ultrakontserbadoreek gaitzesgarritzat jo, eta laster ezkutatu dute bazter batean, bertan agertzen diren zertzeladak deabruaren beraren margolana bailiran. Infernuko suak zizelkatutako artelana.

Oso bestelako albiste batek bereganatu zuen nire arreta atzo. Antza denez, Marilyn Monroe handiaren bideo bat saldu berri baitute, 1,5 milioi dolarren truke. 15 minutuko grabazio hori ez da aktorearen lan argitaragabea, ez. Intimitatean hartutako irudiak dira, eta sexu harremanetan ageri omen da ilehoria. Pentsatzekoa da erosleak ez duela eskuratu aktorearen antzezlanari dion miresmenagatik, mito sexualak eraginda baizik. Dena dela ere, nolabaiteko miresmena behar du, edo sosak soberan, horrelako dirutza askatzeko prest egon bada. Minutu bakoitzeko ehun mila dolar!

Donostiako Rockstar aretoan ezarritako kontsulta ibiltarian hartu ninduen Desira Doktoreak. Eta on egin zidan bere aholkuak. Kabaretero baten gisan ibili zen batetik bestera Francis medikua, taburik gabe sexuari eta maitasunari abesten. Sexo, ternura y misterio du izenburu bere azken diskoak. Eta, sinets iezadazue, terapia bikaina bada, zuzeneko kontsulta ezin hobea da.


Asexualak?

Ebanjelioen inguruan ezjakin hutsa naiz. Beti esan dut erlijioak direla burutu gabeko nire ikasgai nagusia. Batez ere, Kristautasuna, gertutasunagatik besterik ez bada ere. Ez pentsa orain konbertitzeko asmorik dudanik, ez. Gure gizartea doktrina horrek baldintzatuta bizi izan delako, eta oraindik ere bizi delako, izan nahiko nuke ezagutza handiagoa. Baina kanpotik, toreatzailearen gordelekutik, jakina.

Ez dut inoiz ulertu, eta ez dut inoiz ulertuko, sexu harreman osasuntsuen aurrean Elizak duen jarrera ezkorra. Zergatik dioten horrenbeste beldur «haragiari» edo, bederen, zergatik uztartzen dituzten sexu harremanak lizunkeriarekin. Mendeetako ahaleginaren ondorioz, Elizaren esanek erdietsi dute nahi zuten helburua, zalantza izpirik gabe. Gizartearen subkontzienteak sexuaz duen ikuspegia zikinkeriarekin nahasten da, ezinbestean, frustrazioak eta konplexuak areagotuz.

Katolizismoarekin lotutako gertakari orok egiten dio uko sexuari. Ama Birjinak ez zuen txortan egin, aingeruek ez dute sexurik, eta apaizak ezkongabetasunean bizi dira. Nerabezaroan kanpaia jotzerik ez… eta ezkondu arte, laztan bat bera ere ez. Ondoren, jakina, helburua haurrak erditzea denean soilik.

Balore horiek guztiak zabaldu dituztenak, baina, hipokrita hutsak dira. Horietako asko eta asko, behintzat. Eliztarren eta eliztar ez direnen artean debeku horiek sustatzen dituzten bitartean, barrura begira bestelako araudia darabilte. Moral bikoitza. Erdi Arotik, hainbat izan dira beren fantasia erotikoak papereratu dituzten apaizak. Behar hori ere baduten seinale. Eta are gehiago izango dira idazteaz harago fantasia horiek gauzatu dituztenak…

Sexua eta Elizarekin zerikusirik duen azken eskandalua Austriatik iritsi da. «Erlijioa, haragia eta boterea» izeneko erakusketa dago Vienako katedraleko museoan ikusgai. Alfred Hrdlicka artista ateo eta gorriak irudikatutako hamabi apostoluak elkar masturbatuz ageri dira «Azken afaria» izeneko koadroan. Hautsak harrotu ditu; are gehiago, erakusketa Elizaren esparru propioan paratu dutelako. Eta koadroa erretiratu egin dute azkenean.

Niri, bada, naturalagoak iruditzen zaizkit larrutan ari direnak asexualtzat aurkeztu izan dizkidatenak baino.

Suziriak

Ipar Amerikako indigenek zeruari dantza egiten zioten euria bota zezan. Hori da behintzat Western filmak ikusiaren ikusiaz ikasi genuena. Txinan, baina, ez diote ortziari dantza egiten, suziriak jaurtitzen dizkiote negar egin dezan. Baita lortu ere.

Hori da Xinhua izeneko albiste agentzia ofizialak egunotan zabaldu duena. Beijing hiriburuan eta Hebei izeneko probintzian udaberriko euri jasa handiena lortu dute azken 24 orduotan. «Teknologia erabiliz, eurite mardul eta luzeagoa lortu dugu», esan du harro-harro Meteorologia Bulego txinatarreko funtzionario batek. Hodeietara zilar ioduroa duten etxafuegoak botatzea ez da biribilguneak osatuz dantzan eta kantuan aritzea bezain sotila. Baina eraginkorra bai, antza. Txinako hainbat probintziak lehorte gogorra bizi dute azkenaldian eta, agintarien arabera, agorraldi luzeari aurre egiteko jarri dute zerua beren bolanderen begipuntuaren xedean.

Lehorteei buruz idatzi nuen joan den asteartean zutabe honetan bertan, eta Txinan nola aurre egiten dioten aipatu nahi izan dut gaur. Baina beste idorte bati buruz ere mintzatu nintzen. Hots, sikate informatiboaz. Izan ere, Aste Santua delakoak dirauen bitartean –baita txokolatezko arrautzak nagusitzen direnean ere– bestela aipagarri diren hainbat gertakari eta albistek urriago dirudite, baita alderantziz ere… Eta pertsonaia sonatuen heriotzak ugaldu egiten dira, itxuraz, mundu osoan.

Hedabideetan oso zabalduak daude lehorteei aurre egiteko trikimailuak. Egintzaren ondorioak dira, ohiko jarduna edo. Beste batzuetan, ordea, suziriak erabiltzen dira, Txinan legez, idortea bat-batean akabatu nahian. «Artifiziozko suak» albiste bat edo beste neurri gabe puzteko.

Horrelakoetan tragedia, odola eta samina erabiltzen dituzte jaurtigaiak betetzeko. Zilar ioduroaren ordez, morboaren osagai nagusiak. Antza, behe-lainoak inguratutako burmuinen arreta bereganatzeko ezin hobeak dira, ikus-entzuleak erakartzeko nahasgai bikainak.

Ez dakit irudipen hutsa den ala ez, baina esango nuke gero eta luzeagoa dela lehorraldia inguruan ditudan ohiko hedabideetan. Batez ere «kutxa leloa» esan izan zaion horretan. Suziri horiek ez baitute nire egarria asetzen.