rssgaur8 logotipoa

Iruña-Veleiako harresia 3Dn

Iruña Veleia, harresiaren eraberritzea

Joan den asteazkenean, esan bezala, ezin izan nuen Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkera bertaratu “Egunkaria“ko auzipetu eta langileei, itxieraren bosgarren urteurrenean, elkartasuna adierazteko.

Bezperan, Iruña-Veleiako Harresiaren Zuzendaritza Planaren aurkezpen deialdia iritsi zen erredakziora eta, azkenaldian gai honen inguruan dagoen ika-mika ikusita, Langraizera abiatzea erabaki genuen Martin Anso kazetariak eta nik. Hona hemen emaitza.

Orain gutxi informazio zabala –[1][2][3]– plazaratu genuen geroglifoak eta euskara nahiz latinezko hitzak dituzten grafitoen gaineko eztabaidaren inguruan, eta nik neuk zutabea argitaratu nuen kontra-azalean.

Asteazkeneko aurkezpenaren ostean, arduradunekin egoteko beta izan genuen aztarnategian bertan, zenbait iritzi eta ikuspegi elkartrukatzeko, baina hori beste istorio bat da…

Nahiko kritiko naiz, ez hainbeste arkeologia ikerketaren arduradunen “lurgaineko” lanaren inguruan, informazioaren eta argitalpen zientifikoen inguruko kudeaketarekin baizik.

Iruña-Veleia sekulako aztarnategia da, ostraka horiek egiazkoak izan ala ez. Egia da idatzizko euskara, latin eta egiptoera dituzten grafito horiek are eta garrantzitsuago egiten dutela desagertutako hiri eromatar hau. Ez baita herrixka bat, garaiko hiri handi bat baizik.

Iruña Veleia, harresiaren eraberritzea

Bere mementurik onenean 10.000 biztanle izan zituela uste dute adituek. Harresiak, aldiz, inperioaren eta hiriaren beraren gainbehera garaian eraiki zituzten, erromatar inperioaren azken aroan, III. mende amaieran edo IV.aren hasieran. Arduradunen ustez, Estatuan dauden 23 hiri erromatar harresituen artean oso ondo kokatuta dago Iruña-Veleia garrantzia arkeologikoari dagokionez.

Iruña-Veleiak berez duen garrantzia ez dugu ahantzi behar. Baina zalantzen aurrean ezin dugu itsu-mutu-gorrarena egin. Denborak eman edo kenduko die arrazoia batzuei ala besteei.

Bitarte horretan harresiaren eraberritzen lanen azterketa txostenaren berri izan genuen Iruña-Okan egindako aurkezpenan. Bertan, harresiaren inguruan egin diren ikerketa eta ekintzak azaldu zituzten, eta arkitektoak ikusgarritasun handiko hiru dimentsioko irudiak baliatu zituen eraberritzearen ondorioak erakusteko. Irudi batzuk ere eskuratzerik izan dut, eta hemen jartzea erabaki dut, denek ikusteko moduan.

Denok gaude beste zerbaiten esperoan. Eta Arabako Diputazioak geure zalantzak datorren udan argituko direla iragarri du. Apur bat itxoin beharko dugu oraindik, beraz.

Iruña Veleiako harresia

Webgunea:

Azkenaldian Iruña-Veleiako aztarnategiaren webgune ofiziala “erorita” egon da. Urtarrilaren 22 aldera desagertu zen eta ordutik mezu (tekniko) ezberdinak azaldu ditu portadan. Azkenekoan, birdiseinuan lanean ari direla adierazten du irudi batek.

Besteren artean, arduradunei afera honen inguruan galdetzeko beta izan nuen. Batbatean eduki guztiak ezabatzea arraroa iruditzen zait niri baina, esan didatenaren arabera, askoz ere webgune osatu eta txukunagoa sareratu nahi dute, informazioa banatuko duen “boletin” eta guzti.

Zain egongo gara, bada.

PD: Flickr-en ere jarri ditut irudiak kusgai.

Eneko, artea flash bilakatzen denean

Eneko ere euskocaraqueñoa da. Laguna, bere gurasoak nireen lagunak diren bezala. Venezuelan elkar ezagututakoak.

Artista hutsa, ezagutzeko modukoa. Garai batean “Egin“en orrialdeetan baliatzen zuen bere arkatza. Eta esango nuke, ordutik, denbora askoan, egunkarietako zintei baino arreta gehiago jarri izan diela mihise gaineko bere artelanei.

