rssgaur8 logotipoa

Sari bati buruz idatzi behar nuen, baina… 18/98


Berriz ere, gauza jakin baten inguruan hitz egin behar nuen. Baina gaur hainbat lagun eraman dituzte atxilo Polizia espainolek 18/98 sumarioaren harira.

Atxiloketa horietako bat gertutik bizi izan dut. Sabino Ormazabal GARAko nire lankide eta laguna eraman dute.

Polizia espainola orain ordu laurden (18:30 aldera) iritsi da egunkariko Donostiako erredakziora. Hemen zegoen Sabino goiz goizetik, beti bezala. Urduri egon gara egun osoan zehar, beste atxiloketen berri izan bezain pronto jakin baitugu segur aski Sabinoren bila ere etorriko zirela.

Soto del Realgo Kartzelara eramango omen dute Sabino. Bere seme Markel ere kartzelan dago, Ocañan, euskal gazteriaren aurkako prozesuaren harira.

Broma egin digu Sabinok gaur. Umorea eta «odol hotza» (zerbait esatearren, Sabino ez baita odol hotzekoa, gertuko pertsona umil, langile eta maitagarria baizik. Eta hau ez da topiko bat…) azken minutura arte mantendu ditu. Semeak esan omen zion, Ocañatik hegoaldera kartzelatzen badute Sabinok berak eskatu beharko duela trasladoa. Eta Ocañatik iparraldera kartzelatuz gero, trasladoa Markelek eskatuko zuela. Elkarrekin egoteko, noski, etxetik ahal bezain gertu.

Besarkada handi bat biei nire galaxia honetatik. Baita gaurko gaua aita, ama, senar, emazte, neskalagun, mutil-lagun, seme, alaba, ahizpa, anai, arreba, amona, aitona, iloba, biloba, osaba, izeba, lehengusu, lehengusina eta lagun gabe igaro beharko duten beste guztiei ere.

PD: Bideoa grabatu dut, laster igoko dut euskalTubera eta hemen txertatuko dut.

Elektrodo eramangarriak


Garai batean linternak, irratiak, erlojuak, kalkulagailuak eta iparrorratzak ziren aparailu eramangarri ohikoenak. Eta eramangarri guztietan nagusia, Euskal Herrian hain hedatua dagoen motxila.

Egun, ordea, guztia bilakatu da mugikor geure gizarte honetan, geldi egoteak beldurra emango baligu legez. Leku berberean bost minutu baino gehiago egotea bizi nahiaren aurkakoa balitz bezala. Zerbait egin ezean, mugitu ezean, debora alperrik igaroko den beldur.

Janariak ere eramangarri behar du maiz, lantokian jan nahi badugu behintzat. Horretarako dauzkagu plastikozko tuperware eramangarriak. Telefonoa sakelean sartu eta batetik bestera eramateko ohitura ere geureganatu dugu. Eramangarriak ei diren ordenagailuak etxeko idazmahaian dauzkagu kieto, eta noizean behinka sorbaldatik zintzilikatu eta eramaten ditugu soinean, metatu duten hautsa astintzeko edo. Jakina, eramangarriak dira-eta.

Jendeak, lehen, asteburuetako futbol partidak entzuten zituen kalean, beste gauza askoren artean, irratia belarrira itsatsita. Eta gurasoekin mendi buelta egitekotan, otordua fianbreran eramaten genuen. Baina latoizko edukiontzietan gordetako freskagarriek, GPSekin, Mp3ekin, agenda elektronikoekin eta pendrive-ekin egiten dute ezkonbizitza orain.

