euskalTube.com gunea Diario Vasco egunkariak antolatutako Gipuzkoako Webgunerik Onenen lehiaketan finalista aukeratu dute, Web 2.0 kategoriaren baitan.
Epaimahaiak hautatu ditu finalistak eta azaroaren 29an kategoria bakoitzeko irabazleak jakinaraziko ditu.
Publikoaren saria: Bozkatu, eta irabazi bidaia Punta Canara.
Erabiltzaileen iritzia ere kontuan hartuko dute Publikoaren Saria erabakitzeko.
12 webgune finalisten artean, Diariovasco.com guneko erabiltzaileek bat aukeratuko dute. Bozketan parte hartzen duten erabiltzaileen artean Punta Canarako bi pertsonentzako bidaia zozketatuko dute.
Bozkatzeko, Diariovasco.com guneko erebiltzaile erregistratua izatea beharrezkoa da. Erregistratu ondoren, bozketa orrialdean kategoria guztien artean webgune bakarra aukeratu behar da (alegia, publikoaren sariari dagokionean ez dago kategoriarik. Kategoria guztietako finalistak batera lehiatzen dira Publikoaren Sarian).
Bozkatu nahi baduzue, gonbidatuta zaudete!
Hauek dira finalistak:
Webgune instituzionalen artean:
Ataun.net
Donostia.org
Irun.org
Enpresa web orriak:
Inasmet.es
Afm.es
Gurutzeta.com
Elkarteen webguneak edo pertsonalak:
Euskaljakintza.com
Lanbroute.com/blog/
Vascodecamping.org
Web 2.0:
euskalTube.com
Nireblog.com
Astindu.sareweb.net
Azaroa 7th, 2007
8:58 am
ziber
“Diario Vascon” irakurri dut gaur.
Microsoft Ibericak Arrasateko Polo Garaian irekiko omen du egoitza berri bat. Lehenagotik Noainen ere bazuen.
Gipuzkoako egunkariaren arabera, Bill Gatesen enpresak urtero 7.000 milioi $ (4.820 milioi €) inbertitzen ditu Ikerketa+Garapena+Berrikuntzan, bere fakturazio osoaren %20 eta Estatu espainolak alor berdinera bideratzen duen kopurua baino gehiago.

“Diario Vasco”ren arabera, gainera, Estatu espainoleko administrazio publikoekin batera egiten duen lanaren erronka nagusiak “haustura digitalari aurre egitea, teknologia berrietarako irisgarritasuna handitzea eta enpresa berritzaileen kopurua biderkatzea” omen da!
Joño, joño… ez nuek nik Redmondgo erraldoiaren alderdi hori ezagutzen! Haustura digitalaren kontra!
PD: Hau larrialdiko mezu bat da. Larunbat honetako GAUR8n gaia sakonago hausnartzeko asmoa dut.
Irudia Disonancias gunekoa da.
Eguneraketa: Agindutako artikuloa, hemen.
Katarroak baldintzatutako asteburu luzearen ostean, astelehena… Goizean goiz lanera joan baino lehen, prentsa idatziari errepasoa. Monarkia espainolaren ordezkariek Afrikara egin behar duten bidaia, SuperSarkoren azken ausardia (laster “Heroes” telesailean eskainiko diote kameo bat), M-11ko atentatuen sententziaren irakurketak (nork bere interesaren araberakoak) eta Ibarretxe auzipetuko dutela… Ezer berririk ez, kioskoetara iristen direnerako zaharkitu xamar dauden paperetan.
Horregatik, joan den astean ETB1en izandako mahainguru bat hartuko dut hizpide gaurko zutabean. Ez dakit ramadana bukatu berri dutelako, edo besterik gabe Mahomaren kontuek (seguraski mahomatarren nahiaren kontra) mendebaldean sortzen duten ikusmin gehiegizkoaren lekuko… baina jihab edo zapi musulmana izan zuten hizpide kalakariek.
Ume musulmanei (edo, hobe, guraso musulmanen haurrei) ikastetxe publikoetara jihaba soinean eramatea utzi behar zaien ala ez eztabaidatu nahi omen zuten. Baina horrelako saioetan gertatzen den legez, eztabaida laster desbideratu zen, jihabaren «aldeko» eta «kontrakoei» esker. Bi aldetako fededunak baitzeuden, baita agnostikoren bat ere.