Nik ezagutzen dudan bere lehenengo marrazkia, eta ezagutu nuen lehenengoa, nire aitaren sorbaldtik gorako soslaia da, itzal bat. Gurasoen etxean dago memoria dudanetik zintzilik. Eta “Time“ren “Man of the year” (orduan ez zen person) ezagunaren azala irudikatzen duen ispilu batean dago jarrita. Izugarri ona. Ez omen zituen 15 urte marrazkia egin zuenean. Ezaguna egiten zaizue ideia?

Egun Madrilgo “20minutos” egunkari ezagunean ari da eta, bere blogean dauden erantzunei erreparatuta, ez dirudi orain ere egiten dituen zintek irakurlea indiferente uzten dutenik. Are gutxiago dagoen tokian. Mariano Ferrer edo Javier Ortiz garai batean “El Mundo“n bezala… baina marrazkilariaren azalean? ;) Iritzia azaltzeko beste modu bat, azken finean.

Zintak ez ezik, flash animazioak ere egiten ari da azken aldian, eta ikusteko modukoak dira, benetan.

euskalTuberen berri izan zuenean animazioak bertan sareratzeko aukera luzatu zidan. Eta kanal berezi bat sortzea erabaki genuen. Hemendik aurrera, bere blogean ez ezik, euskalTuben ere izango dituzue ikusgai “Semueve” izeneko kanalean.

Eskerrik asko, Eneko!

PD: Ez da euskalTubeko berrikuntza bakarra. Beste kanal berezi batzuk ere sortu dira, hala nola, “Elurnet bideoak“, Eguzki irratiko “Cómo están ustedes“, “Ikus-entzunezkoen Rallya” eta Bilboko “Branka” agerkaria, besteren artean. Baina ez dira bakarrak, ezta berrikuntza bakarra ere. Adi beraz, euskalTubeko blogari!

egunkarialibre!


egunkarialibre

Gaur bost urte beteko dira “Euskaldunon Egunkaria” inolako justifikaziorik itxi zutenetik.

Egun hartan Martin Ugalden izan nintzen, eta bost urte igaro dira dagoeneko. Orduan (blogik ez oraindik) Sustatun utzi nuen mementuko nire sentsazioa.

Erratu ere egin nintzen, Garzonkeriekin ohituta edo, hari egotzi bainion hasieran astakeria hura, Del Olmori beharrean.

Gaur ez dut bertan egoterik izango, baina orduan egin bezala, interneten ere blog honen bidez adierazi nahi diet nire babes osoa “Euskaldunon Egunkaria”ko langileei.

Zoritxarrez, atzera begiratutakoan ohartzen naiz gauzak ez direla gehiegi aldatu.

Bide batez, agintari espainolek Euskal Herrian itxi dituzten beste hedabide guztiei ere adierazi nahi nieke nire elkartasuna. Eta, ez ahaztu, baita mehatxupean daudenei ere.

Egunkaria libre!

Pertsiana hau jaitsita dago

notimeforlove: logo proposamena

notimeforlove

Flickr-en ere bai.

Libre zarete ideia hartu, moldatu, hobetu, eraldatzeko, jakina.

Ostegunean, nik, greba: notimeforlove?

Duela zenbait aste “notimeforlove” esamoldea erabiltzen hasi ziren zenbait euskal blogari. Besteak beste, Teketenek, Koldotxuk eta Gaztelumendik eta bai Zabaldun ere.

Antza, “maite zaitut” esateak ere ilegal egin zaitzake egun Estatu espainolaren agindupean bizi bazara. Maitasuna ere ilegalizatuko digute? Ez diot nik horregatik maitatzeari utziko, sar nazatela espetxean nahi badute, han ere izango dut eta maitatzeko betarik, eta gogorik.

Euskal Herrian egiten den politikaz (hobe esanda, POLITIKAZ) nahiko nazkatua nagoela aitortu behar dudan arren, ezin egon naiteke geldirik azkenaldian ikusten ari naizenaren aurrean. Tortura, legez kanporatzeak, atxiloketak eta hipokresia, HIPOKRESIA gehiegi gure inguruetan. Eta bai, garraxika ari naiz, zer demonio!

Amorrarazi egiten nau frankisten aurka errepublikar espainolen alboan borrokatutako alderdia, PSOEren Gobernukide izandako alderdia, legez kanpo ikusten dudanean. PSOE muturreko eskuindarekin lerrotuta. Broma gutxi, beraz.

Horregatik, nik, datorren ostegunean greba egingo dut. Tira, egunkarian greba bezperan egin izan ohi dugu, protesta egunean ez dadin egunkaririk egon kioskoetan eta, era berean, protesta egunaz behar bezala informatzeko ostiralean. Badakizue, paperezko egunkarietan egun bat lehenago bizi gara beti edo, akaso,egun bat berandu.

There is always time for love, even if they want to forbid it.

Jarraitu notimeforlove technoratin.