Orain gutxi, Vancouver-en (Kanada), Poliziak «taser» pistolarekin eraso zion etorkin bati: Hil egin zen. Frederick County izeneko eskualdean, AEBetan, 20 urteko beste lagun bat hil zen irailean, Sheriffaren agindupeko poliziakide batek «taser» pistola batekin eraso ostean. 15 urteko mutiko autista batek hitzordua zuen medikuarekin Kalifornian, baina ez zen agertu. Poliziak, argindar deskargak eragiten dituen pistola horietako bate erabiliz harrapatu zuen. Floridako Unibertsitatko ikasle batek John Kerry senatariari galdera «ezegokia» egin, eta Poliziak «taser»ak erabiliz atera zuen entzungelatik. Utah: Trafiko isun bat ordaindu nahi ez izateagatik ere, «taserkada» galanta. Eta, Los Angelesen, liburutegira txartel gabe sartu nahi izateagatik, deskarga

Guztia eramangarri… baita elektrodoak ere.

I confess: I am a digital shepherd and I have 10 nicks

ardi elektrikoa

I have read today the post written by Gaztelumendi and Zabala in response to the article that Mr. Keith Johnson wrote at the “Wall Street Journal“.

It’s an exciting text, titled Basque Digital Shepherds’ Meeting: you are invited, Mr. Johnson“, and I couldn’t less than show my total agreement with it.

It reminds to me the name of the novel on which “Blade runner” was inspired : “Do androids dream of electric sheep?“, by Philip K. Dick.

I confess, Mr. Johnson, I am a Basque digital shepherd and I have about 10 nicks for defining my digital identity ;)

I hope you have ironic sense enough to understand me.

PD: As I usually say, excuse me because my bad English. I could send the text to my friend Alan R. King [1, 2, 3, 4, 5, 6, 7), an English linguist who lives –like Mikel Morris– in Zarautz and who speaks, reads and writes in a beautiful and fluid Basque. But I didn’t. I wanted to do it by myself.

Ilunbeko Maletilla: Jalgi hadi hondarretara!

Maletillak zezen plazako hondarretara toreatzeko salto egiten duten espontaneoak dira.

GARA egunkariak joko berria aurkeztu du: Bertsoak, SMSak, webgunea eta partehartzea uztartzen ditu. Ilunbeko Maletilla deitu diote.

Lau astez, txandaka, plazako zezenek (Xabier Paya, Maialen Lujanbio, Xabier Silveira eta Andoni Egaña) bertsotarako gaia jarriko dute, eta maletillek bertso edo kopla bidez erantzun beharko diete. Alegia, bertsolari amateurrak, profesionalen aurka ;) . Hauxe da une honetako korrida.

Dagoeneko bertso eta kopla sorta polita argitaratu dute webgunean.

Bideo spot promozionala ere kaleratu dute.

AHT: Mapa gainean, mahai gainean

Ikusi mapa

Doako prentsa Gipuzkoan

Diario Vasco“ko azalean ikusi nuen atzo iragarkia, Madrilen eta Bilbon, besteak beste, dagoeneko aski zabaldua dagoen “Qué” doako egunkariak Gipuzkoako edizioa aterako du.

Hasieran, harritu egin nintzen, konpetentziarena ei zen iragarki bat DVko azalean, bost zutabetara. «Vocentorena izango al da?». Galdera hor nonbait galdu zitzaidan, gaur arte ez naiz berriz akordatu eta.

Gaur, goizero bezala, prentsari begiratua egiten ari nintzela, DVko komunikazioaren atalean erreportaje luzea aurkitu dut “Qué” egunkariaren Gipuzkoako edizioari buruz. Paperean irakurri dut, sarean ez baitut topatzerik izan. Bai, Vocentorena da “El Correo” , “ABC“, “Diario Vasco”… eta beste hainbat hedabideren jabe den enpresa boteretsuarena.

Xehetasun dezente ematen dituzte publi-erreportaje horretan. Erredakzioan laupabost lagun (orain ez dut eskura newspapera), argazkilari, erredaktore eta arduradunen artean. Jakingo duzuenez, egunkariok mehe xamarrak izan ohi dira, eta agentziek zerbitzatzen dituzten albisteak dituzte elikagai nagusi. Edizio lokal ezberdinetako erredakzio taldeen lanen partekatzeak ere, noski, maniobrak egiteko nahikoa toki uzten die.