Zapia soinean zeramaten bi neska gaztek laster argitu zituzten jihaba eta burkaren arteko ezberdintasunak, bada ezpada ere. Hizlarietako batzuek, hegoaldekoak Estatu akonfesional batean bizi garela ekarri zuten gogora. Aldiz, iparraldekoak, Estatu laiko baten baitan. Eta, horregatik, haurrei ez zaiela utzi behar beren sinismen erlijiosoa adierazten duten ikurrak eskolara eramaten utzi behar.
Ez dakit… Gurasoek ez ninduten jaunartzea egitera behartu, eta ez dut oraindik egin, ezta asmorik ere. Erlijioak ez ditut begi onez ikusten. Tira, erlijioak baino, hauen gainean egiten diren irakurketak. Jendeak beren erlijio hautua heltzen denean egitearen aldeko naiz, hautua egitekotan bederen. Baina Bibliaren eta Koranaren jarraitzaileak ez dira nire iritzikoak, antza.
Bizitza publikoaren edozein alorretan askatasunaren aldeko banaiz, erlijio askatasunaren aldeko behar dut derrigor. Lepoan gurutzea edo buruan jihaba eraman nahi dutenek, eraman dezatela. Bermatu behar dena ez baita debekua, eraman nahi ez duenak ez eramateko duen eskubidea baizik. Han eta hemen.
NireTv sortu duen Davidek lelo hau erabili du bere bideo-blog berrian: Irudi batek mila hitzek bezainbat balio badu, zenbat hitz balio ditu bideo batek? Bada, bere esanetan, bideo bat mila irudi eta 1.000.000 hitz baino eragingarriagoa da…
Euskal Herrian azkenaldian aurkeztu diren webguneen artean, agerikoa da bideoek gero eta garrantzia nabarmenagoa dutela. Hedabide handietan ere, indar handia dute ikustekoa eta entzutekoa uztartzen dituzten edukiek. Luistxo Fernandezek, Interneteko euskal guruak, Sustatun azaldu zuen Internet bidezko bideo zerbitzuen inguruan merkatu interesgarria dagoela zabalik. Eta katarroak nire usaimena guztiz lermatua badu ere, esango nuke laster proiektu berri gehiago ezagutuko dugula.
Iragan astean Bilbon egon nintzen, eta hiri handi batera joaten naizen bakoitzean egiten dudan legez, doako egunkariak begiztatu nituen metroan. Besteak beste, “El nervion” eta “ADN”. Azido desoxirribonukleikoaren laburdura izentzat hartu duen egunkarian zutabe interesgarria irakurri nuen. Bartzelonako metroan neska batek jasandako eraso arrazista/sexistaren inguruan mintzo zen gogoan ez dudan zutabegilea.
Haunsnarketa kabala egin zuen. Izan ere, ohikoak dira etorkinen aurkako erasoak. Egunero-egunero gertatzen dira. Kasu honetan, baina, erasoa kamera batek grabatu izana da gertakaria ezhoiko bilakatu duena. Eta horregatik aztoratu gara hainbeste, zutabegile horren iritzian: Irudien gogortasunagatik gu geu erasotuak sentitu garelako. Hitzez esan baligute, akaso, ez litzaiguke-eta hain gordina irudituko. «Eraso txiki» batean geratuko litzateke, eta hedabide gehienek ez liokete erreparatu ere egingo.
Alde onak eta txarrak ditu geure gizarte mediatizatu honek. Gero eta gehiago dira beren eskuetan kamera bat darabilten lagunak. Batzuek, gauza ederrak egiteko erabiliko dute. Beste batzuei lekukotasunak zabaltzeko baliagarri egingo zaie. Baina, jakina, bizitzako alor guztietan bezala, denetariko jendea dago, eta baita denetariko bideoak ere.
Azkenaurreko astakeria Gasteizen gertatu da. Adimen urriko lagun bat biluzarazi, grabatu eta sareratu egin dute bideoa. Bartzelonakoan, bideoa erasoaren lekuko bilakatu da. Gasteizen, bideoa bera da erasoa, eta erasoaren lekuko.