rssgaur8 logotipoa

Ken Follet eta Euskal Herria

Banuen Ken Follet eta “World without end” bere azken eleberriaren inguruan nire iritzia plazaratzeko gogoa. Ez hainbeste neure burua literatur aferatan aditutzat dudalako, ezta gutxiagorik ere. Ez dut, beraz, ikuspegi literariotik epaituko edo baloratuko lan hori. Gasteizko aurkezpena egin zen egunean bertan nintzen zerbait idaztekoa egunkari honetan. Baina, esan dezadan, presaka ibiltzeak eta autozentsura apur batek eraginda, azkenean, ezerezean geratu zen saiakera.

Ez ei nintzen behar adina autoritaterekin sentitu bere liburuak irakurri gabe kritika egiteko; dena den, nire errezeloa idazkera kalitateak baino idazle gaslestarrak, liburua gaztelaniaz argitaratu duen argitaletxeak eta Gasteizko Andra Mari katedraleko arduradunek promozio aurkezpenerako baliatu dituzten irizpideek eragin dute. Azkenean, ordea, nik baino askoz ere autoritate handiagoa duten zenbait lagunek ireki dizkiote kritikari ateak.

Behingoagatik, argi mintzatu dira Ken Folletek eta bere eleberriak Euskal Herriarekin omen duten harremanaz. «Kafka sekula irakurri ez duen bat Kafkaren kamiseta batekin etorriko zaizu Pragatik. Pessoari buruz deus ez dakien batek ez du À Brasileira kafetegitik pasatu arteko onik izango Lisboara egindako txangoan. Hiri bakoitzak bere fetitxea bilatzen du, souvenir dendetako salmenten pizgarri», idatzi du Anjel LertxundikBerria”n. Urrunago joan da Luistxo Fernandez kazetaria Sustatu.com agerkari digitalean: «Eta zer egin du, bada, Ken Follettek Gasteizen alde? Bi liburuetan, katedral baten eraikuntzaz jardun. Ez da Gasteizkoa, eta Euskal Herririk ez da ageri nobelotan, ordea. Ingalaterrako katedral bat da Folletten liburuetakoa, fikziozko hiri batean kokatua».

Hutsaren hurrengoa da Ken Folleten liburuak Gasteizekin eta Euskal Herriarekin duen lotura, eleberria Estatu espainolean promozionatzeko interesaz landa. Eta hutsaren azpikoa, berriz, promozionatzeko orduan Euskal Herriko irakurle jakin batzuei eskaini zaien arreta. Elkarrizketa eskatuta, «Estatuko egunkari handiei» soilik eskainiko ziela erantzun baitzuten fundazioko arduradunek. Azkenean, ordea, herri honetako bi egunkari garrantzitsu geratu ziren baztertuta. Ezetz asmatu zeintzuk…

PS: Barkatuko ote dit Ken Follett-ek. GARA egunkarian argitaratutako zutabean “T” bat kendu bainion bere abizenari atzo. Ez zen nahita izan, baina, metaforikoki pentsatzen hasita, Ken Folletti zutoin bat kendu nahi izan diodala esan dezaket, hots, Euskal Herriarekin ustez duen harremanaren zutabea eusten duen hori. Hemen ere mantendu nahi izan dut “akats” hori ;)

This entry was posted on Asteartea, Urtarrila 15th, 2008 at 3:21 pm and is filed under biblio, blog, filo. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.

2 Comments so far

  1. Ez dut uste zuk baino askoz autorite handiagorik dudanik neuk… Beste iritzi batzuk ere badaude Sustatuko horretan. Hori bai, izen-deiturarekin sinatuta, neurea bakarrik.

    Egunkari horiek Gara eta Berria dira?

  2. Kaixo Luistxo:

    Ikusi ditut Sustatuko beste iritziak bai. Eztabaida behintzat piztu duzu.

    Kontatu egingo dut nola izan zen, ez dadin zalantzarik geratu, nik neuk kudeatu nuelako elkarrizketa eskaera.

    Hasieran Gasteizko erredakzioko lankide batek egin zuen eskaria, denboraz, eta oso zaila izango zela erantzun zitzaion, printzipioz Estatu espainoleko medio handiek lehentasuna zutelako.

    Hori ikusita, gutxira, Random House Mondadorikoekin jarri nintzen harremanetan. Baina haiek katedraleko fundaziokoekin hitz egiteko esan zidaten, haiek zirelako elkarrizketak banatzen ari zirenak.

    Esan eta egin. Katedraleko arduradun bati deitu nion (lehenago Gasteizko erredaktorearekin hitz egin zuen berbera) eta haren erantzuna, gutxi gora behera, honakoa izan zen: “Printzipioz Estatuko izen handiko egunkariei soilik eskainiko die elkarrizketa Follettek” (”las grandes cabeceras del Estado” izan ziren hitz zehatzak): “La Vanguardia”, “El Pais”, “ABC”… Dagoeneko elkarrizketa asko zituela Follettek, eta “Berria”k eta Noticias taldeak ere eskatua zutela, baina ezinezkoa izango zela.

    Nire erantzuna, orduan, honakoa izan zen: “Ulertzen dut, beraz, ostegunean ez dudala elkarrizketarik ikusiko hedabide “lokaletan” (beren ikuspegitik). Hori esan eta, erdi totelka: “Tira… Vocentokoak…”. Bale.

    Folletten aurkezpenean egon ginen. Eta bi orrialde eskaini zitzaizkion GARAn, finean gertakari notiziablea zelako, ikusmin handia piztutako fenomenoa, eta oraingoan Euskal Herrian.

    Argitaratu zen egunean, beste egunkariak begiratzen hasi nintzen eta, aurrikusitakoa: Vocento taldeko guztiek elkarrizketa berbera zekarten. Noticias taldekoek, “Deia”k barne, ere bazuten bere elkarrizketatxoa. ETB, Estatuko hainbat telebista, “El Pais”, “El Mundo”, “ABC”…

    Guztien artean, “Berria” eta GARA izan ziren elkarrizketa egiterik izan ez zuten bakarrak.

    Luistxo: Biok iritzi antzekoa dugunez, eta nahiz eta autoritate gutxikoak izan (batez ere Ken Follettentzat, seguraski…), batuketa horrek autoritate gehiago emango al dio iritzi horri? Ja! ;)

Have your say

Fields in bold are required. Email addresses are never published or distributed.

Some HTML code is allowed:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>
URIs must be fully qualified (eg: http://www.domainname.com) and all tags must be properly closed.

Line breaks and paragraphs are automatically converted.

Please keep comments relevant. Off-topic, offensive or inappropriate comments may be edited or removed.