Euskal Herian badira hainbat debaldeko egunkari. “ADN“, “Que”, “El Nervion” (hau ere Vocentorena), “Metro“… batez ere hiriburuetan. Egia esan, ez dakit Ipar Euskal Herrian hain zabalduak dauden. Akaso Baionan (hala bada esaidazue)… baina populazio txiki xamarra duten tokietan enpresek ez dute normalean gisa honetako argitalpenen aldeko apustua egiten, errentagarritasun kontuagatik. Egunkari hauentzako kontratatutako iragarkiak dira diru iturri nagusi eta, beraz, zabalpenak ahalbidetzen die bezeroei zerbitzu hori eskaini ahal izatea.

Bada, DVn irakurri dudan erreportajean, Gipuzkoako lehenengo doako egunkaria dela diote Vocentokoek. Gezurra galanta. Batetik, “Metro” dago, adibidez, Donostiako iparraldeko tren geltokian banatzen ikusi dudan lehenengoa. “Euskadi”ko edizioa da, ez Gipuzkoakoa, baina talde handiek argitaratzen dituztenen artean hori da Gipuzkoan banatu den lehena, esango nuke. Gazteleraz, bederen.

Baina debaldeko egunkarien artean Gipuzkoako edizioak argitaratu eta Gipuzkoan zabaldu dituen lehenengoa “Hitza” izan da (portzierto, hitza guztiak bilduko dituen metagunea prestatzen ari diren susmoa dut: Ikusi) .Gehiago ere, eskualde mailako edizioak baitira, are eta lokalagoak beraz. Eta, esan beharrik ez, guzti hori euskaraz.

Gainera, aurrekoan Donostiako Egia auzoko lurrazpiko pasadizoan gazte batek eman zidan eskura “Irutxuloko Hitza“. “Hitza”ko petoa zeraman, debaldeko beste egunkariak banatzen dituztenek bezala. «Eskerrik asko», esan nion. «Zuri», erantzun zidan. :)

Eguneraketa: “Hitza”ren metaguneaz ari nintzenean, lotura jarri nuen egunean, bistakoa zen zerbitzari horretan zerbait prestatzen ari zirela. Mysql konexio akatsak eta abar ageri ziren, norbait lanean ariko balitz bezala. Eta itxura hori zuen, “Hitza” guztiak bilduko dituen atari batena. Ez dakit, akaso ohartu dira, baina orain administrazio gunerako sarrera ageri da eta ez besterik. ;)

Kindle: Testuentzako iPod bat


Kindle du izena, eta 399 $tan saltzen dute Interneten. Hari gabeko konexioa duen testu irakurgailu digitala da. 3G teknologian oinarritutako Whispernet zerbitzua baliatzen du Internetera konektatzeko. Sareko liburudenda handienak, Amazonek, atera berri du.

Hari gabeko konexioarekin Kindle Store dendan eros daitezke zuzenean irakurgaiak. Eta saretik eskuratzeaz gain, USB edo SD txartelarekin zure PDFak kargatu ditzakezu. Testuen iPoda dela esan genezake…

AEBetako, Irlandako, Alemaniako eta Estatu frantseseko “egunkari nagusiak” eskuratzeko aukera eskaintzen du, defektuz. Eta Wikipedia kontsultatzeko aukera ere badu. Gatxet hau aurkezteko erabili dituzten irudietan, kasualitatez edo ;) Johannes Gutenberg-en sarrerarekin ilustratu dute aukera hau.

Joan den ekainean GAUR8n idatzi nuen paperaren etorkizunari buruz: Liburuak eta prentsa idatzia, euskarri digitalen bila.

