rssgaur8 logotipoa

Isiltasuna

Paranoia konspiratiboari deitzen zaio konspiranoia. Alegia, gertakari ororen atzean konspirazioa dagoela pentsatzen duenaren paranoia. Sindromeak, aldiz, lehenago izandako gertakariren batek elikatzen ditu maiz. Stockholmekoa, adibidez, giltzapetu dutenenganako menpekotasunak eragin ohi dio bahituari. Zalantzak, berriz, teoria jakin baten inguruan sor daitezke, eskuartean sinisteko behar adina elementu ez daudenean. Eta, isiluneek, isiltasun tarte handiegiek, zalantza horiek indartu ditzakete.

Lankide batek darabil egunotan “Zubialde sindromea” esamoldea, Iruña-Veleiaren inguruan zalantzak dituztenen sentipenak adierazteko. Zubialde bezala ezaguna den gertakaria aski ezaguna da. 1990. urtean Paleolito garaiko ustezko santutegi bat aurkitu zuten Gorbeian. Baina leize hartako margoak ez ziren inondik inora ordukoak. Iruzur hutsa zen.

Teoria bat botako dut gaur Iruña-Veleiako aurkikuntzen inguruan gizartean dagoen sentipenari buruz, eta indusketa taldearen isiltasunak sentipen horri nola eragiten dion azaltzen saiatuko naiz. Edo hobe, hipotesi hutsa izango da, ezin jakin baitezaket zer den benetan gizarteak pentsatzen duena. Nire iritziz, egun, arras zabalduta dago Iruña-Veleiaren inguruko kezka eta zalantza. Eta ez naiz ingurune akademiko eta zientifikoez ari, kaleko sentipenaz baizik.

Iruña-Veleia izen ederra ahoskatu eta berehala, «Egiazkoa izango ote da?» galderak ezinbesteko dirudi. Kasurik onenean. Okerragoa baita «Gezurra izango ote da?» esaten denean. Eta zer esanik ez, «iruzurra» hitzak agerraldia egiten badu. Baina akatsa eta iruzurra banatzen dituen mugarria argi izan behar dugu. Ez da gauza bera eta.

Hasieratik egon dira zalantzak grafitoen inguruan. Eta konspirazioaren teoriak ez dira falta izan, norabide batean nahiz bestean. Indusketako arduradunek informazioaren inguruan egin duten kudeaketak ere badu erantzunkizunik. Filtrazioak izan dira, adierazpenak lekuz kanpo eta informazioa helarazteko jarritako epeak ez dituzte bete.

Ez dakigu azkenean zer gertatuko den Iruña-Veleiako grafitoekin. Eta egia da zientzilariei presiorik gabe lan egiten utzi behar zaiela. Baina jardun hori ez dago informazioa behar bezala helaraztearekin etsaitua. Zerbaitek kalte egiten badie, arduradunek zalantzen inguruan hartu duten jarrera hermetikoa da hori. Batzuetan isiltasunak zalantzak indartzen ditu, konspiranoia sustatzen du eta sindromeak areagotzen ditu.

PS: Asteburu honetan, Martin Anso lankideak eta nik neuk GARAn argitaratutako erreportaje zabal [1][2][3]baten harira idatzitako iritzi artikulua.

This entry was posted on Asteartea, Urtarrila 22nd, 2008 at 4:24 pm and is filed under filo, media. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.

3 Comments so far

  1. Erreportaia onak. Zorionak. Isiltasuna eta oskurantismoa, eta irudiak gordeta, ez daitezen estropeatu… mentalitate hori ez da bakarrik Veleiakoena. Orokorra da gure artean. Pentsa ote daiteke gurean Library of Congress batek egin duena errepikatzea? fondo oso bateko irudiak Flickr-era, jendeak etiketatu (eta disfrutatu) ditzan. Esperantza dut Robert Caparen fondo aurkituberriarekin berdin jokatuko ote duten…

    Hemen halakorik sujeritzea utopietan sinestea da. Baina ez ote litzateke Veleia argitzeko onena, ez bakarrik hiru lagunen sei begientzako prestatu materiala, baizik eta erresoluzio handiko argazki mordoa atera eta denak Flickr-era? Asteburuan ikusi ditut Euskal Filmotekak EITBri pasatu dizkion irudi batzuk: txabolismoa 1960. urteko Bilbon. Ez zaie Filmotekakoei irudiak denentzat Euskaltuben jartzea okurrituko, ez. ETBrentzat dosi zehatz bat. Jendea, ordea, erakundeak baino historia eta kulturazale prestuagoa da.

  2. Eskerrik asko Luistxo. Egia esateko, erreportaje horiek tentu handiz egindakoak dira, kontraste bila. Off the record ere gauza asko esan dizkigute… baina ezin dena azaleratu. ikusiko dugu zertan geratzen den guztia…

    Arrazoi duzu, bestalde. Lazarragarekin adibidez, eskuizkribua oso osorik jarri zuten sarean, eta horrek ikerketa paralelo ugari ahalbidetu ditu. Gomendagarria litzateke benetan Veleiarekin ere hori egitea kontuan izanda, gainera, EAEko legearen arabera domeinu publikokoak direla Iruña Veleian aurkitutako guztiak. Geureak ere, beraz (tira, ni venezuelarra naiz eta… agian nireak ez).

    Filmotekaren afera ez dut ezagutzen. Eta ez, ez zaie okurritu Euskaltuben jartzea ;) Baina Veleiakoek bai, Youtuben jarri zituzten bi bideo. Veleia arranoaren begietatik ikusita, eta promozio bideo bat. Desagertu dira biak ala biak…. Eta nik ez nituen garaiz bajatu. Ze pena!

  3. Berandu iritsi naiz hari honetara, baina ez nuke esan gabe utzi nahi Veleiako aurkikuntzen argazkiei buruzko zerbait.

    Luistxok galdetu du: “Baina ez ote litzateke Veleia argitzeko onena, ez bakarrik hiru lagunen sei begientzako prestatu materiala, baizik eta erresoluzio handiko argazki mordoa atera eta denak Flickr-era?”

    Termino horietan berorietan ez, baina Koldo Mitxelena Katedraren II. Biltzarrean Eliseo Gil eta Idoia Filloyri galdetu nien zergatik ez zituzten argazki guztiak argitaratzen. Erantzuna (Idoia Filloyk emana) izan zen arkeologian erabili ohi den protokoloak ez duela halakorik uzten, gauzak beste modu batez egin behar direla eta memoria argitaratu arte itxaron beharko dugula. Puntu.

Have your say

Fields in bold are required. Email addresses are never published or distributed.

Some HTML code is allowed:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>
URIs must be fully qualified (eg: http://www.domainname.com) and all tags must be properly closed.

Line breaks and paragraphs are automatically converted.

Please keep comments relevant. Off-topic, offensive or inappropriate comments may be edited or removed.