rssgaur8 logotipoa

“Gerra itzalak”: Burua altxako balute…

Nire etxean ez da inoiz arazorik egon aitaren aldeko eta amaren aldeko aiton-amonak bereizteko orduan. Baina ez da izan beren izenarekin deitzen genielako. Luzez hitz egin dezaket haiei buruz, baina hel diezaiodan mamiari. Eibarkoak aitxitxa eta amama ziren. Donostiakoak, aitona eta amona.

Antxon hil zitzaidan lehenengo, aitaren aldetik. Nire aitona donostiarra zen, eta donostiako euskaraz deitzen genion, beraz. 36ko Gudak bete-betean harrapatu zuen Jarana auzoan, portuan, jaiotako gaztea. Anarkista izaki, Gipuzkoako hiriburuan inork baino lehenago faxistei aurre egin zieten CNTko milizianoekin borrokatu zuen. Larriki zauritua, atxilotua… Cervera gerra-ontzian amaitu zuen preso.

Pako Bilbon jaio baina Eibarren hazi zen. Amaren aldetik, nire aitxitxa. Hil artean Eibarko euskara peto-petoan egin zidan hika. Familia sozialistakoa izanda, 18 urte ingururekin harrapatu zuen gudak eta Errepublikaren alde haiekin borrokatu zen, urteen poderioz EAJko jarraitzaile komentzitu bilakatu bazen ere. Gustora entzungo nituzke orain Alfako bere istorioak, G.A.C.n lan egin zuenekoa, Beiztegi anaiak (BH), morokilak esnearekin jaten zituenekoa, Armeria EskolaAzitaingo antxume goxoa… Burgosen harrapatu zuten, gaileta usaina duen Aguilar de Campootik gertu, oker ez banago.

Batak nahiz besteak burua altxako balute… Gerra garaian, eta ostean, asko sufritutako jendea da, beste askok bezala. Galtzaileen bandokoak izan ziren-eta.

Telebistan entzun dut gaur, enpresa espainol batek 36ko Gudaren inguruko bideo-jokoa argitaratu duela: “Sombras de guerra“. Estrategia moduko jokoa omen da. Internetera konektatu eta berehala hasi naiz informazio gehiagoren bila: [1], [2], [3], [4]. Bistakoa da bideo-jokoa merkaturatzeko erabili duten amua, edo beita, alegia, erreklamoa. Errepublikazaleek lehenengo aldiz “historia berreraiki” eta “guda irabazteko” aukera izango dute. Modu “ludikoan” eta birtualean besterik ez bada ere, jakina.

Seguru nago Euskal Herrian arrakasta itzela izango duela (ez dakit salmentetan, baina bai zabalpenean, kopiaz-kopia bada ere), eta baita Estatu espainolean ere. Gainera, badira lehenago aurrekari arrakastatsuak: “Comandos” jokoa eta bere sekuelak oso zabalduak izan ziren duela ez hainbeste.

Eguneraketa:
Sarrera hau idatzi ondoren berrirakurri dudanean, postdata bat behar duela iruditu zait. Ez naiz bideojoko belikoen aurkako “ekintzaile” sutsu horietakoa. Nik ere jolastu dut inoiz horietara. Hala ere, eta idatzitakoaren kutsu epikoa arintzeko saiakera batean (arraizopari ura botatzen zaionean bezala), gauza bat gaineratu nahi nuke. Estilo amerikarreko joko hauek ustezko “heroiak” goraipatzen baitituzte, eta itzalean geratu ziren beste “heroi” horiek ahaztu. Guda guztiek ezaugarri komuna badute, ez da epikotasuna. Sufrimendua da. Eta ez dira jolas bat, noski.

This entry was posted on Ostirala, Azaroa 16th, 2007 at 10:05 am and is filed under ziber. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.

3 Comments so far

  1. Kuriositatez, ze deitura zuen Pako aitita eibartarrak? Gerra itzalen jokoaren kontu honetan, ikusi duzu erreseina edo irudi espezifikorik Gernikako episodioaz?

  2. Kaixo Luistxo:
    Perez zuen abizena. Berez bilbotarra zen, baina 10 urterekin iritsi zen Eibarrera eta bertan, kalean, ikasi zuen euskaraz. Baita ederki ikasi ere. Amama, aldiz, Gernikakoa zen berez: Angelita, hura euskaldun zaharra. Bi semealaba izan zituzten, nire ama Arrate eta osaba Juanmari. Osaba Eibarren bizi da oraindik, baita nire lehengusu lehengusiñak ere. Nahikoa informazio? ;)

    Bestalde, begira aritu naiz eta, bai, Gernikako bonbardaketa irudikatzen omen du jokoak:
    http://www.estrelladigital.es/diario/articulo.asp?sec=med&fech=16/11/2007&name=guera_civil
    http://www.sombrasdeguerra.es/conceptos.html
    http://foro.hardgame2.com/index.php?showtopic=61912

  3. Joño, gaizki ulertu dizut. Ikusia zenuen gernika agertzen dela. Irudi espezifikorik ez. Badago bonbardaketa baten irudia ( http://foro.hardgame2.com/index.php?showtopic=61912 ) baina ez dut uste Gernika irudikatzen duenik. Beste honetan, hegazkin bat ( http://www.sombrasdeguerra.es/img/wall/6_800×600.jpg ).

    Webgune ofizialean ikusi dudanagatik, ez dut uste irudiak oso fidelak edo errealak izango direnik. Edo agian bai. Aurkitu ditudan gauzen artean Gernikarekin harremana duen gauza bakarra, Condor legioaren zuhaitz teknologikoa deitu diotena: http://www.sombrasdeguerra.es/img/arboles/legion_condor.jpg

Have your say

Fields in bold are required. Email addresses are never published or distributed.

Some HTML code is allowed:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>
URIs must be fully qualified (eg: http://www.domainname.com) and all tags must be properly closed.

Line breaks and paragraphs are automatically converted.

Please keep comments relevant. Off-topic, offensive or inappropriate comments may be edited or removed.