Yoigo: egia berdaderua

Enpresa ezberdina zelakoan nengoen. Badakizue, letra txikirik gabe, rollo cool hori, komunikazio estrategia atipikoak, ustez kontsumitzailearengandik gertuago…

Interneteko konexio bat edo beste hautatzeko orduan, nahiko buruhauste izan dut azkenaldian. Gainera (eta hau ez da zertan txarra izan behar) zerbitzu hornitzaileek gero eta eskaintza “bortitzagoak” egiten dituzte. Bortitzago, konpetentziaren begiradapean, kontsumitzailearentzat errentagarriago segur aski.

Bilboko Business Global Conferencen egon nintzenean, nahiko lan izan nuen San Mamestik gertu WIFI bat aurkitzeko. Hobe esanda, ez nuen aurkitu eta ziber batean egin behar izan nuen lan. Galderrekin egon nintzen apur bat lehenago, eta hark eman zidan Yoigoren aukeraren berri. Berak ere badarabil, baina emaitza hobearekin.

Eskaintzen dituen zerbitzuak begiratzen hasi nintzen. Niri interesatzen zaidana edozein tokitatik Internetera konektatzeko aukera ematen duen 3G zerbitzua da. Eta Yoigok eskaintza erakargarria du. Izan ere, iragarkietan esaten denez, ADSL mugikorra deitzen zaion horren bitartez, Yoigok egunero gehienez Mb 1eko datu transferentzia kobratzen dizu.

Alegia, egun batean mega bat baino gutxiagoko datu transferentzia egin baduzu, dagokion tarifa kobratuko dizute. Baina gehienez mega beteko datu transferentzia kobratzen dizute. Hortik aurrera, 1,20 euro eta BEZ ordainduta (1.40 euro inguru) nahi adina datu transferitu dezakezu egun horretan. Hilean, gutxienez, 6 euroko gastua egin behar duzu. Gasturik egin ezean, 6 euroko gutxieneko hori kobratzen dizute.

Zer esan nahi du horrek?
Hilean gehienez 43 euro (BEZ barne) ordainduta, 3G konexioa uneoro eta edozein tokitan. 1,40 euroren truke, nahi adina mega (abiadurak gehienez ematen dizuna) egunero.

Egun jakin batean, edo gehiagotan, konektatzen ez bazara, ez duzu ordaintzen egun horiei dagokien tarifa zatia.

Egun jakin batean mega bat baino gutxiagoko transferentzia gastatu baduzu, 1,40 euro baino gutxiago ordainduko duzu transferentzia horregatik.

Transferentziari dagokionez, 40 Kb/s transferentzia tasara iritsi daiteke baina 3G sarea dagoenean normalean 35 Kb/s ingurukoa ematen du gutxienez. Bestela, GPRS bidez ere konektatzen da, nahiko motel.

Horraino, nire beharrari, erdaraz esaten den bezala, eraztuna behatzari bezain ondo egokitzen zaion aukera da.

Deitu dut Yoigora. Oso ondo atenditu naute. Pentsatu dut: “Hau ezberdintasuna beste hornitzaileen bezeroen arretarekin alderatuta… Egia izango ote da iragarkietan sinistarazi nahi digutena?”. Behar bezala azaldu diet zertarako behar dudan kontratua. Ordenagailu eramangarriarekin Internetera konektatzeko. Macintoshean ere ondo dabilen galdetu diot. Baietz esan dit. Eta GNULinuxekin? “Hori ezin dizut ziurtatu”.

GNULinuxekin ba ote dabilen frogatzeko aukera izango dut nik neuk, eta beraz ez dut alde horretatik gehiegi insistitu. Arazorik ez. Gehiago ere, ordenagailuak Bluetoothik ez duenez (makina zaharra da, hiru urte egingo ditu…), USB hariarekin datozen telefono modeloak zerrendatu dizkidate. Dudarik ez beraz. Dena ondo.

Mugikorra ere erosi dut (Sony Ericsson K610i). Kontratua eginez gero, 9 eurotan uzten dizute. Ondo dago, 3G badu, eta horrekin nahikoa da nire beharrentzako. Aste betean iritsi zait etxera. Kreditu txartelarekin ordainduz gero, bidalketa gastuak beraiek ordaintzen dituzte.

Jaso eta berehala, frogatzeko irrikitan egon naiz. Eta, lana bukatuta, etxera iritsitakoan hasi naiz frogak egiten. Sonny Ericsson PC Suite dakar telefonoa eta ordenagailuaren artean konexioak kudeatzeko. Baina, lehenengo saiakeran, kale! Konexioa sortzea lortzen dut, baina abiadura ez da berez eman beharko zukeena.

Desesperatzen hasi naiz. Hiru toki ezberdinetan frogatu dut Donostian: Aieten, Igaran eta Egian. Baina guztietan oso abiadura eskasa lortu dut. Gehienez 10 Kb/s, baina maiz segunduko Kb 1 ere ez. Edonor desesperatzeko modukoa.

Hasi naiz informazio bila interneten, arazoa konpontzeko asmoarekin. Baina, klaro, behar bezalako konexiorik gabe, ezin iritsi abiapuntura. Aukera bakarra geratu zait, bezeroen arretarako telefonora deitu. Has gaitezen dardarka…

Nire arazoa azaltzen saiatu naiz. Eta, lehenengo erantzuna oso eskasa izan da. Telefonistaren arabera, saltzen duten 3G zerbitzua ez dago ordenagailuarekin konektatzeko pentsatua, Mugikorrarekin nabigatzeko baizik. Gehiago ere, ez omen dute ordenagailu bidezko 3G konexiorik eskaintzen. Horregatik, ez dute alor honetan laguntza teknikorik emango, jaere. Moskeatu egin naiz.

Ez dutela zerbitzu hori eskaintzen? Nire ustez, saldu didaten terminalak eta zerbitzuak aukera hori eskaintzen badute, defektuz (ez da ezer hackeatu behar), orduan alor horretan laguntza teknikoa eskaintzea ezinbestekoa da. Bestalde, ni Yoigorekin harremanetan jarri naizenetik argi eta garbi azaldu diet zertarako behar dudan zerbitzu hori, eta ez didate inolako oztoporik jarri. Ordenagailuarekin konektatzeko USB kablea duten mugikorrak zeintzuk diren ere esan didate eta! Orduan, nola daiteke zerbitzua erabiltzen hasi eta ordu gutxira deitu dudanean erantzun hori jasotzea? Zerbitzu fantasma da?

Saiakera gehiago egingo ditut, esan diot nire buruari. Baina ezer ez. Berriz deitu dut. Oraingoan, kasu egin didan pertsona dezente jatorragoa da, laguntzeko asmo gehiagorekin joan da lanera gaur, bere lagunarekin alderatuz. Ezarpen batzuk eman dizkit, oso azaleko laguntza izan da. Proxy zenbaki bat, portua eta beste bi tontakeri. Baina horiek ezarrita ere, ez dut behar bezalako abiadurarik lortzen.

Hirugarren aldiz deitu dut Yoigora. Eta, berriz, lagutzeko asmo gutxi duen tipo bat jarri zait bestaldean. Sail teknikoarekin ez nauela jarriko… bla, bla, bla. Esan diot zuzen zuzenean erreklamazio sailera desbideratu dezala nire deia. Baina hori ere ezin omen du egin, eta berak kargu hartuta, 24 ordu baino lehen deituko didatela esan dit. Ostirala da, 20.00ak aldera.

Pasa dira 24 ordu, eta ezer ez. Berriz deitu dut Yoigora. Azkenaldian, ekubideen jabe den kontsumitzailearen sena hazi egin da nire baitan, eta telefono deiak erantzuten dituzten robotek ez ezik, lagun bat edo bestek ere pairatu behar izan du eskubidedun kontsumitzailearen haserrea bere azalean. ;) Sekulako sermoia bota diot, ez dut hemen dena azalduko (luze xamar joan da).

Erantzun bat nahi dut gutxienez. Akaso, hemen ez daukate 3G estaldurarik, edo erabiltzen ari naizen terminala ez da egokiena nire ordenagailuarekin elkarlanean aritzeko, arazoak izan ditzakete azken orduotan sarean, agian gaizki konfiguratu dut konexioa… Nik zer dakit. Baina, gutxienez, orientazio pixka bat eskertuko nuke. Tipoa saiatua da, galdera batzuk egin dizkit eta azalpen bat emateko prest ditudi. Eta juxtu lasaitzen hasi naizenean… klonk! Komunikazioa eten da.

Beste behin deitu dut, eta neska batek hartu dit. Azaldu diot Alfredorekin hizketan ari nintzela, eta, mesedez, ahal bada, berarekin hitz egin nahi dudala berriro, ez dudala berriz nire arazoa hasieratik azaldu nahi. Ez dela posible esan dit, ezin dituztela deiak batetik bestera pasa. Bale, guatxi, nire umorea segundoz segundo hobera doa.

Beste erremediorik ez badago, arazo guztia azalduko diodala esan diot. Baina denbora apur bat beharko dugula. Ez dut berriz entzun nahi ez dutela zerbitzu teknikorik eskaintzen nik dudan arazoa konpontzen saiatzeko. Kontratua begiratzen aritu naiz eta inondik inora ez da hori ageri.

Total, tipa honek ere ez du gaur laguntzeko gogo handirik. “Erantzulearen eskuliburutik” ateratako erantzunak ematen hasi zait, eta nire pazientzia agortzen. Moztu egin dut. Bota dizkiot berriz nire argumentuak. Eta, halako batean, errespetua galdu dit, hasi zait erdi garraxika, deia lehenbailehen amaitu asmoz edo… Guztiz agortu da nire pazientzia. Identifikazioa eskatu diot eta zuzenean erreklamazio atalarekin jartzeko eskatu diot, eta gero baja emateko behar denarekin.

Bada, hori ere ezingo dut gaur egin. Esan didanez, bezeroaren identifikazio automatikoa egitea galarazten dion “intzidentzia” bat daukate (hitz hori bezeroen arretako eufemismo erabiliena bilakatuko da azkenean). Ze ondo!

Ikerketa:

Babes teknikorik ematen ez didanez, neure kabuz hasi behar izan dut arazoaren iturrira iristeko ikertzen. Tira, neure kabuz baina hainbat blog, eztabaidagune eta, jakina, Interneten laguntzaz. Motela, baina sarea.

Lehenengo gauza, inguruan ze sare dauden begiratzea. Egia esan, horretarako nahiko tresna txukuna da Sony Ericsson hau. Hiru topatzen ditu: Vodafone, Orange eta Movistar. Bakoitzeko bi sare, GSM sarea eta 3G sarea. Yoigo ez da ageri baina pentsatu dut Vodafoneren gainean lan egiten duela. Movistar eta Orangerekin ez bezala, Vodafonerekin konektatzeko aukera ematen baitu nire SIM txartelak.

Bigarren kontua, sarean esperientzia berbera izan duen jendea topatzea. Eta baita topatu ere. Hor aukitu dut nire arazoaren jatorria izan daitekeena. Izan ere, irakurri dudanez, Yoigoren estaldura iristen ez den tokietan, Vodafonerekin konektatzen da, dela GSM edo 3G bidez. Deiak egiteko ez dago arazorik, baina Vodafonerekin 3G bitartez Internetera konektazerakoan, antza denez, ez du behar bezala egiten eta GPRS bidez konektatzen da, askoz ere abiadura txikiagoan. Ez naiz arazok izan dituen bakarra: [1], [2].

Lerro hauek idazten hasi baino minutu batzuk lehenago, sakeleko telefonoaren pantailan ikono berri bat agertu zait. Ohartu naiz abiadurak hobera egin duela eta segituan abiadura testa egiten duten webgunera jo dut. Hala ere, emaitza ez da izan espero nuena

Webgune honetan 42 kbps ematen dizkit beherako trafikoari dagokionean, alegia, 5,3KB/s; eta 19kbps, alegia 2,4 KB/s, gorakoa. Beste honetan, 8 kbps gora eta 12 kbps behera. Horrek, testu bertsioan dauden webguneetan nabigatzeko moduko ere ez du emate, inondik inora “abiadura handiko Internet”. Berez, hemen azaltzen den bezala izan beharko luke. Abiadurak apur bat gora egiten duenean, webguneak banan bana ikusteko gai naiz, pazientzia pixkatekin. Pentsa.

Yoigon esan didatenaren arabera Donostian ez dute estaldura arazorik. Dena dela ere, okerrena ez da oraindik behar bezala konektatzerik lortu ez izana. Eta txarrena ez da zerbitzua saltzen dizunarengana erantzun bila joan eta esku hutsik itzultzea… Erantzun egoki bat emateko saiakera ere ez egitea da sutu nauena.

Sekulako kasketa daukat.

Verdad de la buena, esaten dute Yoigokoek beren zerbitzuak saltzeko. Hau bai dela egia berdaderua.

“Gerra itzalak”: Burua altxako balute…

Nire etxean ez da inoiz arazorik egon aitaren aldeko eta amaren aldeko aiton-amonak bereizteko orduan. Baina ez da izan beren izenarekin deitzen genielako. Luzez hitz egin dezaket haiei buruz, baina hel diezaiodan mamiari. Eibarkoak aitxitxa eta amama ziren. Donostiakoak, aitona eta amona.

Antxon hil zitzaidan lehenengo, aitaren aldetik. Nire aitona donostiarra zen, eta donostiako euskaraz deitzen genion, beraz. 36ko Gudak bete-betean harrapatu zuen Jarana auzoan, portuan, jaiotako gaztea. Anarkista izaki, Gipuzkoako hiriburuan inork baino lehenago faxistei aurre egin zieten CNTko milizianoekin borrokatu zuen. Larriki zauritua, atxilotua… Cervera gerra-ontzian amaitu zuen preso.

Pako Bilbon jaio baina Eibarren hazi zen. Amaren aldetik, nire aitxitxa. Hil artean Eibarko euskara peto-petoan egin zidan hika. Familia sozialistakoa izanda, 18 urte ingururekin harrapatu zuen gudak eta Errepublikaren alde haiekin borrokatu zen, urteen poderioz EAJko jarraitzaile komentzitu bilakatu bazen ere. Gustora entzungo nituzke orain Alfako bere istorioak, G.A.C.n lan egin zuenekoa, Beiztegi anaiak (BH), morokilak esnearekin jaten zituenekoa, Armeria EskolaAzitaingo antxume goxoa… Burgosen harrapatu zuten, gaileta usaina duen Aguilar de Campootik gertu, oker ez banago.

Batak nahiz besteak burua altxako balute… Gerra garaian, eta ostean, asko sufritutako jendea da, beste askok bezala. Galtzaileen bandokoak izan ziren-eta.

Telebistan entzun dut gaur, enpresa espainol batek 36ko Gudaren inguruko bideo-jokoa argitaratu duela: “Sombras de guerra“. Estrategia moduko jokoa omen da. Internetera konektatu eta berehala hasi naiz informazio gehiagoren bila: [1], [2], [3], [4]. Bistakoa da bideo-jokoa merkaturatzeko erabili duten amua, edo beita, alegia, erreklamoa. Errepublikazaleek lehenengo aldiz “historia berreraiki” eta “guda irabazteko” aukera izango dute. Modu “ludikoan” eta birtualean besterik ez bada ere, jakina.

Seguru nago Euskal Herrian arrakasta itzela izango duela (ez dakit salmentetan, baina bai zabalpenean, kopiaz-kopia bada ere), eta baita Estatu espainolean ere. Gainera, badira lehenago aurrekari arrakastatsuak: “Comandos” jokoa eta bere sekuelak oso zabalduak izan ziren duela ez hainbeste.

Eguneraketa:
Sarrera hau idatzi ondoren berrirakurri dudanean, postdata bat behar duela iruditu zait. Ez naiz bideojoko belikoen aurkako “ekintzaile” sutsu horietakoa. Nik ere jolastu dut inoiz horietara. Hala ere, eta idatzitakoaren kutsu epikoa arintzeko saiakera batean (arraizopari ura botatzen zaionean bezala), gauza bat gaineratu nahi nuke. Estilo amerikarreko joko hauek ustezko “heroiak” goraipatzen baitituzte, eta itzalean geratu ziren beste “heroi” horiek ahaztu. Guda guztiek ezaugarri komuna badute, ez da epikotasuna. Sufrimendua da. Eta ez dira jolas bat, noski.

Alo, lehendakari

«Uh, ah! Chávez no se va!». Venezuelako presidentearen jarraitzaileek darabilten leloa da. Bide batez, esango dut, nire “lehendakari” ere badela. Gaurdaino, nire paperek Estatu espainolean bizi den caraqueño bat naizela diote-eta. Erresidentzia eta lan baimen eta guzti. Ez naute sans papierstzat, beraz.

Jakina, bost hilabeterekin Euskal Herrira ekarritako euskaldunen seme batek urruneko jaioterriarekin izan dezakeen lotura nekez izango da nolabaiteko sustraitze sentimentala baino gehiago. Umetan entzundako istorioak, amona eta gurasoen erreferentziak eta oraindik diasporan bizi diren euskal komunitateko kideek eta haien oinordekoek eskain dezaketenaz harago, behintzat.

Boterearekin ez naiz ondo moldatzen. Susmoa dut aukera politiko jakin bat babestuz gero, boterera iritsi bezain pronto utziko liokeela nire hautua izateari. Ez dakit… botereak usteldu egiten duela entzun bainion norbaiti.

Egia da Hugo Chavezek, edo patrimonializatuz pertsonifikatutzen duen mugimenduak, Europako ezkertiarron adiskidetza piztu dezakeela. Ez da harritzekoa, bera baino lehenago Venezuelan boteretik pasa den lapur koadrilari erreparatuz gero. Baina komandantea, batez ere bere iragana eta estiloagatik, ez zait sobera gustatzen. Ezta munduko beste gobernanteak baino gutxiago ere, bestalde.

Ez nau bere izaera populistak erakartzen, ez bere “Alo presidente” programaren estiloak, ezta iragan kolpistak ere… Baina horrek ez du diktadore egiten. Ez beste gobernanteak baino gehiago, bederen.

Nola haserretu diren batzuk kritikak beren azalean pairatu behar izan dituztenean. Jakina, ahaztu egin zaie beraiek erasotzaile zirenekoa. Herriak hautatu izanak faxista izateko aukera baztertzen badu, are gehiago diktadore izatekoa. Eta Aznar demokratikoki hautatua izanak errespetagarri egiten badu, orduan Chavez bera ere da errespetagarria.Baina mundu osoko “liberalen” jomuga da, bistan da zergatik. Izan zaitezke faxista herriak aukeratu baino lehen, eta diktadore herriak hautatu ondoren. Hauteskundeek zilegitasuna ematen badute, orduan Chavezen gobernua zilegizkoa da guztiz. Ez ditzatela bazterrak nahastu, inor antidemokratikoa bada, erregea da hori eta.

Zozoak beleari, ipurbeltz.